eu | es
Hasiera » AURKEZPENA

 

AURKEZPENA

 

Eneko Etxeberria, Aitor Gorrotxategi, Esti Elduaien, Itziar Lasa, Aitor Bereziartua, Leire Goenaga, Amaia Etxeberria, Josu Labaka, Aritz Azpiazu, Ainhoa Beristain, Xanti Gurrutxaga, Rebeka Larrañaga, Austin Lizarralde, Leire Etxaniz, Ainara Larrañaga, Nerea Etxebarria eta Mikel Ibarzabal.

 

      Liburu honen hitzaurre egokiena Azpeitiko Udalak, aho batez, oroimenari buruz onartutako hitzak ekartzea dela deritzogu. Gure ustez, herritarrengandik jasotako agindua zintzoki betetzera goaz, badakigulako edonori jarrera eta errespetu kontuak eskatzeko geuregandik hasi behar dugula.

      Liburu honen argitaratzearekin, modu publikoan, gure herrian gertatu diren giza-eskubide urraketak liburuan jasota geratuko dira. Gurean gertatutako eskubide urraketak denon arteko bizikidetzan aurre pausu gisa balio duela usten dugu, gertatukoa gainditu nahi bada gertaerak ezagutzea ezinbestekoa da. Egia jakiteko eskubidea ezinbestekoa da eta lan horretarako Aranzadi bezalako elkarte baten laguntza izateak berme handia ematen digu.

      Liburu hau, Azpeitian giza-eskubideen urraketak jasan dituzten guztien errekonozimendu izatea nahiko genuke. Aurrean oraindik gure herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidearen inguruko arazo sakona dugu baina pausu bat bezala irudikatzen dugu. Horretarako Azpeitiko Udalak aho batez onartu duen adierazpena dakarkizuegu. Horrela dio:

      Gaurko eguna bizikidetzaren aldeko apustua indartzeko beste pauso bat emateko erabili nahi dugu. Azpeitiko Udalean ordezkatuta gauden alderdi politikoentzat lehentasuna da oroimenean oinarritu behar diren bakea eta elkarbizitza lortzea, eta bide horretan gure konpromisoa adierazi nahi dugu; denok eraiki behar ditugu zubiak, denok dugu elkarrekin bakean bizitzeko eskubidea, askatasunean eta inor baztertu gabe.

      Hamarkada luzeetan azpeitiarrok asko sufritu dugu. Aranzadi elkarteak gure herrian egindako lanketek, hamarkada luzeetan biolentzia ezberdinek eraginda mota guztietako giza-eskubideen urraketak sufritu dituzten herritarren errelatoak jaso dituzte.

      Jabetzen gara, zerrendatutakoak baino biktima gehiago daudela. Beraz, emandako pausoa osatu beharreko lan baten hasiera da; tamalez, gaur egungo urraketak ere gehitu behar dizkiogu. Denok, ‘egia’ osoa jakiteko eskubidea dugu eta honi behar bezala erantzuteko konpromisoa hartzen du Azpeitiko Udalak, eta horretarako elkarlanerako eskua luzatu nahi dizuegu herritarroi ere.

      Oroimenarekin eraiki nahi dugu etorkizuna, eta sufrimendu guztiak aitortu nahi ditugu, ez dugu sufritu duen inor baztertzerik nahi. Iraganera sakon begiratu behar dugu, espiritu kritikoarekin eta zintzotasun osoz atzera buelta gabeko mina jaso duten herritarrei min horren aitorpena egiteko. Adierazpen honekin guztiei errekonozimendua egitea nahi diegu.

      Ezin dugu iragana aldatu, baina bai etorkizuneko lezio sakonak atera, gertatutakoaren kontzientzia izan, berriro gertatu ez dadin. Elkarbitzitza eraikitzea denon ardura da eta horren aldeko konpromiso zabala behar dugu. Bakoitzak bere esparrutik, elkarrekin errespetuz bizitzen ikasi behar dugu, etorkizun oparoago baten oinarriak finkatu ditzagun.

      Azpeitiko Udaleko ordezkariok, gaurkoan, konpromiso publiko bat hartzen dugu: gure esku ditugun bitarteko guztiak jartzen jarraituko dugu, gure herriko memoria konpartituta, elkarbizitzaz eta errespetuz, gure herria eraikitzen jarraitzeko.

      Horrez gain, etorkizunean, inongo giza-eskubide urraketa berririk ez dadin gertatu nahi dugu eta, gaur egun, gertatzen ari diren urraketak berehala bukatzea eskatzen dugu, horretan jarraituko dugu lanean.