Angel Otaegi 1942ko urtarrilaren 13an jaio zen, Nuarben. 1959an, 17 urtetan, Zumarragan hasi zen lanean, Irimoren lantegian; horren ondotik, beste zenbait fabrika eta tailerretan aritu zen Azpeitian, hala nola Urkizun, Sprinten eta Glualen. Arrantzale ere aritu zen Orioko eta Getariako portuetan, eta gero, Azpeitira itzuli zen, Glualeko makina hidraulikoen enpresara; han jardun zuen, atxilotu zuten arte.
EGIren inguruan bolada batez ibili ondoren, 1972an, ETA V.aren Langile Frontera sartu zen Angel Otaegi, eta, handik gutxira, 1973. urtearen hastapenean, Fronte Militarrera pasatu zen. 1974ko azaroaren 18an, atxilotu egin zuten etxean, Nuarben, zergatik eta Gregorio Posada Zurrón guardia zibilari apirilean egindako atentatuan zerikusia izan zuelakoan. Atxiloaldiaren ondoren, Martutenera eraman zuten (Donostia), eta han egon zen 1975eko apirilaren 25era arte; egun horretan, Burgosera eraman zuten. Biharamunean, salbuespen egoera deklaratu zuten Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hilaren 27an, heriotza zigorra eskatu zuen fiskalak Angel Otaegirentzat eta Gregorio Posadasen hilketagatik zeukaten bestearentzat, hau da, José Antonio Garmendiarentzat. Gertaerak ez dira kasualitate hutsa, baina, edonola ere, lan uzteak, batzarrak eta manifestazioak ez ezik, jende ugari mugitu zen Otaegi eta Garmendia aske utz zitzatela eskatzeko.(*) Horren ondorioz, ETAko bi kideen kontrako gerra kontseilua atzeratu egin zuten 1975eko abuztuaren 28ra arte. Gutxi gorabehera, 80 lagun joan ziren epaiketa ikustera, Burgostik hamabi kilometrora, Artilleriako Erregimentuaren kuartelera —Val gazteluko 63.ean—, baina 24ri bakarrik eman zieten baimena. Erregimenak esana zuen epaiketa publikoa izango zela, eta atzerriko kazetariei, ordea, ez zieten sartzen utzi, ezta nazioarteko behatzaileei ere (MARTÍN Achad, Georges Impesp, Kurt Madlein eta Mme Zieglier); ukatu egin zieten gerra kontseilua egin behar zuten aretoko sarrera. Hilaren 28tik aurrera, indartu egin ziren mobilizazioak Euskal Herrian bezala berdin Espainia osoan ere, eta nabarmentzekoak dira euskal probintzietan irailaren 11n eta 12an egin zituzten grebak.(*) Nazioartean, protesta ekintzak izan ziren Europako ia hiri guztietan, eta indultuaren alde azaldu ziren, besteak beste, Europako Batzordea, NBE eta Pablo VI.a aita santua.
Abuztuaren 30ean, larunbatarekin, auzitegi militarrak heriotza zigorra ebatzi zuen Otaegirentzat eta Garmendiarentzat. Irailaren 26an, Ministroen Kontseiluak berretsi egin zuen Angel Otaegiren kondena eta betiereko zigorra ezarri zioten, berriz, José Antonio Garmendiari. Egun hartan, Angel Otaegiren amak agurra eman zion semeari, eta biharamunean 08:00etan fusilatu egin zuten. Egun horretan, hiru eguneko greba orokorra abiatu zen Hego Euskal Herrian, eta protestak izan ziren Espainiako Estatuan eta nazioartean.(*) Angel Otaegi ez ezik, 1975eko irailaren 27an, beste lau lagun fusilatu zituen erregimen frankistak, beste gerra kontseilu bat eginda: Juan Paredes Manot Txiki, Bartzelonan, eta FRAPeko José Humberto Baena, Luis Sánchez Bravo eta Ramón García Sanz, Madrilen. 252 zibil kondenatu zituzten gerra kontseiluetan 1975ean.(*)