eu | es
Hasiera » II. liburukia » 2. Izenak

 

2. Izenak

372. CAJIGAS CALZADA, ALFONSO

      Urretxukoa zen. Azpeitian bizi zen. Gidaria zen lanbidez. Urolako trenetako langilea zen, eta kaleratu egin zuten 1936ko irailaren 20an.

373. CALVO BALLESTEROS, HERMENEGILDO

      1933an Azpeitiko postuko 2. Guardia Zibila eta komandantea 1938an. Auzitegi militarrek eskatuta gerra-kontseilu frankistetan epaitutako azpeitiarren aurkako salaketa-idatzi ugari egin zituen.

374. CAMIO MAIZTEGUI, CRISTINO

      Azpeitian jaio zen 1916an, eta Eliz kalean bizi zen. Praktikantea zen lanbidez. Jarraitzaile tradizionalista zen. Altxatutako tropak sartu ostean lanean aritu zen funtzionario gisa. San Ignacio tertzioak mobilizatu zuen. Gerora, 1937ko ekainean, Flechas Negras brigada mistoetara sartu zen.

375. CAMPILLO MIER, DELFINA ASUNCION

      Azpeitian bizi zen. Garbitzailea zen lanbidez. Urolako trenetako langilea zen eta kaleratu egin zuten 1936ko irailaren 20an.

377. CAMPOS ECEIZA, ALEJANDRO

      1915ean jaioa eta lanbidez espartingilea, Eliz kaleko bizilagun hau UGTra afiliatuta egon zen errepublika-garaian, anaia Juan eta Moises bezala. Azken hori gerra-frontean hil zen. Gerra hasi zenean, eta gutxienez 1936ko azarotik aurrera, Alejandro hainbat gerra-frontetan ibili zen borrokan, UHP infanteriako batailoian erroldatuta. Matxinatutako tropek harrapatu zutenean langileen batailoian preso egon zen, gerra-kontseiluan epaitu arte zain.

      1938 hasieran Donostiako 11. epaitegi militarrak Alejandroren aurkako urgentziazko prozedura sumarisimoa abiatu zuen. 1939ko maiatzaren 11n auzia artxibatu egin zuten, «ez baitzen behar bezala justifikatu jazarritako delitua egin izana», eta auzipetua aske utzi zuten. 1940an, zehazki otsailaren 5ean, Alejandro «aurkaritzat» izendatu zuen Azpeitiko Udalak, 1936ko soldadualdiko gazteen sailkapen-aktaren itxiera zela eta.

378. CAMPOS ECEIZA, JUAN

      Azpeitiarra zen. 1934ko otsailetik udaleko kale-garbitzailea zen. UGTra afiliatuta egon zen, eta UHP batailoian ibili zen borrokan. 1936ko azaroan, ziurrenik gerra-frontean zegoela, Azpeitiko korporazio frankista berriak udal-langilearen kargutik kendu zuen Juan. Itxuraz, atxilotu ostean langileen batailoian izan zen preso. 1940an gerra-kontseiluan epaitu zuten, auzia artxibatu egin zuten eta azaroaren 29an utzi zuten aske.

379. CAMPOS ECEIZA, MOISES

      Eliz kalean bizi zen Moises eta iturgina zen lanbidez. Alejandro eta Juan anaiak bezala, ezkertiarra zen, eta ideia haien harira, militar egin zuten UGT sindikatuan . Ondoren gerrako frontera bidali zuten Juventudes Socialistas Unificadas delakoaren UHP batailoian erroldatuta. Batailoi horretako 1. konpainiako kidea izan zen Moises eta 1937ko apirilaren amaieran zauritu zuten Durangoko frontean. Barakaldoko ospitale militarrera eraman zuten ondoren. Hala ere, apirilaren 30ean, Moisesen heriotza-ziurtagiria egin zuten. Barakaldoko hilerrian lurperatu zuten.

