eu | es
Hasiera » II. liburukia » 2. Izenak

 

2. Izenak

546. GALVEZ VAZQUEZ, FRANCISCA

      Torrijosen (Toledo) jaio eta bizi zen. Gerra-kontseiluan 6 urte eta egun 1eko espetxealdira zigortu zuten «matxinada sustatzea»ren ustezko delituagatik. Azpeitiko espetxean sartu zuten preso 1940ko martxoaren 20an. Urte horretako maiatzaren 6an hil zen espetxean, endokarditisak jota. Azpeitiko hilerrian lurperatu zuten.

547. GARATE ARRUTI, ASENSIO

      Azpeitikoa zen. Igeltseroa zen lanbidez. Trucios herrian egon zen babes hartuta. Ingeniarien 11. batailoian gudari izan zen, eta gero ELAren San Andres batailoian sartu zen.

548. GARATE LETE, LORENZO

      Zestoakoa zen. Gerra-kontseiluan epaitu zuten 1939ko uztailean. Prozedura artxibatu eta aske utzi zuten. Gerora, urte horretako irailaren 3an, Azpeitiko espetxean sartu eta Madrilera eraman zuten.

550. GARAYALDE ZURUTUZA, SEGUNDO

      Hondarribiko parrokiako apaiz ekonomoa. Hondarribiko Fronte Popularreko Defentsa Batzordearen aginduz atxilotu zuten 1936ko abuztuaren 13an, eta Guadalupeko gotorlekutik Loiolako santutegian prestatutako espetxera eraman zuten abuztuaren 24an. Azpeitian matxinatutako tropak sartu ondoren utzi zuten aske.

549. GARAYALDE, CASIANO

      Azpeitian bizi zen. Presbiteroa. Azpeitiko parrokiako artzapeza zen. Auzitegi militarrek eskatuta, Azpeitiko eliza katolikoaren ordezkari goren izanik, gerra-kontseilu frankistetan epaitutako azpeitiarren aurkako salaketa-agiri ugari idatzi zituen. 1939ko ekainean eratutako batzordeko kidea zen; batzordea arduratzen zen Perez Arregi plazan borrokan hildako Azpeitiko borrokalari frankisten ohoretan egindako monumentuak eta herriko hilerrian mausoleoa egiteko eraikuntza-proiektuen kudeaketa-lanez.

551. GARCIA ARACUES, JOAQUIN

      Azpeitian bizi zen. Mekanikaria zen lanbidez. Urolako trenetako langilea zen eta kaleratu egin zuten 1936ko irailaren 20an. ANVko Euzko Indarra batailoiko gudaria zen.

552. GARCIA AZURZA, JOSE

      Jose Bizkaian jaio zen, Getxon, 1913an. Azpeitiarra eta lanbidez saskigilea, 1934ko azaroan Ceutako Itsas konpainian sartu zen, bere kinta lerroetara deitu zutenean. Handik urtebetera, soldadutza-denbora bete zuenean, ziurrenik Azpeitira itzuliko zen. Edonola ere, 1938 arte ez dugu haren berri gehiago. Urte horretan, Jose Ondarretako espetxean zegoen preso, gerra-kontseiluan epaitu zain. 1939ko abuztuaren 9an epaitegi militarrak auzia artxibatu eta aske utzi zuten. Ziurrenik miliziano gisa ibiliko zen Gerra Zibilean.

553. GARCIA LARRAŃAGA, MARCELINO «PATXO»

      Urrestillan jaio eta bertan bizi zen. Jarraitzaile nazionalista zen. Eusko Gudarosteko borrokalaria izan zen. Gero ziurrenik preso egongo zen.

554. GARCIA PORRAS, MOISES

      Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu zuten. Anaia Maristen kongregazioko kidea zen. 1937ko uztailaren 1ean Bizkaiko gerrako frontean zauritu zuten.

555. GARECHE ECHANIZ, JUAN

      Azkoitian bizi zen. Azpeitian zuen jabetza CPIBek konfiskatu zion.

556. GARIN ALTUNA, JUAN

      Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten. 3. konpainiako kaboa zen. Lemoako frontean zauritu zuten 1937ko ekainaren 5ean.

560. GARMENDIA ARAMENDI, FRANCISCO

      Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu zuten. 1938ko uztailean Aragoiko gerrako frontean zauritu zuten.

