Francisco Etxeberria Gabilondo
Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasle titularra (UPV/EHU).
(Donostian, 2018ko maiatzaren 15ean)
Mende honen hasieran abiatu ginen hobietatik ateratzeko zereginetan nor eta 1936ko gerran eta frankismoan exekutatu eta bide bazterretan lurperatutako gizon-emakumeak. Ez genuen pentsatzen lehen ekimen hartatik halako tamainako tsunamia eratuko zenik. Ekitaldi hura Leonen gertatu zen, Bierzoko meatzari eskualdean, eta berehala hedatu zen hango uhina hemen hurbilean, Zaldibian eta Arrasaten. Halako ikusmina eratu zen, erakundeen babesa ekarri baitzuen eta belaunaldi berri baten inplikazioa, errepresaliatuen ilobena, hain zuzen, duela urte sail bat gertatu zena jakin nahi zutenena.
Baina, memoria historikoarekin ikustekoa duten ekimenak, konpromisoak eta saioak gorabehera, gai bat sortu zen denak ukitzen gaituena. Gai transbertsal bat, gogorarazten ziguna sufrimendua eta biktimak ez direla kolore bakarrekoak. Ordura arte, agidanean, matxinatuek zuten ikusgarritasuna; bateko, berrogei urteko isiltasuna eta, besteko, hogeita hamar urteko ahanztura interesatua, beren hariarekin josia zuten gure iraganaren parte bat.
Erakundeen, elkarteen eta herri mugimenduen inplikazioarekin, lortu genuen, hala ere, ezkutuko iragan hori berreraikitzea, eta, batez ere, frankismoaren biktimei, batik bat bizirik atera ziren orduko familiei, ez bakarrik beren duintasuna itzultzea —beren komunitateetan gordea zegoena— baizik eta baita merezi zuten ikusgarritasuna ere. Sufrimenduak, berriz diot, ez du kolorerik.
Gogoeta haietatik, denon iritzia biltzeko moduko beste bat atera genuen. Orduko egia azaleratzeko bultzada eta paraje latz horietan lurperatuta zeudenak berreskuratzearena, berandu zetozen. Eta gogoeta hori gaurdaino iritsi zaigu. Azken urteetan, giza eskubideak urratu dira euskal lurraldean, hilketak, bahiketak, tortura, gerra zikina... Alde guztietara ere, sufritu duenak edo oraindik sufritzen duenak bakarrik neur dezake sufrimenduaren norainokoa.
Gure zeregina eta betebeharra da ez itxoitea etorkizun urrun bat heldu arte egia ezagutzeko, eta bidegabekeriak erreparatzea, biktima guztiak aitortuta. Ez dadila gertatu frankismoaren biktimekin bezala, historiak irentsi egin baititu orain gutxi arte, zer eta haien ezagutza unibertsala izan denean. Garaiz gaude harri berean bi aldiz ez trabatzeko.
Horregatik, Azpeitiko Udalak prestatu duenaren moduko lanak, mugarri esanguratsuak dira, bide zuzena nondik den erakusten laguntzen baitute. Hemengo herritarrak, hala berean, aurrendariak izan ziren frankismoaren biktimak berreskuratzen eta egindako zauriak osatzeko bidean jartzen; hori dela eta, atseginez ikusten dugu nola iritsi garen antzeko protokolotekin bertakoek sufritu eta pairatu dutenaren irakurketa osoa egitera. Nola eta urratu ziren giza eskubide guztiak lan honetan aintzat hartuta, paperean jarrita bere zigiluarekin herritarrek lehendik zekitena baina, era honetan, agerpena eginez hizkiek ematen duten ziurtagiri izaerarekin.
Gure seme-alabei utziko diegun herrialdeak merezi du hainbeste. Baita memorian ere. Horrela, datorren belaunaldiak bere bidea egin eta belaunaldi berria etortzen denerako, ondokoei esan ahal izango diete haien aurrekoek ezin saihestuzko betebehar bat bete zutela, egia transmititzearena, etorkizunean kontu jakina izan zedin. Eta egia hori izan bedi bizikidetzaren baliorik gorenetako bat, denon desiretan den magma demokratikoan gorde dadila.