eu | es
Hasiera » AZPEITIKO EFEMERIDEAK (1976-1982)

 

AZPEITIKO EFEMERIDEAK
(1976-1982)

 

1960-03-09. Círculo del Movimiento deiturikoa instalatzeko, 35.000 pezetako diru laguntza eman zuen Udalak.

1960-03-14. Milaka matxinatu elkartu ziren Azpeitian, Tradizioaren aldeko Martiriak omentzeko, Mugimenduaren Probintzia Buruzagitzak deituta. Ondoren, beste egoitza bat inauguratu zen, Azpeitiko Circulo del Movimientorako.

1961-01-31. Inolako ordainik jaso gabe, Udalak Juan Astigarragari eman zion, aipatutako mugimendu horretako herriko arduradunari, Circulo del Movimiento deitutako eraikinaren goiko solairuko gela (bere garaian Lanbide Eskolako Margogela izan zena).

1961-02-11. Bere emisioak hasi zituen Loiola Herri Irratiak.

1961-03-22. Azpeitiko herritar batzuen eskaerari erantzunez, bandoak erabaki zuen albisteak euskaraz eta gaztelaniaz ematea.

1961-07-31. Carmen Polo Francisco Franco diktadorearen andrea hartzeko ekitaldia, San Ignazio egunean.

1966-03-24. Zaborrak erretzeko labe bat jarri nahi zuten, eta 3.472 metro koadroko orubea erosi zuten; herritarrek oso gaizki hartu zuten erabakia. Metroa 25 pezeta ordaindu zen.

1966-05-25. Epaitegia jartzeko lanak atera zituzten Udalean.

1966-11-03. Urolako Kultur Mankomunitatearen lehen Batzorde Kudeatzailea sortu zuten.

1967-01-20. Ikastolako eta ikastetxeetako ikasleek lehen aldiz hartu zuten parte haurren danborradan.

1967-09-07. Herriko zenbait elkarteren izenean, baimena eskatu zuen Jesús Arrizabalagak Euskal Kultur Astea ospatzeko hilaren 18tik 25era. Aurrez, irailaren 11tik 17ra ospatzeko baimena emana zuen Azpeitiko Udalak, eta, sortuko ziren gastuei aurre egiteko, Azoka plaza uzteko eskatu zuten —berbena bat egiteko—, eta zezen-plaza, hilaren 25erako —folklore jaialdi bat ospatzeko—. Baiezkoa eman zuten.

1967-10-07. Atzera bota zuten Francisco María Egibar Etxebarriaren eta Antonio Egibar Aristiren helegitea, OPAk 1965ean kondenatuak, lau urtera lehena eta urtebetera bigarrena, eta, hurrenez hurren, 50.000 eta 10.000 pezetako isunak ordaintzera.

1970-07-01. Ekaingo margoak aurkitu zituzten Antxieta taldeko kide azpeitiarrek, Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek, hain justu.

1970-09-13. Guardia Zibilaren Azpeitiko Informazio Taldeak propaganda aurkitu zuen Burgosko prozesuaren kontra eta Bidelapurreriaren eta Terrorismoaren Legea kentzearen alde.

1970-11-21. 200 bat lagun elizan itxi ziren, Burgosko prozesua zela-eta protesta egiteko. Identifikatuak ez izateko, mezara joandako herritarrekin nahasian atera ziren pixkanaka eta talde txikietan. Azken taldea, 40 bat lagunek osatua, hilaren 22an atera zen, igandearekin, 18:30ean.

1970-12-03. Hilaren 4ko salbuespen egoera deklaratu aurretiko manifestazioak eta lanuzteak, Burgosko prozesuaren bueltako protestetan. Azpeitiko faktoriek jasan zuten lanuzterik gogorrena probintzia osoan.

1970-12-04. Azpeitiar bat atxilotu zuten, bezperako protesten antolatzaileetako bat izan zela eta. Guardia Zibilaren arabera, “esanahi komunistako liburuak eta paperak” aurkitu zituzten haren etxean.

1970-12-30. Berriz ere lanuzteak izan ziren, eta jarraipen zabala izan zuen, Burgosko prozesuagatik egindako protestan.

1971-01-11. Lau azpeitiar adingabe atxilotu zituen Guardia Zibilak, Espainiako bandera puskatu zutelakoan, zeina makilaren erdialdera jaitsia baitzen herriko Lanbide Eskola teknikoan, 1969ko apirilaren 21ean, Viktoria Eugenia erregina hil zela eta.

