Erregimenak itxura egonkorra ematen bazuen ere, 50eko hamarkadan, amaigabea izan zen errepresioa frankismo osoan, judikaturaren eta Ordena Publikoko Indarren bidez —hiru indarrez osatua: Poliziaren erakunde nagusia, Polizia Armatua eta Guardia Zibila—. 1945etik 1951ra, lau euskal herritar hil ziren polizia etxeetan torturatuta: Baltasar Buriel Makia (Irun, 1945eko abuztuaren 1ean), Pablo Velasco CNTkoa (Bilbon, 1946ko apirilaren 17an), José Agirre Iturbe (Basurtuko ospitalean, 1946ko uztailaren 30ean, Poliziak jipoituta, “gora Euskadi” esateagatik San Ignazio egunean), ELAko Agustin Unzurrunzanga (Ondarretako kartzelara aldatu zutenean, 1947ko maiatzaren 7an) eta Txomin Letamendia jeltzalea (Bilbon, 1950eko abenduaren 20an, polizia etxetik atera eta gutxira).(*)
1960ko hamarkadan, asko ugaritu ziren polizia taldeek egindako atxiloketak eta tortura kasuak, frankismoaren aurkako erresistentzia eta ekintza antolatuak handituz bezala. Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologia Institutuak torturen eta tratu txarren 322 kasu jasoak ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960 eta 1969 bitartean, eta horietatik 120 kasu 1968. urtekoak dira. Azpeitiari dagokionez, zazpi kasu daude jasota aldi horretan, denak ere 1964tik 1968ra bitarte gertatuak.(*)
Azpeitian jaso den lehen tortura kasua 1960ko hamarkadan gertatua da, Andoni Albizuri Agirregabiriari egindakoa. 1934ko apirilaren 13an jaio zen, eta Guardia Zibilak atxilotu eta Donostiako kuartelera eraman zuen 1964ko azaroaren 9an. Inkomunikatuta egon zen bost egunean, eta, María Jesús Arregi Uzin bere andreari esan zionez, tortura fisikoak eta psikologikoak jasan zituen. 1964ko azaroaren lehenbiziko asteetan dozenaka gazte euskaldun atxilotu eta torturatu zituzten, bortitzak ez ziren ekintzak zirela kausa; esate baterako, ikurrinak ipintzea, pintaketak egitea eta erregimenaren kontrako propaganda egitea. Andonik ez zituen salatu torturak; familiakoei bakarrik kontatu zizkien. 1980ko abenduaren 15ean, Andoni berriz atxilotu eta Martutenera eraman zuten, eta kasu horretan ez dago tratu txarrak jasan zituelako lekukotasunik.(*)