1984ko martxoaren 22an, Komando Autonomo Antikapitalistetako lau militante hil ziren Espainiako polizia nazionalaren GEO unitate berezietako kideek egindako tiroen ondorioz. Militante haietako bi azpeitiarrak ziren: Pedro Mari Isart eta Dionisio Aizpuru.
Bertsio ofizialak dioenez, Pasaian gertatu zena aurrez aurreko armatua izan zen Komando Autonomo Antikapitalistetako militanteen eta GEOko kideen artean. Gipuzkoako orduko gobernadore zibilarentzat, Julen Elorriagarentzat, “Poliziak bere lana egin zuen. Bere burua identifikatu, eta tirorik ez egiteko esan zuen; komandoaren parte batek lurrera jauzi egin zuen, eta beste batzuek ontziaren abiadura handitu zuten, eta baten batek tiro egin”.(*) Bertsio ofizial horren aurka deklaratu zuten zenbait lekukok: hil zirenak zihoazen zodiaka metrailatu egin zutela eta aurrez ez zutela ontzi horretatik tirorik egin. Era berean, oso garrantzitsua da Francisco Etxeberria forentseak eginiko txostena: Pedro Mari Isartek 28 hiru bala-tiro eta Dionisio Aizpuruk 36 bala-tiro jaso zituztela esaten du bertan. Aldiz, ez da jasotzen agenteetako inor suzko armaz zauritu zenik.
Nolanahi dela ere, Donostiako 2. Instrukzio Epaitegikoak kasua artxibatzeko esan zuen 1984ko uztailean, “ez dagoelako delitu zantzurik Poliziaren jardueran”(*); hala, Gipuzkoako Gobernadore Zibilaren bertsioa berretsi zuen, eta alde batera utzi zituen, ez soilik lekukotzak eta forentsearen txostena, baita 1984ko apirilaren 27an Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak egindako txostena ere; honokoa esaten zen han: “gaueko 12etan Barne Ministerioak, nahiz hurrengo egunean Gobernu Zibilak emandako bertsio ofiziala, eta Elorriaga Gobernadore Zibilak egindako adierazpenak, ez datoz bat gertatutakoarekin, are gehiago, kontraesankorrak dira beraien artean”.
1986an, zodiakean zihoazenetatik bizirik atera zenak, Joseba Merinok, elkarrizketa batean esan zuen hildako bi —Dionisio Aizpuru eta Rafael Delas— fusilatu egin zituztela Poliziak identifikatu ondoren(*). Deklarazio hori berretsi egin zuen, azkenekoz, Donostiako 2. Instrukzio Epaitegian, 2001ean(*); hor ere ukatu egin zuen aurrez aurrekoa gertatu zenik Poliziaren eta hildakoen artean.
2005ean, Gipuzkoako Auzitegi Probintzialak auto bat igorri zuen esanez, KAAko lau militanteak hil ziren ekintzan poliziak giza hilketa delitu bat egin izanaren zantzuak zeudela. Horretaz gain aditzera eman zuen, zodiaketik tirorik egin izanaren inolako frogarik ez zegoela. Gerora, 2016ko otsailaren 2an, Donostiako 2. instrukzio-epaitegiak berriz ere aipatu zuen ustezko giza hilketa delitua, baina auzia artxibatu egin zuen delituaren egileak ezin zirelako identifikatu.
Laburbilduz, kasua hiru aldiz artxibatua izan da. 2016ko azaroaren 8an, Azpeitiko Udalak helegitea aurkeztu zuen kasua artxibatzearen aurka, baina Gipuzkoako Auzitegi Probintzialak baztertu egin zuen. Horren ondorioz, espainiar Estatuko bide judiziala agortu ostean, udal honek, hildakoen familien abokatuekin batera, babes helegitea aurkeztu zuen 2017ko martxoan, Auzitegi Konstituzionalak jarraipena eman ziezaion gertaerak argitzeko kausari. Helegite hori ere baztertua izan zen, eta udalak eta familiakoek, bakoitzak bere aldetik, azken helegite bana aurkeztu zuten. Giza Eskubideen Europako Auzitegian. Auzitegi horrek bi helegiteak baztertu ditu berriki.
Hasiera batetik gaur egunera arteko lekukoen deklarazioak, gertaera aztertu zuten kazetariei jarritako eragozpen informatiboak, gertaeraren ostean Eusko Jaurlaritzak berak eginiko ikerketa paraleloa eta, are, forentsearen txostena eta arestian aipatutako epailearen erabakiak ikusita(*), zalantza handiak sortzen ditu Pasaian egiaz gertatutakoa aurrez aurreko armatua izan zela dioen bertsio ofizialak. Hala ez balitz izan, hildakoek urratua lukete bizitzarako eskubidea.