eu | es
Hasiera » TESTUINGURU HISTORIKOA

 

TESTUINGURU
HISTORIKOA

 

      Azterketa honen denbora tartea 1960tik 2016ra doa. Urte horietan, aldaketa politiko eta ekonomikoak izan dira euskal gizartean bezala berdin Espainiako Estatuan ere, eta horiek errotik aldatu dute euskal gatazka politikoa (esan gabe doa gatazkaren definizio hori ez dutela onartzen edo ez dutela egokitzat jotzen eragile politiko eta sozial guztiek; hortaz, hura erabiltzeko orduan, testuinguruan kokatzeko baino ez dugu erabiliko, hots, ikerketak hartzen duen urte esparruan motibo politikoz erregistratu den indarkeriari erreferentzia egiteko, dela Euskal Herrian gertaturikoari, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriari eta dela Espainiako eta Frantziako estatuetako gainerako eskualdeetan izanikoari, izan baitira han ere indarkeria ekintzak aipaturiko gatazka dela medio, eta ez dugu hor irakurketa alderdikoi edo subjektiborik justifikatzeko asmorik). Nolanahi dela ere, badago hari bat frankismoari aurre egiteko sortu zen erresistentzia armatutik —batez ere ETA eta haren fakzio edo eszisio askotarikoak— gaur arte. Eta, gaur egun, euskal gizartearen eta haren erakundeen zati handi bat epe garrantzitsu batean gaude, “bake prozesu” esan izan zaion aldi batean,(*) hau da, trantsiziozko etapa batean, bizikidetza esparru bat eratzen, indarkeria eta motibo politikoz izandako kalte bidegabeak behin betiko bazterrera geldi daitezen; epe hori 2011ko urrian hasia da, ETAk indarkeriarik gehiago ez duela erabiliko iragarri zuenean. Beraz, kontua ez da prozesu bat lantzea gatazka aldi bat ixteko, ikuspegi historikotik gutxienez XIX. mendetik etor litekeena (Karlistalditik eta Foruak behin betiko eraitsi zirenetik), baizik eta amaitutzat ematea epe jakin batean izan diren indarkeriak eta bide bortitzak.

      1956ko otsailaren 10ean, erregimen frankistaren lehen salbuespen egoera deklaratu zen, eta hiru hilabete luzatu zen. Horren jatorrian Zuzenbideko ikasle madrildar talde baten adierazpena egon zen, milaka lagunek berehala bat egin baitzuten adierazpenarekin.(*) 1958ko abenduan, Euskadi Ta Askatasuna sortu zen, ikasle abertzale talde batek sortua, zeinak 1952tik ari ziren ezkutuan lanean Ekin proiektuan. ETAren lehen biktima ez zen gertatu 1968ko ekainaren 7ra arte, nahiz eta lehendabiziko ekintza armatuak 1959ko abenduan izan, eskuz egindako lehergailuak ipini zituztenean Gasteizen, Bilbon eta Santanderren.(*) Urte askoan eta oraindik erakunde batzuek ere, 1960ko ekainaren 27ko atentatua egotzi izan diote ETAri, non Begoña Urroz Ibarrola 22 urteko haurra hil baitzen Amarako tren geltokian (Donostia). Hala ere, hilketaren erantzuleak DRIL taldeko kideak izan ziren (Directorio Revolucionario Iberico), erakunde antifrankista eta antisalazarista bat, 1959an sortua, Espainiako eta Portugalgo erbesteratuek. Handik bederatzi hilera, 1961eko martxoaren 21ean, Ordena Publikoko Indarrek tiro egin zieten Boluetan ustez-eta terrorista batzuei, eta, tiroketaren ondorioz, José Antonio MARTÍN larri zauritua gelditu eta Javier Batarrita hil egin zen; bietako bat bera ere ez zebilen jarduera subertsiboetan.(*)

      Badira, azken batean, zenbait gertakari, 1950eko hamarkadan eta 1960ko hasieran, zalantzan jarriko luketenak data gisa 1960. urtea hartzea honelako ikerketa bat egiteko.

