1939ean Azpeitiko postuko guardia zibila zen.
Villaviudasen (Palencia) jaio eta bertan bizi zen. Azpeitiko espetxean sartu zuten preso 1941eko uztailaren 30aren eta abuztuaren 2aren artean. Zigorra Azpeitian bete zuen.
Azpeitiarra. Altxatuek mobilizatu zuten. Behartutako soldadua. Cellako (Teruel) gerra-frontean hil zen 1938ko urtarrilaren 9an.
Azpeitiarra. UGTn afiliatuta zegoen. UHP batailoiko milizianoa zen.
Azpeitikoa. Francisco errepublika-garaian eta 1936ko irailaren 19ra arte Azpeitiko batzokiko atezaina izan zen. EAJko afiliatua eta lanbidez tailugilea, alde egin zuen beste azpeitiar askok bezala, altxatutako tropak sartzear zirenean. 1937ko abuztuaren 26an Laredon atxilotu zuten, baina ez dakigu gerra-frontean jardueraren bat izan zuen edo batailoiren batean erroldatuta egon zen.
Gerora, Orduñako kontzentrazio-esparrura bidali zuten, eta bertan egon zen 1937ko irailaren 19ra arte. Data horretan, Gasteizko espetxe probintzialera bidali zuten. 1938ko urriaren 11n Miranda Ebroko (Burgos) kontzentrazio-esparrura eraman zuten, eta 1939ko urtarrilaren 15ean, Murgiakora. Urte horretako urrian, zehazki 1939ko urriaren 23an, prebentziozko espetxealdian bi urte baino gehiago eman ostean, behin-behineko askatasuna eskatu zuen familiako egoera ekonomiko ezegonkorra zela eta. 4 eta 6 urteko bi umeren aita, Francisco «etxeko euskarri bakarra» zela zioen, eta «erabateko txirotasunean» zegoela. Eskaerari atxiki zizkioten Falangera afiliatuta zeuden Azpeitiko hainbat bizilagunen idatziak, abal gisa, esanez atxilotua babesten zutela modu «pertsonal, ekonomiko eta judizialean». Era berean, Azpeitiko alkatearen (orduan Ignacio Egaña Otegui zen) idatzi ofizial bat gehitu zuten, Francisco «jokabide moral oneko» pertsona zela baieztatzen zuena.
Hala ere, Gerra Ikuskaritzak abenduan erabaki zuen Franciscori buruzko informazioen arabera delitua zegoela, eta beraz, aurretiazko eginbideak hasi behar zirela. Ondorioz, Donostiako epaitegi militarrak Azpeitiko Guardia Zibilaren, alkatetzaren eta Falangearen txostenak jaso zituen. Guztiek Franciscoren ideologia nazionalista nabarmentzen zuten idatzietan eta, beraz, «ideia asaldatu anti espainolistak», eta Azpeitia utzi ondoren zer egin zuen ez zekitela zioten.
Era berean, Roque Astigarraga eta Julian Orbegozo Embil alkate ohiek deklaratu zuten lekuko gisa. Aurreko txostenetan bezala, biek atxilotua salatu zuten «bere ideien propagandista» izateaz, baina aldi berean esan zuten ez zuela parte hartu atxiloketetan eta konfiskatzeetan, «inori kalterik egiteko ez zelako gai». Azkenik, epaile militar instruktoreak behin-behineko askatasuna eman zion 1940ko apirilaren 10ean. Handik hilabetera auzia artxibatu eta behin betiko askatasuna eman zioten.
Azpeitiarra. Loyola batailoiko Lartaun 2. konpainiako gudaria zen. Ondoren, langileen batailoi batean gatibu egon zen.
Azpeitikoa. Damaso Azcue enpresan lanean aritu zen. Anaia Francisco bezala, Pedro ere EAJko militantea eta ELAko afiliatuta zen, baina, alderdian zituen «erantzukizunak» batzokiko zerbitzari izatea besterik ez ziren. Gerora, Azpeititik 1936ko irailean ihes egin ostean, Bizkaian Intendencia Militar delakoaren batailoi batean erroldatuta geratu zen 1937ko abuztuan Laredon atxilotu zuten arte. Handik gutxira, eta 1939ko erdialdera arte, Medina del Rioseco-ko (Valladolid) kontzentrazio-esparru batean egon zen, eta 1940ko hasieran eraman zuten Burgoseko espetxe probintzialera.
