eu | es
Hasiera » II. liburukia » 2. Izenak

 

2. Izenak

312. BALLONA ANSOATEGUI, VICENTE

      Arrasatearra zen eta Azpeitiko Enparan kaleko 27.ean bizi zen zurgin hau. UGTn afiliatuta egon zen eta miliziano ibili zen Gerra Zibilean. Azpeititik Bizkaira ihes egin zuen altxatutako tropak udalerrian sartu baino zertxobait lehenago. 1937ko abuztuan Kantabrian atxilotu zuten, El Duesoko espetxean sartu eta gerra-kontseiluan auzipetu zuten. 1937ko azaroaren 15ean, Santoñako epaimahai militar batek biziarteko espetxe-zigorra ezarri zion «matxinadarekin bat egitea» leporatuta. Handik hilabete batzuetara, 1938ko abuztuaren 6an hain zuzen ere, Cadizko Puerto de Santa Maria espetxera eraman zuten. Ondoren, zigorra 6 urte eta egun batera jaitsi zioten.

313. BALMASEDA, DOLORES

      Azpeitian bizi zen. Altxatutako tropek errepresaliatu zuten udalerrian sartu zirenean, ilea larru-arras moztuta.

314. BALTASAR MARTIARENA ANTONIO

      Iruñean jaio eta Azpeitian bizi zen. Bizargina zen lanbidez. UGTko afiliatua eta JSUko militantea zen. Eusko Gudarosteko borrokalaria izan zen. 1937ko abuztuaren 24an Santanderren desagertutzat eman zuten.

315. BALTASAR MARTIARENA, FRANCISCO

      1915ean Iruñean jaio zen Francisco, eta Azpeitiko Enparan kalean bizi zen. Nuarbe auzoko eskolako maisua izan zen errepublika-garaian. UGTn afiliatuta zegoen eta gerrako hainbat frontetan ibili zen Prieto infanteriako batailoian, harik eta Kantabrian atxilotu zuten arte. 1937ko azaroaren 16an Bilbora eraman zuten eta gerra-kontseiluan epaitu. 1938ko urriaren 19ko epaiaren bidez 14 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten Franciscori. Epai hartan, zuen filiazioaz eta miliziano ibiltzeaz gain, erregistroetan eta konfiskatzeetan parte hartzeaz ere akusatu zuten. Ignacio Maria eta Juan Ignacio Aizpuru anaia azpeitiarren atxiloketan parte hartzeaz ere akusatu zuten. Bitartean, Ricardo Baltasar eta Francisca Martiarena gurasoak Gironan zeuden, babes hartuta, eta ez zekiten Francisco semea non zegoen. Horregatik, desagertzearen espedientea abiarazi zuten «Pagaduría Secundaria del Ejército de Tierra» delakoan.

      1939ko maiatzaren 1ean San Kristobalgo gotorlekura eraman zuten eta urrian, Urduñako kontzentrazio-esparrura. 1940ko abuztuaren 7an espetxealdi arindua jarri zioten.

316. BALTASAR PAGES, FRANCISCO

      Tolosan jaio zen eta Azpeitian bizi zen. Urolako trenetako langilea zen, eremuko arduraduna, eta kaleratu egin zuten 1936ko irailaren 20an.

317. BALTASAR PAGES, RICARDO

      Tolosan jaio zen eta Azpeitian bizi zen. Urolako trenetako ibilbideko agentea zen, eta kaleratu egin zuten 1936ko irailaren 20an. Gironan hartu zuen babesa 1937an, Francisca Martirena Iribarren emaztearekin batera.

318. BARAHONA HERNANDEZ, FRANCISCO

      Azpeitiko Guardia Zibilaren postuko komandantea zen 1936an. Avelino Moral Requetaren aurkako epaiketan deklaratzailea izan zen.

319. BARBER, FELISA

      Azpeitian bizi zen. Moja. Olatz auzoko ikastetxeko irakaslea. 1936ko azaroaren 8ko dekretuaren harira, Gipuzkoako gobernadore zibilak hala aginduta, lanpostutik bota zuten. Sevillan hartu zuen babesa.