380. CAMPOS LOINAZ, ANSELMO «TXANTXO»

      1914an jaio zen. «Txantxo» ezizenez ezagutzen zuten azpeitiar hau Azkoitian bizi zen. Bi aldiz epaitu zuten gerra-kontseiluan. UGTra afiliatuta zegoen, eta bai 1937ko abenduaren 7ko epaian, bai 1938ko abuztuaren 18koan, Anselmo Azkoitian «oso nabarmena» eta «oso arriskutsua» zela adierazten zen, konfiskatze eta atxiloketetan parte hartu zuela. Era berean, epai horien arabera, 1936ko urrian borondatez erroldatu zen ANV Eusko Indarra infanteriako batailoian, eta hainbat frontetan aritu zen, 1937ko abuztuan Kantabrian harrapatu zuten arte. Hori guztia kontuan hartuta, Anselmo, bai 1937ko abenduan eta baita 1938ko abuztuan ere, «espetxealdi handian» 20 urtetara kondenatu zuten, «matxinadari laguntzearen» ustezko delitua zela eta.

381. CAMPOS LOINAZ, AVELINO

      Anaia Anselmo bezala Avelino ere azpeitiarra zen, baina Azkoitian bizi zen. UGTko afiliatua zen. 1937ko abenduaren 2an Deustuko kontzentrazio-esparrutik Larrinagako espetxera eraman zuten, gerra-kontseiluan auzipetu zutelako. 1938ko abuztuaren 23an 20 urteko espetxealdira kondenatu zuten «matxinada»-delitu bategatik, baina 1940ko uztailaren 31n aske utzi zuten.

382. CAMPOS LOINAZ, JOSE

      1916an jaio eta Azpeitian bizi zen. San Andrés zulatzaileen batailoiko gudaria izan zen. Gerora Frantzian errefuxiatuta egon zen. Itzuli zenean, 1939ko uztailaren 7an, Gipuzkoako gobernadore zibilak aginduta Azpeitiko Guardia Zibilak atxilotu zuen, eta herriko espetxean egon zen preso. Hilaren 13an utzi zuten aske.

383. CAMPOS LOINAZ, VICTORIANO

      Santiago kalean bizi zen. Lanbidez tailugilea zen. UGTko afiliatua zen. Eusko Gudarosteko borrokalaria izango zen seguru asko. Gurseko kontzentrazio-esparruan eduki zuten.

384. CAMPOS RUIZ, MATEOS

      Ubedakoa zen (Jaen). Gerra-kontseiluan 12 urte eta egun 1eko espetxealdira zigortu zuten «matxinadari laguntzea»-ren ustezko delituagatik. Azpeitiko espetxean sartu zuten preso 1941eko martxoaren 26an.

385. CAMPOS ZUBILLAGA, JOSE ANTONIO

      Azpeitian bizi zen. Gipuzkoako gobernadore zibilak 1934ko irailaren 28an izendatutako Batzorde Kudeatzaileko kidea izan zen.

376. CAMPOS, JULIAN

      Azpeitian bizi zen. Eusko Gudarosteko borrokalaria izan zen.

386. CARASUSAN AZAGRA, PASCASIO

      Azpeitian bizi zen. Merkataria zen lanbidez. Azpeitiko Udaleko zinegotzi izan zen 1930eko otsailaren eta 1931ko apirilaren bitartean. Azpeitiko Centro Católico eta Adoración Nocturna elkarteetako kide zen. Azpeitiko Fronte Popularreko Defentsa Batzordearen aginduz giltzaperatu zuten. Altxatutakoek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten. Azpeitiko Udaleko idazkaria zen 1938an.

387. CARRERA BERISTAIN, GUILLERMO

      Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten. 1937ko ekainean gerrako frontean zauritu zuten.

388. CASADO LORITE, JUAN

      Caenan jaio zen (Jaen). Gerra-kontseiluan 12 urte eta egun 1eko espetxealdira zigortu zuten «matxinadari laguntzea» ustezko delituagatik. Azpeitiko espetxean sartu zuten preso 1941eko martxoaren 26an. Azpeitiko espetxean hil zen urte horretako apirilaren 21ean, apendizitisak jota.

389. CASTIELLA OTAEGUI, JOSE MARIA

      Azpeitian jaio zen 1915ean, eta Eliz kalean bizi zen. Eskribaua zen lanbidez. Azpeitiko Fronte Popularreko Defentsa Batzordearen aginduz giltzaperatu zuten. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen txapel gorrien graduazioarekin. «Excautivos por España» ermandadeko kidea.

390. CAVEDO, EUSEBIO

      Azpeitian bizi zen. Jarraitzaile tradizionalista zen. Udalerrian altxatutako tropak sartu ostean lanean aritu zen funtzionario gisa.

