eu | es
Hasiera » LAPATXEKO ZABORTEGIA

 

LAPATXEKO ZABORTEGIA(*)

 

      Hondakin solidoen zabortegi bat eraikitzeko erabaki politikoa izan zen Lapatxeko baserri inguruan 1980ko hamarkadan, eta proiektuak oso aurka jarri zituen talde ekologistak, bertako lurjabeak eta udalerriko jende asko. Ekintza bortitzak izan ziren, eta Azpeitiko gizartean tentsioa agertu zen bai tokiko erakundeetan — hala nola udalerriko bilkuretan— eta bai kalean, protestekin eta manifestazioekin.(*)

      1983ko irailaren 29an, Azpeitiko Udalak baimena eman zion proiektuari. Handik egun batzuetara, urriaren 4an, hain justu, hamar egun eman zituzten, proiektuak hartzen zituen lurren jabeek alegazioak aurkeztu zitzaten. Azaroaren 10ean, hemezortzi lurjabeetatik bederatzik, behintzat, ofizio bat bidali zuten udalera protesta egiteko ezen ez zutela zabortegia beren lurretan eraikitzeko asmoaren berririk izan irailaren 29ra arte, eta hamar egun gutxiegi zela alegazioak aurkezteko.

      1984ko abuztuaren 9an, Eusko Jaurlaritzak, Basozaintza eta Izadiaren Zaintzarako Zerbitzuaren bidez (BAIZER), txartzat jo zuen proiektua, "eskualdeko oreka ekologikoari” kalte egiten ziolako. Alabaina, BAIZERen bigarren txostenean onartu zuten proiektua, nahiz eta ez zen inolako aldaketarik izan lehen txostenarekin alderatuta. Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Lurralde eta Garraio Politika Sailak, baimena eman zion abenduaren 28an zabortegia egin zezaten, eta 1986ko urtarrilean esleitu zion obra Altuna eta Uria SA enpresari, 122.741.286 pezetatan(*).

      1984ko otsailaren 10ean, zabortegiaren aurkako lehen mobilizazioa egin zuten, martxa ekologista bat, eta urte horren erdialdera Lapatxeko zabortegiaren kontrako batzordea eratu. Batzordean ziren Izadi elkartea, inguruko arrantzaleak, lurjabeak eta proiektuaren kontra zegoen Urolako jendea. 1985eko urriaren 19an, manifestazio bat egin zuten Donostian, Gipuzkoako Diputazioaren eta Uren Komisariaren aurrealdean. Urte horren amaieran, abenduaren 19an, tentsio uneak izan ziren udal bilkuran,

      HBk aurkeztutako mozioa atzera bota baitzuten, eta herritar asko azaldu zirelako. Handik egun batzuetara, abenduaren 31n, José Mari Bastida alkatearen autoari eraso egin zioten. 1986ko martxoaren 2an, manifestazio bat izan zen zabortegiko lanen parean. Aldi hartan, tentsio uneak izan ziren José María Uria kontratistarekin eta haren familiako bi kiderekin (semea eta iloba), eskopeta batekin azaldu baitzen kontzentrazioa zegoen lekura, esanez haiei harriak bota zizkietela eta semea makatu zutela. Manifestazioaren amaieran, enpresako lau makina hondatu zituzten, eta bi lagun, behintzat, atxilotu zituzten; bertan zirenetako batzuek diote lau ere eraman zituztela Guardia Zibilaren Azkoitiko etxera. Hori dela eta, José María Uriak hondatu zizkioten makinen ordaina eskatu zion udalari; 11.507.478 pezeta, perituaren arabera. Gastu hori enpresak hartu zuen bere gain, eta, ondoren, Aldundiak ordaindu zion.

      1986ko apirilaren 4an, Guardia Zibileko lehergailu-teknikariek zortzi kiloko lehergai pakete bat desaktibatu zuten (Gobernadore Zibilaren agiriaren arabera, zeina Azpeitiko Udal Agiritegian baitago), eta handik egun batzuetara, hilaren 17an, lehergailu batek eztanda egin zuen Altuna eta Uria enpresaren bulego sarreran, bai kalte materialak eragin ere. Gipuzkoako gobernadore zibileko ofizio batek zioenez (José Julian Elorriaga Goyenechek), 1986ko maiatzaren 22an, hilaren 17ko erasoa komando autonomoek egin zuten, eta Egin egunkarian aldarrikatua izan zela, apirilaren 21ean. Hala ere, komando autonomoak 1985ean gelditu ziren, eta Egin-en ez dago argitaraturik inolako talde armaturen aldarrikapenik.

      Azkenik, 1988ko urriaren 3an, Lapatxeko zabortegia inauguratu zuten. 147.918.811 pezeta kosta zen. 2017ko urriaren 1ean, zabortegia lohiz bete, eta itxi egin zuten.