561. GARMENDIA ARTECHE, RAMON

      Oinatz auzoko Atxubiaga baserrikoa zen. Azpeitiarra zen, eta lanik gabe zeuden langileen hainbat zerrendatan eman zuen izena 1935ean, 26 urterekin. Gero, ziurrenik Itxarkundia batailoiaren lerroetan ibiliko zen borrokan atxilotu zuten arte. Gerra-kontseiluan prozesatuta, 1938ko urtarrilaren 4ean Bilboko 12. epaitegi militarrak erabaki zuen Ramonen aurka irekitako auzia aparteko prozesu sumarisimo batean ikertu behar zela, instruitzen ari ziren gainerako auzipetuetatik bereizita. Era berean, Azpeitiko Guardia Zibilari eta Deustuko kontzentrazio-esparruari (bertan zegoen une horretan preso) informazioa eskatu zien.

      Ondorioz, beste gerra-kontseilu batean prozesatu zuten, haren instrukzioa 1940 arte luzatuz. Orduan, eta 1938 amaieratik, Ramon espetxealdi arinduan zegoen bere herrian, Azpeitian. Azkenik, 1940ko apirilaren 18an auzia artxibatu eta behin-betiko aske utzi zuten.

557. GARMENDIA BLAS

      Azpeitian jaio zen eta Beizaman bizi zen. Loyola batailoi nazionalistako gudaria izan zen.

562. GARMENDIA CINCUNEGUI, JOSE MARIA

      1910ean jaio zen. Oinatz auzoko Zabale baserrikoa zen. Altxatutakoek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten. Arapiles batailoira sartu zen. Bizkaiko gerra-frontean hil zen 1937ko ekainaren 11n.

563. GARMENDIA ERRASTI, JOSE MARIA «KOIPE»

      Jose Maria «Koipe» Azpeitian jaio zen 1907an, eta Eliz kalean bizi zen. Lanbidez aldare eta erretaulak pintatzen zituen, «doratzaile» gisa ezagutzen dena. EAJko militantea eta ELAko afiliatua zen 1932tik. Gerra Zibila hasi zenetik alderdiko eta Ordena Publikoaren Tokiko Batzordeko kide izendatu zuten. 1936ko irailaren 19an Azpeitia utzi zuen, eta gerora Eusko Gudarosteko 5. Intendentzia batailoian erroldatu zen. Lehen helmuga Elorrio izan zen, baina 1937ko abuztuaren 25ean Laredon atxilotu arte hainbat frontetan aritu zen.

      Aranda de Dueroko kontzentrazio-esparrura eraman zuten, eta 1937ko urriaren 20an sailkapen-akta egin zuten. Haren arabera, preso mantentzea erabaki zuten («C atalean» sailkatuta), bere aitorpena eta Azpeitiko Guardia Zibilaren txostena irakurri ostean. Urgentziazko prozedura sumarisimoa hasi ostean, 1938ko maiatzaren 16an Eskolapioen espetxera eraman zuten. Apirilean Bilboko 12. epaitegi militarrera Azpeitiko alkatetzaren eta Falangearen txostenak iritsi ziren. Horien arabera, «eskuineko pertsonen» etxeetan irrati-gailuak konfiskatu izana leporatzen zioten. Pertsona horien artean zegoen Castro Orbegozo. Kasu jakin horretan espediente judizialari gehitu zitzaion «konfiskatzearen agiriaren kopia zehatza», eta bertan zehaztuta zetorren «idazmahai bat aulki eta guzti» konfiskatu zutela. Era berean, Nuarben egindako ustezko konfiskatzean inplikatutako emakumeetako bat aipatzen zen, auzipetuaren «emaztegaia edo gutxienez ezkongai-harremana» zuena. Txostenak ondoren bere emaztea izango zena aipatzen zuen. Horretarako, Azpeitiko bi bizilagunen testigantza aurkeztu zuten. Alde batetik, Jose Antonio Segurola Iturriozek aitortu zuen 1936an Jose Mariak eta Guardia Zibileko teniente batek atxilotu zutela. Bestalde, Victoria Aizarna Lizasok konfiskatzearen lekuko gisa aitortu zuen, eta auzipetua konfiskatze horren partaide izan zela adierazi zuen. «Ordeneko pertsonekin sentimendu gaiztoak zituen pertsona zela aitortu zuen, batez ere eskuindarrekin».

