eu | es
Hasiera » DISPERTSIO POLITIKA

 

DISPERTSIO POLITIKA

 

      Salbuespen neurri bat da sakabanaketaren kartzela politika, eta gaur egun, preso kolektibo jakin bati aplikatzen zaio: terrorismoz akusatzen dituztenei edo talde armatuko kideei (dena den, intsumisoei edo zerbitzu militarretik desertatzen zutenei ere eragin zien). Zigor irmoa dutenei bezala, berdin aplikatzen zaie behin-behineko kartzelaldian daudenei ere, eta, abiatu zutenetik gaur arte, ez dute bolada baterako aplikatu, modu iraunkorrean baizik. 1989tik 2017ra, 318 istripu izan dira zirkulazioan, eta presoen hamasei lagun, senide edo hurko hil dira Espainiako eta Frantziako kartzela sakabanaketa dela medio.

      2004ko otsailaren 4an, Maider Egigurenen hiru senide zauritu egin ziren zirkulazio istripu batean, Alcala Mecoko kartzelara autoz zihoazela (Madril), han baitago azpeitiar hori behin-behineko kartzelaldian 2003ko azarotik. Gaur egun, hiru azpeitiar daude zigortuta ETAkoak izateagatik, eta Espainiako eta Frantziako espetxeetan dituzte: Gotzon Aranburu Sudupe: Villenan, Alacanten (Azpeititik 726 kilometrora); Josu Urbieta Alkorta: Poitiers Vivonnen (268 kilometrora); eta Joseba Segurola Kerejeta: Lannemezanen (527 kilometrora).

      1978tik 1987ra arte, orduan ezarri baitzuen Espainiako Gobernuak kartzelako sakabanaketa politika behin betiko eta modu orokorrean, erakunde terroristako jotzen-ziren presoak kontzentratuta eduki zituzten Madrilen eta Sorian, Herrera de la Manchan (Ciudad Real) eta Puerto de Santa Marian. Espainiako agintariek ziotenez, presoek “kontzentrazio politika” erabili zuten “lotura eta kohesio” sendo bat sortzeko.(*) Alabaina, politika hori kritikatua izan da ikuspegi konstituzionaletik (izan ere, Konstituzioaren 25.2 artikuluan baitio askatasuna ukatzen zaienak lehentasunez hezi behar direla berriz gizarteratzeko), eta orobat Kartzelari buruzko 1979ko Lege Organiko Orokorrean, honela baitio 12.1 artikuluan: “Espetxe Administrazioak erabakiko du lekuen kokapena, esleitutako lur eremuetatik. Edozein moduz, bakoitzak horrelakoen kopuru askiesgarri bat izango du, kartzelako premiak bete daitezen eta zigortuak gizartetik kanporatuak izan ez daitezen”.(*)

      Kontuak kontu, ordea, Auzitegi Nazionalak beti baztertu ditu neurri hori jasan duten presoen senideek ipini izan dituzten hamasei helegiteak, nola eta 1986ko uztailean Auzitegi Konstituzionalak ezarri zuen argudioa aplikatuta, hots, gizarteratzearena ez dela askatasuna mugatzen denean bete beharreko arau bakarra eta “terrorismo delituen arloan, dudazkoa dela gizarteratzearen helburuak bere funtzioa bete dezakeen”.(*) Ideia horretatik abiatuta, Auzitegi Nazionaleko Lehen Zigor Salako Kartzela Zaintza Zentraleko Epaitegiak, 884/2015 helegitearen harira, honela ezarri zuen 971/2015 zenbakia duen autoan: “Horrelako [terrorismo] delituetan ezartzen den zigorren gogortasunak xede gisa du, funtsean, egileak ezeztea eta etorkizunean deliturik egin dezan saihestea, denboran luzatzen den segurtasun neurri bat hartuta”.(*) Horrez gain, Epaitegiak erreferentzia egiteko dio bere autoan Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren Jurisprudentziari, oinarri hartuta Khodorkovski eta Lebedev kasuan Errusiaren kontra hartutako epaia (2013ko urriaren 25ekoa) eta Vintman kasuan Ukrainiaren kontra atera zen epaia (2014ko urriaren 23koa); bietan dator senideen kontaktua ukatuta presoa urrundu egiten dela, eta hori “esku sartze bat da familia bizitzarako eskubidean, zeina jasota baitator Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 8. artikuluan”.(*) Bestalde, horrelako epaietan, Europako auzitegi horrek dio egon daitekeela motiborik presoa etxetik urrun eramateko, pilaketei aurre hartzeko premia dagoenean edo diziplina egokia bermatzeko helburuz. Jurisprudentzia horretan oinarrituta, Epaitegiak diferentzia nagusi bat ezartzen du: Errusiako eta Ukrainiako kasuetan zigortzen dituztenak preso arruntak direla, eta ager daitekeela motiborik Europako auzitegiak aipatutakoetatik kanpo —hala nola “delinkuentzia antolatua edo terrorismoa”— zertarako eta “ez elkartzeko erakunde bereko kide asko espetxe berean, baldin eta horrek modua ematen badio organizazioari bere kideen gaineko kontrola ezartzen jarraitzeko”.(*) 2017ko martxoan, Auzitegi Konstituzionalak abala eman zion Epaitegiaren ebazpenari, nahiz eta 11 epaileetatik hiruk Europako epaietatik beste izaera bat duen botoa eman zuten esanez ETAren jarduera armatua etenda zegoela eta “neurriz gainekoa eta alferrekoa” zela presoak hurbiltzeari uko egitea.(*)

      Azkenik, nabarmentzekoa da eremu politikoak —eta are instituzionalak— sakabanaketa politika jotzen duela trabarik txarrena bakea sendotzeko, eta euskal gizartearen arlo askotatik bultzatzen den bizikidetza zailtzen du; are gehiago, ETAk indarkeria behin betiko utzi, armak eman eta bere burua desegin duen honetan.