320. BARREDO FONTAL, ESTEBAN

      Esteban Azpeitian jaio zen 1909an. Familia ezkertiarrekoa, bera eta anaia Pablo UGTko afiliatuak ziren, 1932an Azpeitiko Unión Republicana alderdiaren fundazioan parte hartu zuten, eta 1935ean Juventudes Socialistasen militatzera pasatu ziren. Lanbidez tipografoa zen. Gerra hasi zenean Esteban Donostian bizi zen, Gipuzkoako Foru Aldundiko inprimategian inprimatzailearen karguan. 1936ko irailean, hilaren hasieran, borondatez erroldatu zen Eibarren eratutako euskal milizietan, eta Irun galdu ostean, Iparraldera pasatu zen, eta gero Kataluniatik sartuta itzuli zen Espainiako Estatura. Euskal-kataluniar milizietako gudaria izan zen, armada errepublikarra berrantolatu aurretik hainbat frontetan ibili zen borrokan, eta orduan 40 Brigadan sartu zen, «Errepublikako Espioitza Zerbitzu» (SIEP) gisa ezagutzen zenean, agenteen instruktore-karguarekin. Ordurako, Esteban dagoeneko Alderdi Komunistako militantea zen.

      SIEPeko agente gisa, Estebanek batasun militarrari leialtasuna zin egin zion idatzi baten bidez, eta dokumentu hori gerora epaitu zuen epaitegi militarrak froga gisa erabiliko zuen. «zin egiten dut SIEP barruan nire gaineko arduradun hierarkikoa ez den inori lanaren bidez eskuratu ditudan ezagutzak edo nire jarduerak zein diren ez diodala jakinaraziko. Noizbait utzikeriagatik edo asmo txarrez nire jabetzan dauden sekreturen bat jakinaraziko banu, Errepublikaren traidoretzat har nazaten eskatzen dut...»

      1939ko ekainaren 25ean, gerra amaitutakoan, Esteban Azpeitiko Guardia Zibilak atxilotu zuen, eta handik bi egunetara Madrilera bidali zuten Brigada Politiko-Sozialak hala eskatuta, eta SIEPeko beste ustezko kide batzuekin batera ikertu zuten. Madrilgo Malasaña auzoan zegoen Conde Toreno espetxean preso zegoela, Estebanen aurka urgentziazko prozedura sumarisimoa abiatu zuten. Haren epaia 1940ko martxoaren 16an eman zuten. Bertan, Esteban heriotza zigorrera zigortu zuten, «matxinadarekin bat egitea»ren ustezko delitu bategatik, baina abuztuan zigorra «maila baxuagokoarekin» arindu zioten. 1940ko irailaren 23an Palentziako espetxe probintzialean sartu zen, eta 1944ko maiatzean Reinoso del Cerrato (Palentzia) espetxera eraman zuten. 1944ko uztailaren 22an espetxealdi arindua ezarri zioten.

321. BARREDO FONTAL, PABLO

      Azpeitian bizi zen. Anaia Esteban bezala, Pablo ere Azpeitian nabarmendutako militante ezkertiarra izan zen. 1934an herria utzi eta Melillako 7. zulatzaileen erregimentuan sartu zen. Ordutik eta Gerra Zibil osoan zehar, matxinatutako tropen alboan ibili zen borrokan, sarjentu kategoria ere lortu zuen. Baina 1938ko uztailean Informazio eta Polizia Militarraren Zerbitzuak atxilotu eta galdekatu zuen. Itxuraz, atxiloketaren arrazoia izan zen bere izena SIEPeko agente errepublikano bati konfiskatutako dokumentazioan agertzen zela, beraz, gerra-kontseiluan prozesatu zuten.

      Hala ere, Pablok errugabea zela frogatu ahal izan zuen eta 1941eko martxoaren 14an absolbitu zuten. Ordurako askatasun arinduaren erregimenean zegoen.

323. BARRENA JAUREGUI, ASENSIO

      1909an Beizaman jaio zen eta Urrestillako Atzaran baserrian bizi zen. Ebanista zen ogibidez. Dámaso Azcue SL enpresako langilea izan zen errepublika-garaian. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin. Gerra-frontean zauritu zuten, Teruelen.

