eu | es
Hasiera » II. liburukia » 2. Izenak

 

2. Izenak

1067. ZABALA IBARBIA, ANTONIO

      1912an Azpeitian jaio zen eta Errezilen bizi zen. Nekazaria lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen kabo graduazioarekin. Gerra-frontean zauritu zuten, Oñatin.

1068. ZABALA ILLARRAMENDI, JOSE

      1913an Izarraitz auzoko Badiolegitxo baserrian jaioa zen Jose eta nazionalismoaren aldekoa zen. Ez dugu inon afiliatuta zegoela dioen berririk. Gerra hasi ondoren zaintza armatuko zerbitzuak egin zituen biziarteko espetxe-zigorra ezarri zion epaiaren arabera, eta konfiskatzeetan ere parte hartu zuen. Horrez gain, 1936ko abuztuaren 5etik 31ra arte, Azpeitian eratutako euskal milizietan ibili zen borrokan. Azpeitia erori eta Kantabrian atxilotu zuten arte, gerrako hainbat frontetan ibiliko zen seguru asko Jose borrokan.

      1937ko azaroaren 2an epaile militar instruktorearen aurrean deklaratu zuen El Duesoko espetxean zegoela. Beste hogeiren bat euskal borrokalari ohirekin batera epaitu zuten, eta 1938ko urtarrilaren 8an gerra-kontseiluak epaia eman zuen Santoñan, abuztuan Puerto de Santa Mariako espetxera eraman zutelarik.

1069. ZABALA RIOS, LORENZO

      Torrelavega (Kantabria) herrikoa zen. Atxilotu eta Tolosako espetxean sartu zuten 1936ko abuztuaren 16an plaza horretako gobernadore militarraren aginduz. Tolosako espetxeko espedientearen arabera, Guardia Zibilari entregatu zioten azaroaren 13an, Ondarretako espetxera eraman zezaten eta hilaren 15ean presoa Donostiara iritsi zela jakinarazi zuten. Hala ere, Ignacio Artechek «Historia de Azpeitia» liburuan Torrelavegako 19 urteko gazte bat aipatzen du, Lorenzo Zabala Ríos. Hura fusilatu egin zuten Urrestillako hilerriaren inguruan, 1936ko irailaren amaieran.

1070. ZABALETA ANDUAGA, JOAQUIN

      Azpeitian bizi zen. Treneko kaltzadorea zen ogibidez. Urolako trenetako langilea. Regimiento de Ferrocarriles delakoaren 5. unitateak kargutik kendu zuen. Lau hilabetez egon zen soldatarik gabe.

1071. ZABALETA EPELDE, BERNARDO

      Azpeitian jaio zen 1910ean, eta Iturralde baserrian bizi zen. Nekazaria lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen txapel gorrien graduazioarekin. Gerra-frontean zauritu zuten, Otxandion.

1072. ZABALETA GARATE, LUIS

      1915ean Azpeitian jaio eta Donostian bizi zen Luis, eta errepublika-garaian ELAn afiliatuta egon zen. Moldatzailea zen lanbidez, eta gerra hastean euskal milizietan sartu zen bere borondatez. Ondoren, eta 1937ko abuztuan atxilotu zuten arte, gerrako hainbat frontetan ibili zen Aralar batailoi nazionalistako borrokalari gisa. Horregatik, 1937ko urriaren 12an Santoñan egin zuten gerra-kontseilu batean biziarteko espetxealdira kondenatu zuten, «matxinadarekin bat egitearen» delitua egin zuelakoan.

1073. ZABALETA OLAZABAL, GLORIA

      Espartingilea zen lanbidez eta Emakume erakundeko militantea. Azpeitiko Guardia Zibilak atxilotu eta galdekatu egin zuen 1938ko apirilaren 13an, hainbat herritarrek haren aurka salaketa jarri ondoren. Nuarbe auzoko parrokoaren eta alkate ohiaren etxean 1936ko abuztuan oiloak lapurtzeaz akusatu zuten Gloria. Gloriak aitorpenean adierazi zuen Anastasio Errasti «Achero» eta Jose Maria Garmendia «Koipe» azpeitiarrek bera eta Maria Altuna laguna haien autora sartzera gonbidatu zituztela eta Nuarbe auzora joan zirela. Auzipetuaren arabera, «enkargu bat egitera joan ziren mutilak» eta neskak autoan gelditu ziren, eta ez zekiten konfiskatze haiek gertatu zirenik.

