eu | es
Hasiera » 1979: SEI GUARDIA ZIBIL HILAK ETA ZAURITU BAT

 

1979: SEI GUARDIA ZIBIL HILAK
ETA ZAURITU BAT

 

      1979a izan zen Azpeitiarentzat urterik lazgarriena, motibo politikoz hildako kopuruaz denaz bezainbat. Sei guardia zibili kendu zieten bizia, ETA erakundeak antolaturiko bi atentatutan.

      Lehenbizikoa, urtarrilaren 13an, larunbatarekin, goizeko hiruretan, Azpeititik Loiolara bidean.

      Francisco Gómez Gómez-Jimenez hil zuten, eta Juan Muñiz Sánchez larri zauritu, errepidearen eskuinaldeko ezpondan lehergailu bat ipinita pila batzuei konektaturiko sistema elektriko batez. Handik lau ordura, Guardia Zibileko kideak eta TEDAXeko batzuk (Guardia Zibilean lehergailuak desaktibatzeaz arduratzen den taldea) ingurua ikuskatzera joan ziren, eta zein lehergailu mota erabili zuten aztertzera. Lehergailua manipulatzeko orduan, institutu armatuko beste kide bat hil zen, Miguel García Poyo, eta beste bat zauritu, TEDAXeko Francisco Mota Calvo teknikaria; bi egunen buruan hil zen ospitalean.(*)

      Bigarren erasoa Azpeitian gertatu zen, azaroaren 28an, Izaro tabernan. Taberna barruan zeuden Antonio García Pérez, Antonio Alés Martínez eta Pedro Sánchez Marfil guardia zibilak, ETAko komando batek metrailatu zituenean; ekin aurretik, kideetako baten andrea alboratu zuten. Bertan hil ziren hirurak.(*)

      1979an, ETAk, ETApm-k eta Komando Autonomoek 80 lagun hil zituzten, eta BVE erakunde parapolizialak, berriz, zortzi.(*)