324. BARRENA LANDA, ANTONIO

      Urrestillan jaio zen 1891n eta han bizi zen. Eraikuntzan aritzen zen, peoi. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin.

325. BARRENA LARRAR, GALO

      Urrestillan jaio zen 1878an eta han bizi zen. Azpeitiko Udaleko zinegotzia zen 1919an. Azpeitiko suhiltzaileen buru-zuzendari zen 1933an. 1936ko uztailean herritik ihes egin zuen Fronte Popularraren Defentsa Batzordeak aginduta, atxilo har ez zezaten. Altxatutakoek 1936ko irailaren 30ean behin-behinean eratutako Udalbatzako kidea izan zen. Gipuzkoako «Junta de Guerra Carlista» delakoaren aginduz 1936ko urriaren 14an eratutako Udalbatzako kide ere izan zen. Altxatuek atzemandako eta gerra-kontseiluetan epaitutako azpeitiar batzuen aurkako epaiketan deklaratzailea izan zen.

322. BARRENA, ROSARIO

      Azpeitian bizi zen. Emakume Abertzale Batza delakoaren ordezko presidenteordea izan zen 1931n.

326. BARRIOS MUÑOZ, DOMINGO

      Villagordon jaio zen (Jaen). Gerra-kontseiluan 12 urte eta 1 eguneko espetxealdira zigortu zuten «matxinadari laguntzea» ustezko delituagatik. Azpeitiko kartzelan eduki zuten preso. Madrilera eraman zuten 1941eko uztailaren 25ean.

327. BASTARRICA GURRUCHAGA MIGUEL

      Urrestillan jaio zen Miguel 1911n. Errepublika-garaian, hala ere, Ibarran bizi izan zen, eta Tolosako La Papelera Española lantegian egiten zuen lan. EAJko afiliatua zen, eta 1936ko abuztuaren 15ean Azpeitian osatu zituzten euskal miliziekin bat egin zuen. Ordenantza izendatu zuten, eta Saseta kapitainaren esanetara aritu zen. Ondoren, teniente izendatu zuten eta Candido Sasetaren eskolta-lanetan ibili zen, Saseta Asturiasen hil zen arte. Bilbo tropa frankisten esku erortzean, 7. brigadan erroldatuta egon zen Miguel, Eusko Gudarostearen I. gorputzean teniente.

      Azkenean, 1937ko abuztuaren 25ean, Kantabriako Laredo herrian harrapatu zuten eta El Duesoko espetxean sartu. Gerra-kontseiluan epaitu zuten, eta 1937ko urriaren 8an biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten, nahiz eta instrukzio-fasean Ibarrako apaizak eta Falangearen buruak auzipetuak «jokabide ona» izan zuela zioten txostenak bidali. 1938ko abuztuaren 11n Cadizko Puerto de Santa Mariako espetxera eraman zuten, eta han egon zen 1943ko abuztuan zigorra 6 urte eta egun batera jaitsi ondoren aske utzi zuten arte.

328. BASTARRICA GURRUCHAGA, JOSE MARIA

      Azpeitian jaio zen eta Tolosan bizi zen. Amaiur batailoi nazionalistako gudaria izan zen. Ondarretako espetxean sartu zuten ondoren.

329. BASTIDA AIZPURU, ANTONIO

      1906an Azpeitian jaio zen. Elosiga auzoko Lertxundi baserrikoa zen jatorriz. Hargina zen lanbidez. Lanik gabe zegoen 1934an. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin. Gasteizko ospitale militarrean hil zen 1937ko apirilaren 6an, Otxandioko frontean zauritu ostean.

330. BATISTA GUTIERREZ, JUAN

      Azpeitian bizi zen. Azpeitiko tokiko kartzelako burua zen 1941ean.

331. BEGUIRISTAIN ECHEVERRIA, LUIS

      Azpeitian bizi zen. Abokatua zen lanbidez. Azpeitiko epaitegiko instrukzio-epailea izan zen 1936tik 1941era.