392. CEBERIO LIZARRAGA, SEVERO

      Jatorriz Irungoa, Severo 1934an Azpeitiko «Euzko Etxea» Sozietateko presidenteordea zen. 1937ko abuztuan Santoñan espetxeratu zuten, eta handik San Pedro de Cardeñako (Burgos) kontzentrazio-esparrura eraman zuten urte horretako irailaren 20an. Gerora gerra-kontseiluan epaitu zuten, eta 1943ko irailean auzia artxibatu egin zuten. Orduan Severinok 43 urte zituen, ezkonduta zegoen, eta gerra aurretik ingeniari-laguntzaile gisa lan egiten zuen.

391. CEBERIO, ELENA

      Azpeitian bizi zen. Diruzaina zen Emakume Abertzale Batzan 1934an.

395. CENDOYA EGUIGUREN, FELIX

      Azpeitian jaio zen 1919an, eta Enparan kalean bizi zen. Jostuna zen lanbidez. San Ignacio tertziora sartu zen bere borondatez. Gerra-frontean zauritu zuten.

396. CENDOYA EGUIGUREN, LUCIO

      Azpeitian jaio zen 1915ean, eta Enparan kalean bizi zen. Eusko Gudarosteko borrokalaria izan zen. Gerora Frantzian errefuxiatuta egon zen. 1940an agintari frankistek soldadu deklaratu zuten.

397. CENDOYA EGUIGUREN, PEDRO

      Azpeitian jaio zen 1917an, eta Eliz kalean bizi zen. Eusko Gudarosteko borrokalaria izan zen eta gero altxatuek mobilizatu zuten.

398. CENDOYA LANDA, JOSE

      1910ean jaio zen. Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu zuten eta América 23. infanteriako batailoira sartu zuten. Iruñeko ospitale militarrean sartu zen 1937ko maiatzaren 18an.

399. CENDOYA LARRAÑAGA, IGNACIO «TAKOLO»

      1913an Azpeitian jaioa zen eta han bizi zen. Ignaciok 24 urte zituen 1937an Laredon atxilotu zutenean. Aurretik hainbat gerra-frontetan ibili zen, 1936 amaieran, borondatez, Gernikan, Loyola batailoian erroldatu zenetik. 1937ko urrian Aranda de Dueroko kontzentrazio-esparruan zegoen preso; han, Presoak Sailkatzeko Batzordeak «C atalean» sailkatu zuen, atxiloketetan eta konfiskatzeetan parte hartu izana leporatzen zion Azpeitiko Guardia Zibilaren txosten bat jaso ostean.

      Eskolapioetako espetxera eraman eta 1938 hasieran Ignacioren aurka urgentziazko prozedura sumarisimoa abiarazi ostean, bai tokiko buruzagitzatik, bai Azpeitiko alkatetzatik, Guardia Zibilak adierazitako kasuak aipatzen zituzten txostenak bidali zituzten. Baieztapen horien aurrean, epaitegi militarrak auzipetuaren aurka egindako salaketen lekukotasuna eman zezaketen lekukoen inguruko informazioa eskatu zuen, epaitegiari emandako erantzunean honako hauek aipatuta: Manuel Echeverria Odriozola, Donato Aristi Aizpuru eta José Aizpuru Goenaga. Baina 1939ko otsailaren 15ean hiru lekukoek esan zuten ez zekitela Ignaciok konfiskatzeetan, atxiloketetan edo bahiketetan parte hartu zuenik.

      Horrez gain, 1939ko uztailean, Urrestillako hainbat bizilagunek atzera egin zuten 1937ko urrian, Ignacio Aranda de Dueron preso zegoela, Guardia Zibilaren aurrean egindako aitortzari zegokionez. Haien ustez, «akatsez nahi gabe egin izan zezaketen erantzukizun moral guztiak saihestu nahian.... kasuaz gogoeta egin zuten eta, azterketa sakona egin ostean, eta argazkia ikusita, pertsona horrek ganadu-konfiskatzeetan ez zuela parte hartu konbentzituta zeuden». Ondorioz, 1939ko irailaren 7an, auzia artxibatu zuten.

      1939ko abenduaren 8an Ignacio «Takolo» aske geratu zen behin betiko.

400. CENDOYA LARRAÑAGA, JOSE

      Izarraitz auzoko Miraflores baserrikoa zen. Altxatutakoek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten. Behartutako soldadua. Zaragozako gerra-frontean hil zen 1937ko azaroaren 26an.

