eu | es
Hasiera » 1976-1982

 

1976-1982

 

      Francisco Franco Bahamonde diktadorea hil zenean, orduan hasi zen Espainiako trantsizioa esan izan zaiona. 1975eko azaroaren 22an, hura hil eta handik bi egunera bakarrik, Espainiako errege izendatu zuten Juan Carlos Borboikoa, zeina Espainiako printze izendatua baitzegoen 1969ko uztailaren 22tik, diktadorearen ondorengotzaz.

      1976ko abenduan Erreforma Politikorako legea onartu zutenean, 1977ko ekainaren 15ean, lehenbiziko hauteskunde demokratikoak izan ziren, Adolfo Suarezek apirilean berretsitako lege dekretu baten bidez.(*) Erregimen frankistaren aurkako sindikatu eta alderdi nagusiak legeztatu bazituzten ere, legez kanpo gelditu ziren erakunde apurtzailetzat edo iraultzailetzat zituztenak; hortaz, horiek beste sigla batzuk hartu behar izan zituzten hauteskundeetan parte hartuko bazuten. 1977. urteko urrian, Amnistiaren Legea onartu zuten.(*) Nazioarteko erakundeek salatu egin zuten lege hori; izan ere, haren arabera ez zegoen ikertzerik Gerra Zibilean eta ondorengo diktaduran gizateriaren aurka egindako deliturik, ez eta estatuko nahiz nazioarteko erakundeetara eramaterik ere.(*)

      Bestalde, indarrean ziren frankismo garaiko lege eta erakunde nagusiak; esate baterako, Ordena Publikoaren Legea, 1959koa, polizia erakunde guztien jarduera arautzekoa. 1978ko abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioa onartu zuten erreferendum bidez, eta, hala, amaitutzat eman zuten sistema demokratiko baterako trantsizio aldia. Alabaina, Gorteak eta udalak berritzekoak gelditu ziren, legegintzaeta udal-hauteskunderik ez baitzen egin 1979ko udaberrira arte. Hala berean, 1979ko abenduaren 18an, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutua onartu zuten, eta euskal gizarteak berretsi, baina zatiketa politiko eta sozial nabarmena eragin zuen, batzuek ez baitzuten onartzen lege esparru berria. Aitzitik, 1978ko Konstituzioak ezarritako erregimenetik bereizi nahi zuten; ez zuten ametitzen Araba, Bizkaia, eta Gipuzkoa Nafarroatik bereizterik, eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen zuten. 1981eko otsailaren 23an, Estatu kolpe saio bat izan zen. Buruzagi militarrak beste behin saiatu ziren aldaketa politikoa baldintzatzen edo mugatzen. Estatu kolpe haren ondorioz, monarkia indartu egin zen, eta, LOAPAren bitartez, Autonomia Erkidegoen autogobernua murriztu zuten (LOAPA: Prozesu Autonomikoaren Harmonizazioko Lege Organikoa). Estatu kolpe saio hartatik urtebetera, 1982ko otsailaren 20an eta 21ean, ETApm-ren VIII. biltzarra egin zuten, eta, han gertatu zen zatiketaren ondorioz, desagertu egin zen.

