«Jainkoa eta aberriaren askatasuna». Lelo horixe aukeratu zuten Azpeitian 1936ko abuztuaren 5etik aurrera eratu zituzten euskal milizien aitzindari izan ziren euskal agintariek. Loiolako santutegian bildu ziren hainbat erakunde nazionalistako buruzagiak, Gipuzkoaren defentsa Azpeititik antolatzeko toki estrategikoa zela iritzita. Hala, Eusko Gudarostea sortu eta Gerra Batzordea eratu zuten, eta «miliziak antolatzeko ahalmen osoa» eman zioten Batzorde hari(*). Eusko Alderdi Jeltzaleak monopolizatu zuen Batzordea, eta ez zegoen nazionalistak ez ziren erakunde politikoen eta sindikatuen ordezkaririk. ANV-EAEk, berriz, Fronte Popularreko indar abertzale bakarra izanda, xumeago sustatu zuen bere erakunde militarra, miliziak Yranzu hotelean bilduta(*).
Azpeitiko Komandantzia Militarra ordura arte babesik gabe egon zen Gipuzkoa erdialdeko sektorea babesteko sortu zuten, eta ekintzak egiteko esparrua, ekialdetik Oria ibaiaren ezkerraldeko ertzera arte, eta mendebaldetik Debaren eskualdeetaraino finkatu zuten. Hau da, Gipuzkoako eta Eibarko Defentsa Batzordeen eskumenetik kanpo gelditu zen lurraldea babestea zuen zeregina. Baina garrantzitsuena euskal nazionalismoak altxatutako tropen aurkako erresistentzia armatuan zuzenean eta argi parte hartzea izan zen, zalantzarik gabe. Izan ere, kontuan izan behar da, ordurako, kolpistak hasiak zirela Gipuzkoa erdialdera sartzen, eta itsasertzeraino ere iritsi zirela, eta tokiko batzordeetako miliziano talde batzuek bakarrik egin zietela aurre. Bestalde, altxatutako tropak azkar ari ziren aurrera egiten Bidasoako igarobidetik, eta uztailaren amaierarako Oiartzunen ziren. Abuztuaren 1ean Ordizia hartu zuten eta 7an Alegia.
Beraz, Azpeitiko Komandantzia erabakigarria izan zen ordura arte geldiezina zirudien kolpisten aurrerakada gelditzeko. Nolanahi ere, altxatutako tropak geldiarazteko helburu hura, Gipuzkoako toki guztietatik, Bizkaitik eta Arabatik, ehundaka gudari errekrutatzeari esker arrakasta lortu zutelako bete zuten neurri handi batean. Abiapuntua «kausa ez da gurea» izan arren(*), euskal nazionalismoaren sektore guztiek bat egin zuten «demokrazia eta Errepublika babesteko eta diktadurari eta faxismoari aurka egiteko»(*), eta, hala, euskal gizartearen sektore zabal bat mobilizatzea lortu zuten. Abuztuaren 5etik 31ra Gerrako Batzordeak 1.280 kide izan zituen, eta horietatik gutxienez 64 azpeitiarrak ziren(*). Milizia jeltzaleak eratzeko, EAJren herrialdeko batzoki guztietara zabaldu zuten zirkular bat, eta Frente Popular egunkarian iragarkiak ere jarri zituzten militanteek izena eman zezaten. Abuztuaren 8an aurkezpena egin bazuten ere, gero ere jarraitu zuten izena emateko eskatzen. Udal Batzordeak aritzen ziren bitartekaritza-lanean. ANV-EAEko borrokalariei dagokienez, kontuan izan behar da 1936ko abuztuaren hasieran alderdiko militante asko joanak zirela jada Gipuzkoako gerrako fronteetara Fronte Popularreko gainerako kideekin batera. Beraz, Yranzu hotelean izena emandakoak 250 inguru izan ziren(*).
Hala ere, arazo logistiko larri bat ekarri zien egoera hark armak hornitzearen inguruan. Lan horietan aritu zen batez ere Azpeitiko Komandantziako buruzagi gorenetako bat: Manuel de Irujo. Lehen hornitzeak inguruko herrietan egin zituzten, partikularren jabetzakoak ziren armak eta Guardia Zibilaren gordailuetakoak eskuratu zituzten; baita errepide eta toki estrategikoetan zaintzaldiak egiten zituzten boluntarioek zuten material guztia ere; adibidez, Azpeitiko Fronte Popularraren Defentsa Batzordeak kontrolatzen zituen tokietakoak. Eibarko Defentsa Batzordeak emandako arma sorta ere ezinbestekoa izan zen. Eibarko Defentsa Batzordearekin Gipuzkoakoarekin baino askoz harreman errazagoa izan zuten. Bilbok ere, hango Defentsa Batzordearen bidez, lagundu zien armen horniduran, Irujok eginiko negoziazioen ondoren. Telesforo Monzon, berriz, Kataluniara joan zen, eta Generalitatak hirurehun fusil eta sei kainoi ematea lortu zuen. Armamentu hura guztia Frantziatik barrena bidali zuten Azpeitiko Komandantziara, baina Gipuzkoako Defentsa Batzordeak, gobernadore zibilak hala aginduta, kargamentuaren erdia atxiki egin zuen Pasaia parean(*).
