eu | es
Hasiera » GREGORIO POSADA ZURRON, LEHEN HILKETA AZPEITIAN

 

GREGORIO POSADA ZURRON,
LEHEN HILKETA AZPEITIAN

 

      Villaferrueñakoa zen (Zamora), eta 33 urte zituen 1974ko apirilaren 3an. Metrailetaz jo zuen ETAren komando batek (hain zuzen, ETA-V. Batzarra deituriko fakzioa), Azpeitiko Juan XXII.aren kalean. Zenbait balakada jasota, Donostiako ospitale militarrera eraman zuten, eta handik ordu batzuetara hil zen. Handik gutxira, ETA-k ohar bidez esan zuen atentatuarekin “berehalako erantzuna” eman nahi izan ziola Koldo Iztueta erakundeko kidearen atxilotzeari, koman zegoela eraman baitzuten ospitale batera. Era berean, hildakoaren ospearekin justifikatu zuten ekintza, “euskal militante abertzale eta langileen kontra erakusten zuen fanatismoagatik eta bortizkeriagatik nabarmentzen” zelako.

      Apirilaren 5ean izan ziren elizkizun ofizialak, Artzain Onaren Katedralean (Donostian) 09:45ean eta Azpeitian 19:30ean. Ezkondua zegoen, eta bi alaba zituen, 6 eta 4 urtekoak. Guardia Zibilaren 551. Komandantziako kaporala zen, eta Azpeitiko institutu armatuaren Informazio Taldeko buruzagia. Atentatuaren egileak, José Antonio Garmendia Artola eta Angel Otaegi Etxebarria, gerra kontseiluan epaitu zituzten, Burgosen, biak ere hiltzera kondenatuak 1975ko abuztuaren 28an.(*)

      Gregorio Posadas izan zen lehen biktima Azpeitian, azterketa honek hartzen duen tarte kronologikoan. 1974. urtean, ETA-k hamasei lagun hil zituen (Gregorio Posada barne), ETApm-k hiru, eta erakunde armatu subertsiboetako bost kide hil egin ziren Ordena Publikoko Indarren errepresio ekintzetan. Ekintza horrekin, ETA-k lehen aldiz hil zuen erregimen frankista bateko segurtasun indarretako kide bat, herritik kanpo esangura politiko eta errepresibo txikia zuena, eta, hala, ordura arte ez bezalako ildo bat hartu zuen.(*) Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren arabera, ETAri egozten zaizkion 829 hilketetatik (kontuan hartuta barne zatiketak eta beste erakunde armatu batzuk), 210 Guardia Zibilak ziren.