eu | es
Hasiera » II. liburukia » 2. Izenak

 

2. Izenak

1057. VALDERRAMA BARRENECHEA, ANTONIO

      1873an Donostian jaio eta bertan bizi zen. Odontologoa zen lanbidez. Donostian 1940an igorritako heriotza-akta batek dio 1940ko irailean desagertu zela Antonio. Hala ere, baliteke Antonio izatea Iñaki Azpiazuk «7 meses y 7 días en la España de Franco» liburuan Valderrama dentista gisa aipatzen duen hura. Azpeitiko kartzelan egon zen altxatutako tropen aginduz eta, ondoren, fusilatu egin zuten Urrestillako hilerri inguruan, 1936ko urriaren 2an.

1058. VALENZUELA NAVARRO, LUCIANO

      Solera (Jaen) herrikoa zen eta han bizi zen. Gerra-kontseiluan 12 urte eta egun 1eko espetxealdira zigortu zuten «matxinadari laguntzearen» ustezko delituagatik. 1941eko martxoaren 26tik uztailaren 23ra bitartean Azpeitiko espetxean eduki zuten. Gero, Ondarretako espetxera eraman zuten.

1059. VALVERDE ZUBIARRAIN, JOSE

      Donostiarra zen Jose, baina Azpeitian bizi zen. Errepublika garaiaren zati handi batean Azpeitiko Unión Republicana alderdiaren ordezkari gorena izan zen, eta Azpeitiko Udalari hainbat ekimen igorri zizkion; hala nola, 1933ko otsailean, Plaza Nagusiari izena aldatu eta «Errepublikaren plaza» izena jartzea. Badirudi gerra hasi aurretik ardura postu guztiak utziak zituela, eta 1936ko irailean, altxatutako tropak Azpeitian sartzeko zorian zirela, Bilbora egin zuen ihes. 1937ko amaieratik aurrera auzipetu zuen Donostiako epaile instruktore militarraren arabera, Bizkaiko hirian «bankuko kreditu bati esker bizi izan zen»; horretara mugatu zen. Dena den, 1938ko apirilaren 12an, Jose aske uzteko agindu zuen justizia militar frankistak, espetxean prebentzioz egindako egonaldia nahikoa zigor bazela iritzita.

1060. VELAZ IRAZU, IGNACIO

      Txilen jaioa zen, eta Azpeitiko Enparan kalean bizi zen. Abokatua zen ogibidez. Azpeitiko Fronte Popularreko Defentsa Batzordearen aginduz giltzaperatu zuten. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen kapitain graduazioarekin. Altxatuek atzemandako eta gerra-kontseiluetan epaitutako azpeitiar batzuen aurkako zenbait epaiketatan deklaratzailea izan zen.

1061. VIQUENDI OTEGUI, VALENTIN

      1908an jaioa zen, Valentin, zurgina. Damaso Azcue, enpresan aritu zen lanean errepublika-garaian. Gerra hasi ondoren boluntario ibili zen Azpeitiko Defentsa Batzordearen agindupean. Telegrafo-zerbitzuetan aritu zen Valentin Bizkaira ihes egin zuen arte. Ondoren, Eusko Gudarostean egon zen erroldatuta 1937ko abuztuaren 27an Kantabrian atxilotu zuten arte.

      El Dueson espetxeratu eta gerra-kontseiluan epaitu zuten, Santoñako plazan. Urte hartako urriaren 20an, 30 urteko espetxealdi handia ezarri zioten «matxinadarekin bat egitea» leporatuta, eta Puerto de Santa Mariako kartzelara eraman zuten 1938ko abuztuaren 11n. 1943ko apirilaren 29an Zigorrak Aztertzeko Batzorde Zentralak kondena 6 urteko espetxealdi txikira murriztu zion.

1062. VIQUENDI ZABALETA IGNACIO

      Azpeitian jaio zen 1914an, eta Enparan kalean bizi zen. Ebanista zen ogibidez. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten. Gerra-frontean zauritu zuten.

1063. VIQUENDI ZABALETA, JOSE

      Azpeitian jaio zen 1909an, eta Enparan kalean bizi zen. Ebanista zen ogibidez. Azpeitiko Fronte Popularreko Defentsa Batzordearen aginduz giltzaperatu zuten. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen sarjentu graduazioarekin. «Excautivos por España» ermandadeko kidea. Falangeren eskualde mailako buruzagia. Gipuzkoako gobernadore zibilaren aginduz 1939ko irailaren 14an eratutako udalbatzako kide bihurtu zen.

1064. VIQUENDI ZABALETA, JUAN

      Azpeitian jaio zen 1920an, eta Enparan kalean bizi zen. Sukaldaria zen lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen txapel gorrien graduazioarekin.

1065. VITORIANO SEDANO, ANGEL

      Azpeitian bizi zen. Azpeitiko Izquierda Republicana alderdiko presidenteordea izan zen. Urolako trenetako langilea zen eta kaleratu egin zuten 1936ko irailaren 20an.

1066. VIUS HIGUERAS, JESUS

      1938an Azpeitiko postuan zegoen, guardia zibila zen.