      Hain zuzen ere, Victoriak aitorpenean gehitu nahi izan zuen Juan Pablo Lojendio eskuindarrak Azpeitian egindako mitin baten aurka Jose Maria buru zela egin zuten ustezko boikot bat. «Jose Mariak modu txarrean moztu zion, behin eta berriz, eta hark eta jarraitzaileek oihukatu egin zuten».

      Edonola ere, 1938ko maiatzaren 19an Jose Mariak berretsi egin zuen aurreko bere deklarazioa, hau da, militantzia politikoa eta frontean egindako jarduera onartzen zituena, baina ukatu egin zuen Juan Pablo Lojendio eskuindar hautagaitzari hitzaldia moztu izana, eta esan zuen ez zuela gogoratzen Jose Antonio Segurola atxilotu izanik. Ondorioz, 1938ko uztailaren 7an, Jose Maria 20 urteko espetxealdira kondenatu zuten «matxinadari laguntzearen» ustezko delituagatik.

      Azkenik, 1941eko uztailaren 1ean baldintzapeko askatasuna eman zioten, zigorra 6 urte eta egun 1eko espetxealdira murriztu ostean. 1948ko irailaren 8an «behin betiko askatasun-ziurtagiria eman zioten».

564. GARMENDIA ERRASTI, VICTORIANO

      Azpeitian bizi zen. Musikaria zen lanbidez. Udal-langilea zen. Tokiko agintari frankistek kargugabetu egin zuten 1936ko azaroaren 2an. Aralar batailoi nazionalistako borrokalaria izan zen.

565. GARMENDIA LASA, ANTONIO

      1916an jaio eta Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten 1937ko otsailaren 27an.

566. GARMENDIA LASA, CEFERINO

      1913an jaio zen. Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten. 1937ko ekainaren 3an gerrako frontean zauritu zuten. Gipuzkoako gobernadore zibilaren aginduz 1939ko irailaren 14an eratutako Udalbatzako kide bihurtu zen.

567. GARMENDIA SEGUROLA, FRANCISCO

      Aratz-Erreka auzoko Bekola baserrikoa zen. Nekazaria zen lanbidez. Altxatuek mobilizatu zuten. 1938ko uztailean Zaragozako gerrako frontean zauritu zuten. Altxatuek atzemandako eta gerra-kontseiluetan epaitutako azpeitiar batzuen aurkako epaiketan deklaratzailea izan zen.

558. GARMENDIA, JOSE MARIA

      Azpeitian bizi zen. San Ignacio tertziora sartu zen soldadu. 1939ko ekainean eratutako batzordeko kidea zen; batzordea Perez Arregi plazan borrokan hildako Azpeitiko borrokalari frankisten ohoretan egindako monumentuak eta herriko hilerrian mausoleoa egiteko eraikuntza-proiektuen kudeaketaz arduratzen zen.

559. GARMENDIA, VENANCIO

      Azpeitian jaio eta Beizaman bizi zen. Loyola batailoi nazionalistako gudaria izan zen.

568. GESALAGA, ROMAN «ORKAZARRE»

      Aratz-Erreka auzoko Aginetxe baserrikoa zen. Loyola batailoiko Lartaun 2. konpainiako gudaria zen.

569. GOENA URQUIA, LEONCIO

      Seguran bizi zen azpeitiar hau eta udal-albaitaria zen han, Seguran. EAJko afiliatua zen eta gerra hasi zenean, tokiko Batzordean sartu zen. Hala ere, gero altxatutakoekin bat egin eta Comunión Tradicionalista alderdian sartu zen. Azkenean, CPIBk ezarritako isunak berrikusteko errekurtsoa jarri zuen, eta 1940ko maiatzaren 6an Erantzukizun Politikoen Auzitegi Nazionalak 2.000 pta-ra jaitsi zion zigorra, eta kargu publikorako gaitasun-gabezia mantendu egin zioten.

577. GOENAGA ALBERDI, LUIS

      Azpeitian jaioa eta han bizi zen. Ormaetxe baserrikoa zen jatorriz. Azpeitiko Komandantzian sartu zen gudari. Gero matxinatuek mobilizatu eta JAPeko milizietara sartu zen. Gerra-frontean desagertu zen. Antonio Loinazek memorietan aipatzen duenez, «bere tertzioko erreketeek hil zuten».

578. GOENAGA AMILIBIA, DAMIAN «TXABIER»

      Azpeitian bizi zen. Azpeititik Bizkaira ihes egin zuen altxatutako tropak udalerrian sartu baino zertxobait lehenago.

