Txosten honetan, argitara ematen dira 2013tik 2017ra egin den ikerketa baten emaitzak. Ikerketa horretan, giza eskubideen urraketa tipologiak eta beste sufrimendu batzuenak aztertu dira, 1960tik 2017ra Azpeitiko udalerrian gertatuak edo beste herri batzuetako azpeitiarrei gertatuak.
Edonola ere, argitalpen hau laburpen bat baino ez da, informazio ugari pilatu baita proiektu honetarako eratu den datu basean. Hala, datu base horretan, froga eta agiri bibliografiko oro jaso dira, dokumentatu den kasu bakoitzarekin. Datu base horri esker, txosten honen edukia eguneratuko dugu, eta, hala, orain arte ezkutuan edo dokumentatu gabe zeuden urraketak jasota geldituko dira. Hortaz, txosten hau inola ere ez da behin betiko txosten bat. Dokumentu dinamiko eta irekia da, eta osatu egin behar litzateke gertaerak ezagutu ahala. Horregatik, etorkizuneko argitalpenetan, horretarako elementu esanguratsurik balego, Azpeitiko udalerrian gai horren inguruan bildu den informazio faktikoaren bertsio gaurkotuak jaso beharko dira. Daturik esanguratsuenak zergatik argitaratzen ditugun azaltzen hasita, aipatu beharra dago proiektu honek hasieratik erabili duen diskrezionalitatearen eta isilpekotasunaren irizpidea.
Kontuak kontu, guztira, giza eskubideak urratu dizkieten eta beste sufrimendu mota batzuk jasan dituzten 178 lagunen gaineko dokumentuak bildu dira, tipologia askotakoak eta betiere 1960tik 2017ra gertatuak, indarkeria politikoaren ondorioz. Dena dela, zenbait muga izan direla aipatu behar da emaitza hauetan, eta muga horiek hiru faktoreren araberakoak izan dira.
Lehenik eta behin, zenbait kasutan, ikertzen jarraitu beharra dago urraketa jakin bat zehatzago berresten duten frogen inguruan. Kontua ez da bakarrik urraketa jasan dutenen parte hartze handiagoa bultzatzea eta eragile politiko eta sozialen inplikazioa; horrekin batera, sarbidea eduki behar da probintzia eta estatu mailako fitxategietara, batez ere gobernuetako, kartzeletako eta epaitegietako fitxategietara; zeren eta baliteke agiri horietan froga erabakigarriak aurkitzea zer gertatu den zehatz-mehatz ezagutzeko orduan. Fitxategi horiek irekitzeko aukera balego, balioko luke froga gehiago biltzeko, adibidez, Pasaiako badian 1984an gertatu zenaren gainean. Are gehiago, baliagarria litzateke froga bakarra biktimen edo haien hurrekoen ahozko lekukotasuna jasoa dagoen kasuetan ere, hala nola tortura kasuetan, estortsio ekonomikoan edo mehatxu larrien kasuan.
Bigarrenik, ahozko hamabost lekukotasun jaso dira, era askotako urraketak jasan dituztenenak nahiz haien senideenak. Hamabost lekukotasunetatik hamahiruri ikus-entzunezko formatuan egin zaie elkarrizketa. Hala ere, beharrezkoa da ahozko lekukotasunak jasotzen jarraitzea, informazio primarioa baita eta funtsezko froga, biktimek eta haien hurbilekoek jasan dutena ezagutzeko. Baina, gainera, lekukotasun horiek beste ezaugarri batzuk ere ematen dizkiote ikerketari, izan ere, humanizatu eta ikusgarri egiten baitituzte urratu diren giza eskubideak. Horrez gain, era askotako urraketak jasan dituen jendearen lekukotasunak biltzen direnean eta lekukotasun horiek bi aldeetakoek eraginak direnean, bi gauza lortzen dira azterlan bakarrean; alde batera, hurkoaren sufrimendua atzentzeko gogoa gutxitzen da, eta, bestera, elkar ulertzeko bidea irekitzen. Alde horretatik, Azpeitian, esangura handiko ekimen bat bultzatu du Udalbatzak: Bizikidetza Foroa. Foro horretan, ibilbide eta ideologia askotako jendea elkartu da, bai eta alde guztietako biktimak ere. Hala, elkarrekin hizketan bi urte eta erdian aritu ondoren, zenbait ondorio atera dituzte elkarrekin bizikidetzari laguntzeko eta berriz ez dela gertatuko bermatzeko.(*) Bestalde, eragin handia izan duten mozioak eta udal adierazpenak izan dira bizikidetza sustatzeari begira, eta, berebat, ekimen jakin batzuk, urraketa larrienak jasan dituzten familiekin. Esate baterako, Angel Otaegiren prozesu kriminala berriz jarri da martxan; udal adierazpenak izan dira Inaxio Uriak izandako atentatuaren inguruan; eta gertatu zena argitzeko prozesu judiziala aktibatzen saiatu da Pasaian hildako azpeitiarren kasuan.
