eu | es
Hasiera » 1983-2017

 

1983-2017

 

      1982. urtearen amaieran, aldi demokratikoko lehen gobernu sozialista eratu zen, Felipe Gonzalez Marquez presidente zela. 1983ko otsailean, ZEN plana jakinarazi zuten (ZEN: Iparraldeko Zona Berezia). Espainiako Barne Ministerioko Estatuaren Segurtasun Zuzendaritzak egin zuen agiri hori, José Barrionuevo Peña buru zuela. Haren helburua zen “terrorismoa borrokatzea arlo guztietan: politikoa, soziala, legala eta poliziala”; horren ondorioz, terrorismoaren kontrako aurrekontua asko handitu zen, eta agenteak ugaritu; bereziki, Guardia Zibilaren GAR taldea (Grupo de Accion Rapida); horrekin batera, salbuespenezko neurri bortitzak aplikatu zituzten, euskal gizarte osoari eragin ziotenak.(*) Lege antiterroristarekin ezarri zuten martxan plan hori, 9/1984 Lege Organikoarekin, alegia, zeina 1984ko abenduaren 26an onartu baitzuten eta 11/80 Legea ordezkatzen baitzuen. Horko zenbait puntu Konstituzioaren aurkakotzat jo zituen Auzitegi Konstituzionalak 1987ko abenduan, zergatik eta Espainiako Konstituzioak giza eskubideen defentsan ematen dituen ezagupen, babes eta bermeak urratzen zituelako.(*)

      Edonola ere, ZEN Plana martxan jartzearekin, GAL sortu zen (Askapenerako Talde Antiterroristak), eta 1987ra arte aritu zen ekinean.(*) GALek Estatu terrorismoa esaten zaiona ordezkatzen zuen; eufemismoa erabiliz, gerra zikina. Kazetari ikerketak direla medio aurkitu zuten talde horren funtzionamenduan inplikazio politikoak zeudela. Handik urte batzuetara, epaituak izan ziren, GALen jarduera zela kausa, Barne ministerioa, Segurtasunerako Estatu idazkaria, Bizkaiko eta Gipuzkoako gobernadore zibilak eta Euskal Autonomia Erkidegoan Guardia Zibileko eta Polizia Nazionaleko buru egiten zuena, bi polizia erakundeetako beste kideekin batzuekin batera.(*) 1980ko hamarkadan, inoiz baino tortura eta tratu txar salaketa gehiago izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan Poliziak atxikiriko jendearen eskutik; guztira, 1.321 kasu.(*) 1981ean, Joxe Arregi Izagirre hil zen, Carabanchelgo kartzelako ospitalean, torturen eraginez. 1983an, José Antonio Lasa Arostegi eta José Ignazio Zabala Artano bahitu eta hil zituzten. 1985ean, Mikel Zabalza Garate atxilotu, eta Bidasoko ibaian agertu zen haren hilotza.

      GAL, ETA eta “talde atxikiak”(*) jardun ziren urteetan, 200 lagun baino gehiago hil zituzten.(*) 1987ko ekainaren 19an, ETAk bonba-auto bat ipini zuen Bartzelonan, Hipercorren saltoki batean, eta 21 lagun hil eta 45 zauritu ziren. 1988an, Eusko Legebiltzarreko talde politiko guztiek, Herri Batasunak ez bestek, Ajuria Eneko hitzarmena sinatu zuten, ETAren eta HBren aurka egiteko.(*) Handik urtebetera, 1989ko urtarrilaren 22an, ETAk tregoa bat egin zuen, eta, horren ondorioz, Aljerko negoziazioak etorri ziren. Hura izan da, ETAk eman duen lehen tregoa, erabatekoak edo partzialak kontuan hartuta 2011ko urriaren 20an “jarduera armatua behin betiko” utzi zuen arte.

      1995ean, Oldartzen izeneko txostena onartu zuten HBren oinarriek, eta ETAk gogorrago erabili zuen bortizkeria gizartean, “sufrimenduaren sozializazio” esan izan zaion estrategiaren harira. Urtarrilaren 23an, ETAm-k lehen aldiz hil zuen kargu politiko bat, Gregorio Ordoñez Fenollar, hain zuzen, PPren buruzagia Gipuzkoan (dena

den, 1980ko irailerako hila zuen UCDko buru José Ignacio Ustaran Ramírez). Azaroan, zigor kodea moldatu zuten, 10/1995(*) Lege Organikoaren bidez, eta 1996ko maiatzaren 4an, Espainiako Gobernuko presidente jarri zen José María Aznar López. Geroago, 1997ko uztailaren 1ean, José Antonio Ortega Lara libratu zuten, 532 egun egon baitzen bahiturik; hura izan da ETAren bahiketarik luzeena. Handik hamabi egunera, beste behin, ETAk PPko kide bat hil zuen, Miguel Ángel Blanco. Gainera, urte horietan kale borroka nabarmen ugaritu zen.

