eu | es
Hasiera » AZPEITIKO EFEMERIDEAK (1976-1982)

 

AZPEITIKO EFEMERIDEAK
(1976-1982)

 

1976-01. Lanuzteak probintzia osoan. Azpeitian eta beste herri batzuetan laneko plantoak egin zituzten banku sukurtsaletan. Baita CTNEko bulegoko hamahiru langilek ere.

1976-01-11. Manifestazioak Gipuzkoako zenbait herritan, lanetik botatakoei elkartasuna erakusteko eta amnistiaren alde. Azpeitian, 1.000 lagun inguruk parte hartu zuten. Hilaren 17an, berriz izan ziren mobilizazioak, eta 2.000 inguru azaldu ziren Azpeitian.

1976-01-18. 3.500 laguneko manifestazioa, 13:00etako mezatik kanpo, bezperan itxi zirenekin. “Amnistia” eta “askatasuna” oihukatu zituzten, bai eta hitz horiek agertzen zituen pankarta bat erakutsi ere.

1976-01-19. Polizia Erakunde Nagusiak jakinarazi zuen ikurrina bat jarri zutela udalerriko obra publiko batean.

1976-02-18. Hiru kartel azaldu ziren Azpeitiko Institutuaren inguruetan, ikasleak animatuz borrokan jarraitzera Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa lortu arte.

1976-03-07. Pankarta bat zabaldu zuten: “Huelga General para el día 8 en solidaridad con Vitoria. Responsabilidad para los criminales”. L.CL. RL.-E.T.A. VI.-k sinatua.

1976-03-10. Azpeitiko Irakaskuntza Ertaineko Institututik zenbait material ostu zituzten: multikopista bat, bi idazmakina, grapagailu bat, taladro bat eta multikopistarako 45 poto tintaz beteak.

1976-03-25. Bi ikurrina jarri zituzten Irakaskuntza Ertaineko Institutuan.

1976-05-31. Hiru ikurrina azaldu ziren Xoxoten, LAIAk sinaturik.

1976-06-05. Manifestazio bat izan zen 450 bat lagunekin.

1976-06-21. Telefonicako 60 langilek manifestazioa egin zuten, eta Ordena Publikoko Indarrek desegin.

1976-07-10. Gipuzkoako Amnistiaren Aldeko Batzordeko bost kide atxilotu zituzten Azpeitiko errepide kontrol batean, herriko Jesuiten Komentuko lokal batean egindako bilera batetik itzultzean. Guardia Zibilak propaganda atzeman zien, amnistiaren alde eta tortura salatzen zuten presoen deklarazioekin. / Lau idazmakina lapurtu zituzten Azpeitiko San Miguelen patronatuan.

1976-07-16. Azpeitiko Udalaren ezohiko bilkura batean, adostu zuten aginte eskudunari eskatzea udaletxeko balkoian ikurrina ipintzeko. Horrez gain, gainerako euskal udalei animatu zitzaien akordio bera hartzera.

1976-07-21. 200 bat lagunen manifestazioa amnistiaren alde. Ordena Publikoko Indarrek desegin zuten.

1976-07-26. Telefonicako kanporatzeen aurka protestatzeko manifestazioa, 600 lagunen partaidetzarekin. Liskarrik gabe desegin zen.

1976-07-31. Gazte talde batek udaletxetik zintzilik zegoen Espainiako bandera erre zuten Plaza Nagusian. Ondoren, Guardia Zibilak esku hartu zuen, eta liskarraldia izan zen. Horrez gain, ikurrina bat zintzilikatu zuten elizan, eta pankarta bat honako lelo honekin: “Viva Otaegi eta Txiki. Gora Euskadi”.