Anaiak ez bezala, 1940ko urtarrilaren 22ko data zuen Pedroren erregu-gutunak ez zuen behin-behineko askatasuna eskatzen, Ondarretako espetxera eramateko besterik ez zuen eskatzen. Bitartean, Donostiako 7. epaitegi militarrak instrukzioarekin jarraitu zuen, baina 1940ko apirilaren 21ean behin-behineko askatasuna eman zioten. Kasu honetan ere Falangeko militante ziren azpeitiar ugarik abala eman zuten auzipetuaren alde, Guardia Zibilaren txostenek militante nazionalista gisa zituen aurrekariak nabarmendu zituzten arren. Alkatetzatik Roque Astigarragak emandako datuetako bat nabarmentzen da: «Kontzentrazio esparruan egonda, aitari euskarazko gutuna idatzi zion Espainiarekiko kontzeptu eta esaldi iraingarriekin». Azkenean, 1940ko maiatzaren 9an auzia artxibatu egin zuten eta «auzipetua behin betiko aske geratu zen».
Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta Sicilia mendi-batailoira sartu zuten. 1938ko ekainean gerrako frontean zauritu zuten.
Azpeitian jaio zen 1914an. Badiolegi baserrikoa zen jatorriz. Matxinatuek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten eta Sicilia batailoira sartu zuten. Salamancako gerra-frontean hil zen 1938ko uztailaren 30ean.
Azpeitiarra. Azpeititik Bizkaira ihes egin zuen altxatutako tropak udalerrian sartu baino zertxobait lehenago.
Azpeitian jaio zen 1917an, eta Bustinzuri inguruan bizi zen. 1940an, Azpeitiko udal frankistak «iheslari» izendatu zuen.
50.000 pta-ko zigorra jarri zion Antoniori Gipuzkoako Inkautazioen Batzordeak 1938ko apirilaren 21ean. Hala ere, 1940an, zigorrari errekurtsoa jarri zion Erantzukizun Politikoen Auzitegi Nazionalean eta hala, berrikuste-errekurtsotik abiatuta, instrukzio bat abiarazi zuten. Instrukzio hartan, Azpeitiko Falangeak eta Alkatetzak nahiz sorleku zuen Balmasedatik igorritako txostenetan berretsi zuten Antoniok jokabide ona izan zuela eta ez zuela deliturik egin ez errepublika-garaian, ez Gerra Zibilean. Horiez gain, hainbat txosten ekonomikoren bidez, Antonio 1940an egoera ekonomiko txarrean zegoela adierazi zuten. Hala, 1943ko martxoaren 20an absolbitu egin zuten eta zigorra, beraz, ez zen gauzatu.
Azpeitian jaio zen 1917an eta Donostian bizi zen. 1940an Azpeitiko udal frankistak «iheslari» izendatu zuen.
Azpeitiarra. Lanbidez trenbideko bobinatzailea zen. Urolako trenetako langilea zen eta kaleratu egin zuten 1936ko irailaren 20an. Zentral elektrikoko diesel motorrak saboteatzea leporatu zion konpainiak Azpeititik ihes egin aurretik.
Urrestillakoa zen jaiotzez eta Tolosan bizi zen. Izquierda Republicana alderdiaren Pablo Sanz konpainian erroldatuta gelditu zen Victor. Ondoren, Azaña-Gipuzkoak batailoian sartu zen, Donostian, eta Irungo gerrako frontera joan zen. 1936ko irailaren 1ean fronte hartan ziurtatu zuten haren heriotza. Grafikoa zen lanbidez eta emaztea eta bi seme-alaba zituen. Emazteak egin zuen Victorren heriotza-ziurtagiria handik hilabete batzuetara, Karrantzan, Bizkaian.
1906an Azpeitian jaioa zen. Gerra hasi ondoren, Azpeitian 1936ko abuztuaren hasieran eratutako Euskal Milizietan sartu zen Francisco, sarjentu. Ondoren, Azpeititik atera eta gerrako hainbat frontetan jarraitu zuen borrokan 1936ko abenduaren 23an «Zornotzako sektorean suzko armaz zaurituta» hil zen arte. Hilaren 25ean lurperatu zuten, Gernikako hilerrian. 29 urte zituen Franciskok eta ezkongabea zen.