581. GOENAGA ARCELUZ, MANUEL

      Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten.

579. GOENAGA ARRUTI, CIPRIANO

      1913an jaio eta Santiago kalean bizi zen. Altxatutakoek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten. Torrehermosako (Zaragoza) gerra-frontean hil zen 1938ko ekainaren 16an.

580. GOENAGA ARRUTI, MAXIMO

      1903an jaio eta Santiago kalean bizi zen. Barnizatzailea zen lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen kabo graduazioarekin. Asturiaseko gerra-frontean hil zen 1937ko urriaren 2an.

582. GOENAGA ECHEVERRIA, LEONARDO «TXAIBER»

      Leonardo Azpeitian jaio zen 1903an, eta Eliz kalean bizi zen. Lanbidez tapizatzailea zen, eta matxinatutako tropak Azpeitian sartu baino lehentxeago Bizkaira ihes egin zuen. Itxuraz, Markinako frontean zegoela etxera oinez mendia gurutzatuta itzultzea erabaki zuen, eta itzulerako bidean Mutrikuko baserri batean babes hartu zuen. Handik gutxira, baserri hartan errekete talde bat agertu zen. Leonardo baserri hartako lurretan fusilatzea erabaki zuten, eta lurperatzeko erabiliko zuten zuloa egitera behartu zuten baserriko jabea. 1970ean, Leonardoren semea, Bernardo, eta lankide bat Mutrikura joan ziren Leonardoren gorpuzkinak berreskuratzera Azpeitian lurperatzeko.

583. GOENAGA EGUIBAR, IGNACIO CRUZ

      Azpeitian bizi zen. San Ignacio tertziora sartu zen bere borondatez. 1937ko ekainean gerrako frontean zauritu zuten.

584. GOENAGA EIZAGUIRRE, IGNACIO «FRAILETXU»

      1912an jaio zen Elosiaga auzoko Arbe baserrian eta Zarautzen bizi zen. Ignacio UGTn afiliatuta egon zen errepublika-garaian. Gerra hasi zenean Zarauzko «Tokiko batzordeko garraioen saileko presidente» izendatu zuten, eta itxuraz, Eleuterio Legarraren atxiloketan parte hartu zuen. Gerora, Eusko Gudarosteko batailoi batean erroldatuta geratu zen 1937ko abuztuaren 29an Laredon atxilotu zuten arte.

      1939an, Donostiako San Antonio Abad ospitale zibilean ospitaleratuta zegoela (Manteo ospitale gisa ezagunagoa zen), gerra-kontseiluan epaitu zuten. Urte horretako irailaren 7an «matxinada militarrari laguntzearen» ustezko delitu bategatik zigortu zuten 6 urte eta egun 1eko espetxealdira. Zigorra 2 urtera arindu zioten 1940ko apirilean. Ondorioz, Zigorrak Aztertzeko Gipuzkoako Batzordeak onartutako jaitsieraren ostean, Ignacio zaintzapeko askatasunaren erregimenean geratu zen.

585. GOENAGA EIZAGUIRRE, JESUS

      Elosiaga auzoko Arbe baserrian jaio zen 1912an eta Zarautzen bizi zen. UGTn afiliatuta zegoen. Eusko Gudarosteko borrokalaria izan zen.

586. GOENAGA GURRUCHAGA SEBASTIAN

      1917an jaio zen. Aratz-Erreka auzoko Antxieta baserrikoa zen. 1940an Azpeitiko udal frankistak «iheslari» izendatu zuen.

587. GOENAGA ITURZAETA, GREGORIO

      Gregoriok bizikletak alokatzeko negozioa zuen eta gidaria zen lanbidez, bai errepublika-garaian, bai gero. Gerran bi bandoetako batean ere parte hartu zuenik ageri ez den arren, 1938 amaieran urgentziazko prozesu sumarisimoa ireki zuten haren kontra Bilboko epaitegi militarrak egindako aurretiazko diligentzien ostean. 1940ko martxoaren 14an, hala ere, gerra-kontseiluak kasua behin-behinean artxibatzea eta Gregorio aske uztea agindu zuen. Gregoriori atxilotu zuten unean konfiskatu zizkioten eskopeta eta kartutxoak itzuli zizkioten.

588. GOENAGA ODRIOZOLA, LUIS

      Azpeitian bizi zen. 1933ko plebiszitu autonomikoan ikuskatzailea izan zen. 1933ko maiatzaren 10ean eratu zen Udalbatzako kidea zen gutxiengo baserritarraren partaide gisa.