1976-09-10. Batzar berezi batean mozioa aurkeztu zuen alkateak, azken egunetan probintzian gertatu zen bortxakeria ofiziala salatzeko. Ordena Publikoaren jokaeran ohitura bihurtu zen bilera baketsuak etetea eta manifestazio lasaiak indarrez desegitea armak erabiliz: aurreko igandean, Donostian, balaz zauritu zituzten bi lagun, Konstituzioko plazan jaialdia ospatu zen unean indarkeria itxuragabea erabiliz egun horretan bertan; Gros auzoko danborrada moztu zuten asteartean; eta hilaren 8an eta 9an gertakizun odoltsuak izan ziren Hondarribian eta Pasaian: larri zauritu zituzten bost lagun, eta tiro batez hil zen Jesús Mari Zabala Erasun gaztea, eta hori guztia probokazioa izan zen herriarentzat. Gertakizunak gogoan izanik, alkateak honako puntu hauek onartzea proposatu zion udalbatzarrari: 1. Bat egitea une larri haietan Hondarribiko Udalarekin eta herriarekin. 2. Indar publikoek eskubide txikienak ere hautsi egiten zituztela salatzea. 3. Gertatuaren berri ongi jakin ondoren, neurririk gogorrenak hartzeko erantzukizuna eskatzea. 4. Udalentzako oinarrizko garantia eskatzea botere publikoei, antzeko jokaerarik ez zela izango adieraziz. 5. Espainiako erregeari eta Gobernuko presidenteari agertzea ez zeudela ados nolako jokaera izan zuten Gipuzkoako gobernadore zibilak, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak eta gertaerekin zerikusia izan zuten gainontzekoek.

1976-09-21. Bi ikurrina azaldu ziren goi tentsioko kable batean, eta beste bat enpresa bateko terrazan, honako hitz hauekin: 27an greba orokorra.

1976-09-25. 300 bat lagun elizan itxi ziren, eta, ondoren, kanporatu egin zituzten.

1976-09-25. Bost ikurrina azaldu ziren udalerriko toki batzuetan. / Manifestazioa egiten saiatu ziren Nuarberantz, eta OPIek eragotzi zuten. / 300 lagun itxi ziren elizan, Otaegiren hileta elizkizunaren ondoren. Kanporatu egin zituzten gero.

1976-09-27. Borroka egunera deitu zuten Espainiako Estatuan, Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kideak fusilatu zituztela urte bat bete zenean. Azpeitian eta euskal lurraldearen gainerako tokietan, lanuzteak hedadura handia hartu zuen, eta manifestaziora mila lagun inguru azaldu ziren.

1976-09-29. Lanuzte orokorra Azpeitian eta Azkoitian, hilaren 27an Guardia Zibileko kapitain batek azkoitiar gazte bat tiroz zauritu zuela eta.

1976-09-29. Silvestre Otamendik, Azpeitiko alkateak, dimisioa eman zuen, arrazoi pertsonalak zirela eta; dena den, aurreko egunetako gertaerengatik utzi zuela diote iturri batzuek. Ezohiko bilkura hartan, gainerako zinegotziek ere dimititzeko asmoa azaldu zuten, baina ez zuten bete azkenean.

1976-11-03. Ikurrina bat azaldu zen Angel Otaegiren hilobian.

1976-11-5/6. Guardia Zibilaren Azpeitiko eta Donostiako postuetan orrixka batzuk azaldu ziren, “esaten zutenak, besteren artean, Kapitalismoa defendatzen zuten langileak ginela”.

1977-01-16. Atentatua Guardia Zibilaren ibilgailu batean, Zestoatik Azpeitira bidean eskualdeko errepidetik zihoala. Ez zen inor hil. Ondoren, zazpi lagun atxilotu zituzten atentatu horrekin zerikusia zutelakoan Azpeitian eta Azkoitian.

1977-03-02. Hilaren 2tik 8ra lanuzteak egin zituzten lantokietan, lansariak igotzeko eskatzeko. Zuraren adarreko 25 enpresari eragin zien Azpeitian eta Zarautzen.