Roque zurgina zen eta Jose Iturzaeta enpresan lan egin zuen errepublika garaian. Abertzaleen aldekoa, gerra hasitakoan Donostiako errepidean armak hartuta zaintzaldiak egin zituen. Gero Bilbora ihes egin zuen, eta han Acha y Zubizarreta enpresarako lan egin zuen babeslekua eraikitzen. Atxilotu eta espetxean sartu ostean, Donostiako 4. Epaitegi militar iraunkorrak Roqueren eta hainbat azpeitiarren aurkako instrukzio-prozesua abiatu zuen 1937 amaieran.
Roqueri buruz, hainbat txostenek adierazi zuten Eusko Gudarosteko Intendentzia Militarrarekin kolaborazioa egin izana, baina idatzi judizialak adierazten du hipotesi hori ez zela egiaztatu. Era berean, armak hartuta zaintzaldiak egin arren, adierazten zuten ziurtasunik ez zutela «eskuindarrak jazartzeko ekintzetan eta gehiegikerietan parte hartu zuenik».
Beraz, 1938ko apirilaren 18an, Gerra Ikuskaritzak Donostiako epaitegi militarraren gobernu-informazioa berretsi zuen eta Roque behin betiko aske uztea erabaki zuen.
1913an jaio zen. Igartza baserrikoa zen jatorriz. Nekazaria zen lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin. Asturiaseko gerra-frontean hil zen 1937ko urriaren 2an.
Azpeitikoa zen. Abokatua zen lanbidez. EAJko militantea zen. CPIBk 10.000 pezetako isuna jarri zion.
Azpeitian jaio eta han bizi zen. Errementaria zen lanbidez. Azpeititik Bizkaira ihes egin zuen altxatutako tropak udalerrian sartu baino zertxobait lehenago. Gerora, 1936ko urrian, mobilizatu eta Eusko Jaurlaritzako industria militarizatuen sekziora sartu zuten. Azpeitian zituen ondasunak konfiskatu zizkion CPIBk.
Azpeitiarra. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten. 1937ko apirilean gerrako frontean zauritu zuten.
Azpeitian jaio zen 1914an, eta Enparan kalean bizi zen. Eskribaua zen. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin. Otxandioko gerra-frontean hil zen 1937ko apirilaren 2an.
Azpeitiarra. Udal gauzaina izan zen errepublika-garaian. Tokiko agintari frankistek kargugabetu egin zuten 1936ko azaroaren 2an. Handik egun gutxira, azaroaren 9an zehazki, lanpostura itzultzea ukatu zitzaion, jarritako erreklamazioaren ostean.
1908an Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Forjatzailea zen lanbidez. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen txapel gorrien graduazioarekin, eta gero sarjentu izan zen. 1937ko ekainean Zornotzako gerrako frontean zauritu zuten.
Errekarte baserrikoa zen jatorriz. Altxatutakoek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten. Castellóko gerra-frontean hil zen 1938ko uztailaren 2an.
1912an Errekartetxo baserrian jaioa, Santos arotza izan zen lanbidez, eta joan den mendeko 40ko hamarkadan probintziako harri-jasotzaile ezagunenetako bat. Aurretik, 1936an eta 1937 hasieran altxatutako armadak mobilizatu zuen, eta 23. Mendiko Infanteriako Erregimentuan (Amerika 23 gisa ezagutzen zena) erroldatuta geratu zen. 1937ko uztailaren 22an desertatu egin zuen, baserrian ezkutatuta egon zen Azpeitiko Guardia Zibilak 1939ko irailaren 16an atxilotu zuen arte. Bi urtez ezkutuan egon ostean, Azpeitiko espetxera eraman zuten eta handik Iruñekora, eta epaitegi militar batek desertatzeagatik prozesatu zuen.
Aitorpenean, Santosek adierazi zuen ihes egin zuela «Santanderreko frontera eramango zutela entzun zuelako, eta beldur zen preso hartuko ote zuten, euskal nazionalistek amorrua baitzioten». Azkenik, 1940ko ekainaren 1ean, soldadutzan 4 urteko errekargua jarri zioten zigor gisa.
Azpeitiarra. 1931ko apirilaren 17an eratu zen Udalbatzako kidea zen gutxiengo karlistako partaide gisa. 1933ko udal-hauteskundeetan hautagai tradizionalista izan zen, baina ez zuen ordezkaritzarik lortu. Gobernadore zibilak 1934ko irailaren 28an izendatu zuen batzorde kudeatzaileko kidea izan zen eta 1. sindikoaren kargua bete zuen. Azpeitiko Fronte Popularraren Defentsa Batzordeak aginduta, Loiolako santutegian atxikita eduki zuten. Gipuzkoako gobernadore zibilaren aginduz 1939ko irailaren 14an eratutako Udalbatzako kide bihurtu zen.