401. CENDOYA QUEREJETA, IGNACIO

      Azpeitian bizi zen eta kaltzadorea zen lanbidez. Urolako trenetako langilea. «Regimiento de Ferrocarriles» delakoaren 5. unitateak kargutik kendu zuen. Sei hilabetez egon zen soldatarik gabe.

402. CENDOYA UZCUDUN, JACINTO

      1916an Azpeitian jaioa zen eta han bizi zen. Jacinto izan zen gerra-kontseiluan epaitutako lehen azpeitiarretako bat. 1936ko urriaren 16an atxilotu eta gero Ondarretan espetxeratu zuten. Urte horretako abenduaren 30ean Landetako bizilagun zen azpeitiar honen aurkako ekintzak hasi ziren. Epaiketa eragin zuten gertakariak uztailaren 21ean, huts egindako estatu-kolpea aldarrikatu eta pixka batera, auzipetuak izandako jokabidearen ingurukoak soilik ziren. 1937ko otsailaren 15ean 12 urte eta egun 1eko kondena jarri zion epaiaren arabera, Jacinto «kamioi batean joan zen Azpeititik Zumarragara miliziano gorrien talde batekin batera, herri horretan armak jasotzeko asmoarekin». Era berean, Azpeitira itzuli zenean «udaletxeko arkuetan guardia-zerbitzua egin zuen» gaueko hamarrak arte, nahiz eta horren ostean, «etxera itzuli zela eta gurasoek errieta egin ziotela» ere adierazten den.

      Ordutik aurrera eta atxilotu zuten arten Jacintok leporatzeko moduko bestelako gertakaririk izan ez zuen arren, epaitu zuen epaitegi militarrak uste izan zuen «matxinadarekin bat egitearen delitua egin zuela».

      1937ko apirilaren 15ean San Kristobal gotorlekuko espetxera eraman zuten. Kondena-epaiaren arabera irteera data 1948ko urriaren 12rako aurre ikusten zen, baina badirudi 1938ko maiatzaren 22ko ihesean parte hartu zuela Jacintok. Huts egindako ihes-saiakera horren ostean, berriz epaitu eta 17 urte, 4 hilabete eta egun 1eko kondena jarri zioten. 1940ko irailaren 2an, ordea, askatasun arindua eman zioten. Jacinto «Paulino Uzcudun boxealari ospetsuaren iloba zen».

393. CENDOYA, FELICITAS

      Azpeitian jaio zen eta Azkoitian bizi zen. Moja. Madrilen fusilatu zuten indar errepublikanoek.

394. CENDOYA, VALENTIN

      Azpeitian bizi zen. ELAko afiliatua. Azpeitiko Komandantzian sartu zen gudari.

403. CHINCHURRETA BELOQUI, DOMINGO

      Azpeitiarra zen eta bertan bizi zen. Domingok Zumarragatik Zumaiara zihoan tren-konpainian (Urola trenbidea) forjatzaile gisa lan egin zuen, Azpeitian tropa frankistak sartu zirelako Bilbora ihes egin zuen arte. Altxatutakoak lurraldea konkistatzen zihoazen heinean, Domingo lekuz aldatu zen etengabe, Bilbotik Santanderrera eta Kantabriako hiriburutik Asturiasera, azkenean Frantzian barrena Kataluniara iritsi zen arte.

      1939ko martxoan Azpeitira itzuli zen, eta berehala tokiko agintariek organismo militar judizialei jakinarazi zieten iritsi zela, ziurrenik bizilagunen batek salatuta. Azpeitiko Guardia Zibilaren aurrean, Domingok aitortu zuen Izquierda Republicana eta Sindicato Nacional Ferroviariora (UGTren gertuko elkartea) afiliatuta egon zela. Era berean, hauteskundeetan ezkerreko alderdiei botoa eman ziela eta 20 bat egunez, Defentsa Batzordeak aginduta eta Azpeititik atera aurretik, Dámaso Azcue enpresaren aurrean armak hartuta zaintzaldia egin izana aitortu zuen.