1977-03-04. Martxo osoan manifestazioak izan ziren probintziako udalerri askotan, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen hil zituztenen dolutan, amnistia eskatuz, eta OPIekin Nafarroan Itsasoko bidegurutzean izandako aurrez aurrekoetan bi etakide hil zituztela protestatzeko, bai eta José Luis Aristizabalen hilketaren harira protesta egiteko ere. Azpeitian hilaren 4an manifestazioa egin zuten 400 lagunek, eta hilaren 11n, 300ek.

1977-03-18. Fotokopiagailu bat eta bi idazmakina lapurtu zuten, 150.000 pezetakoak, FAMMIC enpresarenak.

1977-03-22. Apirilaren 22tik 12ra, lanuzteak egin zituzten Azpeitian zuraren adarreko 19 faktoriatan.

1977-04-10. Gasteizen Aberri Eguna ospatzea debekatu zutela eta, elkarretaratzea egin zuten, Loiolako santutegian, EAJko 20.000 militante eta aldeko gipuzkoarrek (10.000, Guardia Zibilaren arabera). Ekitaldian izan ziren Xabier Arzallus eta Juan Ajuriaguerra, besteren artean, eta, amaitu zenean, manifestazioan joan ziren Azpeitiarantz; gero, hor tentsio uneak izan ziren jeltzaleen eta EIAren aldekoen artean.

1977-05-11. Amnistiaren Aldeko I. Astearen harira, manifestazioak izan ziren lurralde osoan. Azpeitian, ehunka lagun elkartu ziren hilaren 11n, 12an, 13an, 14an eta 16an.

1977-05-14. 2.000 lagun inguru itxi egin ziren Gipuzkoako 28 herritan amnistia osoa eskatzeko. Gutxi gorabehera, 280 lagun Azpeitian.

1977-06-11. Atentatua egin zuten Loiolako Herri Irratian, Azpeititik hurbil. Sei milioi pezetaren kalte materialak zenbatu zituzten.

1977-06-30. Udalak aho batez erabaki zuen Circulo del Movimiento zuzentzen zutenei adieraztea hutsik utz zezatela Plaza Txikiko 1. zenbakiko hirugarren solairua hamar egunen barruan. Horrela egin ezean, herriak gestioak egingo zituen beste era bateko neurriak hartzeko, unean desagertuta baitzen aipaturiko elkartea.

1977-06-30. Silbestre Otamendik alkatetza utzi zuela adierazi zuten, eta haren teniente Agustin Pratek hartu zuen kargua bitartean.

1977-07-25. 1.000 lagun ingururen manifestazioa, Miguel Apalategi Aierberen estradizioaren aurka.

1977-09-27. Otaegi fusilatu zutela bi urte igaro zirenean, manifestazioa egin zuten 3.000 lagunek.

1977-12-04. Kontzentrazioak egin zituzten probintziako zenbait udalerritan, Azpeitian ere bai, Manuel José García Caparrosen hilketa salatzeko, manifestazio batean hil baitzuten, Malagan, Andaluziaren autonomiaren alde ari zirela.

1978-02-02. Eserialdia, manifestazioa eta zirkulazio ixteak.

1978-02-28. Leherketak izan ziren zenbait herritako enpresa elektrikoetan; besteren artean, Azpeitiko Iberdueroren bulegoetan.

1978-02-29. Koktel molotovak jaurti zituzten Iberdueroren bulegoetan.

1978-03. Itxialdiak egin zituzten zenbait herritan, Azpeitian ere bai, zentral nuklearren aurka zeudela protestatzeko.

1978-04-04. Apirilaren 4an eta 16an, lanuzteak egin zituzten metalaren arloan probintzia osoan, bai Azpeitian ere.

1978-04-23. Manifestazioa egin zuten Azpeitian, Espainiako Estatuak Vicente Aldalur estraditatu behar zuelako eta aska zezala eskatzeko.

1978-04-25. Itxialdia eta gose greba Azpeitian, Vicente Aldalur estraditatzearen aurka.

