eu | es
Hasiera » II. liburukia » 2. Izenak

 

2. Izenak

766. MACAZAGA BERISTAIN, IGNACIA

      Azpeitian bizi zen. Azpeititik ihes egin zuen altxatutako tropak udalerrian sartu baino zertxobait lehenago, eta Bidanian hartu zuen babes. Ihes egin eta handik gutxira herrira itzultzea eta Plaza Nagusian zuten dendan lanean jarraitzea erabaki zuen ordea. Kolpistek behin eta berriro bahitzen zizkioten dendako salgaiak eta, beraz, zulo bat egin behar izan zuen gauzak gordetzeko. Militarrentzako arropa jostera ere behartu zuten. Emakume asko behartu zituzten hartara, baina salbuetsi egiten zituzten adingabeak haien kargu zituzten alargunak; egoera hartan zegoen Ignacia.

767. MADRAZO GARCIA, SILVESTRE

      EAJko militantea eta 1931n Azpeitiko zinegotzi izan zen Silvestre, eta Erantzukizun Politikoen Eskualdeko Auzitegiak epaitu zuen 1943an. Hala ere, urte hartako uztailaren 17an, absolbitu egin zuten, Auzitegiak erabaki baitzuen «gorri-separatistak» agintean zirenean ez ziela Azpeitiko eskuindarrei kalterik egin. Era berean, Auzitegiak adierazi zuen herrian gelditu zela herria kolpistek hartu zutenean eta berehala egin zuela bat «Movimiento» delakoarekin eta Falangen afiliatuta ere egon zela.

768. MAESTRO GARCIA, EUSEBIO

      1939an Azpeitiko postuko guardia zibila zen.

769. MANGAS LUENGO, FLORENCIO

      1938 eta 1939 urte artean Azpeitiko postuko Guardia Zibilaren komandantea izan zen. Auzitegi militarrek eskatuta gerra-kontseilu frankistetan epaitutako azpeitiarren aurkako salaketa-idatzi ugari egin zituen.

770. MANRESA FERNANDEZ, JOSE

      Collosa de Segurakoa (Alacant) zen eta Linaresen (Jaen) bizi zen. 12 urte eta egun bateko espetxe-zigorra ezarri zioten «matxinadari laguntzearen» ustezko delitua leporatuta. Azpeitiko espetxean sartu zuten preso 1941eko martxoaren 26an. Azaroan baldintzapeko askatasuna eman zioten.

771. MARCO ZABALETA, VICTOR

      Victor jatorriz azpeitiarra zen eta Donostian bizi zen. Lanbidez gidaria eta UGTko militantea, Fronte Popularraren esanetara jarri zen gerra hasi zenean. Zaintzaldiak egin zituen armak hartuta eta Gipuzkoako hiriburutik ateratzen eta bertara sartzen ziren «bidaiarien dokumentazioa aztertzen» aritu zen. Gerora, baliteke Bizkaira ihes egin izana eta Eusko Gudarostearen zerbitzuren batean aritu izana, baina ez dago ziurtagiririk.

      Edozein kasutan, 1937 erdialdean preso zegoen Bilbon, eta bertan epaitu zuten gerra-kontseiluan. 1937ko irailaren 3an 12 urte eta egun 1eko espetxealdira zigortu zuten, «matxinadari laguntzearen» ustezko delituagatik. 1938ko abuztuan Burgosko espetxe nagusira eraman zuten. Urte horretako azaroan Astorgako espetxera eraman zuten, eta bertan egon zen 1940ko uztailaren 8an espetxealdi arindua lortu zuen arte, zigorra 2 urteko espetxealdi txikira murriztu baitzioten.

772. MARQUEZ, JOSE

      1936ko irailaren 25ean Azpeitiko Falangeko tokiko buruzagia zen.

773. MARTIARENA IRIBARREN, FRANCISCA

      Azpeitian bizi zen. Gironan babes hartu zuen 1937an, Ricardo Baltasar Pagés senarrarekin batera.

776. MARTIN ARENAS, CIPRIANO

      Azpeitian bizi zen. Urrestillako ikastetxeko maisua zen. 1936ko azaroaren 8ko dekretuaren harira, Gipuzkoako gobernadore zibilak hala aginduta, lanpostutik bota zuten.

777. MARTIN CASAS, JULIO

      1941ean Azpeitiko postuko guardia zibila zen.

