eu | es
Hasiera » I. liburukia » 4. Errepresioa Azpeitian eta azpeitiarren aurka lehen frankismoan » 4.6. Gerrako preso azpeitiarrak

 

4.6. Gerrako preso azpeitiarrak

Jose Maria Garmendia Errastik preso zegoela emazteari idatzitako postala.
(Maite Garmendia Altuna).

      1937ko udan preso hartu zituzten armada frankistaren aurka gerrako frontean borrokan aritu ziren azpeitiar gehienak eta Azpeitia erori ondoren ihesean etorritakoak. Hain zuzen ere errepublika-garaian eta gerra hasi zenetik nolabait altxatutakoen aurka ibilitakoak. 1937ko ekainaren 19an Bilbo hartu ondoren, Larrinagako espetxea eta Deustuko Unibertsitatea (kontzentrazio-esparru bihurtu zuten) izan ziren Bizkaiko hiriburuko espetxe handienak. Baina zalantzarik gabe, 1937ko abuztuan, Kantabrian, atxilotu zituzten gerrako preso gisa espetxeratu zituzten azpeitiar gehienak, Eusko Jaurlaritzak frankisten zerbitzura zeuden tropa italiar faxisten aurrean eginiko kapitulaziotik aurrera. Horixe gertatu zen «Santoñako Ituna» deitu zioten hartan, abuztuaren 24an Kantabriako herri horretan sinatutako errenditze hartan. Itunaren haritik, Eusko Gudarosteak errenditu eta armak entregatu zituen euskal buruzagi gorenen ebakuazioa baimentzearen eta borrokalariak babestearen truke. Agintari frankistek ezeztatu egin zuten ituna ordea, eta El Duesoko espetxean espetxeratu zituzten berehala milaka gudari eta euskal miliziano. Urrian, epaitegi militar bat jarri zuten kartzela hartan bertan eta, beraz, sailkatuak izateko zain zeuden gerrako presoak eta zigorra jasotakoak pilatu ziren espetxe hartan. Jada zigorra jasoa zutenei dagokienez, 1937ko urrian, epaitegi hark gutxienez 510 heriotza-zigor emanak zituen jada(*).

      Lehenago, 1937ko martxoan, Bizkaiaren aurkako azken erasoa hasi baino pixka bat lehenago, altxatutako militarren buruzagiek Gerrako Presoak Sailkatzeko Agindu Orokorra igorria zuten. Hala, lau kategoriatan sailkatzen zituzten presoak:

Jose Maria Garmendia Errastik preso zegoela grabatutako gurutzea.
(Maite Garmendia Altuna).

     A) «Presoak edo aurkeztutakoak, Mugimendu Nazionalaren aldekoak izatea justifikatzen dutenak edo, gutxienez, Mugimenduaren aurkakoak ez direnak, edo etsaiaren aldean soldadu ibilitakoen kasuan, behartuta egin izana, edo lerro horietan haien borondatez soldadu ibili arren, etsaiaren fronteari aurkeztea sustatzeko igorritako aldarrien ondorioz gurera borondatez etorritakoak».

      B) «Borondatez etsaiaren aldean soldadu ibili eta beste erantzukizun sozial, politiko edo arruntik ez duten presoak».

      C) «Etsaiaren armadako buruak eta ofizialak; gure tropen aurkako ekintzetan nabarmendu edo gailendu diren pertsonak, harrapatutakoak zein aurkeztutakoak; Aberriaren eta Mugimendu Nazionalaren etsai diren alderdi eta jarduera politiko zein sozialen buruzagiak eta gailendutako kideak, Mugimendu Nazional Askatzailea baino lehen edo ondoren egindako matxinada edo bestelako ekintza sozial edo politikoko kideak».

      D) «Delitu arrunten edo jendearen zuzenbidearen aurkako delituen egiletzat jo daitezkeen pertsona harrapatuak edo aurkeztutakoak, izan delitu horiek Mugimendu Nazionala baino lehenagokoak edo ondorengoak».(*)

      Sailkapen hartatik abiatuta, B atalean sailkatutakoak eta A ataleko zalantzazkoak kontzentrazio-esparruetara eta espetxe frankistetara eramaten zituzten atxiloaldiarekin jarraitzera, harik eta langileen batailoiren batean sartzen zituzten arte. Hala, gerrako milaka preso errepresaliatu zituzten, urtetan gatibu-lanak egitera behartuta, espetxe bakoitzeko Presoak Sailkatzeko Batzordearen irizpenaren arabera. Batzorde haiek batez ere bi informazio-iturri erabiltzen zituzten erabakiak hartzeko: Presoen jatorriko lekuetako tokiko agintariek eginiko txostenak, eta agintari haiek aipatutako batzordeetan eginiko adierazpenak, defentsa-eskubiderik gabe.

Hilario Bereciartua Uranga.
(Aranzadi Z.E. / Roque Astigarraga funtsa).