      Hala ere, Guardia Zibilak Donostiako instrukzio epaitegiari jakinarazi zion ustez konfiskatzeetan parte hartzeaz gain, mobilizatutako milizianoentzako sukaldari-lanetan ibilia zela Gloria Azpeitian. Azpeitiko Falangeko buru Hilario Bereciartuak eta Roque Astigarraga alkateak ere igorri zituzten txostenak, eta auzipetuak nazionalisten aldekoak zirela nabarmendu zuten. «Separatista asaldatuak» zirela adierazi zuten, eta atxilotutakoek Nuarbeko konfiskatzeetan parte hartu zutela ziurta zezaketen lekukoak ere proposatu zituzten.

      Ondarretako espetxera eraman zuten, eta 1938ko azaroan instrukzio epaile militarraren aurrean deklaratu zuten. Salaketaren arrazoi ziren konfiskatzeei buruz aurretik Azpeitiko Guardia Zibilaren aurrean aitortutakoa berretsi zuen. Horrez gain, Gloriak aitortu egin zuen Emakume erakundeko kidea zela, Mariak bezala, baina milizianoentzat jarritako sukaldeetan lanean aritu besterik ez zela egin adierazi zuen. Azkenean, 1939ko urtarrilaren 10ean 4 hileko atxiloaldi handira kondenatu zituzten Gloria eta Maria. Hala ere, aske utzi zituzten, epaimahaiak adierazi baitzuen zigorra betea zutela prebentziozko espetxealdia eginda.

1074. ZAITEGUI OLAIZOLA, SIMON

      Azpeitian bizi zen. Azpeitiko Komandantzian sartu zen, borrokalari. Ondoren, altxatutakoek mobilizatu zuten eta gerrako frontean zauritu zuten. Vecino de Azpeitia.

1075. ZALBA AYARZA, RAMON

      Azpeitikoa zen Ramon jatorriz, baina Deban bizi zen. Gerra Zibila hastean Eusko Gudarostean sartu zen, borrokatzeko, Saseta batailoi nazionalistan hain zuzen ere. 1937ko apirilaren 26an hil zen Eubako gerra-frontean. 24 urte zituen eta ezkongabea zen.

1076. ZUBELDIA, NICOLAS

      Azpeitian bizi zen. Gipuzkoako gobernadore zibilaren aginduz 1941eko azaroaren 10ean eratutako Udalbatzako kidea zen.

1077. ZUBELZU OTAEGUI, JOSE

      Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu zuten. Gerra-frontean zauritu zuten.

1079. ZUBIAURRE GURRUCHAGA ANTONIO «URZELAITZ»

      1909an jaioa. Urzalaieta baserrikoa zen. Eraikuntzan aritzen zen, peoi. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin.

1080. ZUBIAURRE GURRUCHAGA, BAUTISTA «URZELAITZ»

      Urzelaieta baserrikoa zen. Loyola batailoiko gudaria izan zen.

1081. ZUBIAURRE JAUREGUI, IGNACIO

      Azpeitian bizi zen. Nazionalisten jarraitzailea. Eusko Gudarosteko borrokalaria izango zen seguru asko. Atxilotu eta Bilboko kartzelan sartu zuten altxatutakoek.

1082. ZUBIAURRE JAUREGUI, JOSE MARIA

      Azpeitikoa. Beste sei azpeitiarrekin batera atxilotu zuten Jose Maria 1936ko abenduaren 2an, haien aurka Donostiako 4. instrukzio-auzitegi militarrak urgentziazko auzi sumarisimoa abiarazi ondoren. «Altxamendu militarraren» delituaz akusatu zituzten denak. Jose Maria «nazionalisten aldekoa izateaz» akusatu zuten, baina «ez zela alderdiko kidea» adierazi zuten. Horrez gain, atxilotutako beste hirurekin batera 1936ko uztailaren 25ean Mandubiko zubia leherrarazteaz ere akusatu zuten, tropa frankistak Azpeitian sartzea oztopatzeko. Gainera, adierazi zuten, Zarauztik Azpeitira hondar-zakuak garraiatzen ere ibili zela airetiko erasoen aurkako babeslekuak egiteko, eta Loiolara gasolina depositu batzuk ere garraiatu zituela. Hala, 1937ko martxoaren 8an 12 urte eta egun bateko espetxe-zigorra ezarri zioten «matxinadari laguntzearen» delitua leporatuta.