774. MARTIN MARTINEZ, MANUEL

      Linaresekoa (Jaen) zen eta La Carolinan (Jaen) bizi zen. Meatzaria zen lanbidez. 12 urte eta egun bateko espetxe-zigorra ezarri zioten «matxinadari laguntzearen» ustezko delitua leporatuta. Azpeitiko espetxean sartu zuten preso 1941eko martxoaren 26an. Urte horretako uztailean Donostiako San Antonio Abad Ospitale Zibilera (Manteo ospitala) eraman zuten eta bertan hil zen 1942ko otsailaren 14an, biriketako tuberkulosiak jota.

775. MARTIN VIZCAINO, DOROTEO

      Villanueva de Arzobispokoa (Jaen) zen eta Beas de Seguran (Jaen) bizi zen. Nekazaria zen lanbidez. 12 urte eta egun bateko espetxe-zigorra ezarri zioten «matxinadari laguntzearen» ustezko delitua leporatuta. Azpeitiko kartzelan egon zen 1941eko martxoaren 26tik 1942ko azaroaren 26ra bitartean.

779. MARTINEZ ANTOŃANA, AURELIO

      Azpeitiarra. Altxatuek mobilizatu eta erreketeen batailoi batean sartu zuten. 1937ko maiatzean gerrako frontean zauritu zuten.

780. MARTINEZ ARCOLAIZ, MANUEL

      1914an jaio eta Azpeitian bizi zen. Donostiako 11. auzitegi militarrak Manuelen aurka ohiko prozedura sumarisimoa abiatu zuen 1939an, eta instrukzioak iraun zuen bitartean auzipetua non zegoen ez zekiten. 1940ko irailaren 6an instrukzio-epaile militarrak Manuel auzi-iheslari izendatu zuen, eta auzipetua lokalizatu arte artxibatuta geratu zen auzia. Ziurrenik Azpeitiko Komandantziako aginduetara borrokan arituko zen 1936ko udan.

781. MARTINEZ DIAZ, PEDRO

      1938an Azpeitiko postuko guardia zibila zen.

782. MARTINEZ MENDIZABAL, VICENTE

      Jatorriz azpeitiarra zen eta Donostian bizi zen. Gipuzkoan Ordizian lehen konpainietan mobilizatutako milizianoa izan zen. Tokiko agintari kolpisten txostenetan jasotakoaren arabera, «Izquierda Republicanaren zentroan maiz izaten zen, zentro horretako zuzendaritzakotzat zuten (...) Herrian gorri-separatistak agintean ziren bitartean zuzendari gisa jardun zuen, eta hala, Glorioso Movimiento Nacional delakoaren aurkako jarrerak ikusi zitzaizkion batzuetan». 1937ko abenduaren 21ean Guardia Zibilak Ordizian atxilotu zuen.

783. MARTINEZ OLAECHEA, IGNACIO

      Azpeitiarra. Inprimatzailea zen lanbidez. Gipuzkoako gobernadore zibilaren aginduz 1939ko irailaren 14an eratutako Udalbatzako kide bihurtu zen.

784. MARTINEZ OLAECHEA, JUSTO

      Azpeitiarra. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten soldadualdiko soldadu gisa, sarjentu graduazioarekin. 1939ko ekainean eratutako batzordeko kidea zen. Batzordea Pérez Arregui plazan borrokan hildako Azpeitiko borrokalari frankisten ohoretan egindako monumentua eta herriko hilerrian mausoleoa eraikitzeko proiektuen kudeaketaz arduratzen zen.

785. MARTINEZ TIRADO, ANTONIO

      Torrequebradillakoa (Jaen) zen eta Villagordon (Jaen) bizi zen. Nekazaria zen lanbidez. 12 urte eta egun bateko espetxe-zigorra ezarri zioten «matxinadari laguntzearen» ustezko delitua leporatuta. Azpeitiko kartzelan egon zen 1941eko martxoaren 26tik uztailaren 23ra bitartean.

778. MARTINEZ, GREGORIO

      Azpeitian bizi zen. Armagina zen lanbidez. Azpeitiko Fronte Popularreko Defentsa Batzordeko boluntarioa zen.

786. MATEOS JAREŃO, DOMINGO

      Villagordon (Jaen) jaio zen eta bertan bizi zen. Industrialaria zen lanbidez. 12 urte eta egun bateko espetxe-zigorra ezarri zioten «matxinadari laguntzearen» ustezko delitua leporatuta. Azpeitiko kartzelan egon zen 1941eko martxoaren 26tik uztailaren 23ra.

