eu | es
Hasiera » I. liburukia » 4. Errepresioa Azpeitian eta azpeitiarren aurka lehen frankismoan » 4.5. Urrestillako gertaerak eta epaiz kanpoko beste exekuzio batzuk

 

4.5. Urrestillako gertaerak eta epaiz kanpoko beste exekuzio batzuk

 

    «Irailaren 27an, goizaldeko ordu batean, bi pertsona fusilatu zituzten, eta hilaren 28an hilerri honetan lurperatu zituzten. Lasquibar apaizak eman zien penitentziako sakramentua, eta Juan Aracama apaizak, berriz, oliadura. Irailaren 29an, beste pertsona bat fusilatu zuten gaueko hamaiketan, eta hilaren 30ean lurperatu zuten. Casiano Garayalde apaizak eman zion penitentziako sakramentua, eta oliadura, berriz, Juan Aracama apaizak. Urriaren biko gauean, gaueko hamaiketan, beste pertsona bat ere fusilatu zuten, eta hilaren 3an lurperatu zuten. Apaiz berdinek eman zizkieten sakramentuak. Ez zituzten haien heriotza-agiriak sinatu, militarrek ez baitzuten haien daturik eman nahi izan»(*).

      Urrestillako parrokiako heriotzen 9. liburuan dago ohar hori jarrita, solte. Ignacio Artechek aipatu zuen Historia de Azpeitia liburuan(*) eta hori da altxatutako tropek Urrestillan 1936ko irailaren hasieratik urriaren hasierara eginiko fusilamentuei buruz iturririk argigarriena. Horrez gain, bada datarik gabeko beste ohar bat, 1936ko uztailaren 18ko heriotza-akta baten ertzean jarria. Honako hau dio:

    «Ezin izan da parrokia honetako jurisdikzioan hil dituzten lau pertsonen heriotza-agiririk egin, militarrek ez baitute beharrezko daturik eman nahi izan»(*)

      Badirudi aipatutako ohar solte hori Urrestillako Tomas Telleria apaiz ekonomoak idatzitako jatorrizko oharraren transkripzio bat dela. 1936ko uztailaren 18ko aktan eginiko oharra, berriz, badirudi aipatutako Tomas horrek idatzia dela, baina oharra egina duen heriotza-aktaren data ez dator bat oharrean kontatutakoekin.

Antonio Valderrama Barrenechearen heriotza-akta. (Donostiako Erregistro Zibila)

      Ignacio Artechek, agiri horietatik abiatuta, Iñaki Azpiazuren lana kontsultatu zuen militarrek fusilatu eta izenak gordetzen saiatu ziren haiek nor ziren jakiteko. Eta hain zuzen ere, Iñaki Azpiazuk liburuan kontatu zuen nola Azpeitiko espetxean preso zegoela zeldetatik atera zituzten bi miliziano, «bata Bilbokoa eta bestea Erandiokoa» eta, fusilatzera eraman zituzten, Jose Antonio Lasquibar apaizaren aurrean aitortza egin eta gero. Horrez gain, Valderrama abizena zuen sendagile odontologo donostiar batekin izandako harremana ere kontatzen du liburuan. Iñaki Azpiazu askatu zuten egun berean fusilatu zuten Valderrama hura: «Hurrengo egunean baldintzapean aske utzi ninduten. Gau hartan bertan, epaiketarik eta inolako prozesurik gabe fusilatu egin zuten». Apaiz azpeitiarrak gehiago ere kontatu zuen fusilatuaren familiako bati erreferentzia eginez. Familiako hari zer gertatu zen kontatu zion eta hona zer erantzun zion hark: «Mesede hori ere zor digu guri. Horri esker, izandako bizitza gaiztoaz damututa hiltzeko aukera izan baitu»(*).

      Beraz, Iñaki Azpiazuk aipatutako bi milizianoak irailaren 27an fusilatutako haiek izan daitezke, Tomas Telleriaren oharraren arabera, baina ez dago bi haiek nor ziren jakiteko daturik, ez apaiz azpeitiarrak haien jatorriaz adierazitakoaz gain beste daturik. Valderrama abizeneko odontologo hari dagokionez, Iñaki Azpiazu espetxetik «1936ko urriaren lehen egunean» atera zela kontuan hartuta(*), baliteke Valderrama urriaren 2an fusilatua izatea. Kasu horri dagokionez, bada Antonio Valderrama Barrenechea izeneko donostiar bati dagokion heriotza-akta bat, eta heriotzaren lekua eta data erregistratzen den tokian honako hau dio: «Hiri hartan (Donostian) desagertu zen 1936ko irailean»(*).

Lorenzo Zabala Riosen auzipetze-espedientea.
(Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintziala).