Azpeitiarra. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten.
Azpeitian bizi zen. Matxinatutako soldaduentzat uniformeak jostera behartu zuten.
Juan telegrafo-banatzailea zen bere jaioterrian, Azpeitian. EAJko eta Sindicato Nacional de Telégrafos delakora afiliatuta, gerra hasi zenean Defentsa Batzordeak komunikazio-zerbitzu horren buruzagitza esleitu zion, 1936ko irailaren 19an Bilbora ihes egin zuen arte. Herri horretan Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza-zerbitzuan izena emanda geratu zen 1937ko abuztuan Kantabrian atxilotu zuten arte.
Irailean urgentziazko prozedura sumarisimo bat hasi zuten Juanen aurka Kantabriako hiriburuan, eta 1937ko azaroaren 31n biziarteko espetxealdira zigortu zuten. Gerra-kontseiluko epaiaren arabera, Juanek Azpeititik ihes egin aurretik zeuden telegrafo-gailuak suntsitu zituen.
1938ko irailaren 9an Santanderreko espetxe probintzialetik El Duesora eraman zuten, eta bertan egon zen 1941eko ekainaren 21ean baldintzapeko askatasuna eman zioten arte.
Azpeitian bizi zen. Matxinatutako soldaduentzat uniformeak jostera behartu zuten.
Azpeitian bizi zen. Azpeitiko Fronte Popularreko Defentsa Batzordeko kidea. 1958an, Comisión Liquidadora de Responsabilidades Políticas Batzordeak txosten bat igorri zuen eta haren bidez, Benjamini 1938an CPIBk ezarritako zigorra, osorik, barkatu zioten, 1945eko ekaineko indultu-aginduaren harira. UGT sindikatukoa izateagatik 50.000 pta-ko zigorra jarria zioten Benjamini.
Azpeitian bizi zen. ELAren arduradun nagusia zen Azpeitian 1931n. 1933ko maiatzaren 10ean eratu zen Udalbatzako kidea zen, gutxiengo abertzalearen partaide gisa.
Azkoitian jaio zen 1921ean eta Azpeitian bizi zen. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen. 1937ko apirilean gerrako frontean zauritu zuten.
1918an Azpeitian jaio eta han bizi zen. Azpeitiko Iturralde Bereciartua anaietako gazteenak oraindik ez zituen 18ak beteta 1936an Gerra Zibila lehertu zenean. Loyola batailoiko gudari ziren anaiekin batera abiatuta, Jose Gernikan errefuxiatuta geratu zen Bilbora ebakuatu arte. 1937ko abuztuan Santoñan atxilotu eta Miranda Ebroko kontzentrazio-esparrura bidali zuten. Bertan, «B atalean» sailkatu eta langileen batailoi batera eraman zuten. 1938ko udan, Jose Zornotzan basea zuten Automobilak Berreskuratzeko Zerbitzuaren barruko Lamiakoko (Leioa) Langile Espezialisten Batailoian zegoen. Abuztuaren 24an, batailoi horretako buruzagitzak Bizkaiko gobernadore militarrari egun horretan bertan 15:00ak inguruan gertatutakoaren partea eman zion. Itxuraz Jose Iturralde eta zigortutako beste kide batzuk euskaraz oihuka zihoazen, oihu iraultzaileak eginez eta ukabila altxatuta, konboian zeramatzatenean Atxuritik pasatzean. Gertakari horiek berehala salatu zituen Santurtziko udaltzainburu ohi eta une hartan Guardia Zibilaren Ikerketa Brigadako kide zen Manuel Sanz Canterak eta hainbat buruzagi erreketek. Ondorioz, abuztuaren 26an Joseren eta atxilotutako gainerakoen aurkako urgentziazko prozedura sumarisimoa hasi zuten. Handik hiru egunetara egindako aitorpenean salaketak ukatu egin zituen, eta esan zuen Basurtorainoko bidean «boga-boga» abestia kantatu besterik ez zutela egin, eta puntu horretan Echevarria sarjentuak euskal abestiak kantatzea aurpegiratu zienez, hortik aurrera «Adiós Bilbao» eta «Santurce a Bilbao» abestiak kantatu zituzten.