      Epaia eman ondoren San Kristobalgo gotorlekura eraman zuten 1937ko uztailean, eta han eduki zuten 1938ko irailera arte. Irailean, San Simon (Vigo) uharteko espetxera eraman zuten eta, gero, Astorgakora (Leon). 1939ko abenduaren 2an Lugoko kartzelara eraman zuten eta han egon zen, gutxienez, 1940ko apirilaren 16ra arte.

1078. ZUBIAURRE, FIDEL

      Azpeitian bizi zen. Azpeitiko Komandantzian sartu zen, borrokalari. Azpeititik Bizkaira ihes egin zuen altxatutako tropak udalerrian sartu baino zertxobait lehenago.

1083. ZUBICARAI BEDIALEUNETA, AGUSTIN

      Ondarroan jaioa zen eta han bizi zen. Ikaslea. Azpeitiko espetxean egon zen 1938ko abenduaren 2tik 16ra bitartean, Ondarretako espetxetik ekarrita. Ondoren, 1939ko urtarrilaren 9an, trukatu egin zuten Donostian, Gipuzkoako hiriburuko trukerako ordezkari bereziaren bidez. Frantziako Tarbe herrian egon zen babesa hartuta 1939ko azarotik aurrera.

1085. ZUBILLAGA AMENABAR, PATRICIO

      Azpeitian bizi zen. Ile-apaintzailea zen lanbidez. Azpeitia hartu zuten altxatutako tropei bere zerbitzua eskaintzera behartu zuten. 1.000 pezetako isuna jarri zion ondoren TRRPk.

1084. ZUBILLAGA, FELIX

      Azpeitian bizi zen. Zaintzailea zen lanbidez. Udal-langilea zen. Tokiko agintari frankistek kargugabetu egin zuten 1936ko azaroaren 2an.

1086. ZUBIMENDI OLAIZOLA, IGNACIO

      1917an Oinatz auzoko Larre baserrian jaioa. 1936ko irailaren 19an egin zuen ihes Azpeititik, herrian altxatutako tropak sartzear zirenean. Jada Bilbon zela, Lino Lazkano eibartarrak zuzentzen zuen Loyola infanteriako batailoi nazionalistan izena eman zuen, bere borondatez. Hainbat frontetan aritu zen borrokan unitate militar hartan. Kantabriako Castro Urdialesen atxilotu zuten azkenean, 1937ko abuztuan, eta handik gutxira El Duesoko kartzelara eraman zuten. Gerrako preso gisa sailkatu zuten. Miranda Ebroko Presoak Sailkatzeko Batzordeak sailkatuko zuen seguru asko eta Lizarrako 64. langileen batailoira bidali zuten. Batailoi hartatik auzipetuta atera ziren Ignacio eta gainerako azpeitiarrak Teruelgo frontean izandako Villa Felisako gertakariengatik, 1938ko hasieran denak San Ignacio tertzioan erroldatuta gelditu ondoren. 1938ko martxoaren 2an, Odriozola Alberdi anaia, Lucas Orbegozo, Tomas Odriozola eta Ignacio preso hartu zituen armada errepublikarrak, utzita zegoen baserri batera oilo bila zihoazela. Baina guztiak desertatu izanaz salatu zituzten, eta gero, ordutik eta gerra amaitu arte «etsaiaren armadari» zerbitzua eman izanaz.

      Hori dela eta, 1939ko maiatzetik aurrera, Ignacioren eta inplikatutako gainerako azpeitiarren aurkako prozedura sumarisimoa abiatu zen. Epaile militarraren aurrean eginiko adierazpenean, harrapatu zituzteneko gertaera kontatu zuen Ignaciok. Horrez gain, Ignaciok azaldu zuen harrapatu zutenetik armada errepublikarraren hegazkinen aurkako gorputzean sartu zutela, gerra amaitzean Madrilen entregatu arte. 1941eko maiatzaren 1ean epaitegi militarrak esan zuen Ignacio nahiz gainerako auzipetuek «ideologia separatista» zutela, baina «jokabide ona», eta ontzat ematen zuen harrapatzearen bertsioa. Hori dela eta auzipetuak absolbitu eta aske utzi zituzten.

