eu | es
Hasiera » 1960-1975

 

1960-1975

 

      Diktadura frankistako azken urteetan piztu egin zen erregimenaren aurkako mobilizazioa; batez ere, fabriketako langileen eta unibertsitateko ikasleen eskutik. Sektore horiek erakunde aurkari eta subertsibo ugari sortu zituzten, eta horiek egin zituzten lehendabiziko grebak; horren eraginez, Espainiako Estatuak segurtasun indarrak erabili zituen indarra edonola erabiltzeko, jendea hilez eta ehunka lagun torturatuz. Horrez gain, sistema judiziala inolako bermerik gabekoa zen, eta funtsezko eskubideak eta askatasunak zapaltzeko erabiltzen zen; horretarako, bi bide erabili zituzten, batetik, jurisdizkio arrunta, Ordena Publikoko Auzitegiaren bidez (154/63 Legearekin eratua), eta, bestetik, jurisdikzio militarra, non 1968ko abuztuan berriz martxan jarri baitzuten bidelapurreriaren eta terrorismoaren legea esaten diotena, 1960ko irailaren 21ekoa bera.(*)

      Erakunde aurkari horietako zenbait ekintza armatuetan hasi zen, eta jendea hiltzen. Aurretik ikusi dugun bezala, 1960ko ekainaren 27an, pertsona bat hil zueneko lehen atentatua egin zuen DRILek, nahiz eta urteetan ETAri egotzi izan dioten zenbait kolektibok atentatu hori. Handik aste gutxi barru, 1960ko maiatzean, 339 apaiz euskaldunek agiri bat igorri zieten “Espainiako Obispo Jaun Goren guztiei, Aita Santuaren eta Vatikanoko Estatuko Idazkaritzako nuntzio diren horiei” honako hauxe salatuz: “jendeen nahiz herrien eskubide naturalak” era sistematikoan urratzen ari zela Estatu frankista; eta esplizituki zioten askatasun zibil eta politikorik ez zegoela, Poliziak atxiloketetan torturatu egiten zuela eta epaitzen zuten jendeak ez zuela bermerik.(*)

      1962ko maiatzetik 1975eko apirilera, bederatzi salbuespen egoera izan ziren euskal lurraldeetan,(*) eta Estatuak bezala erakunde subertsiboek ere maiz urratu zituzten giza eskubideak; horrez gain, eskuin muturreko taldeen eta talde parapolizialen ekintzak ere aipatu behar dira 1970eko hamarkadatik gora. 2.000 lagun baino gehiago atxilotu zituzten, eta 400 lagunek erbestera jo behar izan zuten.(*) Euskal kasuari dagokionez, indarkeriaren kiribila gogortu eta biderkatu egin zen 1968ko ekainaren 7ko gertakizunetatik; egun hartan, José Antonio Pardines Arcay guardia zibilak eta ETAko Txabi Etxebarrieta Ortizek bizia galdu zuten, eta gero, atentatu batean, Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialaren burua hil zuten, hau da, Meliton Manzanas Gonzalez, 1968ko abuztuaren 2an. Urte horren hondar aldera, berriz, Soriako presondegian zeuden preso politikoen gose grebaren harira, 1.500 intelektual espainiarrek salatu egin zituzten Espainiako Estatuan gertatzen ari ziren atxiloketa eta tortura sistematikoak.(*) 1970ean, berriz, Burgosko prozesua izan zen, ETAko hamasei militarren kontrako gerra kontseilua; horietako sei hiltzera kondenatu zituzten. Herritarren mobilizazioa zela eta nazioarteko presioa zela, erregimen frankistak barkatu egin zituen sei heriotza zigorrak, eta, horren ordez, bizi arteko zigorrak ezarri zizkien. Urte horretan bertan, Joseba Elosegik, su eman zion bere buruari Espainiako diktadorearen aurrean, Donostian egiten ari ziren Munduko Pilota txapelketan, eta zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten ekintza harengatik.