589. GOENAGA OLAIZOLA, FRANCISCO

      Azpeitian bizi zen. Lanbidez trenbideko kaltzadorea zen. Urolako trenetako langilea. Regimiento de Ferrocarriles delakoaren 5. unitateak kargutik kendu zuen. Kargugabetzeari errekurtsoa jarri zion, baina ez zuen ondoriorik izan.

570. GOENAGA, ADRIAN

      Azpeitian bizi zen. Lanbidez botikaria zen. Eskuindarren aldekoa zen. Udalerrian altxatutako tropak sartu ostean lanean aritu zen funtzionario gisa.

571. GOENAGA, BERNARDO

      Azpeitian bizi zen. Udal-gauzaina zen. Jarraitzaile tradizionalista zen. Udalerrian altxatutako tropak sartu ostean lanean aritu zen funtzionario gisa. 1939ko abuztura arte Azpeitiko espetxeko arduraduna izan zen.

572. GOENAGA, CRUZ

      Azpeitian bizi zen. San Ignacio tertzioan sartu zen bere borondatez.

573. GOENAGA, IGNACIO

      Azpeitian bizi zen. Azpeitiko Komandantzian sartu zen gudari. Gero Amaiur batailoiko gudari izan zen.

574. GOENAGA, MANUEL

      Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten.

575. GOENAGA, MODESTO

      Azpeitian bizi zen. EAJko militantea zen 1932an.

576. GOENAGA, PIA

      Azpeitian bizi zen. Emakume Abertzale Batza delakoaren presidentea zen 1931n.

590. GOICOECHEA CENDOYA, JUAN «AKOTEI-ORKAZARRE»

      1914an Azpeitiko Oinatz auzoan jaioa, Juan «Akotei-Orkazarre» bertsolari gisa ezagutzen zuten. ELAko afiliatua, gerra hasi ondoren zaintzaldiak egin zituen, eta gerora Eusko Gudarosteko San Andres batailoian sartu zen sarjentu gisa. Atxilotu ostean, 1937ko amaieran epaitu zuten Bizkaiko hiriburuan, gerra-kontseiluan.

      1937ko abenduaren 7ko epaiaren arabera, Juanek, Azpeitian armak hartuta zaintzaldiak egiteaz gain eta abertzaleen batailoian bere borondatez erroldatzeaz gain, konfiskatzeak egin izana leporatu zioten. Hori dela eta, nabarmendu behar da Juan beste azpeitiar batzuen aurkako prozedura sumarisimoetan aipatzen dutela, eta konfiskatzeen egiletzat hartzen dutela. Esaterako, Jose Maria Garmendia Errasti eta Marcelino Corta Zuloagaren aurka egindako gerra-kontseiluan, Vicente Gurruchaga Unanue lekukoak aipatu egiten du baserrian Galo Barrenaren bila egindako erregistroa eta ondoren hiru txahal konfiskatu zizkiotela aipatu zuenean.

      Hori guztia kontuan hartuta, Juan biziarteko espetxe-zigorrera kondenatu zuten «matxinadarekin bat egitea»ren ustezko delituagatik. Dena den, Burgosko espetxean hiru urte eman ostean, zigorra jaitsi zioten eta baldintzapean aske utzi zuten. Espetxealdi arinduko erregimenean geratutako gainerako pertsonak bezala, 15 egunetik behin Guardia Zibilaren kuartelera joan behar izaten zuen. Azkenik, 1945ean Azpeitia utzi eta Iparraldean jarri zen bizitzen.

591. GOICOECHEA CENDOYA, PIO «ORKAZARRE»

      Oinatz auzoko Orkazagirre baserrikoa zen. Nekazaria zen lanbidez. EMBko afiliatua. San Andres batailoiko gudaria zen, kapitain graduazioarekin. Gerra-frontean zauritu eta La Rosaireko (Bidarte) ospitalera eraman zuten.

592. GOICOECHEA ECHEVERRIA, MIGUEL

      1912an Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Bulegoko langilea zen ogibidez. Oriamendi tertzioak mobilizatu zuen, kabo graduazioarekin.