Hala ere, epaile militar instruktoreak ontzat eman zituen akusaziozko salaketak. «Erakunde Patriotikoa edo Erregimena iraintzeko» asmoz, euskarazko hitzak esan izana delitu gisa hartu ezin bazen ere, ukabila altxatzea funtsean «Espainiatik ordenaren aurkako komunismoa kanporatzeko borrokan diharduen Estatuarekiko etsaitasunezko ekintza publikoa» dela uste izan zuen. Beraz, 1938ko irailaren 17an, gerra-kontseiluak onartutzat eman zuen «ukabila altxatu izana behin eta berriz eta euskaraz oihu iraultzaileak egin izana». Horrek «matxinadarekin bat egitearen» delitua zekarren eta, ondorioz, espetxealdi handiko 30 urteko zigorra.
1938ko abenduaren 10ean Jose Cadizko Puerto de Santa Mariako espetxera eraman zuten, eta bertan egon zen 1940ko irailaren 27an espetxealdi arindua eman zioten arte. 1943ko apirilaren 2an Zigorrak Aztertzeko Batzorde Zentralak 30 urteko zigorra 6ra murriztu zion, eta zigorra amaitzeko data 1944ko abuztuaren 22a ezarri zuten.
1914an Urrestillan jaioa zen Juan. Zurgina zen lanbidez eta errepublika-garaian ELAn eta EAJn egon zen afiliatuta. Gerra hasi ondoren zaintzaldiak egiten ibiliko zen seguru asko Defentsa Batzordearentzat, Vicente anaia bezala. 1936an Loyola batailoian erroldatu eta hainbat frontetan ibili zen borrokan, harik eta Kantabriako Limpias herrian 1936ko abuztuaren 26an harrapatu zuten arte. Handik urtebetera Aranda de Dueroko kontzentrazio-esparrura eraman zuten, eta han Zigorrak Aztertzeko Batzordeak «C atalean» sailkatu zuen. Hala, espetxean eduki zuten gerra-kontseiluan noiz epaituko zuten zain. Eusko Gudarostean bere borondatez sartu eta aipatutako filiazio politiko horiek izateaz gain, badirudi Batzordeak Azpeitiko Guardia Zibilak eginiko txostena ere aintzat hartu zuela. Txosten hark zioen Juanek konfiskatzeetan eta atxilotzeetan parte hartu zuela. 1937ko azaroaren 22an Burgosko espetxera bidali zuten eta han eduki zuten preso. Ondoren, Juanen aurka urgentziazko prozedura sumarisimoa abiarazi eta Bilboko Eskolapioen espetxera eraman zuten. 1938ko abenduaren 14an justizia militar frankistak kasua artxibatu zuen, eta 1939ko irailean langileen batailoi batera bidali zuten Juan. 1940ko uztailaren erdialdean, hilaren 26an hain zuzen ere, jada aske zegoela, atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Preso eduki zuten abuztuaren 1era arte, «agintaritzaren aurkako atentatua» egitea leporatuta. Ondoren, 1947ko ekainaren 16tik abenduaren 2ra bitartean, berriro atxilotu eta inkomunikatu egin zuten 1940ko arrazoi berdinagatik. Prebentziozko espetxeratze arbitrario haiek, seguru asko, Francok Gipuzkoako hiriburuan eginiko ekitaldien aldi berean egingo zituzten. Hala, Juanek 180 egun pasa zituen guztira espetxean, eta horri gehitu behar zaio 1936ko abuztutik 1940ko erdialdera arte espetxean, irten gabe, igarotako denbora.
1910an jaioa. Vicente EAJko militantea eta ELAko afiliatua zen. Errepublika-garaian Damaso Azcue altzari-enpresan lan egiten zuen tornulari gisa, baina 1935eko urtarrilean, Vicente eta haren kide Santiago Zudupe kaleratu egin zituzten. Gerra hasitakoan Loyola batailoira sartu zen, eta teniente izatera iritsi zen Bilbo erori ostean. 1937ko abuztuan, Kantabriako Limpias herrian, batailoia Italiako tropa faxisten aurrean entregatu zen, eta jarraian El Duesoko espetxera bidali zuten.