Gertaera hura, eta beste asko ere bai, Azpeitiko Komandantziaren eta Gipuzkoako Defentsa Batzordearen artean zegoen tentsioaren adierazgarri izan zen. Izan ere, Azpeitikoa eta Eibarkoa, teorian, Gipuzkoakoaren mendekoak ziren(*). Azken finean, sekulako koordinazio-falta izan zuten defentsa-batzordeen artean, eta horrek erakusten du indar politiko batzuk eta besteak ez zeudela bat eginda kolpisten aurrean. Batetik horren eraginez, baina batez ere Donostiako eta Oarsoalde eskualde osoko zorigaiztoko ebakuazio haren ondoren, Azpeitiko Komandantziako agintari gorenek komunikatu bat sinatu zuten irailaren 7an, Eusko Jaurlaritza berehala era zedin eskatzeko. Sinatzaileen iritziz, Eusko Jaurlaritzak kontrolatu, zuzendu eta bideratu behar zuen «aberriaren defentsa», eta «Frente Popular Vasco» delakoa sortu zuten. Kontua da, Gipuzkoako Defentsa Batzordearekin sortutako tirabiren atzean ordura arte Madrilgo gobernuak eginiko gerra-politikaren inguruko desadostasuna, eta Madrilgo Gobernuari men egin behar izatea zegoela. Baina aipatutako idatzi horrek Madrilek proposatutako gerra-jurisdikzioari ere egiten zion erreferentzia. Bizkaia eta Gipuzkoarekin batera, Kantabria ere jurisdikzio berean zegoen sartuta, eta sinatzaileek errefusatu egiten zuten hori, Hego Euskal Herriko lau probintziak elkarrekin eta beste probintziarik gabe hartuko zituen jurisdikzioa proposatzen baitzuten. Azkenik, gutuna idatzi zutenek honako ohartarazpen hau ere egin zuten:
«Euskal Milizien Gerrako Batzorde honek, agintari nazionalista legitimoei esanekotasuna eskaini arren, egoki iritzitako erabakia hartuko du dagokion erantzukizunaz jabetuta, eta ez dago inola ere prest erabaki-faltagatik edo aurreiritzi ulertezinengatik, zer egoeratan gauden kontuan hartuta, gure Gobernu propioa eratzea gehiago atzeratzeko, hori baita bizi dugun kaosa amaitzeko eta gure aberria garaipenera eramateko beharrezkoa dugun ordezkari-erakunde bakarra»(*).
Hala eta guztiz ere, 1936ko abuztu osoan eta irailaren lehen erdira arte, Loiolako kuartelean zeuden miliziek lortu zuten helburua, fronteetan erasoak baino gehiago defentsa-lana eginez. Lehen ekintzak hegoaldeko eta hego-ekialdeko defentsa-lerroan egin zituzten, eta kontrolpean hartu zituzten Murumendi, Beizama, Bidania-Goiatz eta Ernio. Horri esker, euskal miliziak abuztuaren 11tik hartua zegoen Tolosaren ateetan jarri ziren. Gerra-jarduera haietan funtsezkoa izan zen mendigoizaleek (Euskal Mendigoizaleen Batza, EMBko milizianoak) inguruak oso ondo ezagutzen zituztela. Agintari gorenetako bat, Mikel Alberdi, Bidanian egindako sarraldi haietako batean galdu zuten, abuztuaren 15ean. Ekialdeko inguruan, zehatz esanda Oria ibaiaren ezkerraldeko ertzean, abuztuaren 18an Andoain galdu ondoren, Belkoain mendian borroka gogorrak izan ziren, eta gudariek eutsi egin zuten, harik eta hilaren 28an erretiratu eta Andatza, Andazarrate eta Zarateko Benta aldera jo behar izan zuten arte. Zarateko Bentan finkatu zuen Azpeitiko Komandantziak inguruko aginte-kuartela, eta erreketeen tropen hainbat eraso eragotzi zituzten abuztuaren 29tik irailaren 18ra arteko tartean. Egun hartan bertan hil zuten ANV-ko lehen borrokalaria, Claudio Olabarri, eta ondoren, Olabarriren izena hartu zuen ANVren lehen batailoiak, borrokalariaren omenez. Beste talde batzuetan ez bezala, ANVko milizianoak, abuztuaren 25ean, jada, ibiliak ziren Tolosa-Villabona, Donostia eta Oiartzungo fronteetan borrokan(*).
Azkenik, irailaren 19an, altxatutako tropek eraso gogor bat egin zuten, eta Eusko Gudarosteak Ernio eta Mandubia artean jarritako defentsa-lerroa haustea lortu zuten. Los Arcos teniente-koronelaren agintepean, Lakarko tertzioak Errezil konkistatu zuen, hura ere hilaren 19an, eta Azpeitiko Komandantziak, presaka, Bizkairantz egin zuen ebakuazioa, atzerantz eginez, eta lehenik Saturraranen eta ondoren Lekeition finkatu zen.
Hala eta guztiz ere, aipatu behar da Azpeitiko Komandantzia jeltzaleak uko egin ziola Gipuzkoako zati handi baten galtzea ekarriko zuten borroketan sartzeari. Hainbat buruzagi politiko eta militar errepublikano joan ziren Azpeitira Gipuzkoan irekitako fronteak euskal miliziekin betetzen saiatzeko, baina PNV-koek ezetz esan zieten beti. Milizia haiek, beraz, lehen aipatutako defentsa-sistemak ezartzen bakarrik aritu ziren, Hernio inguruan eta Azpeitiko Komandantziaren inguruko beste toki batzuetan(*).