eu | es
Hasiera » II. liburukia » 2. Izenak

 

2. Izenak

959. QUEREJETA ECHEZARRETA, JUAN IGNACIO

      Urrestillan jaio zen 1912an eta han bizi zen. Saskigilea zen lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin. Somorrostroko gerra-frontean zauritu zuten. Desertzio delitua egiteaz akusatu zuten 1943ko abuztuan. Absolbitu egin zuten gero.

960. QUEREJETA GOENAGA, JULIAN

      1913an Azpeitian jaioa. Aratz-Errekako Errastibaso baserrikoa zen. Nekazaria lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin. Otxandioko gerra-frontean hil zen 1937ko apirilaren 2an.

961. QUEREJETA MENDIZABAL, ELEUTERIO

      Aratz-Erreka auzoko Olarue baserrikoa zen. Bilbon zegoen babesa hartuta 1936ko urrian. Eusko Gudarosteko borrokalaria izan zen. Santoñan harrapatu zuten. Ondoren, 1938an, boluntario falangista izan zen.

962. QUEREJETA OCINALDE, FRANCISCO

      1911n Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Azpeititik Bizkaira ihes egin zuen altxatutako tropak udalerrian sartu baino zertxobait lehenago.

963. QUEREJETA URQUIZU, IGNACIO

      1903an Azpeitian jaio eta bertan bizi zen. Arotza zen lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin.

964. QUINTANA LORENZO, JOSE DIMAS

      Azpeitian jaioa zen eta Bilbon bizi zen Jose Dimas. 1937ko apirilean eta maiatzean, Bizkargi, Sollube eta Peña Lemoa sektoreetan Burdinazko gerrikoa delakoaren ateetan hildako 2.500 euskal borrokalarietako bat izan zen. Larrañaga batailoi komunistako milizianoa zen Jose Dimas, eta 1937ko maiatzaren 15ean hil zen Bizkargi mendian. 28 urte zituen Josek, ezkondua zen eta bi alaba zituen.

965. QUINTANA LORENZO, LUIS

      Jaiotzez azpeitiarra eta lanbidez elektrikaria, Luis Eusko Gudarosteko transmisio eta artekari batailoian erroldatuta geratu zen. 1937. urte amaieran Deustuko kontzentrazio esparruan aurkitzen zen, eta 1938ko urtarrilean Sevillara lekualdatua izan zen, langile batailoi espezializatu batera. Garai hartan 33 urte zituen eta ezkonduta zegoen.

966. QUINTANA LORENZO, MODESTO

      Jaiotzez azpeitiarra, Fronte Popularraren gobernuan eta Gerra Zibila hasi ondoren Donostiako Hornidura Departamentuaren menpe aritu zen lanean. Ondoren Bilbora egin zuen ihes, eta El Carmelo presondegian zaindari lanak egin zituen, «espetxe honetako bere jarduera zalantzazkoa eta ezezaguna izanik, autoko testigantzen kontraesanengatik». Horrela, 1943ko martxoaren 12an ustezko «matxinadari laguntzearen» delituagatik 12 urte eta egun 1eko espetxealdi txikira kondenatua izan zen, gerora 6 urteko espetxealdiagatik kommutatua izan zitzaiolarik. Ordurako Modestok 5 urte baina gehiago zeramatzan espetxeraturik.

967. QUINTELA BAEZA, ANTONIO

      Madrilgoa zen jaiotzez eta Azpeitian bizi zen 1935etik. Pintorea zen Antonio lanbidez eta UGTko militantea ere bazen. 1934ko iraultza-gertaeren ondoren Guadalupeko gotorlekuan eduki zuten preso, Hondarribian, hilabete eta erdiz, epaitu gabe. Zarautzen bizi zen orduan. Gerra hastean Azpeitiko Defentsa Batzordearen agindupean egon zen, eta zaintza armatuko zerbitzuak eskaini zituen, bai Azpeitian, bai handik gertu dagoen Bidanian. Ondoren, 1936ko urrian, Bilbora egin zuen ihes eta UHP batailoian sartu zen, miliziano. 1937ko maiatzaren 14an zauritu egin zuten Zorrontzan eta Bilboko ospitalera eraman zuten. Karrantzara ebakuatu zuten handik gutxira eta, handik, Ribadesellako ospitalera. 1937ko abuztuan, oraindik eri zela, Frantziara iristen saiatu zen Aller baporean. Lurrunontzia harrapatu egin zuten itsas zabalean ordea eta Antonio atxilotu egin zuten.