1087. ZUBIMENDI OLAIZOLA, SANTIAGO

      1915ean Oinatz auzoko Larre baserrian jaioa. «Aurkari» izendatu zuen Azpeitiko udal frankistak 1940an. Aurretik Ondarretako espetxean (Donostia) edukiko zuten seguru asko preso.

1088. ZUBIZARRETA EZENARRO, JOSE MARIA

      1914an jaioa. Izarraitz auzoko Zabale baserrikoa zen. Altxatutakoek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten. Behartutako soldadua. Artxandako gerra-frontean hil zen 1937ko ekainaren 11n.

1089. ZUBIZARRETA IRIBAR, JOSE

      1911n jaioa. Azpeitian bizi zen. Apaiz katolikoa zen. Azpeititik Bizkaira ihes egin zuen altxatutako tropak udalerrian sartu baino zertxobait lehenago.

1090. ZUBIZARRETA ZABALO, CLAUDIO

      Azkoitian bizi zen. Azpeitiko espetxean eduki zuten preso 1937ko urriaren 22tik 25era bitartean. Ondoren, Donostiako epaimahai militar batek ikertu zuen Azkoitiko Fronte Popularraren Defentsa Batzordean parte hartu ote zuen ikertzeko.

1096. ZUDUPE ECHEVARRIA, SANTIAGO

      Santiago izan zen Azpeitian ELA sindikatua ezartzearen arduradunetako bat 1931n. Zurgina zen lanbidez, eta militante nazionalista hau Azpeitiko Defentsa Batzordearen parte izan zen gerra hasi ondoren. Hala ere, atxilotutako eskuindarrei lagundu zien beti Santiagok. Hala ziurtatu zuten hainbat herritarrek 1940tik 1942ra bitartean. Azpeitia erori ondoren gerrako hainbat frontetan ibili zen Eusko Gudarostearekin borrokan, 1937 erdialdera Asturiasen zauritu zuten arte.

      El Dueson espetxeratu eta gerra-kontseiluan epaitu zuten Santoñako plazan, 1937ko irailaren hasieran. Heriotza-zigorra ezarri zioten hilaren 21ean. Hala ere, urte hartako urrian, Estatuko Idazkaritza Nagusiak, zigor hura «maila bat beheragokoarengatik» aldatu zion eta, hala, biziarteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Kondena jaso ondoren Burgosko espetxe zentralera eraman zuten eta, handik, 1939ko azaroaren 1ean, Alcala de Henaresko (Madril) Espetxe Tailerretara eraman zuten. 1940an, han, espetxean, zegoela, indultua eskatu zuen, Ignacio Perez Arregui diputatu ohiak, Azpeitiko Alkatetzak (ordurako Ignacio Egaña Otegui zen buru) eta «Espainiaren aldeko preso ohiek eta Azpeitiko herritarrek» aurkeztutako idatzi ofizialak aurkeztuta. Ignacio Perezek, adibidez, kontatu zuen nola Santiago bila joan zitzaien berari eta familiari Donostiara, haiek Azpeitira ekartzeko, 1936ko uztailaren 31n, Fronte Popularraren aldekoek atxilotzeko arriskuan zeudelako. «Preso ohiek», berriz, idatzian adierazi zuten Loiolako santutegian preso zeudela Santiagok askatu egin zituela 1936ko irailean, zeldako «atea hautsita».

      Hala ere, 1943ko apirilaren 8an zigorra jaitsi eta 14 urteko espetxealdi laburra ezarri zioten, eta hilaren 27an, berriz, baldintzapeko askatasuna.

       

1095. ZUDUPE, FELIX

      Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten.

1091. ZUFIRIA ECHEVERRIA, NATALIO

      Azpeitian bizi zen. Urolako trenetako langilea zen eta kaleratu egin zuten 1936ko irailaren 20an.

1092. ZULAICA, JOSE

      Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu zuten. Gerra-frontean zauritu zuten. «Asociación de Caballeros Mutilados por la Patria» elkarteko kidea zen.

1093. ZUMETA ZABALETA, JULIO

      Tolosan jaioa zen eta han bizi zen. Elektrikaria zen ogibidez. Eusko Gudarosteko borrokalaria izan zen. Gerra-kontseiluan epaitu zuten. Azpeitiko kartzelan eduki zuten preso.

1094. ZURRO MAESTRO, ANGEL

      Azpeitiko kartzelan eduki zuten preso. Gerra-kontseiluan epaitu zuten.