787. MAYA PEREZ, ANTONIO

      1938 eta 1939 artean Azpeitiko espetxeko burua izan zen. Gerora emakumeen Saturrarango kartzelako zuzendari izan zen.

788. MENDARO, JUAN MARIA

      Azpeitiarra. Abadea. Azpeitiko Fronte Popularreko Defentsa Batzordearen aginduz giltzaperatu zuten.

790. MENDIA URANGA, FELIX

      Azpeitiarra. Oinatz auzoko Zabaletxe baserrikoa zen. San Ignacio tertzioak mobilizatu zuen. Teruelgo gerrako frontean zauritu zuten.

791. MENDIA URANGA, JULIAN

      Azpeitiarra. Oinatz auzoko Zabaletxe baserrikoa zen. Altxatuek mobilizatu eta Arapileseko mendi-batailoira sartu zuten 1937ko apirilean.

789. MENDIA VENANCIO

      Azpeitiarra. Azpeitiko udal-epailea zen 1933an.

792. MENDIOLA, CARLOS

      Azpeitiarra. Jarraitzaile tradizionalista zen. Azpeitiko azokako laguntzailea zen. Altxatutako tropak sartu ostean lanean aritu zen funtzionario gisa.

793. MENDIOLA, MANUEL

      Azpeitiarra. Jesuita. Eskoletako ikuskatzailea zen 1934an. Azpeititik Bizkaira ihes egin zuen altxatutako tropak udalerrian sartu baino zertxobait lehenago.

794. MENDIZABAL ODRIOZOLA JOSE

      Azpeitiarra. Ebanista zen ogibidez. UGTn afiliatuta zegoen 1934an.

795. MENDIZABAL ODRIOZOLA, MARCELINO

      1913an jaio zen, eta Izarraitz auzoko Zabalia-berri baserrian bizi zen. Ebanista zen ogibidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin. Lemoako frontean hil zen 1937ko ekainaren 5ean.

797. MENDOZA MARTINEZ, TELESFORO

      1911n jaio eta Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu zuten. 1939ko urtarrilean Teruelgo gerrako frontean zauritu zuten.

796. MENDOZA, EMILIO

      Azpeitiarra. Azpeitiko UGTko idazkaria zen 1934an.

798. MICHELENA ARAMENDI, CANDIDO

      1913an Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Loyola batailoiko Lartaun 2. konpainiako gudaria zen.

799. MICHELENA ARAMENDI, CATALINA

      Azpeitian jaioa zen eta han bizi zen. Azpeitiko espetxean preso egon zen 1938ko abenduaren 11tik 21era bitartean. Ondoren, Ondarretako kartzelara eraman zuten Ordena Publikoaren Gipuzkoako ordezkariak hala aginduta.

800. MONTEAGUDO PIŃEIRO, FRANCISCO

      Pontevedrako Cerdedo herrikoa zen. Azpeitiko kartzelan sartu zuten 1938ko azaroaren 14an; izan ere, legez kanpoko billeteak harrapatu zizkioten eta kontrabandoan aritzeaz akusatu zuten. Ondoren, Ondarretako espetxera eraman zuten eta Donostiako 14. epaitegi militarrak inputatu egin zuen. 1939ko urtarrilaren 24an auzia ixtea eta akusatua behin betiko aske uztea erabaki zuten.

801. MONTERO ARRIZABALAGA, PABLO

      1918an jaio eta Azpeitian bizi zen. 1940an Azpeitiko udalak «iheslari» izendatu zuen.

802. MONTORO FERNANDEZ, PEDRO

      Jaengo Huelma herrikoa zen eta Cabra de Santo Cristo (Jaen) herrian bizi zen. Elektrikaria zen ogibidez. Gerra-kontseiluan 12 urte eta egun 1eko espetxealdira zigortu zuten «matxinadari laguntzearen» ustezko delituagatik. Azpeitiko kartzelan preso egon zen 1941eko martxoaren 26tik uztailaren 23ra bitartean. Donostiara eraman zuten gero.

803. MORAL LEDESMA, AVELINO

      Azpeitian bizi zen. JSUren UHP batailoiko milizianoa zen.

