eu | es
Hasiera » 2. ERANSKINA - OHARRAK

 

2. ERANSKINA - OHARRAK

 

1. Estatutu honetaz denaz bezainbatean, “gizateriaren aurkako krimentzat" jotzen dira ekintza hauek, baldin eta eraso orokor eta sistematiko bat egiten bazaio biztanleria zibil bati, erasoa jakinaren gainean eginda:

a) Hilketa;

b) Deuseztatzea;

c) Esklabotasuna;

d) Deportatzea edo herritarrak bortxan lekualdatzea;

e) Kartzelatzea edo askatasun fisikoa serioki kentzea eta, hala, nazioarteko zuzenbideko funtsezko arauak urratzea;

f) Tortura;

g) Bortxakeria, esklabotasun sexuala, prostituzio behartua, haurdunaldi behartua, esterilizazio behartua eta horren pareko edozein eratako indarkeria sexual larria;

h) Nortasun propioa eratu duen talde edo kolektibo bati jazartzea, honako arrazoi hauengatik: motibo politikoak, nazionalak, arraza, etnia, kultura, erlijioa eta generoa —3. paragrafoan definitua— edo nazioarteko zuzenbidearen arabera mundu osoan ezin onar daitezkeen beste motibo batzuk, paragrafo honetan aipatzen den edozein ekintzari loturik edo Gortearen eskumeneko beste edozein krimen;

i) Pertsonen desagerrarazpenak;

j) Apartheid krimena;

k) Antzeko beste ekintza gizagabe batzuk, propio

sufrimendu handia eragiteko gauzatuak edo osotasun fisikoa edo osasun mentala edo fisikoa serioki jotzen dutenak.

 

2. Lehenengo paragrafoaz denaz bezainbat:

a) “Biztanleria zibilari erasotzea" da 1. paragrafoan aipatutako ekintzetako batzuk erabiltzea biztanleria zibil baten aurka, Estatu edo erakunde baten politikarekin bat eginez eraso hori gauzatzeko orduan edo politika hori sustatzeko;

b) “Deuseztatzea" da bizi baldintzak nahitara inposatzea; besteren artean, elikagaiak edo sendagaiak eskuratzeko aukera ukatzea, besteren artean, herritarren zati bat hondatzeko bideratzen denean.

c) “Esklabotasuna" da jabetza eskubidearen ezaugarriak erabiltzea pertsona batekin edo batzuekin; hor sartzen da jende trafikoa; batez ere, emakumeak eta haurrak;

d) “Deportatzea edo herritarrak bortxan lekualdatzea" da pertsona kaltetuak bortxaz desplazatzea, kanporatuta edo beste mehatxu bide batzuk erabilita, zilegitasunez dauden lekutik, nazioarteko zuzenbideak baimentzen duen motiborik egon gabe;

e) “Tortura" da mina edo sufrimendu larriak eragitea, hala fisikoak nola mentalak, pertsona bati, akusatuak bere zaintzapean edo kontrolpean duelarik; hala ere, ez da torturatzat joko legezko zigorretatik soilik eratortzen diren sufrimenduak edo normaltzat edo zorizkotzat jo litezkeen ondorioak;

f) “Haurdunaldi behartua" da emakume bat haurdun uztea indarrez, eta zilegitasunik gabe konfinatzea, herritar baten osaera etnikoa aldatzeko intentzioz edo nazioarteko zuzenbideko beste urraketa larri batzuk egiteko. Inola ere ez die eragingo definizio honek haurdunaldiari buruz dauden barne zuzenbideko arauei;

g) “Jazartzea" da funtsezko eskubideak nahita eta modu larrian kentzea nazioarteko zuzenbidearen aurka, arrazoitzat harturik taldearen edo kolektibotasunaren identitatea;

h) “Apartheida" da arraza talde batek 1. paragrafoan aipaturikoen antzeko ekintza gizagabeak gauzatzea arraza talde baten edo batzuen gain, zapalkuntza eta mendetasun sistematikoko erregimen instituzionalizatu baten testuinguruan, eta erregimen horri eusteko helburuz;

i) “Pertsonen desagerrarazpena" da Estatu batek edo, haren baimenarekin, babesarekin edo aldekotasunarekin, erakunde politiko batek jendea atzematea, atxilotzea edo bahitzea eta jarraian askatasuna kendu diela ukatzea edo jende hori non den ez jakinaraztea, denbora luzean, legearen babesetik kanpo uzteko intentzioz.

 

3. Estatutu honetan, “generoa" dira bi sexuak, maskulinoa eta femeninoa, gizartearen testuinguruan. “Genero" hitzak ez du horretaz bestelako adierarik izango.