eu | es
Hasiera » METODOLOGIA

 

METODOLOGIA

 

      Giza eskubideen urraketetarako eta beste sufrimendu bidegabe batzuetarako Eusko Jaurlaritzak duen Balorazio Batzordearen printzipioei jarraituz,(*) hiru irizpide hartu behar dira aintzat: biktimaren, familiakoen edo lekukoen testigantza, gertaerak frogatzen dituzten agiriak eta froga teknikoa.(*)

      Proiektuaren hasierako fasean (2013ko maiatzetik 2014ko maiatzera), alde guztietako biktimen zerrendak osatzeko bilketa lan bat egin zen. Zerrenda horiek osatzeko, aurretik dokumentazio lan bat egina zuten euskal eremuko nahiz estatuko zenbait elkartek eta erakundek. Bigarren mailako informazio iturriak izanik, zerrenda horiek aztertu eta xehe-xehe kontrastatu ziren, denik eta zorroztasunik eta objektibotasunik handienarekin jokatzeko.

      Lan horien paraleloan, harremanak ezarri ziren Azpeitiko eragile politiko eta sozial askotarikoekin, ikergaiarekin zuzenean nahiz zeharka inplikazioren bat bazuten; horren asmo a zen proiektuan murgiltzeko modua ematea eta harreman eta jario etengabeko bat ezartzea. Alde horretatik, eragileen erantzuna ez da berbera izan, proiektutik ezin bereizi diren bi parametro edo adierazleri begiratuta: egokitasuna edo egokitasun eza sumatzea gertaerak hurbilekoak izateagatik eta konfiantza edo deskonfiantza proiektuak bakea eta bizikidetza prozesuan laguntzeko orduan.

      Proiektuaren lehen fasea amaitu ondoren, datu base espezifiko bat eratu zen File Maker programarekin; horren bidez, aukera dago dokumentatuta dauden biktima guztiei buruzko informazioa eskuratzeko. Datu base horrek hiru atal nagusi ditu:

 

      • Datu pertsonalak

      • Pairatutako urraketa mota edo motak

      • Frogak

            1. Agiri frogak

            2. Lekuko frogak

 

      Urraketen sailkapenari dagokionez, sei kategoria orokor ezarri dira, sarrerako atalean aipatu bezala: bizitzarako eskubidea urratzea; osotasun fisiko, psikiko eta morala urratzea; pertsonei egindako mehatxu larriak; estortsio ekonomikoa; motibo politikoz ondasun materialei egindako atentatuak; eta motibo politikoz eragin diren beste urraketa edo sufrimendu batzuk. Aranzadik, Argituz-ek eta Euskal Memoriak erabili duten kategorizazioa 2015etik erabiltzen du Aranzadi Zientzia Elkarteak proiektu askotarikoetan. Dena den, Gogora Institutuak batzorde bat eratu du orain berriki, Oinarrizko txosten bat egiteko Euskal Autonomia Erkidegoan 1936tik 1978ra urratu diren giza eskubideen gainean. Txosten horretan, zeinetan Jon Mirena Landa irakaslea jardun baita (Zigor Zuzenbideko katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen katedraren zuzendaria), diktadura horrek egindako krimenak gizateriaren aurkakoak izan zirelako printzipiotik abiatzen dira, Erromako Estatutuaren 7. artikulua aintzat harturik.(*) Alde horretatik, pentsa daiteke proiektu honetan ageri diren urraketak beste era batera sailkatuko dituztela, baina beti egokitu ahalko dira.

      Ikerketa lanari dagokionez, proiektuaren bigarren fase honetan, frogak bilatu ziren erabilitako informazio iturriak berresteko. Batez ere, ahozko lekukotasunak bilatu ziren, lehen mailako informazio iturri gisa, baina agiri frogak ere aintzat hartuta (prentsako pasarteak, auzitegi medikuen txostenak, epaiak...), zeren eta horietan ere kasuen froga zuzenak eta argigarriak egon daitezke.

      Esan gabe doa zenbait urraketari dagokionez —batez ere osotasun fisikoa eta psikikoa urratzeari dagokionez— eta pertsonei egindako mehatxu larriei dagokienez, kasu horietako askotan, ahozko testigantzak direla horiek egiaztatzeko froga bakarrak. Horregatik, ezin garrantzitsuagoa izan da lekukotasun horiek idatziz hartzea edo ikus-entzunezko grabazioak egitea, eta, froga bakarra hori izanik, ahalik eta zehatzenak izateko eskatu zaie. Emaitza oso baikorra izan dela esan dezakegu, ez bakarrik froga gisa duen balioagatik, baizik eta baita biktimaren edo senideen sufrimendua aitortzeak duen balioagatik ere.

      Azkenik, agiri hau idatzizkoa bihurtu bada ere, izaera irekikoa da. Hau da, gaurkotua edo osatua izateko beharra du, edo horren premia izan dezake, bai ikerketa horren esparruan azaldutako gertaera berriekin eta bai iraganean izaniko gertakari ezezagunekin edo gaur egun erdizka ezagutzen ditugunekin. Hortaz, txosten hau berriz argitaratu ahalko litzateke eguneraketa esanguratsuekin, nola idatzizko euskarrian hala formatu digitalean.