      Ohikoa zen moduan, Roque Astigarragak, Azpeitiko alkate gisa, eta Falangearen tokiko buruzagitzak, kasu honetan Casto Orbegozok ordezkatuta, egin zituzten txostenetan Domingo «muturreko ideiak» edo «berotuak» zituen persona zela zioten; armak hartuta zaintzaldiak egin zituen aldiari soilik zegozkion datuak eman zituzten. Txosten horiez gain, orduan Urolako trenbidearen ustiaketaren nagusia zenak, Galo Barrena Larrarrek, idatzitakoa ere gehitu zen. Martxoaren 26ko data duen idatzian, auzipetuaren afiliazio politikoaz eta Domingok berak aitortutako zaintzaldiez gain, Zumarragan «propaganda marxistaren bileretan» parte hartu izana leporatzen zioten. Azkenik, Casiano Garayalde apaizak ere eman zuen auzipetuaren berri, nahiz eta harena aldeko idatzi bakarra izan zen, auzipetuaren «erlijio-betebeharrak» bete izana besterik ez baitzuen aipatzen.

      Ondorioz, 1939ko maiatzaren 1ean, Gerra Ikuskaritzak uste izan zuen egindako instrukziotik ezin zela ondorioztatu «salatuak delitu komunak egin izana, ezta buruzagi iraultzaile nabarmenaren izaerarik ere», beraz, gobernu-atxiloaldiko 3 hilabeteko zigorra besterik ez zion ezarri. Domingo Ondarretako espetxean egon zen preso 1939ko apirilaren 16tik uztailaren 15era, eta handik ateratakoan, Donostiako Ordena Publikoko Idazkaritzara joan behar izaten zuen «ondorengo zaintza eta konpetentziarako».

404. CHINCHURRETA RECALDE, JOSE

      Donostian jaio zen 1910ean eta Azpeitian bizi zen. Ikaslea. UGTn afiliatuta zegoen. UHP batailoiko milizianoa zen. 1937ko abuztuaren 24an Santanderren desagertutzat eman zuten.

406. CORTA ECHEVARRIA, JUAN

      Zestoan jaioa zen eta han bizi zen. Moldatzailea zen lanbidez. Azpeitiko espetxean sartu zuten preso 1939ko apirilean, Zestoako Fronte Popularraren Defentsa Batzordeko kide izatea leporatuta. Gero Ondarretako espetxera eraman zuten.

407. CORTA ICETA, TOMAS

      Zestoakoa zen. Azpeitiko espetxean sartu zuten preso 1937ko apirilean, Zestoako Fronte Popularraren Defentsa Batzordearen aginduz armak hartuta zaintzaldiak egitea leporatuta. Gerora Ondarretako espetxean sartu eta gerra-kontseiluan epaitu zuten.

408. CORTA MENDIA, GREGORIO

      Azpeitian jaio zen 1913an. Eizagirre auzoko (Nuarbe) Aldagoiti baserrian bizi zen. Altxatutakoek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten. Zaragozako gerra-frontean hil zen 1938ko martxoaren 8an.

409. CORTA MENDIA, REMIGIO

      1909an jaioa. Remigioren aurka Donostiako 20. Epaitegi militarrak aurretiazko eginbideak hasi zituen 1938 erdialdean. 1938ko azaroaren 2an amaitutzat eman zuten instrukzioa «erantzukizun-aitorpenik gabe», beraz, auzipetua behin betiko aske geratu zen. Ebazpen horretan ez ziren zehaztu prozesatu izanaren kausak.

410. CORTA OYARBIDE, LUCIO

      1918an jaio eta Urrestillan bizi zen. Saskigilea zen lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin. Sierra Espadanko (Castellon) gerra-frontean hil zen 1938ko irailaren 22an.

414. CORTA OYARZABAL, JUAN

      Azpeitian jaio zen 1917an, eta Eliz kalean bizi zen. Azpeitiko agintari frankistek «iheslaritzat» hartu zuten.

411. CORTA ZULOAGA, IGNACIO

      Azpeitian bizi zen. Ignacio 1936ko abenduaren 2an hartu zuten preso beste 6 azpeitiarrekin batera, urte horretako azaroan haien aurka irekitako prozedura sumarisimo baten ondorioz. 1937ko martxoaren 8ko epaian ageri denaren arabera, Ignaciok, Nazario Aizpitartek bezalaxe, gerra hasi ondoren Fronte Popularraren alde hainbat zerbitzu egin zituen. Dena den, Ignacio absolbitu eta aske utzi zuten, «ideia tradizionalistak baitzituen eta azken hauteskundeetan eskuindarrei eman baitzien botoa»; eta, beraz, «nagusitasun gorri-separatistak» iraun bitartean egindakoa borondatez kontrakoa eta «bere ideia eta sinesmenen kontrakoa» izan zen.

