Estortsio ekonomikoari dagokionez, Deustuko Etika Aplikatuko Zentroak urteak daramatza haren eragina ikertzen. Izaskun Sáez de la Fuente Aldama soziologoak 2017 hasieran argitaratu zuen ETAk enpresa munduari egin dion estortsio ekonomikoaren “analisi etiko-politiko” bat.(*) Lan horretan, askotariko agiriak ikuskatu ditu (argitalpenak, hemeroteka eta zenbait artxibotako agiriak), baina, oroz gain, 60 elkarrizketa eta 140 galdetegi egin ditu. Argitalpenaren sarreran, Saez de la Fuentek Florencio Domínguezen (Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroko zuzendariaren) datu bat dakar, “hamar mila lagunek baino gehiagok” jasan dutela estortsio ekonomikoa 1993tik 2010era.(*) Egile horrek berak beste argitalpen batean, Vidas rotas. Hombres, mujeres y niños víctimas de ETA —Rogelio Alonso eta Marcos García Reyrekin batera ateratakoa—, ETAk hildakoak hamabost direla aipatzen dute (haren zati askotarikoak aipatu gabe eta Komando Autonomoak eta bestelako erakunde armatuak ere bereizi gabe) estortsio ekonomikoa jasan dutenen “multzoan”.
Hala ere, Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak mehatxatutako pertsonekin egindako ikerketan bezala, datu zehatzak falta direnez, ez dago jakiterik udalerrika zenbaiterainokoa izan den eragina. Esan gabe doa ETAren estortsio ekonomikoa 1964an hasi zela, enpresek erakundeari laguntzea nahitaezkoa eta ez borondatezkoa izan behar zela erabaki zuenean; motibo horrekin egin zioten eraso lehen aldiz enpresaburu bati; hain justu ere, Ramón de la Sota industriagizonaren ibilgailuari. Hortaz, aipatu ditugun azterketek epe laburra hartzen dute kontuan izanda noiztik hasia den urraketa hori gauzatzen.
Urraketa mota horretan, zazpi kasu identifikatu dira Azpeitian; horietako bi 1983an eta 1985ean bahitutako enpresaburuei egindakoak eta beste bat Inaxio Uriaren kontra. Aurreko atalean aipaturiko mehatxu larrien tipologiarekin gertatzen den bezala, estortsio ekonomikoaren biktima identifikatuak egiazkoak baino gutxiago dira, seguruenera ere.
Estortsio ekonomikoa ezagutzen duten pertsonek egindako kudeaketak onuragarriak gertatu dira, nahiz eta denbora luzeagoa beharko den identifikatzera iristeko eta frogak jasotzeko.