      Hala, Konstituzioa 1982ko urrian onartu eta bigarren hauteskunde orokorrak egin zituztenean amaitu zen trantsizio aldi hura. Gatazka sozial eta politikozko urte horiek lekutan zeuden trantsizio baketsu batetik, eta ondorio lazgarriak izan zituen estatuaren, talde parapolizialen eta eskuin muturrekoen indarkeriak, eta, orobat, aurkarienak;(*) ez bakarrik Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, baita Espainiako Estatuan ere. Sophie Babyk ematen dituen datuen arabera, 1979tik 1982ra, 714 lagun hil zituzten Espainian motibo politikoengatik, eta horietatik 300 euskal gatazkarekin erlazionaturik zeuden. Esan gabe doa urte horietan egin zituztela hilketa gehien ETAm-k eta ETApm-k; batez ere, 1978tik aurrera. Horrez gain, 1976an, Komando Autonomo Antikapitalisten erakunde armatua sortu zen; hasiera batean, Laia-Ez eta Bereziak taldeetako militanteekin; ETApm-tik zetozen, halaber, talde horiek, eta 1985ean desagertu ziren; denera, 80 ekintza armatu egin zituzten, eta, gutxienez, 29 lagun hil; taldeko 15 lagun ere hil zizkieten.(*) Bestalde, batez ere hiru erakunde parapolizial jardun ziren EAEn eta Nafarroan (GAE, BVE eta Triple A), eta 30-40 lagun hil zituzten (aldatzen da kontaketa egiten duen erakundea zein den), eta beste zenbait lagun zauritu. 1980. urtea bakarrik hartuta, 23 lagun hil zituzten talde horiek.

 

 

HILDAKOEN ZENBAKETA (1976-1982)

 

 

I Carmena, M. et al. Euskal kasuan gertaturiko giza eskubideen urraketei buruzko oinarrizko txostena (1960-2013).

II ETAren zati askotarikoen eta beste talde armatu batzuen biktimak hartzen ditu.

III Honako hauek hartzen ditu: BVEren 19 biktima, GAEren 7, Triple A-ren 5.

IV López Romo, R. Foronda txostena. Terrorismoaren testuinguru historikoak eta biktimekiko arreta soziala. 1968-2010.

V ETAren zati askotarikoen eta beste talde armatu batzuen biktimak hartzen ditu.

VI ETAren zati askotarikoek hildakoak hartzen ditu.

VII Honako hauek hartzen ditu: BVEren 11 biktima, GAEren 5, Triple A-ren 7, eta eskuin muturrekoen 7.

VIII Euskal Memoriaren webgunean datorrenez, kopuru horrek erreferentzia egiten dio 1960tik aurrera “gatazkaren testuinguruan eta errepresioaren ondorioz" hildakoei.

IX Baby, S. Le mythe de la transition pacifique. Violence et politique en Espagne (1975-1982). 1975eko urriaren 1etik aurrerako datuak dakartza.

 

 

TORTURA KASUAK ETA TRATU TXARRAK (1976-1982)

 

 

X ETAren zati askotarikoen biktimak hartzen ditu.

XI Polizia askotarikoetako funtzionario publikoek hildakoak; zazpi torturatuta, 32 “Poliziaren ekintza basatietan" manifestazioetan, eta 139 “Poliziaren ekintzetan" (errepide kontrolak, jazarpenak...).

XII Wilhelmi, G. Romper el consenso. La izquierda radical en la Transición española (1975-1982). 1975eko urtarrilaren 20tik aurrerako datuak dakartza.

XIII Poliziako kideek hildakoak: 84 “tiro errazekoak" (1975. urtekoak), 74 errepresio politikoarenak (hamahiru 1975. urtekoak), 12 torturaz (bi 1975. urtekoak).

XIV Eskuin muturrak, estatu terrorismoak eta exekuzioz hildakoak (zazpi 1975. urtekoak).

XV Hemendik ateratako datuak: 1960tik 2014ra bitartean Euskadin izandako torturaren ikerketa proiektua. Amaierako txostena.

XVI Hemendik ateratako datuak: Informe de investigación sobre la tortura en Euskal Herria.

XVII Azken kontaketan, lau kasu datoz koadroan Poliziari egotz ez dakizkiokeenak.

 

 

AZPEITIAN 1976-1982 ARTEAN
DOKUMENTATU DIREN URRAKETA KASUAK

 

 

* Kriminologia institutuak emandako datuak Euskal Autonomia Erkidegokoak dira soilik, eta Euskal Memoriak, berriz, Euskal Herri osokoak ematen ditu.