Urte horretako irailean urgentziazko prozedura sumarisimoa hasi zen, eta handik hilabetera, 1937ko urriaren 20an, «matxinadarekin bat egitearen» ustezko delituagatik biziarteko espetxealdiaren zigorra jarri zioten. Gerora, Puerto de Santa Mariako espetxera eraman zuten, eta han egon zen 1940ko abuztura arte, baldintzapeko askatasuna eman zioten arte. 1943ko maiatzaren 27an zigorra 6 urte eta egun 1eko espetxealdiarekin arindu zioten. Beraz, 1944ko abuztuan, anaia Joseri bezala, behin betiko iraungita geratu zitzaion zigorra.
Espetxetik atera ostean Zarautzen zuen etxean jarri zen bizitzen. Itxuraz tailerra eta Azpeitian zituen ondasun guztiak konfiskatu zizkioten, eta gerran errekete gisa aritu zen azpeitiar baten eskuetan zeuden. Hala ere, denbora batera jabetzak berreskuratu zituen.
Tolosan jaio zen 1917an eta Azpeitian bizi zen. 1940an Azpeitiko udal frankistak «iheslari» izendatu zuen.
1933ko udal-hauteskundeetan hautagai tradizionalista izan zen, baina ez zuen ordezkaritzarik lortu. Gipuzkoako gobernadore zibilak 1934ko irailaren 28an izendatutako Batzorde Kudeatzaileko kidea izan zen.
Azpeitiarra. Suhiltzailea zen lanbidez. Udal-langilea zen. Tokiko agintari frankistek kargugabetu egin zuten 1936ko azaroaren 2an.
Aratz-Erreka auzoko Elizalde baserrikoa zen eta Gorostieta baserrian bizi zen. Nekazaria zen lanbidez. Bertsolaria zen. 1931ko apirilaren 17an eratu zen Udalbatzako kidea zen gutxiengo baserritarraren partaide gisa.
Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta erreketeen tertzio batean sartu zuten. 1937ko ekainean gerrako frontean zauritu zuten.
Azpeitian bizi zen. Enpresaburua zen. Jose Iturzaeta altzari-fabrikako jabea zen.
1905ean jaio zen. Urrestillako Altuna baserrikoa. ELAko zulatzaileen batailoiko gudari izan zen. Santanderren atxilotu zuten 1937ko abuztuan. Ondoren, Gallartan, langileen batailoi batean gatibu egon zen.
1916an Urrestillan jaioa zen Celestino. Aguirre Hermanos altzari-enpresan aritu zen lanean errepublika-garaian. «Txandramie» esaten zioten urrestildar honek altzarien sektorekoek 1936ko uztailean gerra lehertu baino lehentxeago egindako greban parte hartu zuen. Protesta haietan akordeoia hartuta ibili zen Celestino, soldata igo ziezaietela eskatzeko protesta-abestiak jotzen.
Gerra hastean Loyola batailoi nazionalistan sartu zen eta, seguru asko, batailoi harekin ibiliko zen miliziano gerrako hainbat frontetan, hil arte. Hori horrela, ez dago garbi Celestino non eta nola hil zen. Batetik, Antonio Loinazek idatzitako oroitzapenetan jarrita dago Legutioko frontean hil zela Celestino. Hala ere, bada familiaren oroigarri bat, eta horren arabera Celestino «Bizkaiko frontean» hil zen 1937ko ekainaren 15ean.
1940an, zehazki otsailaren 5ean, Celestino «aurkaritzat» izendatu zuen Azpeitiko Udalak, 1936ko soldadualdiko gazteen sailkapen-aktaren itxiera zela eta. Ez dago haren heriotzari buruzko aipamenik.
1911n jaio zen. Urrestillako Altuna baserrikoa. Nekazaria zen lanbidez. Altxatutakoek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten.
Azpeitian jaio zen 1904an. Errezilgo Zepai baserrian bizi zen, eta 1936an, Donostian. Lanbidez eraikuntzako peoia zen. CNTko militante izandako azpeitiar bakanetako bat izan zen Antonio. Bera izan zen gerrako frontera joan ziren lehenengoetako bat. 1936ko uztailaren 31n, Ordizian frankisten aurkako erresistentzian zebilela eta altxatutakoek Ordizia hartu baino egun bat lehenago, borrokan hil zuten. 32 urte zituen Antoniok, eta bi seme-alaba.
Azpeitian jaio zen 1906an, Errezilgo Zepai baserrian bizi zen. Hargina zen lanbidez. Bertsolaria zen. Loyola batailoiko Lartaun 2. konpainiako gudaria zen.
Azpeitian jaio zen eta han bizi zen. Loyola batailoiko Lartaun 2. konpainiako gudaria zen.