1978-05-02. Bi lagun zauritu ziren gailu bat manipulatzen ari zirela, non hauxe irakurtzen ahal zen: “Joven no la toques, tu vida está en peligro, va en serio, sólo para dirección-patronato e hijos de puta”.

1978-05-06. Manifestazioa Vicente Aldalur estraditatzearen aurka.

1978-05-09. Lanuzteak 20 enpresatan Azpeitian, Irunen, Lasarten, Legazpian, Donostian, Zarautzen, Andoainen eta Ataunen, lan hobekuntzak egin zitzatela eskatzeko. Guardia Zibilaren arabera, 2.059 langilek parte hartu zuten lanuztean; 2.128 langile ziren guztira. / Manifestazioa Vicente Aldalur estraditatzearen aurka.

1978-06-29. Aho batez erabaki zuten aktan idaztea Udalaren nahigabea, bi gazte indar publikoek jarritako kontrolean hil zituztelako. Ondoren, dimisioa adierazi zuten zinegotzi hauek: Manuel Mari Altuna, Lorentzo Soraluze, Rafael Larrañaga, Inazio Uranga, Imanol Elias, Javier Arakistain eta Estanislao Iriarte.

1978-07-11. 600 bat lagunen manifestazioa.

1978-07-12. Iruñeko sanferminetako gertaeren harira, non Polizia Nazionalak tiroz hil baitzuen German Rodríguez, lanuzteak egin zituzten euskal lurralde osoan, eta partaidetza handia izan zuen Gipuzkoan. Azpeitian gatazkak izan ziren manifestarien eta Poliziaren artean.

1978-07-13. 800 bat lagunen manifestazioa.

1978-09-27. Liskarrak izan zituzten manifestariek eta OPIek Azpeitian, Txiki eta Otaegi hil zituzteneko hirugarren urteurrenean.

1978-10-07. 200 bat lagunek manifestazioa egin zuten Terrorismoaren Aurkako Legearen kontra, eta amaitzean ez zen liskarrik izan.

1978-10-17/18. Terrorismoaren Aurkako Dekretu berria zela eta, dozenaka lagun atxilotu zuten Bizkaian eta Gipuzkoan; besteak beste honako azpeitiar hauek: José Antonio Martija Roteta, Pedro María Isart Badiola eta Jesús Arrizabalaga Aramendi. Atxilotuek torturatu egin zituztela salatu zuten.

1978-11-15. Larri zauritu zuten Enrique Zurutuza azpeitiarra, Komando Autonomoek eta Guardia Zibilak Arrasaten izandako aurrez aurreko batean. Hiru lagun hil ziren.

1978-11-16. Lanuzteak eta manifestazioak Gipuzkoako zenbait herritan, Azpeitian ere bai, bezperan Arrasten gertaturiko agatik protestatzeko.

1979-01-10. Udalbatzarra bertan behera utzi zuten, behar hainbat zinegotzi ez zirelako agertu.

1979-01-13. Atentatuz hil zen Azpeitian Francisco Gómez Gómez-Jimenez guardia zibila. Atentatu horretan bertan, larri zauritu zen haren kide Juan Muñiz Sánchez. Ondoren, desaktibatze lanak zirela eta, beste bi agente hil ziren, Miguel García Poyo eta Francisco Mota Calvo.

1979-01-18. Zinegotzi gehienak agertu ez zirelako ezin izan zuten udalbatzarra egin.

1979-03-19. Frankismo osteko lehen Udala osatu zuten herrian, Luziano Lazkano alkate zela.

1979-04-19. Aho batez onartu zuten: 1. EAEko parlamentariek osatutako Autonomia Estatutuaren proiektua bultzatzea eta Espainiako Parlamentuari eta Gobernuari eskatzea berehala tramitatzeko eta indarrean jartzeko. 2. Espainiako Estatuko instantzia guztiei akordio horren berri adieraztea.

