Ikerketa honek hartzen dituen urteetan, talde armatu subertsiboek bi alditan bahitu zituzten azpeitiarrak. Bietan, Komando Autonomo Antikapitalistak izan ziren erantzuleak, eta bi bahituak enpresaburuak ziren; estortsio ekonomikoa jasan zuten bahiketa aurretik eta bahiketa aldian. Bahiketa horiek, orduan, ikusteko zuzena dute giza eskubideen beste urraketa mota batekin, estortsio ekonomikoarekin, alegia.
Lehenbiziko, Jesús Guibert Azkue bahitu zuten, azpeitiar enpresaburua, Laminados de Hierro Marcial UCIN SA-ko gerentea. Hamazazpi egunez eduki zuten, Arauntzatik hurbil den leize batean, Errezilgo udalerrian. 1983ko martxoaren 21ean hartu zuten, eta apirilaren 7an utzi, Meagako gainean; antza denez, 150-200 milioi pezeta ordainduta. 2008an, Jesús Guibert atxilotu zuten, eta haren etxea miatu —Baltasar Garzón Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta—, iraultza zerga ordaindu zuela eta. Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuaren ustez, “biktimak delitugile” bilakatzen zituen ekintza judizial hark.(*)
Ángel Carasusan Madrazo azpeitiarra, berriz, higiezinen sektorean zebilena eta zenbait etxeren jabe, 1985eko uztailaren 9tik 12ra egon zen bahitua, Lezon (Gipuzkoa). Gipuzkoako Gobernu Zibilak igorritako ohar batean dioenez, Guardia Zibilaren unitate berezi batek askatu zuen Ángel Carasusan, 04:15ean. Ohar horretan bertan dio aurretik Komando Autonomoen aurka egindako beste operazio bati esker aurkitu zutela. Bahiketa horren harira, erakunde armatuko lau kide atxilotu zituzten.(*)