     Azpeitian, tokiko lau erakundek egin zituzten ehunka herritarrei errua botatzeko txostenak eta, txosten haiek batzordeetara eta, ondoren, gerra-kontseiluetara helarazten zituzten. Hona lau erakunde horiek: Udala, Falangea, Guardia Zibila eta Eliza. Agiri haietako gehienak 1937ko bigarren seihilekotik 1941era arteko tartean egin zituzten, eta Udalak igorritako txostenen arduradun nagusia alkatea izan zen, Roque Astigarraga. Ignacio Egañak hartu zuen haren lekua 1939ko irailean. Falangearen Tokiko Buruzagitzari dagokionez, lehenengo, Ignacio Echeverria Altamira militar eta ELAko kide ohia izan zen lehen buruzagia eta, ondoren, 1938tik aurrera, 1915etik Azpeitiko udal musika-bandako zuzendaria, Hilario Bereciartua Uranga. Azpeitiko Guardia Zibilaren Komandantzian, Hermenegildo Calvo Ballesteros eta Florencio Mangas Luengo izan ziren buru eta, geroago, 1939tik 1941 era, Lope López López. Azkenik, laugarren informazio-iturria Azpeitiko parrokiako apaiza izan zen, Casiano Garayalde, baina hark eginiko txostenak errepresaliatuaren jokabide erlijiosoari buruzkoak izaten ziren; ez zen politika arloan egindako jardueretan sartzen.

Ignacio Echeverria Altamira.
(Uztarria aldizkaria).

     Guztiaz ere, presoak etengabe lekualdatzen zituztenez, agintari militarrak eta espetxe frankistek erabateko arbitrariotasunez jokatzen zutenez, eta Presoak Sailkatzeko Batzordeek igorritako txostenen inguruko iturriak oso sakabanatuta zeudenez, oso zaila da jakitea zenbat gerrako preso azpeitiar egon zen eta zenbat sartu zituzten langileen batailoietan. Hala ere, batailoietan lan egitera behartu zituzten azpeitiarrak espetxeetako batzorde haien erabakiz egon ziren batailoietan, baina horiez gain, gerra-kontseiluetan epaitu eta auzia artxibatzearekin batera B atalean sailkatzen zituzten errepresaliatu asko ere batailoietara bidaltzen zituzten, beren aurrekariak eta adin militarrean al zeuden kontuan.

      Beraz, dozenaka azpeitiar eduki zituzten langileen batailoietan gatibu; batzuk Presoak Sailkatzeko Batzordeek bidalita, besteak gerra-kontseiluen erabakiz. Antonio Loinaz Echaniz, adibidez, langileen lau batailoitan egon zen errepresaliatuta 1937ko urritik 1942ko abendura arteko tartean(*). Zorte okerragoa izan zuen Blas Gurruchaga Lasak; izan ere, 1939ko abenduaren 20an hil zen, Oiartzun inguruan, zirkulazio-istripuan, ingeniarien 6 erregimentu mistoko 2. batailoiko beste kideekin batera, «egoitza zuten herrira» zeramatela. Blas azpeitiarra zen, ezkongabea, 45 urte zituen eta Donostian bizi zen(*).

→ XI. zerrenda: Langileen batailoi eta konzentrazio-esparru frankistetan sartutako azpeitiarrak

Langileen batailoi bat Oiartzunen. 1940 irailak 12.
(Aranzadi Z.E. / Jesus Elosegui Irazusta bilduma).

 

 

4.6.1. Auzitegi militar frankistek epaitutako azpeitiarrak

 

      1937ko martxoan gerrako presoak sailkatzeko emandako Agindu Orokorraren arabera, C eta D ataletan sailkatuta gelditu zirenak auzitegi militar frankistek epaitu behar zituzten. Sailkatzen zituztenean, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren mende gelditzen ziren presoak, eta gatibu zeuzkaten kontzentrazio-esparruetatik epaituko zituzten tokitik gertu zeuden espetxeetara eramaten zituzten; Bilboren inguruan, Larrinagara eta Donostiaren inguruan, Ondarretako espetxera.

      Azpeitiari erreparatuta, 163 herritar epaitu zituzten auzitegi militarrek. Gerra-kontseilu haietan auzibide-zuzenbidearen bermeak eta zigor-zuzenbidearen oinarriak sistematikoki urratzen zituzten prozesu militarraren «azkartasuna eta eredugarritasuna» delakoaren mesedetan. Izan ere, 1931ko Konstituzioak ezarritako sistema juridikoa indargabetu ondoren, jurisdikzio militarra ezarri zuten, eta haren bidez hasi zuten 1936ko uztaileko estatu-kolpe zapuztuaren aurka egondako guztien kontrako zigor-jazarpena.

Jose Maria Garmendia eta Josefa Altuna. Biak epaitu zituzten gerra-kontseiluan.
(Ma¡te Garmend¡a Altuna).

