Nafarroako Ergoiena bailarako Dorrao kontzejukoa zen jatorriz eta 1935ekoa da Manueli buruzko lehen aipua. Azpeitian bizi eta langabezian zeuden langileen zerrenda batean dago haren izena. Ondoren, gerra hasi ondoren, zerbitzuak eskaini zituen Azpeitiko Defentsa Batzordearen agindupean. Zehatz esanda, 12 urte eta egun bateko kartzela-zigorra jarri zion 1937ko martxoaren 8ko epaiaren arabera, Manuel «errepidetik igarotzen ziren autoen igarobaimenak aztertzen ibili zen eskopetaz armatuta», Zarauztik hondarra ekarri zuen aireko erasoen aurkako babeslekuak eraikitzeko eta Mandubiko zubiaren leherketan parte hartu zuen tropa kolpistak geldiarazteko asmoz.
Ondarretan espetxeratu zuten eta epaia igorri eta handik lau hilabetera, San Kristobalgo espetxera eraman zuten auzi berean kondenatutako beste azpeitiarrarekin batera: Jose Maria Aguirre Arreguirekin. Espetxe hartan hil ziren biak. Espetxera eraman eta handik gutxira hil zen Jose Maria, 1937ko irailaren 8an. Manuel, berriz, 1941eko abenduaren 1ean hil zen, 1938ko maiatzaren 22ko ihesaldian parte hartu ondoren. 17 urte, 4 hilabete eta egun bateko espetxe-zigorra ezarri zioten ihes egiten saiatzeagatik. Artikako hilerrian lurperatu zuten Manuel.