Edozein moduz, ikerketa honi dagokionez, giza eskubideen era askotako urraketen lekukotasunak jasoagatik, gehiago sakondu beharra dago datozen urteetan. Seguruenera, denboran hurbil baitaude, eta mina handiegia da oraindik. Beste kasu batzuetan, udalerritik urrun bizi dira, eta ezin izan da ekimena aurrera eraman. Eta, azkenik, urraketak gertatu eta azterketa hau martxan jarri bitartean denbora asko igaro denez, zailtasun objektibo ugari izan dira. Argi dago zaila dela informazioa jasotzea 30 edo 40 urte igaro diren honetan; horregatik, gogorarazi beharra dago lehenbailehen hartu beharra dagoela zeregin hori; bestela, gero ezinezkoa izango da egiaz zer gertatu zen jakitea.
Badira giza eskubideen zenbait urraketa tipologia, batez ere, mehatxu larriekin eta estortsio ekonomikoarekin zerikusia dutenak, zailtasun berezi bat dakartenak hura pairatu dutenak identifikatzeko orduan. Hala, proiektu honek egiazkotasuna eta betetasuna izan ditzan, ezinbestekoa da horrelako kasuak ikertzen eta dokumentatzen jarraitzea. Bi tipologietarako, ikerketak egin dituzte unibertsitatearen arloan azken urteetan; zehazki, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean, Euskal Autonomia Erkidegoa harturik lurraldetzat, baina azter eremua mugatu dute ETAk eragindako biktimetara.(*) Ezinbestekoa da ikerketa horien “analisi etiko-politikoa” egitea, ulertuko bada nolako zailtasuna dakarren giza eskubideen horrelako urraketak aztertzeak, bai ikuspegi kualitatibotik bai kuantitatibotik. Dena den, datozen ataletan ikusiko dugun bezala, eskualde honetan egin diren ikerketak eta honako lan honek berak izaera txikia dute.
Adierazi beharra dago zein ekimenek, proiektuk eta legek eragiten duten zuzenean ikerketa honetan. Lehenik eta behin, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmena aipatu behar dugu, eta, horrekin batera, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren Erromako Estatutua, biak ere Espainiako Estatuak berretsiak Estatuko Aldizkari Ofizialean.(*) Hitzarmen horiek funtsezkoak izan ziren giza eskubideak nazioartean garatzeko, eta Nazio Batuak eratu zirenetik (1945) sendotzen joan da arlo hori. Haietan datorren informazioari eskerrak jaso dugu 260 urraketa kasu izan direla Azpeitian, nahiz funtsezko eskubideak urratzeagatik eta nahiz motibo politikoengatik. Horretarako, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Argituz-ek eta Euskal Memoriak egindako kategorizazioak hartu dira aintzat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren Zuzendaritzak eskaturik 2014an.(*) 260 kasu horiek 178 lagunek jasan dituzte, denak ere Azpeitikoak eta/edo Azpeitian bizi zirenak. Eta kopuru horretatik 140ren nortasuna ezagutzen dugu. Horrez gain, torturen edo tratu txarren bi kasu izan dira; hiru mehatxu larri, estorsio ekonomiko kasu bat eta osotasun fisikoaren urraketa bat; ezin izan dira gutxi gorabehera datatu, eta horregatik ez datoz “testuinguru historikoa” ataleko grafikoetan. Era berean, enpresen, alderdi politikoen eta erakundeen ondasun materialen kontrako 71 atentatu kasu izan dira.