      1973 eta 1975 urteetan, asko ugaritu ziren ETAren eta beste talde armatu batzuen bahiketak eta hilketak; nabarmentzekoa da —nolako eragin politiko eta soziala izan zuen ikusita— Espainiako Gobernuko presidente Luis Carrero Blanco atentatuz hil zutenekoa; urte horretan izendatua zuten, ekainaren 9an. Edozein moduz, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak emandako datuei begiratzen badiegu, antzekoa da Estatuko Segurtasun Indarrek hildako kopurua eta erakunde armatu aurkariek hildakoa.(*) Bestalde, 1975ean, Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologia Institutuak zuzendutako ikerketaren azken txostenean datorrenez, polizia torturen inoiz baino salaketa gehiago izan ziren (298 kasu).(*)

      Francisco Franco Bahamonderen heriotzarekin amaitzen da aldia hau, 1975eko azaroaren 20an. Handik bi hilera, 1975eko irailaren 27an, azken fusilamenduak egin zituen frankismoak, FRAPeko hiru kide, José Humberto Baena, José Luis Sánchez Bravo eta Ramón García Sanz, ETApm-ko Juan Paredes Manot (Txiki), eta ETAko (banaketa gertatu baino lehen) Angel Otaegi Etxeberria.

 

 

HILDAKOEN ZENBAKETA (1960-1975)

 

 

 

TORTURA KASUAK ETA TRATU TXARRAK (1960-1975)

 

 

 

AZPEITIAN 1960-1975 ARTEAN
DOKUMENTATU DIREN URRAKETA KASUAK

 

 

I Datu horien iturria da: Euskal kasuan gertaturiko giza eskubideen urraketei buruzko oinarrizko txostena (1960-2013). ETAk, ETApm-k, Komando Autonomoek eta ezker muturreko beste talde armatu batzuek eragindako biktimen guztizkoa Espainiako Estatuari dagokio, eta estatuko segurtasun indarrei, talde parapolizialei eta eskuin muturrekoei dagozkienak soilik Euskal Autonomia Erkidegokoak dira.

II ETAren zati askotarikoen biktimak hartzen ditu. Ez dakar DRIL erakunde armatuak hildako biktima.

II López Romo, R. Foronda txostena. Terrorismoaren testuinguru historikoak eta biktimekiko arreta soziala. 1968-2010.

IV ETAren zati askotarikoen eta beste talde armatu batzuen biktimak hartzen ditu.

V ETAren zati askotarikoek hildakoak hartzen ditu.

VI Euskal Memoriaren webgunean datorrenez, kopuru horrek erreferentzia egiten dio 1960tik aurrera “gatazkaren testuinguruan eta errepresioaren ondorioz” hildakoei.

VII Hemendik ateratako datuak: Rincon, L. Libro blanco sobre las cárceles franquistas. Ángel Suárez, Colectivo 36. 1968 eta 1975 artean hildakoak —1971. urtea salbu; ez dator urte horretako daturik— diktadura frankistaren “errepresioaren” ondorioz.

VIII 34 hilketa, batetik, eta bi exekuzio, bestetik, gerra kontseiluan hiltzera kondenatutakoengatik.

IX Casanellas, P. Morir matando. El franquismo ante la práctica armada, 1968-1977. 1968-1977 urte tartea hartzen duten datuak.

X ETAren zati askotarikoen biktimak hartzen ditu.

XI Erakunde armatuetan hildako kideak, “errepresio polizialaren eta judizialaren ekintzetan”. X ETAren zati askotarikoen biktimak hartzen ditu.

XII Hemendik ateratako datuak: 1960tik 2014ra bitartean Euskadin izandako torturaren ikerketa proiektua. Amaierako txostena.

XIII Hemendik ateratako datuak: Informe de investigación sobre la tortura en Euskal Herria.