      Bestalde, 1960an ez zen lege aldaketa garrantzitsurik izan errepresioaren arloaz denaz bezainbat; izan ere, gerra ondoko bi lege zanpatzaile indarrean egon ziren beste zenbait urtean: Masoneria eta Komunismoa Erreprimitzeko Legea (1940-1963) eta Erantzukizun Politikoen Legea (1939-1966). Horrez gain, Zaintzapeko Askatasun Zerbitzuaren Biltzar Lokalak, Gerra Zibilarekin zerikusia duten preso ohiak kontrolatzen zituenak, indarrean jarraitu zuen 1970eko hamarkada arte. 1969ko apirilaren 1era arte, gerratik 30 urte igaro arte, ez zituzten baliogabetu Bigarren Errepublikako erregimenaren aldekoei egozten zitzaizkien delitu egintzak. Hain zuzen ere, José Grimau fusilatu zutenean gerra garaiko delituak leporatu zizkioten.(*) Horretaz gainera, jurisdikzio militarrak ere iraun zuen, justizia administrazioko organo gisa, motibo politikoko delituetarako, 1794/1960 eta 9/1968 dekretuen bitartez —bidelapurreria eta terrorismoa erreprimitzeari buruzkoak—.(*)

      Hala ere, bai estatu mailan eta bai autonomia erkidego mailan zenbait lege xedapen onartu dituzte azken urteetan, iradokitzen dutenak 1960. urtean ezartzen dela abiaburua; edonola ere, lan honetan, ezinbestean eraman gaitzake ikerketak, zenbaitetan, 1950eko hamarkadaren amaierara ere. 2011ko irailaren 22an, Espainiako Estatuak 29/2011 Legea onartu zuen, terrorismoaren biktimak aitortu eta osorik babestekoa(*), eta 1960ko urtarrilaren 1ean gertatu zirenek ezartzen dute ekintza esparruaren abiapuntua.(*) Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, 107/2012 Dekretua onartu zuen 2012ko ekainaren 12an, Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei ordainak ematekoa.(*)

      Proiektu honen amaiera epea jartzeko orduan ere gorabeherak daude. Nabarmena da ETAk 2011ko urrian eten zuela behin betiko jarduera armatua, 2017ko apirilean desarmatu zela eta 2018ko maiatzaren 3an disolbatu zela; data horiek mugarriak dira indarkeriaz eta bortizkeriaz denaz bezainbatean, zeinak 50 urtean iraun baitu gatazka honetan. Dena dela, gaur egun, zenbait gertaerak daude, indarkeria eta giza eskubideei dagokienez, gatazka amaitu gabe uzten dutenak. Zenbaitetan kale indarkeria gertatu da Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako udalerri batzuetan, eta atxiloketak izan direnean lege antiterrorista aplikatu zaie.(*) Era berean, terrorismoa borrokatzeko darabilte oraindik Espainiako kartzela politika, eta salbuespentzat aurkezten duten hori erabiltzen dute arrazoi gisa Eusko Jaurlaritzari kartzelen eskumena ez transferitzeko, eskumen hori Gernikako Autonomia Estatutuan baitator, 10.14 eta 12.1.(*) artikuluetan. Orain berriki, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak zenbait epai eman ditu non ezartzen baitu presoa bere familiatik urruti edukitzea esku-hartze bat dela familiako bizitza izateko eskubideaz denaz bezainbatean; hala dator Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 8. artikuluan.(*) Hori dela medio, ikerketa honen muga kronologikoa haren argitalpen eguna izango da.

      Gauzak horrela, hiru aldi bereizten ditugu esangura berezia izan duten gertakizun historiko batzuen arabera, eta gertaerak hobeto ulertzeko.