594. GOMEZ AZCUNE, ISABEL

      Burgosen jaio zen eta Enparan kalean bizi zen. Azpeitian altxatutako tropak sartu aurretik, Isabelek Azpeititik ihes egin zuen adin txikiko bi alabak hartuta, eta Aizarnazabalen babes hartu zuen 15 egunez. Azpeitira itzuli ostean, erbesteratze agindua jaso zuen, gizona eta gainerako seme-alabak herritik kanpo zeudelako. Baina senitarteko bati esker Azpeitian geratu ahal izan ziren. Matxinatutako soldaduen uniformeak jostera behartu zuten.

595. GOMEZ DEL VILLAR, EMILIO

      1877an jaio zen Sorian eta Iruńean bizi zen. Militarra zen lanbidez. Lacar tertzioko komandantea zen. Azpeitiko Komandantzia Militarreko arduradun nagusia izan zen matxinatutako tropak herrian sartu zirenetik gutxienez 1937ko otsailera arte.

596. GOMEZ ROMERO, LEANDRO

      1938an Azpeitira bidalitako guardia zibila. Azpeitiko espetxetik Ondarretakora presoak eramateaz arduratzen zen.

593. GOMEZ, TIMOTEO

      Enparan kalean bizi zen. Irakaslea. Eskola nazionaleko irakaslea zen 1922tik. Azpeitiko Unión Republicana alderdiko buruzagia. 1936ko azaroaren 8ko dekretuaren harira, Gipuzkoako gobernadore zibilak hala aginduta, kargugabetu egin zuten.

597. GONZALEZ GUTIERREZ, GUMERSINDO

      1935ean Azpeitiko lehen auzialdiko epailea. Gero, Santander eta Leongo Audientzia Probintzialetako presidente izan zen.

598. GONZALEZ SANCHEZ, JOSEFA

      Mengabrilekoa zen (Badajoz). Gerra-kontseiluan 6 urte eta egun bateko espetxealdira zigortu zuten «matxinada militarrari laguntzea»ren ustezko delituagatik. Azpeitiko espetxean preso egon zen 1940ko martxoaren 20a eta 1944ko ekainaren 6a bitartean.

601. GOROSTEGUI IRIARTE, JOSE

      Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu zuten. 1938an desertzioa egin izana leporatu zioten. Zigor gisa, soldadutza-denbora luzatu zioten. 1940an zigorra barkatu zioten.

599. GOROSTEGUI, PAQUITA

      Azpeitian bizi zen. Militante nazionalista zen.

600. GOROSTEGUI, RAMON

      Azpeitian bizi zen. Suhiltzailea zen lanbidez. Udal-langilea zen. Tokiko agintari frankistek kargugabetu egin zuten 1936ko azaroaren 2an.

602. GORRIN MARTIN, JOSE

      Los Silosekoa (Tenerife) zen. Sendagilea zen lanbidez. Gerra-kontseiluan epaitu zuten. Gero erbesteratu egin zuten. Azpeitiko espetxean sartu zuten 1938ko abenduaren 1ean, Ondarretako espetxetik ekarrita.

603. GORROCHA AZPEITIA, PEDRO

      Azpeitian bizi zen. Pedroren inguruko datu bakarra Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako dokumentazio mikrofilmatuan dago, eta zehatzago, Eusko Gudarosteko agintari militarrek «Asturiasen eta Itxarkundia, Loyola, San Andres eta Saseta batailoietan hildako eta desagertutako gudariei» buruz egindako txostenetan. Bertan dioenez, Pedro Otxandioko gerra-frontean hil zen, baina ez du zehazten zer batailoitakoa zen.

604. GORROCHATEGUI ARAMENDI, JOSE MARIA

      Eizagirre baserrikoa zen (Nuarbe). Altxatutakoek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten. Alcorizako (Teruel) gerra-frontean hil zen 1938ko martxoaren 31n.

605. GORROCHATEGUI ECHANIZ, JOSE ANTONIO

      1917an Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Nekazaria zen lanbidez. Eusko Gudarosteko borrokalaria izan zen. Ondoren, altxatuek mobilizatu egin zuten. 1940an Azpeitiko udal frankistak bi armadetan borrokatu zuten 1937ko soldadualdiko mutilen zerrendan sartu zuen, «aurkari» kalifikazioarekin.

606. GORROCHATEGUI ECHANIZ, ROMUALDO

      1910ean Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Nekazaria zen lanbidez. 1937ko abuztuan mobilizatu zuten altxatuek.

607. GUERETA LAUGARICA, FILEMON

      Legazpin jaio zen eta Azpeitia bizi zen. Falangeko kide izan zen. «Excautivos por Espańa» ermandadeko kidea.