804. MORAL LEDESMA, JOSE MARIA

      Azpeitian bizi zen. Ziurrenik Jose Maria, Avelino eta Leandro anaiek bezalaxe (Avelino frontean hil zen), gerran miliziano gisa UHP batailoi sozialistan sartuta parte hartuko zuen. Edonola ere, egiaztatuta dagoen gauza bakarra da 1937ko irailerako Donostiako Ondarretako espetxean zegoela preso. Handik urtebetera, urriaren 5ean, Jose Maria Donostiako 4. epaitegi militar iraunkorrak urgentziazko prozedura sumarisimo bidez auzipetu zuen.

      1938ko maiatzaren 7an auzia behin-behinean artxibatzea erabaki zuten, «egotzitako gertaerak zigortzekoak ez zirelako». Hala ere «B atalean» sailkatu zuten eta langileen batailoira bidali zuten.

805. MORAL LEDESMA, LEANDRO

      San Asensiokoa (Errioxa) zen jaiotzez Leandro. 13 urte besterik ez zituela iritsi zen Azpeitira. Avelino Moral aita merkataria zen, eta agintari errepublikano ezaguna izan zen herrian errepublika-garaian. Badirudi, Leandro, gerra hasi ondoren, Azpeitiko Defentsa Batzordearen zuzendaritzan sartu zela. Ondoren, JSUren UHP batailoian sartu zen Jose Maria eta Avelino anaiak bezala. 1937ko apirilaren hasieran Otxandioko frontean zegoen Leandro, bere konpainiako ofizialorde, eta zaurituta, Bilboko ospitale zibilera eraman zuten. Apirilaren 2an hil zen, eta ez dakigu non lurperatu zuten. 28 urte zituen Leandrok eta ezkonduta zegoen.

806. MORAL REQUETA, AVELINO

      Avelino 1879an jaio zen San Asensio herrian (Errioxa). Lanbidez merkataria, 1922an iritsi zen Azpeitira, eta La Cepa izeneko taberna zabaldu zuen. Errepublika-garaian buruzagi ezkertiar nabarmena izan zen, Circulo Republicano delakoaren kide eta Izquierda Republicana alderdiko presidente 1934an. 1936ko irailean, altxatutako tropak berehala sartuko zirela eta, Avelinok Bilbora ihes egin zuen, eta bertatik Vicente Guiberti gutuna zuzendu zion, bere etxea eta negozioa konfiskatzea baimendu izana aurpegiratuz. Gutun hori gerora Avelinoren aurkako urgentziazko prozedura sumarisimoan erabili zen, ustez hitzez hitz honako hau esaten baitzuen: «edozein modutan eta edonon elkar ikusi behar dugu». 1937ko ekainean Kantabriako Astillero udalerrira joan zen, eta bertan lortu zuen tokiko Falangearen buruzagiak igarobaimena egitea, eta horri esker jaioterrira itzuli ahal izan zen. 1937ko irailaren 2an San Asensioko Guardia Zibilak atxilotu zuen «ordena politiko eta sozialean pertsona hori nolakoa zen ikertzeko asmoz», itxuraz dirua baitzeraman gainean. Ikerketetan, postuko komandanteak San Asensioko hiru biztanleren testigantza lortu zuen «muturreko ideiak» zituela esateko, eta Avelino herrira etorri zen egunen batean «gora Errusia» oihu egin zuela. Era berean, Azpeitiko Falangeak eta Guardia Zibilak laster lagundu zuten ikerketetan, eta hilaren 6an bakoitzak bere txostena bidali zuen. Horietan, Avelino «pertsona oso arriskutsua» eta «gazteria pozoitzen» zuena zela esan zuten, eta horixe zen «ideia iraultzaileen benetako fokua». Horrez gain, eskuindar batzuei armak kendu eta «jendaila marxistaren» artean banatu izana , eta Defentsa Batzordeko kide izatea leporatzen zien.