      Torrelavegako (Kantabria) 19 urteko gazte bat ere aipatzen du Ignacio Artechek egun haietan fusilatutakoen artean, Lorenzo Zabala Ríos izenekoa(*). Irailaren 29an eraildakoa izan daiteke mutil hura lehen aipatutako iturriak kontuan hartuz gero. Ez dakigu, ordea, Ignacio Artechek nondik atera zuen pertsona haren izena, Iñaki Azpiazuk ez baitzuen aipatu. Nolanahi ere, bada Tolosako espetxeko espediente bat, eta hor jasota dago Lorenzo Zabala Ríos delako bat atxilotu zutela 1936ko abuztuaren 19an (badirudi hasiera batean izen faltsua ematen saiatu zela Pedro Ríos Puentevilla zela esanda). Espediente horren arabera, Ondarretako espetxera eraman zuten azaroaren 13an, ondoren Beran (Nafarroa) fusilatu zituzten beste preso batzuekin batera(*).

      Beraz, Tolosako espetxeko txosten horretako datuak zuzenak badira, akatsen bat dago Ignacio Artechek fusilatutako pertsonaren inguruan eginiko identifikazioan.

      Azkenik, Iñaki Azpiazuk kontatu eta Ignacio Artechek jasotako gertaerak izan eta handik hilabetera, beste pertsona bat ere hil zuten Urrestillan. Jose Francisco Echaniz Azpiazu, ezizenez «Astapatxiko» hain zuzen ere. 42 urte zituen eta ELAko sindikalista zen. Badirudi Mendaron ezkutatuta zegoela, eta atxilotu ondoren, Urrestillako hilerriaren kanpoaldean fusilatu zuten 1936ko azaroaren 1ean(*).

      Edonola ere, 2014ko azaroan, Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikari talde batek, Urrestillako hainbat herritarrek fusilatuak auzo hartako hilerriaren kanpoaldean lurperatu zituztela adierazteko emandako lekukotzen harira, azterketa arkeologikoak egin zituen fusilatu zituzten gutxienez lau pertsona haien gorpuzkiak bilatzeko. Ez zituzten aurkitu ordea; agian, 1936tik gerora, inguru hartan pinuak landatu eta ondoren haiek aterata lurrak mugitu zituztelako. Baina litekeena da gorpuzkiak hilerri barrura eraman izana ere, hala kontatu baitzuen lekuko batek.

      Azken aukera gisa, baliteke pertsona haien hezurrak lurpetik atera eta Valle de los Caídos delakora eraman izana Gobernazio Ministerioak probintzietako gobernadore zibilei 1958an igorritako Zirkularra betez. Zirkular hark adierazten zuen hobi komunak nola aurkitu eta haietako hezurrak nola atera, gero Madrilera eramateko. Nolanahi ere, ez dugu hori horrela izan zela frogatzen duen dokumentaziorik aurkitu.

Urrestillako hilerriaren kanpoaldea. Han egindakoak dira fusilatutako pertsonen gorpuzkinak aurkitzeko zundaketa arkeologikoak.
(Aranzadi Z.E.).

 

 

4.5.1. Epaiz kanpo fusilatutako beste azpeitiarrak

 

      Urrestillako hilerriko gertakariez gain, Azpeitian epaiz kanpoko beste fusilamendurik egon ote zenaren zalantzak argitu gabe jarraitzen du. Testigu zuzenak izan ez ziren bizilagun batzuek baieztatzen dute matxinatutako tropak sartu zirenetik gutxienez bi pertsona fusilatuak izan zirela Dirudienez, Eskusta baserri inguruko baratze batean lapurtzen harrapatu zuten gazte bat eraila izan zen, inguru horretan lurperatu zutelarik. Halaber, eraila izan zen beste pertsona baten gorpua Uresaundi baserri inguruan egon daiteke. Edonola ere, susmo hauetatik bat bera ere ezin izan da egiaztatu orain arte.

      Bestalde, iturri batzuen arabera, Azpeitiko gazte bat Deban fusilatua izan zela esan zuen Iñaki Azpiazuk, 1936ko irailaren bukaeran herri horretan bertan preso hartu ondoren. Dena dela informazio hau ezin izan da egiaztatu. Azkenik, epaiz kanpo fusilatutako gutxienez hiru azpeitiarren kasuen ziurtasuna dago. Inor ez zen Azpeitian eraila izan.

GOENAGA ECHEVERRIA, LEONARDO «TXAIBER»
Leonardo Goenaga Echeverría.
(Familiak utzitako irudia).