412. CORTA ZULOAGA, JOSE MARIA

      Azpeitian bizi zen. Jose Maria Ignacio anaiaren gerra-kontseilu berean prozesatu zuten, baina hura ez bezala, epaitegi militarrak uste izan zuen Jose Maria «altxamendu militarrari laguntzearen» delituaren arduradun zela. Zehazki, 12 urte eta egun 1eko espetxealdiko kondena-epaian, Jose Maria abertzaleen aldekoa zela adierazten zen, «nahiz eta alderdiko kide ez izan», eta Fronte Popularraren alde egin zuela «bizirik irauteko soldata irabazteko asmoz». Horrez gain, tropa frankistak Azpeitira sartzea oztopatzeko 1936ko uztailaren 25ean Mandubiko zubia leherrarazten parte hartu izana leporatzen zitzaion, Zarauztik Azpeitira hondar-zakuak garraiatu izana aireko erasoen aurka babeslekuak egiteko, eta Loiolara gasolina-andel batzuk eraman izana.

413. CORTA ZULOAGA, MARCELINO

      Urrestillan bizi zen. Huts egindako estatu-kolpearen ostean, eta Gerra Zibila hasi ostean, Marcelinok, epaitegi militarren aurrean egindako aitorpenaren arabera, parte hartu zuen armak hartuta egindako zaintzaldietan, konfiskatzeetan eta Defentsa Batzordearen aginduz Azpeitian egin ziren atxiloketa batzuetan. Errepublika-garaiaren hasieratik EAJko militantea izan zen, eta Azpeitia erretiratu ostean, hainbat frontetan ibili zen Loyola batailoian erroldatuta, 1937ko abuztuaren 25ean Laredon harrapatu zuten arte.

      1937ko urrian «C atalean» sailkatu zuen Aranda de Dueroko Presoak Sailkatzeko Batzordeak, Azpeitiko Guardia Zibilaren txostena jaso ostean. Izan ere «oso arriskutsutzat» izendatzen zuen txostenean. 1938ko hasieran Eskolapioen espetxera eraman zuten, gerra-kontseiluan prozesatzeko zain. Apirilean Bilboko 12. Epaitegi militarrera Falangearen tokiko buruzagitzaren eta Azpeitiko alkatetzaren txostenak iritsi ziren. Era berean, Urrestilla eta Aratz-Erreka auzoetako 14 bizilagunen aitorpenak bidali ziren. 1936ko uztailaren amaieratik behien konfiskatzeetan lekuko izan ziren bizilagun horiek, eta konfiskatzeak egin zituzten miliziano taldeko kide izango zen Marcelino. Gerora, 1938ko maiatzaren 19an, Marcelinok berretsi egin zuen epaile instruktorearen aurrean 1937ko urrian egindako aitorpena, eta aitortu egin zuen militantzia nazionalista, Zelaieta eta Rekalde baserrietan eta Urrestillako beste hainbatetan egindako konfiskatzeetan parte hartu zuela, bi lagun atxilotu zituztela eta, azkenik, gerra-frontean ibili izana. Marcelinok ukatu zuen gauza bakarra izan zen eskuineko pertsonak jazarri edo salatu izana, Galo Barrenaren bilaketa eta atxiloketa-saiakerarekin lotzen zuten salaketei aipamen garbia eginez. Azkenik, 1938ko uztailaren 7an 12 urte eta egun 1eko espetxealdiaren epaia jaso zuen, ustezko «altxamenduari laguntzearen» delitua zela eta. Badirudi gerora San Kristobal gotorlekuan espetxeratu zutela 1939ko azarora arte, baina egoera hori ez da ageri Marcelinoren espetxeko fitxan. 1943an espetxealdi arindua eman zioten, zigorra 7 urtera jaitsi ostean. Marcelino orduan San Lorenzo del Escorial (Madril) espetxean zegoen, Regiones Devastadas zerbitzuaren zuzendaritza nagusiaren esku. 1944 hasieran aske geratu zen.

405. CORTA, MARCIAL «EPERRA»

      Azpeitian bizi zen. Loyola batailoi nazionalistako gudaria izan zen.