1979-05-18. Lanuzteak eta manifestazioak egin zituzten Zurutuza, Aldalur eta Agirre Komando Autonomoetakoen kontrako epaiketagatik; Guardia Zibilak esku hartu zuen.

1979-07-04. Manuel Altuna zinegotziaren aurkako botoarekin 1936ko Gerran hildako erreketeen oroimenez altxatutako monumentua lurreratzea erabaki zuten.

1979-11-28. Atentatuz hil ziren, Azpeitian, Antonio García Pérez, Antonio Alés Martínez eta Pedro Sánchez Marfil guardia zibilak. Azpeitiko Udalak erabaki zuen bertan behera uztea amnistiaren aldeko manifestazio bat. Hilaren 29an egitekoak ziren, ostegunarekin, hileta elizkizunak egin behar zituzten egun berean. Alkateak esan zuen sarraskirik ez gertatzeko jokatu zuela horrela.

1980-02-01. UCDren Unibertsitate Estatutuaren kontrako manifestazioa.

1980-03-06. LKIren hauteskunde mitina Azpeitian.

1980-06-11. Kultura Batzordearen txostena ikusi ondoren, aho batez erabaki zuen Udalak euskal izenak jartzea herriko kaleei.

1980-12-05. Hiru lehergailuk eztanda egin zuten Azpeitiko Lanbide Eskolan, eta kalte material ugari izan zen. Hilabete batzuk lehenago, ikasleak kexatu ziren eraikina hondatua zegoela eta baliabide gutxi zituztela. ‘Egin’ egunkariaren arabera, Komando Autonomoetako kideak izan ziren.

1980-12-06. Ignacio Lasa Rezola enpresaria hil zuten Komando Autonomoek, Azpeitian.

1980-12-07. Azpeitiko Udalaren ohar publikoa atera zuen, Ignacio Lasa Rezolaren hileta zela eta. Zioenez, “hilketa haren eta antzeko beste gertaera batzuen egileak, nonahitik etorrita ere, ez dute eskubiderik epaile eta borrero izateko, ez eta langile klasearen izenean aritzeko ere bere erakunde propioak izanik’’.

1980-12-15. Hamabi lagun atxilotu zituzten Azpeitian, goizaldean, 05:00-07:00 bitartean.

1981-03-13. Milioi bat pezeta lapurtu zituzten Azpeitiko banku sukurtsal batean.

1981-10-11. Arsuaga Urdanpilleta azpeitiar anaietako hiru atxilotu zituzten. Bi libre utzi zituzten biharamunean. Egin egunkariaren hilaren 14ko zenbakiak zekarrenez, “ageriko arrastoak dituzte tratu txarrak jasan zituztela".

1981-10-19. Bost lagun atxilotu zituzten Azpeitian, ETArekin ikustekoa zutelakoan.

1981-12-02. Atxiloketak Azpeitian, Basaurin eta Galdakaon.

1981-12-19. Komando Autonomoetako kideek Jesús Letona Agirreren etxea tirokatu zuten, Blug Iberica enpresaren zuzendari eta akzioduna bera.

1982-11-06. Loiolako santutegia bisitatu zuen Joan Paulo II. ak. ETAm-ko lau kide atxilotu zituzten Donibane Lohizunen, Loiolan atentatu bat egin nahian zebiltzalako eliza katolikoko agintari gorenari.

1982-11-18. Zortzi-hamaika azpeitiar atxiloturik, Polizia Nazionalak Azpeitian egindako sarekada batean. Biharamunean oraindik ez zekiten nor zeuden atxilotuta.

1982-12-30. Guardia Zibilaren kuartela izandako eraikinean obrak egitea erabaki zuten, Joxe Mari Arregi arkitektoaren proiektuarekin. Iñaki Urkiak hartu zituen lanak bere gain. Herriko zenbait kultur taldek erabiltzeko izango ziren bertan prestatuko zituzten lokalak.