     Leonardo Azpeitian jaio zen 1903. urtean, eta Eliz-kaleko bizilaguna zen. Tapizatzailea lanbidez, matxinatuen tropak Azpeitian sartu aurretik Bizkaia aldera ihes egin zuen. Antza denez, Markinako frontean zelarik, oinez, mendian barrena, etxera itzultzea erabaki zuen, etxera bidean Mutrikuko baserri batean aterpea eman ziotelarik. Handik gutxira errekete talde bat aurkeztu zen baserri honetan, zeinak Leonardo fusilatzea erabaki zuen baserriaren lursailetan, baserriko nagusia Leonardo lurperatua izan zen zuloa zulatzera behartu zutelarik. 1970. urtean, Leonardoren semea eta lankide bat Mutrikura joan ziren Leonardoren gorpuzkiak eskuratu eta Azpeitian lurperatzeko(*).

NAVALLAS ARTIEDA, DEMETRIO

      1897. urtean Azpeitian jaioa, Demetrio Sanguesan ezkondu zen 1925ean, Oliteko emakume batekin, Maria Usaz-ekin. Bi alaba izan zituzten, Maria Salomé eta Rosario. Bigarren errepublika garaian Demetrio Iruñeko Calceteros kaleko 6. zenbakian bizi zen. Lanbidez jostuna zen, eta Izquierda Republicana-ko atezaina(*). 1936ko uztailaren 19an Iruñeko espetxe probintzialean espetxeratua izan zen, nongo erregistro liburuan Demetrio 1937ko martxoaren 15ean espetxetik atera zela agertzen den(*). 1978. urtean Jimeno Jurio historialariari Demetrioren alabetako batek kontatu zionez, zortzi edo bederatzi hilabetez espetxean eduki ondoren exekutatua izan zen, erregimen faxistaren gorespenerako egindako ospakizun batekin kointziditu zuelarik. Konkretuki, senitarteko honek exekuzio data posibletzat 1937ko maiatzaren 7a eman zuen. Bestalde, Iruñeko erregistro zibilean heriotza akta bat ageri da, 1981eko urriaren 8an datatua, Iruñeko lehenengo instantziako epaitegiaren aginduz. Heriotza ziurtagiri honetan ez dira ageri heriotza kausak, baina heriotza hau 1936ko abuztuaren 15ean gertatu zela dio, Iruñako «vuelta del Castillo»n(*). Jakina da leku horretan hainbat pertsona izan zirela exekutatuak, horien artean Ataungo bizilagun Jose Apaolaza Mugica eta Pedro Basurto Querejeta, biak Ezkabako gotorlekuan espetxeratuak izan ostean, eta abuztuaren 27an matxinada militarraren delitupean heriotza zigorrera sententziatuak izan ondoren. Beren exekuzioak 1936ko irailaren 3an gertatu ziren, baita ere «vuelta del Castillo y puerta de socorro»n(*), zeinagatik Demetrioren exekuzioa aipatutako Ataungo bizilagunen gertaera berdintsuen ondoren gertatu ahal izan zitekeen. Dena dela, Demetrio espetxean hainbat hilabetez egon zenaren egiaztapenak, Iruñeko espetxeko erregistro liburuan eta Jimeno Juriok eskuratutako datuetan ikus daitekeenez, Demetrioren exekuzioa 1937. urteko erdialdean gertatu zenaren ustera eramaten gaitu, eta bere heriotzaren inguruko ziurtagirian agertzen den informazioa, zeinak 1936ko abuztuan izan zela dioen, familiako ahozko transmisioaren errore edo konfusio bat dela, gertakarien urruntasunaren ondorioz.

OLAIZOLA ARREGUI, SIMON
Simon Olaizola Arregui.
(Hemendik ateratako argazkia: El otoño de 1936 en Guipúzcoa. Los fusilamientos de Hernani).

     Jatorriz Loiola auzoko Agite baserrikoa bazen ere, Simon Donostian bizi zen Bigarren Errepublika garaian. «Unión Gastronómica Guipuzcoana»ko fundatzailea izan zen, eta ELAra afiliatua zegoen. Itxura denez bere etxean izan zen atxilotua, bere emazte eta semearen aurrean, lankide batek jarritako salaketaren ondorioz, zeinak bere militantziaren berri eman zuen. Donostiako epaitegiak 1940ko irailean igorritako defuntzio aktaren arabera, Simon 1936ko urriaren 8an desagertu zen, «askatua» izan ostean, Hernaniko hilerrian fusilatua izan zela probablea den arren. Familiaren arabera, Galarretako parajean izan zen exekutatua (Hernani). Simonek 28 urte zituen, Paulina Alustizarekin ezkondua zegoen, eta adinez txikiko seme baten aita zen(*).

 


Ahotsa geratzen zaidan bitartean

hildakoez hitz egingo dut

hain geldi, hain isilik,

hain minduta daudenak.

Ahotsa geratzen zaidan bitartean

beren ametsez hitz egingo dut,

traizio guztietaz,

isiltasun guztietaz,

izenik gabeko hezurretaz

itzuleraren zain,

beren entrega absolutuaz

beren neguko minaz.

Ahotsa geratzen zaidan bitartean

ez dira isildu behar nire hildakoak(*)