Hona hemen giza eskubideen urraketei eta beste sufrimendu batzuei buruz txostenean ageri diren kategoria nagusiak:
• Bizitzarako eskubidea urratzea
• Osotasun fisiko, psikiko eta moralaren urraketa
• Pertsonei egindako mehatxu larriak
• Estortsio ekonomikoa
• Motibo politikoz ondasun materialei egindako atentatuak
• Motibo politikoz eragin diren beste urraketa eta sufrimendu batzuk
Espainiako Estatuko erakundeek ahalegin handia egin dute azken urteetan giza eskubideen urraketak argitzeko, erantzuleak nor eta izaera subertsiboa edo aurkako jarrera izan duten eragile politiko eta sozialak edo talde armatuak izan direnean, batez ere ETA eta haren askotariko fakzioak. Horiei dagokienez, beren jarduera subertsiboan indarkeria erabili dutenez, erakunde terroristatzat jotzen dituzte nazioarteko erakundeek. Polizien eta epaileen bultzada ez ezik, legearena ere izan da, 29/2011 Legearen bitartez, zeinak terrorismoaren biktimak osorik aitortu eta babesten baititu. Lege horren 57. artikuluaren bidez, Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroaren fundazioa sortu zen. Fundazio horrek, aipaturiko legeak bezala, tratamendu berezia ematen die biktimei, biktimaren izaera eta nolakotasuna aintzat hartzen baititu.
2011. urtean, bai Eusko Legebiltzarrak eta bai Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuek lege esparru bat bultzatzen dihardute giza eskubideen nazioarteko legedian oinarrituta. Haren bitartez, asmoa da EAEn azken urteetan izan den indarkeriari ikuspegi osoagoa ematea. Alde horretatik, lehen pauso bat izan zen 2012ko ekainaren 12ko dekretua, 1960tik 1978ra bitartean giza eskubideen urraketen biktima izan direnak erreparatzen dituena,(*) Balorazio Batzorde bat eratu behar zela baitzekarren, “motibazio politikoak” izan dituzten gertaerak ikertzeko eta Ordena Publikoko Indarretako kideek eragindako “sufrimendu bidegabeak” aztertzeko.(*) Batzorde horrek, orain berriki, txosten bat aurkeztu du, zeinetan 239 eskaritatik 187 laguni aitortzen baitzaie biktimak direla 107/2012 Dekretuaren arabera. 187 biktima horiek giza eskubideen urraketak jasan dituzte, tipologia askotarikoak, eta horien azterketa bi irizpide funtsezkotan oinarritzen da: gertaerak gertatu zirela erakustea, eta bakoitzak pairatu zuen urraketa zein izan adieraztea eta nolako eragin fisikoak eta psikologikoak gelditu zaizkien islatzea “ondoriorik izan den kasuetan”(*).
Eusko Legebiltzarrak, berriz, 12/2016 Legea onartu zuen 2016ko ekainean; horren bitartez, asmoa da 1978 y 1999 bitartean giza eskubideak urratu zaizkien biktimak aitortzea eta erreparatzea.(*) Espainiako Gobernuak helegitea jarri zion lege horri Auzitegi Konstituzionalean,(*) eta auzitegiak onartu egin zuen helegitea.(*) Hortaz, lege horrek jarraipen kronologikoa ematen dio 2012ko dekretuari, antzeko aitorpen eta erreparazio sistema ezarrita. Azken batean, Espainiako Gobernuaren 29/2011 Legearen mugak ikusita —izan ere, urraketa berak jasan dituzten biktimak desberdin tratatzen dira—, bai 107/2012 Dekretuaren eta bai Eusko Jaurlaritzaren 12/2016 Legearen asmo nagusia da erantzuna ematea 2011ko estatu-legetik bazterturik gelditu diren biktimei.