332. BELDARRAIN UGALDE, ESTEBAN

      1894ean Azpeitian jaio eta Zumarragan bizi zen Esteban. 1922an fakturatzaile-postuan hasi zen lanean Ferrocarriles Vascongados enpresan. 1936ko apirilean Amorebietan zegoen, hara bidalita, eta Sindicato Nacional Ferroviario delakoan afiliatu zen. 1937ko abuztuan Bilboko 18. epaitegi militarrak tren-arloko 15 langileren aurka urgentziazko prozesu sumarisimo bat abiaraztea erabaki zuen, eta tartean zen Esteban. Epaitegiko idazkariak hauxe jarri zuen idatzi batean auzipetuei buruz: «Zalantzazko filiazio politikoa dute, baina gorri-separatisten agintepean zeudenean haien aurka-edo azaldu ziren eta lana ondo betetzen zuten langileak ziren».

      1937ko abuztuaren 23an zinpeko aitorpena egin zuen Estebanek Amorebietan, eta ukatu egin zuen «Movimiento Nacional» zelakoaren aurkako afiliaziorik zuenik edo haren aurka ezer egin zuenik, eta mugimendu haren «erabat alde» zegoela adierazi zuen. Era berean, Okupazio Armadaren Gerra Ikuskaritzako Informazio Zerbitzuak berretsi zuen auzipetuek ez zutela aurrekaririk eta, hala, 1937ko urriaren 14an auzia artxibatu egin zuten, eta behin betiko aske gelditu ziren denak.

333. BELDARRAIN UGALDE, EUGENIO

      1910ean Azpeitian jaio eta bertan bizi zen. Udaltzaina. Jarraitzaile tradizionalista zen. Altxatutako tropak sartu ostean lanean aritu zen funtzionario gisa. Azpeitiko Fronte Popularreko Defentsa Batzordearen aginduz giltzaperatu zuten. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen kabo graduazioarekin. «Excautivos por España» ermandadeko kidea.

334. BELDARRAIN UGALDE, FELIX

      Izarraitz auzokoa zen Felix, eta UGTra afiliatuta egon zen errepublika-garaian. Espartingilea zen lanbidez, eta 1934etik 1935era lanik gabe zeuden langile azpeitiarren hainbat zerrendatan dago haren izena. Santoñan Felixen eta beste 15 auzipeturen aurka egindako gerra-kontseiluak emandako epaiaren arabera, herrian zaintzaldiak egin zituen armatuta, eta konfiskatze eta atxiloketetan ere parte hartu zuen gerra hasi zenean, baina ez zuten miliziano gisa inolako jarduerarik aipatu.

      Nolanahi ere, 1937ko azaroaren 3an, artean El Duesoko espetxean zegoela, «matxinadari laguntzea»ren delitua leporatu eta 12 urte eta egun bateko espetxe zigorra ezarri zioten. 1938ko abuztuaren 18an Andaluziako Puerto de Santa Maria espetxera eraman zuten, eta urte horretako abenduan, Huelvara. Azkenik, 1941eko maiatzaren 22an askatasun arindua eman zioten.

335. BELDARRAIN UGALDE, JESUS

      1910ean Azpeitian jaio eta bertan bizi zen. Udaltzaina. Jarraitzaile tradizionalista zen. Altxatutako tropak sartu ostean lanean aritu zen funtzionario gisa. Azpeitiko Fronte Popularreko Defentsa Batzordearen aginduz giltzaperatu zuten. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen kabo graduazioarekin. «Excautivos por España» ermandadeko kidea.