      Hori guztia dela eta, urrian Ondarretako espetxera eraman zuten, eta bertan San Asensioko Guardia Zibilaren aurrean egindako aitorpen bera berretsi zuen. Bietan, beraz, onartzen zuen Circulo Republicano delakoaren kide izatea, baina ukatu egiten zuen haren sortzaile izatea, baita Defentsa Batzordean egon izana ere. Era berean, zeraman dirua egindako lanaren fruitua zela aitortu zuen, eta Vicente Guiberti idatzitako gutuna kexa bat besterik ez zela, ez mehatxua. Baina ordutik eta 1938 erdialdera arte Donostiako epaitegi militarrera Azpeitiko Udalak eta Falangeak proposatutako hainbat lekukoren testigantzak iritsi ziren, eta horien arabera, aurretik egindako salaketak berresten ziren. Zehazki, Pedro Segurola Querejeta (udaltzaingoaren burua), Casto Orbegozo eta Galo Barrena izan ziren La Cepa taberna ezkertiarren fokua zela esan zutenak, eta 1936ko uztailean Eibartik ekarritako armak banatzeko erabili zutela, eta Batzordeko kide izanda edo milizia antifaxistak antolatuta, Avelino «Azpeitian gorrien agintaldian gertatutakoaren erantzule nagusietako bat» zela esan zuten. Bestalde, Vicente Guibertek, ustez Avelinok gutunean mehatxu egin zionak, aitortu zuen «auzipetuaz iritzi ona zuela arlo pertsonalean, eta ezin zuela ez aldekorik, ez kontrakorik esan haren arlo politikoaz».

      1938ko uztailaren 29an Avelinok berriz deklaratu zuen hirugarren aldiz Ondarretako espetxetik. Kasu honetan argudio berriak eman zituen. Alde batetik esan zuen «euskal nazionalistek boikotatu egin zutelako soilik sartu zela alderdi errepublikano batean»; izan ere, ez zituen batere begiko. Bestalde, esan zuen Paulino Uzcudunen bizitza salbatzeko esku hartu zuela, eta auzipetuaren arabera, Vicente Guibert eta Pascasio Carasusanek berrets zezaketen hori. Baina haietako inork ez zuen testigantza hori berretsi.

      Azkenik, 1938ko abenduaren 1ean, gerra-kontseiluak baliozkotzat eman zituen Avelinoren aurka erabilitako argudioak, horretarako, Defentsa Batzordeko kide izanaren inguruan frogarik ez egotea soilik nabarmendu zuen. Beraz, 30 urteko espetxealdi handira zigortu zuten, «matxinada militarraren» ustezko delitu bategatik.

      1939ko abenduaren 28an, Erantzukizun Politikoen Eskualdeko Auzitegiak, epai baten bidez, errudun jo zuen Avelino, aurretik, Gipuzkoako Ondasunak Konfiskatzeko Batzordeak ezarria zuen irizpenaren harira. Batzorde hark Avelinoren jabetzako ondasun guztiak, 10.000 pta-ko baliokoak, bahitzeko eta Banco Guipuzcoano bankuan zuen kontua blokeatzeko agindua zuen. Beraz, Auzitegiak erabaki zuen 5.000 pta-ko kalte-ordaina ordaintzea izango zela zigorra.

      Hala ere, 1941ean, espetxealdi arinduan zegoela, ondasunak itzul ziezazkiotela eskatu zuen Avelinok. 1942an Gipuzkoako gerra-ikuskatzaileari aurrezki-libreta desblokeatzeko eskatu zion, 5.000 pezetako zigorra ordaindu zuela-eta.

807. MORALES ARTILLES, JUAN

      Las Palmas Kanaria Handikoa zen eta han bizi zen. Arotza zen lanbidez. Azpeitiko espetxean hil zen 1939ko abuztuaren 13an.

808. MORO JUARISTI, MANUEL

      Azpeitian jaio zen 1910ean, eta Santiago kalean bizi zen. Tailugilea zen ogibidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen teniente graduazioarekin. Durangoko gerra-frontean zauritu zuten.

809. MOYA LOPEZ, PABLO

      Santesteban del Puerto (Jaen) herrian jaioa zen. Mekanikaria zen lanbidez. Gerra-kontseiluan 12 urte eta egun 1eko espetxealdira zigortu zuten «matxinadari laguntzearen» ustezko delituagatik. 1941eko martxoaren 26tik uztailaren 25era bitartean Azpeitiko espetxean eduki zuten. Gero, Santa Rita (Madril) espetxera eraman zuten.

810. MOZO EGUIGUREN, MARCOS

      Azpeitian bizi zen. UGTn afiliatuta zegoen. 1933ko udal-hauteskundeetan hautagai errepublikanoa izan zen, baina ez zuen ordezkaritzarik lortu. Azpeitian eratu zituzten UGTren milizietan ibili zen miliziano.

811. MOZO EGUIGUREN, PRUDENCIO

      Azpeitian bizi zen. UGTn afiliatuta zegoen. Izquierda Republicanako kidea zen. Azpeitian eratu zituzten UGTren milizietan ibili zen miliziano.