Eusko Jaurlaritzak proposatutako lege aurrerabideaz eta Balorazio Batzordeak egindako lanaz gain, 2011tik hona, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora(*) institutuak proiektuak gauzatzen dituzte bi denbora tarteri dagokion esparruan: memoria historikoa (19361975) eta memoria hurbila (1960-2011). Denak ere asmo ageriko batez eginak daude, hots, egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea betetzea, norentzat eta giza eskubideen nazioarteko arauen urraketa nabariak eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larriak jasan dituztenentzat. Jarduteko irizpide hori bera berretsi egin zuen Arartekoak ere, diktadura frankistako biktimen harira Eusko Legebiltzarrean 2011n aurkeztutako txostenean.(*) Jarduteko irizpide horiek giza eskubideetan oinarrituta daude, eta ez dute urraketa tipologia bat edo agente biktimario jakin bat ikertzeko mugarik, beste lan batzuek bezala. Hortaz, erakunde horretatik ateratzen diren proiektuek froga berriak ekar ditzakete Azpeitian egin denaren moduko ikerketetan. Alde horretatik, nabarmentzekoa da, Euskal kasuan gertaturiko giza eskubideen urraketei buruzko oinarrizko txostena (1960-2013), Eusko Jaurlaritzaren enkarguz egina; txosten horretan, giza eskubideen bi urraketa motataz dihardute: bizitzarako eskubidearen urraketak eta osotasun fisiko eta psikikorako eskubidearen urraketa larriak.(*)
Hala berean, estatu mailan indarkeria politikoaren gaineko lanak egin dira Espainiako Trantsizioaren aldirako (1975-1982), hori ere ikuspegi integral batetik. Sophie Baby historialariak liburu bat argitaratu zuen 2012an, Le mythe de la transition pacifique. Violence et politique en Espagne (1975-1982); liburu horretan, ikertzailea saiatzen da funtsezko bi alderdi erakusten, aldi horretan hil zituztenen eta intentsitate txikiko indarkeria ekintzen zenbaketa bat eginda: Espainiako Trantsizioa ez zela baketsua izan, eta, hortaz, indarkeria politikoaren kasuak ez zirela ETArenak eta euskal gatazka deritzanarenak bakarrik izan.(*) 2014an, berriz, Pau Casanellasek, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikertzaileak, beste lan bat argitaratu zuen, Morir matando. El franquismo ante la práctica armada, 1968-1977; bertan, aldi horretako gertaerak analizatu ez ezik, hildakoen zerrenda batzuk dakartza, bai “errepresio judizialak eta polizialak” eragindakoak eta bai izaera subertsiboko talde armatuek eragindakoak.(*) Bestalde, Gonzalo Wilhelmik, berriki, 2016an berrargitaratu dioten doktoretza tesian, gai hau landu du: estatu politikaren indarkeriaren biktimak 1957etik 1982ra.(*) Lan horietatik, esangura berezia duten datuak ateratzen dira, giza eskubideen urraketen analisiaz eta motibo politikoz erabilitako indarkeriaz denaz bezainbatean.
Nabarmentzekoak dira, berebat, lan honen aurretik Argituz elkarteak argitaratu dituenak Errenteriako eta Lasarte-Oriako udalerrietan; horko emaitzak ere txosten eran publikatu dituzte, eta gaitasunak hartu ditugu haietatik informazioa tratatzeko moduaz dena bezainbatean, Giza Eskubideen Aldeko elkarte bat izanik euskal eremuan eskarmentu handia baitu.
Esan gabe doa txosten honek ez duela kontakizunaren gaineko dialektiketan sartu nahi. Orri hauek ez dira gertaerak baloratzeko; izan ere, hori beste eragile batzuen lana da, eta txosten honetan horretarako materiala eta edukia aurkituko dute. Hala badagokio, txosten honetan oinarrituta egin ahalko dira —gertaera ezagutu eta gero— egin behar diren balorazioak eta aitormenak. Gure zeregina bestelakoa da, beraz. Guri dagokigu, Gizarte Zientzietako ikertzaileoi, txostenaren xedea denaren inguruan eta aipaturiko epean, gertaeren bilketa egitea. Alde horretatik, betebehar bat da, azken batean, era objektiboan jakiteko eskubidea gauzatzea; eskubide hori dago-eta aitorpenaren eta justiziaren printzipioak artikulatzeko oinarrietan eta premisetan.