336. BELDARRAIN UGALDE, RUPERTO

      Izarraitz auzokoa zen. 1936ko uztailean Asteasun zegoen Ruperto, familiako kide baten etxean, denboraldi bat pasatzen. Altxamendu militarra hasi zenean bere burua aurkeztu zuen boluntario zaintzaldiak egiteko, «ezkerreko idealak sentitzen zituelako». Abuztuaren 15ean Azpeitira joan eta bertan geratu zen altxatutako tropak sartu baino lehentxeagora arte. Ordutik Bilbon bizi izan zen, eta 1937ko otsailaren 24an 52. infanteriako batailoian (Capitán Casero batailoia) erroldatu zen borondatez, eta hainbat frontetan hartu zuen parte, Bizkargin zauritu zen arte. Bilboko ospitalera eraman zuten, baina tropa frankistak berehala sartuko zirenez, Valdecillako (Santander) ospitalera eraman zuten, eta zentro horretan hartu zuten preso 1937ko abuztuaren 26an. Urrian, Azpeitiko Guardia Zibilak Santanderreko Presoak Sailkatzeko Batzordeari bidalitako telegrama bat erabakigarria izan zen Ruperto «D atalean» sailkatzeko eta haren aurka urgentziazko prozedura sumarisimo bat irekitzeko. Telegrama horretan, eta gerora instrukzio epaileari bidalitako idatzi ofizialean, akusatua UGTra afiliatutako «pertsona oso arriskutsua» zela adierazi zuten, eta atxiloketa eta konfiskatzeetan parte hartu zuela. Era berean, Azpeitiko Falangeko eta Udaleko txostenek Asteasun egindako «Fronte Popularraren aldeko» ustezko jarrera horiek aipatzen zituzten. Baina Asteasun egindako txostenek ez zituzten inputazio horiek berresten. Asteasuko Falangeak Ruperto ez zuela ezagutzen esaten zuen, aldiz, udalak, «komunista zela», baina «ez zutela ziurtasunik atxiloketetan parte hartu zuenik». Horrez gain, auzipetuak aipatutako bi lekuko azpeitiarrek, Pedro Aguirre Echeverriak eta Andrés Lapazarán Arguideguik deklaratu zutenean, esan zuten ezkertiarra izan arren «ez zuela propaganda politikoetan eta langileen gatazketan parte hartu». Hori guztia kontuan hartuta, Donostian izandako gerra-kontseiluan, Ruperto Ondarretako presondegian atxilotuta zegoela, Bilboko Karmeldarren eta Eskolapioen kartzelatik pasatu ostean, 1939ko apirilaren 27an auzia behin-behinean artxibatu eta «B atalean» sailkatu zuten. Akordio horretan auzitegi militarrak zehaztu zuenez, Rupertok ezkerreko ideologiak izan arren, eta gerran borondatez miliziano gisa parte hartu zuen arren, ez zen egiaztatu «beren indarren aurkako ekintzarik burutu zuenik, ezta delitu komunetan parte hartu zuenik ere.» 1939ko urriaren 27an Burgosko San Pedro de Cardeña kontzentrazio-esparrura eraman zuten.

337. BEOBIDE ITURRALDE, JESUS

      1912an jaio zen eta San Ignacio kalean bizi zen. Jesus Azpeitiko udal su-hiltzaileen gorputzeko kide zen. Ideologia nazionalistakotzat hartuta, 1936ko azaroaren 2an baztertu eta azkenean udal-langileen kolektibotik kanporatu zuten. 1937ko uztailean errekete batek jarritako salaketa baten eraginez, atxilotu eta espetxeratu egin zuten, eta Donostiako 4. epaitegi militar iraunkorrean instrukzio-prozedura abiatu zuten bere aurka. Itxuraz Jesus errekete horrek bere jabetzako motor bat konfiska zezan eragozten saiatu zen. Epaitegiko gobernu-informazioaren arabera, soldaduak norbere ekimenez jardun zuen, goragokoen agindurik gabe, baina edonola ere auzipetuak «eskaintza» onartu zuen.

      Azkenik, 1938ko urtarrilaren 25ean, Gerra Ikuskaritzak azaldu zuen Jesusek ez zuela «desobedentziarik eta arau-hausterik» egin, eta uste izan zuen «atxilotuta eman zituen hilabeteak nahikoa isun zirela haren aurrekari nazionalistengatik». 1938ko martxoaren 22an aske utzi zuten.