      1937ko urrian Gasteizko Presoak Sailkatzeko Batzordeak espetxean jarraitu behar zuela erabaki zuen, eta eginbideak abiarazi zituen Antonioren «aurrekarien» berri izandakoan. Dokumentu horietan auzipetua ezkertiarra zela aipatzen zen, eta 1934ko urriko gertakarietan eta 1936ko uztailetik aurrera Azpeitian izandako gorabeheretan nabarmendu egin zela. Antonio «Fronte Popularraren prentsa» banatzeaz eta konfiskatzeetan, atxiloketetan eta zaintza armatuko zerbitzuetan parte hartzeaz akusatzen zuten.

      Hala, 1938ko azaroaren 3an, Antonioren aurkako urgentziazko prozesu sumarisimoa abiaraztea erabaki zuten eta Donostiako 14. epaitegira bideratu zuten auzia. Ondarretako espetxera eraman zuten 1939ko martxoaren 2an, apirilean epaile instruktorearen aurrean deklaratu zuen, eta ukatu egin zuen konfiskatzeetan eta atxiloketetan parte hartu zuenik. Gainera, Falangeak eta Azpeitiko Alkatetzak ezin izan zuten auzipetuaren aurkako akusazioak berretsiko zituen lekukorik aurkitu. Horregatik, 1939ko abuztuaren 9an, auzia itxi eta Antonio behin betiko aske utzi zuten.

968. QUINTELA BAEZA, FERNANDO

      Antonio anaia bezala, Fernando ere UGTn afiliatuta egon zen errepublika-garaian. Madrilen jaioa eta lanbidez tapizgilea zen. Gerra hasi ondoren zaintza armatuko zerbitzuak eskaini zituen «telefono-linean», Azpeitiko Defentsa Batzordearen agindupean. Azpeitian bizi zen. 1936ko irailean Azpeititik ihes egin eta Bizkai aldera jo zuen. Izquierda Republicana alderdiaren García Hernández zulatzaileen batailoian sartu zen. Eusko Gudarostearena zen batailoi hura, eta han aritu zen 1937ko abuztuan Kantabrian atxilotu zuten arte.

      Harrapatu eta kontzentrazio-esparru gisa jarrita zeukaten Santanderko Corban mendiko seminarioan sartu zuten. 1937ko azaroan Bilboko Eskolapioen espetxera eraman zuten, eta han egon zen Murgiako kontzentrazio-esparrura eraman zuten arte. Langileen batailoi batean aritzera ere behartu zuten. 1939ko azaroan Gasteizko epaitegi militarrak Fernandoren aurkako instrukzioa abiarazi eta Azpeitiko agintari frankistei informazioa eskatu zien, Fernandok zer aurrekari zituen jakiteko. Agintari frankistek, batez ere Guardia Zibilaren idatzian, Fernandoren «arriskua» nabarmentzen zuten, baina epaile militarrak zaintzapeko askatasuna eman zion 1939ko abenduan.

      Bestalde, auzi hartan auzipetua izan aurretik, Fernando urgentziazko beste prozesu sumarisimo batean ere egon zen 1938ko hasieran. Prozesu hartan, 1937ko maiatzaren 24ean, Galdakaon Igorreko parrokoaren hilketan parte hartzeaz akusatu zuten beste miliziano batzuekin batera. Nolanahi ere, 1938ko apirilaren 21ean, Gerra Ikuskaritzak auzia artxibatu zuen bi arrazoigatik: Hainbat lekuko galdekatu ondoren frogarik aurkitu ez zutelako, eta auzipetuak non zeuden ez zekitelako (Fernando langileen batailoi batean zegoen, preso).