1971-02. Zenbait egunez, Loiolako santutegian bildu zen Gipuzkoako Elizbarrutiaren Kontseilu Presbiteriala. Guardia Zibilaren Informazio Taldearen arabera, bertaratutako batzuk saiatu ziren Burgosko prozesuaz hitz egiten, eta “Elizako Agintea aurka agertu zen; ideietan aurreratuago zeuden batzuek, berriz, liburu zuri bat argitaratzea proposatu zuten”, presoen egoeraren harira.

1971-04-21. Herriko zenbait tokitan, ETAren anagrama azaldu zen, langile klasearen batasuna aldarrikatzen zuten hitzekin, Etxebarrieta anaien alde eta sindikatu bakarraren aurka.

1971-05. Hilaren 5etik 22ra, probintziako zenbait herritan, baita Azpeitian ere, propaganda mordo bat zabaldu zuten, “izaera separatista eta komunistako alderdi eta taldeek han-hemenka botatakoa, Hauteskunde Sindikalen alde era masiboan bozkatzeko eskatuz, ordezkaritza postu guztiak eskuratzeko helburuarekin, eta, hala, Sindikatu Ofizialari azken borroka emateko eta garaipen entzutetsu bat lortzeko langileen aldarrikapenen alde”.

1971-05-17. Berriz ere pintaketak eta hitzak azaldu ziren, sindikatu zentral frankistaren aurka eta Euskal Herriaren askatasunaren alde.

1971-08-22. Guardia Zibilaren Informazio Taldearen arabera, ezkutuan elkartu zen, Xoxoten, Gipuzkoako zenbait herritako jendea; besteren artean, ETAko kideak.

1972-05-06. Guardia Zibilak zenbait propaganda ale atzeman zituen, honako titulu honekin: “Ante Montejurra 72, del diario de D. Carlos VII”.

1972-09-24. 22 urteko azpeitiar bat atxilotu zuten ETArekin aritzea leporatuta.

1972-10-04. Guardia Zibilak zenbait paper atzeman zituen ikastolen aldekoak eta Euskal Herriko hizkuntzaren eta kulturaren zapalkuntzaren kontra.

1972-11-29. Alderdi Komunistaren Gipuzkoako Batzordeko propaganda atzeman zuen Guardia Zibilak, Burgosko prozesuari buruz, eta abenduaren 3rako deialdiaren alde, Elizak Arantzazuko santutegian elkartasun isilera deitu baitzuen.

1972-12-27. Ordubeteko lanuzteak egin zituzten Azpeitiko zenbait faktoriatan.

1973-01-11. Guardia Zibilak propaganda atzeman zuen, honako titulu honekin: “La dictadura prepara tres nuevos asesinatos”, gerra kontseilu bat egin behar baitzuten, Zaragozan Frantziaren kontsulatuan atentatua egin zutenen kontra.

1973-01-29/30. Gipuzkoako udalerri guztietako irakasle nazionalen huelga akademikoa, Azpeitikoena barne.

1973-02-15. Guardia Zibilak CCOOren propaganda atzeman zuen; langileak elkar zitezen eskatzen zuen, 10.000 pezetako gutxieneko sarrerak lortzeko, beste aldarrikapen batzuekin batera. Propaganda horretan, batzar bat egiteko deia zegoen egun horretan bertan, baina “eskualde honetako enpresa bakar batek ez dio erantzun eskari horri”.

1973-03-02. Lanuztea egin zuten Irakaskuntza Ertaineko Ikastetxeetako ia irakasle denek Errenterian, Eibarren, Oñatin, Urretxun, Azpeitian eta Bergaran, eta, ondoko egunetan, probintziako ikastetxe guztiek jarraitu zieten, hilaren 8ra arte. Greba horretan, “irakasleek onartu zituzten ikasleak ikasgelan, eta diziplina akademikoari eutsi zieten, baina eskolarik eman gabe”.

1973-06-15. Guardia Zibilak propaganda atzeman zuen, jendea animatzeko CAFeko eta Loireko faktorietako gatazkekin elkartasuna erakustera, eta honela eskatzen zuten: “Fabrika, eskola eta Institutu guztietan borrokatzeko, fronte elkartu eta indartsu bat osatuz, patronala eta diktadura zanpatzailea atzerarazteko”.