338. BEOBIDE ITURRALDE, JUAN

      1916an Azpeitian jaio eta bertan bizi zen. 1936ko abuztuan Azpeitian eratutako Euskal Milizietan sartutako borrokalaria. Gero, Loyola batailoiko Lartaun 2. konpainiako gudaria izan zen. 1938an Azpeitiko udal frankistak «aurkari» izendatu zuen.

339. BEOBIDE ITURRALDE, MANUEL

      1916an Azpeitian jaio eta bertan bizi zen. Altxatutakoek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten 1937ko otsailaren 24ean.

340. BERASATEGUI ARTEAGA, ANDRES

      1916an Azpeitian jaioa. Urrestillako Makibar baserrikoa. Nekazaria lanbidez. 1936ko abuztuan Azpeitian eratutako Euskal Milizietan sartutako borrokalaria. Ondoren altxatuek mobilizatu zuten. 1938an Azpeitiko udal frankistak «aurkari» izendatu zuen.

341. BERASATEGUI ARTEAGA, JOSE

      Urrestillakoa zen eta Makibar baserrian bizi zen. 1935ean lanik gabe zegoen, beste gazte azpeitiar asko bezala, haien artean bere anaia gaztea, Andrés. Itxarkundia infanteriako batailoi nazionalistako borrokalaria, 1940 hasieran Azpeitian zegoen atxiloaldi arinduan. Urte horretan bertan Donostiako 11. Instrukzio-epaitegi militarrak Joséren aurkako ohiko prozedura sumarisimo bat abiatu zuen, baina irailaren 28an auzia artxibatu egin zuen eta behin betiko aske utzi zuten.

342. BERASATEGUI AZPIAZU, MARTIN

      Azpeitikoa zen jatorriz. Tornularia zen lanbidez. Zulatzaileen San Andres batailoiaren 2. konpainiako borrokalaria izan zen.

343. BERASTEGUI MARTINEZ, JOSE MARIA

      Navas de Tolosa (Jaen) herrian jaioa. Igeltseroa zen lanbidez. Gerra-kontseiluan 12 urte eta egun 1eko espetxealdira zigortu zuten «matxinadari laguntzea»-ren ustezko delituagatik. Azpeitiko espetxean sartu zuten preso 1941eko martxoaren 26an. San Lorenzo del Escorial (Madril) delakora eraman zuten ondoren.

346. BERECIARTUA AIZPURU, JOSE MARIA

      1915ean Azpeitian jaioa. Izarraitz auzoko Gaztañazabal baserrikoa zen. Altxatuek mobilizatu zuten. Sicilia batailoian sartu zen 1939an.

347. BERECIARTUA ALTUNA, CATALINA

      Azpeitian jaio zen. Nazionalista zen Catalina, eta sindikatuta egon zen errepublika-garaian. Altxatutako tropak Azpeitian sartu zirenean Atxubiaga baserrian egon zen denboraldi batez, ezkutatuta. Azkenean Nafarroara erbesteratu zuten, eta han egon zen hilabetez-edo.

348. BERECIARTUA ALTUNA, PEDRO

      1910ean jaio zen. Pedro Oinatz auzoko Atxubiaga baserrikoa zen. Bertsolaria eta militante nazionalista, Azpeitia tropa frankistek hartuko zutela eta ihes egin ostean, Amaiur infanteriako batailoian erroldatu zen. 1937ko abuztuaren 26an Santoñan harrapatu zuten.

      Gero Alfarráseko (Lleida) langileen batailoi batera eraman zuten, eta bertan egon zen 1939ko uztailaren 26an gerra-kontseiluan epaitu ahal izateko Bilboko Eskolapioen espetxera bidali zuten arte. Handik hilabetera, 1939ko abuztuaren 24an, Gerra Ikuskaritzak atxiloaldi arindua eman zion, Donostian auzia bideratzen ari zen epaitegiak egindako jokabide onaren txostenen ondorioz. Azkenik, 1940ko urtarrilaren 25ean, auzia behin-behinean artxibatzea eta Pedro aske uztea erabaki zuten, «leporatu zizkioten gertaerak zigortzekoak ez zirelako».

