eu | es
Hasiera » II. liburukia » 2. Izenak

 

2. Izenak

819. NAVALLAS ARTIEDA, DEMETRIO

      1897. urtean Azpeitian jaioa, Demetrio Sanguesan ezkondu zen 1925ean, Oliteko emakume batekin, María Usaz-ekin. Bi alaba izan zituzten, María Salomé eta Rosario. Bigarren errepublika garaian Demetrio Iruñeko Calceteros kaleko 6. zenbakian bizi zen. Lanbidez jostuna zen, eta Izquierda Republicana-ko atezaina. 1936ko uztailaren 19an Iruñeko espetxe probintzialean espetxeratua izan zen, nongo erregistro liburuan Demetrio 1937ko martxoaren 15ean espetxetik atera zela agertzen den. 1978. urtean Jimeno Jurio historialariari Demetrioren alabetako batek kontatu zionez, zortzi edo bederatzi hilabetez espetxean eduki ondoren exekutatua izan zen, erregimen faxistaren gorespenerako egindako ospakizun batekin kointziditu zuelarik. Konkretuki, senitarteko honek exekuzio data posibletzat 1937ko maiatzaren 7a eman zuen. Bestalde, Iruñeko erregistro zibilean heriotza akta bat ageri da, 1981eko urriaren 8an datatua, Iruñeko lehenengo instantziako epaitegiaren aginduz. Heriotza ziurtagiri honetan ez dira ageri heriotza kausak, baina heriotza hau 1936ko abuztuaren 15ean gertatu zela dio, Iruñeko «vuelta del Castillo»n. Jakina da leku horretan hainbat pertsona izan zirela exekutatuak, horien artean Ataungo bizilagun José Apaolaza Mugica eta Pedro Basurto Querejeta, biak Ezkabako gotorlekuan espetxeratuak izan ostean, eta abuztuaren 27an matxinada militarraren delitupean heriotza zigorrera sententziatuak izan ondoren. Beren exekuzioak 1936ko irailaren 3an gertatu ziren, baita ere «vuelta del Castillo y puerta de socorro»n, zeinagatik Demetrioren exekuzioa aipatutako Ataungo bizilagunen gertaera berdintsuen ondoren gertatu ahal izan zitekeen. Dena dela, Demetrio espetxean hainbat hilabetez egon zenaren egiaztapenak, Iruñeko espetxeko erregistro liburuan eta Jimeno Juriok eskuratutako datuetan ikus daitekeenez, Demetrioren exekuzioa 1937. urteko erdialdean gertatu zenaren ustera eramaten gaitu, eta bere heriotzaren inguruko ziurtagirian agertzen den informazioa, zeinak 1936ko abuztuan izan zela dioen, familiako ahozko transmisioaren errore edo konfusio bat dela, gertakarien urruntasunaren ondorioz.

820. NAZABAL CARPENTIER, JOSE

      Eskribaua lanbidez, Jose EAJn afiliatuta egon zen errepublika-garaian. Gerra hasi ostean, Ogasun Batzordeko kide eta Garraio Sekzioko kide izatera pasatu zen. Azpeititik atera zenean Amaiur batailoian erroldatuta geratu zen, eta bertan ibili zen transmisio militarren zerbitzuan, 1936ko abuztuan Laredon harrapatu zuten arte. Ondarretako espetxera eraman eta gerra-kontseiluan auzipetu zuten 1937 amaieran. Azpeitiko tokiko agintariek eta bizilagun batzuek emandako txostenen arabera, Josek eskuindarrei egindako hainbat konfiskatze eta isunetan hartu zuen parte. Garaikur gisa eraildako bi erreketerenak izan zitezkeen bi txapel gorri erakutsi izana leporatu zioten, baina ikerketa judizialek ezin izan zuten gertakari hori egiaztatu. Eskuineko presoekin zuen jokabideari dagokionez, epaimahaiak erabaki zuen «zalantzazkoa zela», izan ere, «lekuko batzuek askatasuna eman izana esaten zuten bitartean, beste batzuek esaten zuten Batzordeak herria ebakuatzean Bilbora bideratzea proposatu zuela». Edonola ere, Jose 30 urteko espetxealdira zigortu zuten 1938ko uztailaren 21ean «matxinada militarraren» ustezko delituagatik. Handik urtebetera Ondarretako espetxetik deklaratu zuen lekuko gisa Avelino Moralen aurkako auzian, eta Azpeitiko Defentsa Batzordean izan zezakeen erantzukizun orotatik errugabetu zuen. 1938ko azaroaren 29an Burgosko espetxe nagusira eraman zuten, eta bertan egon zen 1941eko apirilaren 4an baldintzapeko askatasuna eman zioten arte. Askatu zutenean, Arrasaten jarri zen bizitzen.