1973-07-12. Hemengo agintariek ekitaldi bat antolatu zuten, Juan Carlos Borboikoari eta Greziako Sofiari harrera egiteko Loiolako santutegian.

1973-09-01. Bost lagun atxilotu zituzten Donostian, ETAkoak izateagatik; besteren artean, José María Nequetan Urbistondo azpeitiarra.

1973-10-06. Lan istripua Jardun tailerrean. Hantxe hil zen Francisco Calero langilea, eta beste hiru lagun zauritu egin ziren.

1973-12-05. Lehergailu batek eztanda egin zuen Urolako trenbidearen zubipean, Azpeititik pasatzen ari zela. ETAren V. Batzarrekoei egotzi zioten.

1974-04-03. ETAko kideek tirokatu egin zuten Guardia Zibilaren Azpeitiko Informazio Taldeko buruzagia, Gregorio Posada Zurrón. Zauri larriak zirela eta, bertan hil zen.

1974-04-12. Zenbait gazte atxilotu zituzten Durangon, ETArekin ikustekoa zutela eta; hor zen Jesús María Landa Arocena, 19 urteko azpeitiarra.

1974-07-16. ETAren V. Batzarreko komando bat desegin zuten, Zarautzen eta Azkoitian. Zenbait lagun atxilotu zituzten, eta multikopiagailu bat konfiskatu zuten, bai eta “legez kanpoko material mordoa ere”.

1974-08-29. ETAren V. Batzarreko bi kide larri zauritu zituen Polizia Armatuak tiroka, ibilgailu batean ihes egin nahian zebiltzala Donostian, Zumalakarregiren etorbidean. Biak erlazionatu zituzten Gregorio Posada Zurroni egindako atentatuarekin.

1974-09-03. Jesusen Konpainiaren nazioarteko biltzarra Loiolako santutegian.

1974-10-27. Langileen lanuztea Azpeitiko Aguirre Hermanos SA enpresan. Urrian, Guardia Zibilak ezkutuko zenbait talderen propaganda atzeman zuen, enpresa horretako langileen aldekoa.

1974-11-16. Atxilotu egin zituzten Azpeitian Angel Otaegi Francisco Alonso eta Milagros Corta.

1974-12-12. “Borroka eguna”, ezkutuko zenbait taldek deitua. Herriko faktoria nagusietako langile sail handi batek parte hartu zuen mobilizazioetan, beren lanpostuak utzita eta Plaza Nagusian elkartuta. Guardia Zibilak bederatzi lagun identifikatu zituen, mugimenduaren bultzatzaile zirela eta. Ondoren, 200 bat lagunek manifestazio bat egin zuten, eta liskarrak izan ziren manifestarien eta Guardia Zibileko kideen artean.

1974-12-13. OPIek “propaganda subertsibo ugari” atzeman zuten, “ETAren V. Batzarrekoena, Azpeitiko txabola abandonatu batean.

1975-08-28. Angel Otaegik deklaratu zuen gerra kontseiluaren epaiketan. / Manifestazioak zenbait herritan, zeinetan guztira 80 lagun atxilotu zituzten.

1975-08-29. José Antonio Garmendia eta Angel Otaegi hiltzera kondenatu zituzten. Egun horretan bertan, greba orokorra egin zuten Gipuzkoan eta Bizkaian, eta, jarraipen txikiagoarekin, Araban eta Nafarroan. Jotzen da 125.000 langilek utzi zituztela lanpostuak Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan; 80.000 lirateke Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak. Greba orokorretik kanpo, manifestazioak egin zituzten euskal udalerri askotan, Azpeitian ere bai, non 1.300 bat lagunek egin baitzuten manifestazioa.

1975-09-11/12. Greba orokorra Gipuzkoan batez ere, Angel Otaegi eta Juan Paredes “Txiki” laster hilko zituztelako. 60.000 lagun inguruk parte hartu zuten lanuztean Gipuzkoan; hamabost mila inguruk Bizkaian.

1975-09-27. Francoren erregimenak fusilatu egin zituen Angel Otaegi nuarbetarra, Jesús Paredes “Txiki” zarauztarra, eta FRAPeko hiru militante. Erabateko lanuztea Azpeitian.

1975-09-29/30. Hirugarren greba orokorra irailean Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, fusilamenduak salatzeko. Bi lagun atxiloturik Azpeitian.