812. MOZO EIZAGUIRRE, PEDRO

      Azpeitian bizi zen. UGTn afiliatuta zegoen. Azpeitiko Fronte Popularreko Defentsa Batzordeko kidea zen. Azpeitian eratu zituzten UGTren milizietan ibili zen miliziano.

813. MOZO JUARISTI, MANUEL

      1909an jaio eta Azpeitian bizi zen. Tailugilea zen ogibidez. 1934an langabezian zegoen eta ELAn afiliatuta. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen teniente graduazioarekin. Gipuzkoako gobernadore zibilaren aginduz 1939ko irailaren 14an eratutako udalbatzako bigarren alkateordea izan zen. Aldi baterako alkate izan zen 1941ean. Gipuzkoako gobernadore zibilaren aginduz 1941eko azaroaren 10ean eratutako udalbatzako bigarren alkateordea izan zen. Borrokan hildako borrokalari azpeitiar frankisten ohorez Perez Arregi plazan monumentu bat eta herriko hilerrian mausoleo bat eraikitzeko proiektuak kudeatzeko 1939ko ekainean osatu zuten batzordeko kidea zen.

814. MUGABUREN BERISTAIN, LUCIO

      1913an Azpeitian jaioa zen eta Odria auzoko Turbina etxean bizi zen. Barnizatzailea zen lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen kapitain graduazioarekin. Lemoako gerra-frontean hil zen 1937ko ekainaren 3an.

815. MUGICA CENDOYA, IGNACIO

      1911n jaio eta Azpeitian bizi zen. Azpeititik Bizkaira ihes egin zuen altxatutako tropak udalerrian sartu baino zertxobait lehenago.

816. MUGICA URANGA, FRANCISCO

      1916an Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Ebanista zen ogibidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen txapel gorrien graduazioarekin. 1937ko apirilean gerrako frontean zauritu zuten, Otxandion.

817. MUGURUZA ORBEGOZO, JUAN

      Azpeitikoa. Juan, Avelino Moral bezalaxe, errepublika-garaian Azpeitiko Izquierda Republicana alderdiko militante izan zen. Hargina lanbidez, gerra hasi zenean babeslekuak eraikitzen aritu zen, eta Mandubiko eremuan hainbat biaduktu leherrarazten parte hartu zuen. Gero Bilbora ihes egin zuen, eta bertan ingeniarien 1. batailoian erroldatuta geratu zen sarjentu gisa, defentsa-sistemak eraikitzen aritu zelarik. Azkenik, 1937ko abuztuan Santońan harrapatu zuten. El Duesoko kartzelan espetxeratu eta gerra-kontseiluan prozesatu zuten irailean beste bost lagunekin batera. Instrukzioaren zati gisa Azpeitiko Udalaren txostena gehitu zuten; bertan, Juan UGTko afiliatua zela, eskuindar batzuei konfiskatzeak egin zizkiela eta «zubi eta errepideak leherrarazi eta kalte handiak sortu zituen taldeko burua» zela leporatu zien. Hiru kasu horiek ukatu egin zituen auzipetuak deklarazioan. Baina epaitegi militarrak baliozkotasuna eman zien, eta 1937ko irailaren 10ean heriotza-zigorra jarri zioten auzipetuetako beste birekin batera.

      Ezarritako zigorra Gerra Ikuskaritzak berretsi zuen arren, Estatu Idazkaritza Nagusiak zigorra arindu zion «maila baxuagokoarekin» 1938ko otsailaren 24an. Beraz, 30 urteko espetxealdira zigortuta geratu zen. 1943ko apirilean zigorra berriz arindu zioten, 20 urteko espetxealdira, baina urte horretako abuztuaren 8an baldintzapeko askatasuna eman zioten. Espetxetik atera ostean, lehenengo Zarautzen jarri zen bizitzen, gero Errenterian, eta azkenik, Tolosan. Azpeitian jabetzan zuen ondasuna, «eliz kaleko 22. etxeko lehen pisua eta behe-solairuaren, ganbararen eta etxeko zati komunen» zati zatiezina ,askatu aurretik konfiskatu zizkioten.

818. MULLOR HERNANDEZ, MANUEL

      Almeriako Anix herrikoa zen. Gerra-kontseiluan 12 urte eta egun 1eko espetxealdira zigortu zuten «matxinadari laguntzearen» ustezko delituagatik. 1941eko martxoaren 26tik uztailaren 20ra bitartean Azpeitiko espetxean eduki zuten. Gero, Santa Rita (Madril) espetxera eraman zuten.