608. GUERRA HERNANDEZ, PEDRO

      Villa de Mazokoa zen (Tenerife). Nekazaria zen lanbidez. Azpeitiko espetxean sartu zuten preso 1938ko abenduaren 2an. Ondarretako espetxera eraman zuten 1939ko urriaren 21ean, Donostiako auzitegi militarraren mende jarrita.

609. GUIBERT AIZPURU, VICENTE

      1898an Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Merkataria zen lanbidez. 1939ko ekainean eratutako batzordeko kidea zen; batzordea arduratzen zen Perez Arregi plazan borrokan hildako Azpeitiko borrokalari frankisten ohoretan egindako monumentuak eta herriko hilerrian mausoleoa egiteko eraikuntza-proiektuen kudeaketa-lanez.

610. GUIBERT ECEIZA, MARCELO

      1892an jaio eta Getarian bizi zen. Lanbidez arkitektoa zen. Udal-arkitektoa izan zen errepublika-garaian. 1938tik aurrera Azpeitian eroritakoen omenez egindako monumentu eta mausoleoaren eraikuntzaz arduratu zen.

611. GURIDI ECHANIZ, JOSE IGNACIO

      1908an jaio eta Nuarben bizi zen. Lanbidez eraikuntzako peoia zen. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin. Bizkaiko gerra-frontean hil zen 1937ko apirilaren 2an.

612. GURIDI ECHANIZ, LUCAS

      Azpeitian jaio zen 1906an. Jesuita. Donostian organista zen. Alegira erbesteratu zuten.

613. GURIDI URANGA, FELICIANO

      1914an Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Eusko Gudarosteko borrokalaria izan zen. 1937an harrapatu zuten eta San Pedro de Cardeńako (Burgos) kontzentrazio-esparruan izan zuten preso. Gerora, Frantzian errefuxiatuta eta Gursen preso egon zen.

620. GURRUCHAGA ANSOLA, ILDEFONSO

      1902an Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Abokatua zen lanbidez. «Euskaltzaileak» elkarteko kidea eta udal-artxiboko arduraduna zen. Azpeitiko Defentsa Batzordeko arduradun nagusia zen. Gero, Eusko Jaurlaritzako goi fiskalaren idazkari orokorra izan zen. Buenos Airesen (Argentina) errefuxiatuta egon zen. CPIBk hipoteka-kreditu bati zegozkion 15.000 pezetarekin zigortu zuen.

621. GURRUCHAGA ARAMBARRI, VICENTE

      1915ean jaio zen. Aratz-Erreka auzoko Olarue baserrikoa zen. Matxinatuek mobilizatu eta JAPeko milizietara sartu zen. Cilleruelo de Briciako (Burgos) gerra-frontean hil zen 1936ko azaroaren 21ean.

622. GURRUCHAGA AROCENA, PIO

      1915ean jaio zen. Eizagirre baserrikoa zen jatorriz. Nekazaria zen lanbidez. Matxinatuek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten. Bizkargiko (Bizkaia) gerra-frontean hil zen 1937ko maiatzaren 19an.

623. GURRUCHAGA ECHEVERRIA, BIENVENIDO JUAN

      Azpeitian bizi zen. Juanek Urolako trenbideko faktore gisa lan egin zuen 1936ko irailaren 20an altxatutako tropak sartu bezperatan Azpeititik ihes egin zuen arte. Sindicato Nacional Ferroviario sindikatuko afiliatua, 1934an soldata eten zion konpainiak «greba egiteko jarrera zuela eta». Epaitu zuen epaitegi militarraren arabera, gerra hasieran zaintzaldiak egin zituen, eta ez dago «Glorioso Movimiento» delakoaren aurkako beste ekintzarik. Horregatik, 1939ko martxoaren 5ean, espetxeratze prebentiboan zeraman denbora leporatzen zitzaizkion gertakarientzat zigor egokia zela erabaki zuten. Handik urte batzuetara, 1948ko otsailaren 26an, trenbide konpainian har zezatela eskatu zuen, eskaera hau 1949ko urtarrilaren 10ean ukatua izan zitzaiolarik.

624. GURRUCHAGA LASA, BLAS

      Urrestillan jaio zen 1894an eta Donostian bizi zen. Ingeniarien 6. erregimentu mistoko 2. batailoian sartu zuten. 1939ko abenduaren 20an hil zen zirkulazio-istripuan, unitate horretako kideak ostatu hartuta zeuden eremura zeramaten bitartean.