      1998ko irailaren 12an, Lizarra-Garaziko hitzarmena sinatu zuten, “elkarrizketa eta negoziazio prozesu” bat bilatzeko 39 erakunde politiko, sindikal eta sozialen artean; batez ere, erakunde abertzaleak.(*) Handik lau egunera, berriz, ETAk bere lehen su-eten “mugagabea” egin zuen. Horrez gain, 1998an, Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzón Real epaileak aginduta Egin egunkaria itxi eta arduradunak atxilotzearekin, ezker abertzaleko erakundeen eta komunikabide atxikien aurkako jazarpen poliziala eta judiziala hasi zen, “dena ETA da” doktrina ezaguna aplikatuta. Zenbait lege erreformarekin babestu zuten ETAren eta haren “ingurunearen”(*) aurkako jarduera; funtsean, 2002ko Alderdien Legearekin.(*) Horren ondorioz, legez kanpo gelditu ziren Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasuna, 2013an. Hala berean, horren ondorioz, poliziak atxilotutakoen tortura salaketak ugaritu egin ziren, eta alderdi politikoetako, euskaltegietako, komunikabideetako eta bestelako erakundeetako kideak —hala nola Joxemi Zumalabe fundaziokoak—, guztira 200 lagun baino gehiago, taldekako epaiketetan inputatu zituzten.

      2003tik 2011ra, guztira, ezker abertzaleko hamabi hautagaitza inpugnatu zituzten, eta erakundeetan ordezkaritza politikorik izan gabe gelditu zen euskal gizartearen parte handi bat.(*) Gertaera horren ondorioz, handitu egin zen beste alderdi batzuetako udal hautesleen gaineko presioa, eta mehatxu larriak jasan zituzten.

      2004ko otsailaren 18an, ETAk adierazi zuen bere “ekintza armatu” guztiak eten zituela Katalunian, eta 2005ean, Espainiako hautesleen aurkako erasoak eten zituen. 2006ko martxoaren 22an, ETAk su eten iraunkorra deklaratu zuen, eta horri esker, Espainiako Gobernua eta erakunde armatua negoziatzera elkartu ziren. Barajasko aireportuko 4 Terminalean izandako atentatuaren ondorioz —2006ko abenduaren 30ean—, bi lagun hil ziren, eta José Luis Rodríguez Zapatero presidentearen gobernuak apurtutzat jo zituen negoziazioak. 2009ko uztailaren 30ean, ETAk Carlos Saenz de Tejada eta Diego Salva guardia zibilak hil zituen, Calvian (Balear Uharteak), eta hura izan da erakundearen atentatuetan hildakoak izan diren azken aldia. Dena den, 2010eko martxoaren 16an, tiroketa bat izan zen Frantzian, Dammarie-les-Lysen, ETAren eta Jendarmeriako kideen artean, eta Jean-Serge Nerin frantses polizia hil zuten. 2010eko irailaren 5ean, ETAk esan zuen ez zela gehiago “eraso ekintza armaturik” izango; 2011ko urtarrilaren 10ean, su eten “iraunkorra” eman zuen, eta, azkenik, 2011ko urriaren 20an, behin betiko eten zuen jarduera armatua. Handik hilabete batera, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea osatu zen, nazioarteko bake eta segurtasun prozesuetan eskarmentua duten sei lagunekin; horien lana amaitu zen 2017ko apirilaren 7an ETAk armak eman zituenean. Gaur egun, biktimak aitortzea eta presoen egoera dira jendearen eta mugimendu politikoen gai nagusiak, gatazkaz denaz bezainbat.(*)

 

 

HILDAKOEN ZENBAKETA (1983-2017)

 

 

 

TORTURA KASUAK ETA TRATU TXARRAK (1983-2017)*

 

 

 

AZPEITIAN 1983-2017 ARTEAN
DOKUMENTATU DIREN URRAKETA KASUAK

 

 

* Kriminologia institutuak emandako datuak Euskal Autonomia Erkidegokoak dira soilik, eta Euskal Memoriak, berriz, Euskal Herri osokoak ematen ditu.

** Hemen sartu dira: Dionisio Aizpuru Arbelaitz eta Pedro María Isart Badiola *** Hemen sartu dira urte horietan bizkartzainak erabili behar izan dituzten 26 lagunak.

I Datu horien iturria da: Euskal kasuan gertaturiko giza eskubideen urraketei buruzko oinarrizko txostena (1960-2013).

II ETAren zati askotarikoen eta beste talde armatu batzuen biktimak hartzen ditu.

III López Romo, R. Foronda txostena. Terrorismoaren testuinguru historikoak eta biktimekiko arreta soziala. 1968-2010.

IV ETAren zati askotarikoen eta beste talde armatu batzuen biktimak hartzen ditu.

V Euskal Memoriaren webgunean datorrenez, kopuru horrek erreferentzia egiten dio 1960tik aurrera “gatazkaren testuinguruan eta errepresioaren ondorioz" hildakoei.

VI Hemendik ateratako datuak: 1960tik 2014ra bitartean Euskadin izandako torturaren ikerketa proiektua. Amaierako txostena.

VII Hemendik ateratako datuak: Informe de investigación sobre la tortura en Euskal Herria.

VIII Azken kontaketan, lau kasu datoz koadroan Poliziari egotz ez dakizkiokeenak. Ikerketa honek hartzen dituen urteetan, talde armatu subertsiboek bi alditan bahitu zituzten azpeitiarrak. Bietan, Komando Autonomo Antikapitalistak izan ziren erantzuleak, eta bi bahituak enpresaburuak ziren; estortsio ekonomikoa jasan zuten bahiketa aurretik eta bahiketa aldian. Bahiketa horiek, orduan, ikusteko zuzena dute giza eskubideen beste urraketa mota batekin, estortsio ekonomikoarekin, alegia.