415. CORTABARRIA LAZCANO, ESTANISLAO

      Azpeitian bizi zen. Zurgina zen lanbidez. Errepublika-garaian UGT sindikatuan afiliatuta egon zen. Gerora, JSUren UHP batailoian sartu zen eta 1938 erdialdean Donostiako 14. Epaitegi militarrean haren kontrako prozedura sumarisimoa ireki zen. 1939ko abuztuaren 4ean gerra-kontseiluak auzia artxibatzea erabaki zuen, «egotzitako gertaerak garrantzi handikoak ez zirelako». Akordio hori hilaren 28an berretsi zuen 6. Erregio Militarreko Gerra Ikuskaritzak.

416. CORTABARRIA LAZCANO, ESTEBAN

      Azpeitian bizi zen. UGTn afiliatuta zegoen. JSUren UHP batailoiko milizianoa zen. Gerra-frontean zauritu eta La Rosaire (Bidarte) ospitalera eraman zuten. Eskuineko hanka anputatu zioten.

417. CORTABARRIA LAZCANO, GREGORIO

      Gregorio Azpeitiko San Ignacio kaleko bizilaguna zen eta saskigile aritzen zen Dionisio Echeverria altzari-enpresan Errepublika-garaian. ELAko afiliatua eta EAJko militantea zen. Gerra hasi zenean, eskuindartzat hartutako presoen zaintzaldiak egin zituen abuztuaren 6tik irailaren 19ra bitartean. Altxatutako tropak gertu zeudela eta, Gregoriok Bilbora ihes egin zuen. Bertan, saskigile gisa jarraitu zuen lanean, 1937ko maiatzean berari zegokion kinta mobilizatu zuten arte. Orduan, Gregorio San Andrés zulatzaileen batailoian erroldatuta geratu zen, aurrena Zeberioko eremuan eta gero Balmasedan gotorlekuak eraikitzen. Azkenik, 1937ko abuztuaren 26an Santoñan harrapatu zuten. 1937ko irailaren 30ean Presoak Sailkatzeko Batzordeak egindako txostenaren eraginez, Gerra Ikuskaritzak egoki ikusi zuen epaitzea, nahiz eta Azpeititik, Dionisio Echeverria lan egin zuen enpresako arduradun gorenak egindako txostenak atxilotuaren «jokabide ona» nabarmentzen zuten. Izan ere, Guardia Zibilaren nahiz alkatetzaren eta Falangearen txostenek zioten, Gregoriok zaindu zituen presoekiko «jokabide akatsgabea» izan zuela; hain zuzen ere, «armada nazionala hurbil zelako Bizkaira bidean preso horiek ebakuatzeko garaian, gaur egun Erreketeen Kapitain den Velaz jaunak hogeita bost pezeta eman zizkion saritan». Aitorpen horiei Cruz María Echeverria lekukoaren aitorpenak gehitu zitzaizkion, eta hark hau esan zuen: «auzipetuaz esan litekeen gauza txar bakarra haren ideia nazionalisten ingurukoa da, orduan gazteen artean zorigaiztoz zegoen korrontea jarraitzeagatik».

      Instrukzio-aldian, Gregorio Zaragozako 177. langileen batailoian egon zen preso; Santoñatik 1938ko abenduaren 20an eraman baitzuten hara. 1939ko martxoaren 6an Ondarretako espetxean sartu zuten, eta bertan egon zen preso urte hartako apirilaren 29ra arte, auzia artxibatu eta «A atalean» sailkatu ostean.

418. CORTABARRIA LAZCANO, JOSE

      Azpeitian jaio zen 1916an, eta San Ignacio kalean bizi zen. ELAren lanik gabeko langileen zerrendan sartuta zegoen 1935ean. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertziora sartu zen, errekete graduazioarekin. 1937ko apirilean gerrako frontean zauritu zuten.

419. CORTINA ESCALZA, ANDRES

      Bilbon jaio zen eta Azpeitian bizi zen. Sendagilea zen lanbidez. 1941eko otsailaren 11n Azpeitian atxilotu eta herriko espetxean sartu zuten preso, gobernadore zibilaren aginduz. Urte horretako otsailaren 24an Bilboko Tabako-fabrikako espetxera eraman zuten, «gorrien agintaldian» Bizkaian bere lanbidean jardun izana leporatuta.