625. GURRUCHAGA ODRIOZOLA, FRANCISCO

      Azpeitiarra. Matxinatuek mobilizatu eta San Marcial Infanteriako 22. erregimentuko 15. konpainiara sartu zuten.

626. GURRUCHAGA OLAIZOLA, JOSE

      1914an jaio eta Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten. Gerra-frontean zauritu zuten.

627. GURRUCHAGA PULDAIN, ANTONIO

      Azpeitian jaio zen 1917an, eta Eliz kalean bizi zen. Azpeitiko udal frankistak «iheslari» izendatu zuen.

628. GURRUCHAGA SEGUROLA, FRANCISCO

      1915ean jaio zen. Izarraitz auzoko Larrar zahar baserrikoa zen. Altxatuek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu eta Arapiles batailoira sartu zuten. 1937ko ekainaren 3an gerrako frontean zauritu zuten. Gerra-frontean desagertu zen.

629. GURRUCHAGA UNANUE, VICENTE

      Aratz-Erreka auzoko Zelaieta baserrikoa zen. Beasainera ihes egin zuen 1936ko abuztuan deko kideek baserria erregistratu zioten.

630. GURRUCHAGA ZABALETA, JOSE MARIA

      1909an jaio zen. Eizagirre auzoko (Nuarbe) Orbegozo baserrikoa zen. Altxatutakoek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten. Behartutako soldadua. San Blaseko (Teruel) gerra-frontean hil zen 1938ko urtarrilaren 6an.

631. GURRUCHAGA ZABALETA, JUAN

      Azpeitiarra. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten. 1937ko apirilaren 3an Bizkaiko gerra frontean zauritu zuten.

632. GURRUCHAGA ZABALETA, VICTORIANO

      1915ean jaio zen. Eizagirre auzoko (Nuarbe) Orbegozo baserrikoa zen. Nekazaria zen lanbidez. Ziurrenik Loyola batailoiko gudaria izango zen. 1937ko ekainaren 19an atxilotu eta langileen 3. batailoira bidali zuten. Ondoren altxatuek mobilizatu egin zuten. Behartutako soldadua.

633. GURRUCHAGA ZUBIAURRE, GREGORIO

      Azpeitian jaio zen 1915ean eta Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu zuten. 1940an Azpeitiko udal frankistak «aurkari» izendatu zuen.

614. GURRUCHAGA, ALEJANDRO

      Azpeitian bizi zen. Musikaria. Udal-langilea zen. Tokiko agintari frankistek kargugabetu egin zuten 1936ko azaroaren 2an.

615. GURRUCHAGA, ANASTASIO

      Azpeitikoa zen. Gipuzkoako Aldundiko langilea zen errepublika-garaian. 1936ko azaroaren 8ko dekretuaren harira, Gipuzkoako gobernadore zibilak hala aginduta, lanpostutik bota zuten.

616. GURRUCHAGA, FELIX

      Azpeitian bizi zen. Loyola batailoiko Lartaun 2. konpainiako gudaria zen.

617. GURRUCHAGA, JOSE

      Azpeitian bizi zen. Musikaria. Udal-langilea (Udal-bandako danborra). Jarraitzaile tradizionalista zen. Udalerrian altxatutako tropak sartu ostean lanean aritu zen funtzionario gisa. Tokiko agintari frankistek zigortu egin zuten 1936ko azaroaren 2an. Hiru hilabetez egon zen lanik eta soldatarik gabe.

618. GURRUCHAGA, JOSE MARIA

      Azpeitian bizi zen. Musikaria. Udal-langilea (Udal-bandako danbolin-jotzaile nagusia). Jarraitzaile tradizionalista zen. Udalerrian altxatutako tropak sartu ostean lanean aritu zen funtzionario gisa. Tokiko agintari frankistek soldatarik gabe zigortu zuten 1936ko azaroaren 2an. 1937ko abuztuaren 11n amaitutzat eman zuten zigorra.

619. GURRUCHAGA, NICOLAS

      Azpeitian bizi zen. Nekazaria zen lanbidez. 1934an Azpeitiko Udalak prestatutako lanik gabeko langileen poltsan izena emanda zegoen. San Ignacio tertziora sartu zen bere borondatez. 1939an udal-gauzaina izateko lanposturako hautagaia zen.