349. BERECIARTUA ARCELUS, MARTIN

      Azpeitian bizi zen. 1933ko udal-hauteskundeetan hautagai tradizionalista izan zen, baina ez zuen ordezkaritzarik lortu. Gipuzkoako gobernadore zibilak 1934ko irailaren 28an izendatu zuen batzorde kudeatzaileko kidea izan zen eta 2. sindiko kargua bete zuen.

350. BERECIARTUA ARIZAGA RAIMUNDO

      Bernabe bezalaxe, «hegazkin batetik botatako bonbak egindako metraila-zaurien ondorioz» hil zen. Azpeitian jaioa zen, eta Azpeitiaren inguruko Txaribar auzoan bizi zen. Inguru hartan bota zuten biak hil zituen bonba. 59 urte zituen Raimundok, Manuela Guridi Cincuneguirekin ezkonduta zegoen eta hiru seme-alaba zituzten. Ondoren, 1936ko azaroaren 9an Udalean eginiko aktetan, Raimundo, «gorrien hegazkinek botatako bonba batek hil zuela» jarri zuten.

351. BERECIARTUA AROCENA, EUGENIO

      1891n Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Ameriketara erbesteratu zen Segundo anaia bikiarekin batera, gerraren ondorioz.

352. BERECIARTUA AROCENA, SEGUNDO

      1891n Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Ameriketara erbesteratu zen Eugenio anaia bikiarekin batera, gerraren ondorioz.

353. BERECIARTUA AZPEITIA, JOSE MANUEL

      1919an Azpeitian jaioa. Izarraitz auzoko Arantzeta baserrikoa zen. Altxatutakoek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten. Leganeseko (Madril) gerrafrontean hil zen 1938ko urriaren 18an.

354. BERECIARTUA AZPIAZU, EDUARDO

      Azpeitian jaio zen 1920an, eta Enparan kalean bizi zen. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen txapel gorrien graduazioarekin.

355. BERECIARTUA AZPIAZU, IGNACIA

      Azpeitian jaio eta Enparan kalean bizi zen. Erreketeen emakumezkoen Margaritas ataleko kidea zen. Azpeitiko Defentsa Batzordeak hala aginduta, hiru egunez bere etxean atxikita egon zen 1936ko abuztuan. 1937ko uztailean, Margaritas taldeko beste bi kiderekin batera, salaketa jarri zuen Arrieta Zubimendi ahizpen aurka, Batzordearen alde egindako hustezko jarduera zela eta.

356. BERECIARTUA CENDOYA, IGNACIO

      Azpeitian bizi zen. Gipuzkoako gobernadore zibilak 1934ko irailaren 28an izendatutako Batzorde Kudeatzaileko kidea izan zen.

357. BERECIARTUA GURIDI, JOSE MARIA

      Azpeitikoa zen jatorriz, Txaribar ingurukoa. UGTko militantea eta Azpeitiko Fronte Popularreko Defentsa Batzordeko boluntarioa zen. UHP batailoiko miliziano izan zen ondoren. Raimundo Bereciartua Arizagaren semea zen.

358. BERECIARTUA GURIDI, VICTOR

      1915ean jaio zen Azpeitian, eta Txaribar inguruan bizi zen. Saskigilea zen lanbidez. San Ignacio tertzioak mobilizatu zuen. Asturiasko gerra-frontean hil zen 1937ko urriaren 2an. Raimundo Bereciartua Arizagaren semea zen.

359. BERECIARTUA ODRIOZOLA, BARTOLOME

      1913an Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Zapataria zen lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin. Gerra-frontean zauritu zuten 1937an.

360. BERECIARTUA URANGA, HILARIO

      1892an Ataunen jaio eta Azpeitian bizi zen. Udal musika-bandako zuzendaria. Jarraitzaile tradizionalista zen. Altxatutako tropak sartu ostean lanean aritu zen funtzionario gisa. Altxatuek atzemandako eta gerra-kontseiluetan epaitutako azpeitiar batzuen aurkako epaiketan deklaratzailea izan zen. Azpeitiko Falangeko buruzagia zen 1938an. Gerra-kontseilu frankistek epaitutako azpeitiarren aurkako hainbat akusazio-idatzi egin zituen, Azpeitiko Falangearen ordezkari gorena zen aldetik.

344. BERECIARTUA, JUAN

      Azpeitian bizi zen. Azpeitiko hiltegiko administratzailea zen 1934an. Ondoren, 2. mailako ofiziala eta udal gordailuzaina izan zen. Jarraitzaile tradizionalista zen. Udalerrian altxatutako tropak sartu ostean lanean aritu zen funtzionario gisa.

345. BERECIARTUA, JUAN

      Azpeitian bizi zen. Udal musika-bandako musikaria. Tokiko agintari frankistek kargugabetu zuten 1936ko azaroaren 2an.

361. BERISTAIN ARTECHE, JOSE MARIA

      1913an jaio eta Elosiaga auzoko Miranda baserrian bizi zen. Altxatutakoek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten. 1939ko martxoaren 3an hil zen, gerrako frontean izandako zaurien ondorioz.

362. BERISTAIN BERISTAIN, JOSE

      Azpeitian bizi zen. San Ignacio tertzioko 1. konpainiara sartu zen bere borondatez. 1937ko ekainaren 3an gerrako frontean zauritu zuten.

363. BERISTAIN BERISTAIN, NICASIO

      Azpeitian bizi zen. San Ignacio tertzioko 1. konpainiara sartu zen bere borondatez. Ondoren Arapiles 7. batailoiko borrokalaria izan zen.

364. BERISTAIN IZIAR, CANDIDO

      Azpeitian bizi zen. Azpeitiko Komandantzian sartu zen gudari.

365. BERISTAIN ZUFIRIA, ANASTASIO

      Azpeitian bizi zen. Urolako trenetako ordenantza. «Regimiento de Ferrocarriles» delakoaren 5. unitateak kargutik kendu zuen. 6 hilabetez egon zen soldatarik gabe.

366. BERMEJO CIUDAD, MANUEL

      Villanueva de San Carlosen jaioa (Ciudad Real). Gerra-kontseiluan 12 urte eta egun 1eko espetxealdira zigortu zuten «matxinadari laguntzea»-ren ustezko delituagatik. 1941eko martxoaren 26an Azpeitiko espetxean atxilotu zuten. Gero, Almadeneo (Ciudad Real) espetxera eraman zuten.

367. BERRUEZO AZAGRA, FELIX

      Azpeitian bizi zen. Gipuzkoako altzariaren probintziako sindikatuko idazkaria zen 1934an. 1934an Azpeitiko UGT sindikatuko presidentea zen. Izquierda Republicana alderdiko kidea.

368. BIDASORO LARRAR, PAULINA

      Azpeitian jaio eta han bizi zen. Komunisten aldekoa. Azpeititik Bizkaira ihes egin zuen altxatutako tropak udalerrian sartu baino zertxobait lehenago. Gero Parisen hartu zuen babes. Itzuli zenean, Gipuzkoako gobernadore zibilaren aginduz atxilotu zuten 1941eko irailaren 1ean, eta 15 egunez egon zen preso Donostiako espetxe probintzialean.

369. BONILLA BONILLA, FRANCISCO

      Fuensantan jaioa (Albacete). Gerra-kontseiluan 12 urte eta egun 1eko espetxealdira zigortu zuten «matxinadari laguntzea»-ren ustezko delituagatik. 1941eko martxoaren 26an Azpeitiko espetxean atxilotu zuten. Gero Talavera de la Reinara (Toledo) eraman zuten.

370. BORDA ARANGUREN, JOSE

      Donostian jaio zen 1910ean, eta Azpeitian bizi zen. UHP batailoiko milizianoa zen. Gerrako frontean zauritu zuten, eta Valdesillasen operatu eta ospitaleratuta egon zen zazpi hilabetez. Kontzentrazio-esparruan egon zen preso eta torturatu ere egin zuten familiakoen lekukotzaren arabera.

371. BURNI, FRANCISCO

      Azpeitian bizi zen. Itxarkundia batailoiko gudari zen, sarjentu graduazioarekin. Ubideko gerra-frontean hil zen.