      Espetxeetan presoak sailkatzeko zeuden batzordeek bezalaxe, auzitegi militar frankistek ere Azpeitiko Alkatetzak, Falangeak, Guardia Zibilak eta elizak eginiko txostenak izan zituzten informazio-iturri nagusi instrukzio-fasean. Baina prozedura judizial haietan erabakigarriak izan ziren, askotan, herriko jendearen adierazpenak; hain zuzen ere, auzipetuaren ustezko delituen lekuko, salatari eta salatzaile izan zirenen adierazpenak. Izan ere, justizia militar frankistak zer epai ematen zituen ikusita, «matxinadari laguntzea»ren delituan, larriagoa zen auzipetu azpeitiarrak herriko Defentsa Batzordeko kide izatea, frontean gudari edo miliziano gisa ibili izana baino.

      Nolanahi ere, aipagarria da kasu askotan auzitegi militar frankistek zuhur jokatu zutela lehen aipatu ditugun tokiko agintari haiek eginiko akusazioen larritasunaren aurrean. Jose Arruti Lizarralde, Ruperto Beldarrain Ugalde eta Ignacio Cendoya Larrañagaren kasuak horren erakusle dira. Hori horrela, auzitegi militar frankistek askotan eskatu zieten akusazio-txostenen egileei aurkez zitzatela datu zehatzagoak eta lekukoak. Hala ere, Azpeitiko agintari haiek, askotan, ezin izan zuten eskatu zieten frogarik aurkeztu eta beste askotan, berriz, zuzendu egin zuten hasieran eginiko deklarazioa. Hona ondorioa: 74 herritar absolbitu egin zituzten edo haien aurkako auzia artxibatu zuten hainbat hilabetez behin-behineko espetxean egon ondoren. Pedro Arrue Larrañaga, esaterako, urtetan egon zen behin-behinean preso(*). Hala ere, 74 azpeitiar haietatik 20 langileen batailoietara bidali zituzten auzia artxibatu ondoren.

      Gerra-kontseiluetan epaitu zituzten 163 azpeitiarretatik 10 emakumeak izan ziren. Emakume haietako gehienak Emakume Abertzale Batza erakundeko militante izateaz akusatu zituzten, baina beste batzuk Fronte Popularraren Defentsa Batzordeari eta Azpeitiko Komandantzian, eta 1936ko abuztutik aurrera herrian zeuden gudariei laguntzeaz ere bai. Aparteko aipamena merezi dute ARANGUREN OLAZABAL ahizpek, Juanak eta Maritxuk. «Matxinada militarra»ren delitua egotzita epaitu zituzten biak: Lehena, Juana, logelan Euskadi Roja, Euzkadi, Política eta Le Sud-Ouest egunkarien aleak izategatik, eta bigarrena, Maritxu, amaieran «Gora Euzkadi Askatuta» idatzita zuen gutun bat idazteagatik. Horregatik, hamar hilabetez egon ziren espetxean, behin-behinean(*).

Maritxu Aranguren Olazabalen gutuna. Errepresaliatu egin zuten gutun honen harira.
(Urgentziazko prozedura sumarisimoa 4/38 AIRMN).

      Kondena ohikoenak biziarteko zigorra (25) eta 12 urte eta egun bateko zigorra (23) izan ziren, baina 1941ean, Zigorrak Aztertzeko Batzordeak arindu egin zituen zigor gehienak espetxealdi laburragoko zigorrak jarrita. Horri esker, 1943tik aurrera, errepresaliatu gehienak aske utzi zituzten, zaintzapean, kargu publikorik izateko aukerarik gabe eta bizitoki zuten herriko Guardia Zibilaren eta Falangearen Tokiko Buruzagitzaren kontrolpean.

      Ez zuten denek askatasunik lortu ordea; ezta diktadura-erregimenaren kontrolpeko askatasun mugatua ere. Jose Maria Aguirre Arregui eta Manuel Torrano Senar errepresaliatuak San Kristobal gotorlekuan hil ziren «gaixotuta». Jesus Arizaga Gurruchaga, Jose Francisco Orbegozo Goenaga eta 1933an zinegotzi baserritarra izandako Jose Antonio Altuna Garate, berriz, auzipetuta zeuden gerra-kontseiluak abian zirela hil ziren, seguru asko espetxean. Era berean, heriotza-zigorra jasota fusilatu zuten Nuarbe auzoko Jose Maria Aranguren Odriozola 1938ko martxoaren 11n, Bilbon.

 

«Hil behar badut, izan dadila
burua gora dudala.
Hilda ere, behin betikoz hilda,
ahoz aho belarretan,
hortzak estututa egongo naiz,
adorea bizarretan»
(*)

AGUIRRE ARREGUI, JOSE MARIA

      Jose Maria 1936ko abenduaren 2an atxilotu zuten beste 6 azpeitiarrekin batera (Nazario Aizpitarte, Rufino Arritoquieta, Jose Maria Corta, Ignacio Corta, Manuel Torrano eta Jose Maria Zubiaurre), Donostiako 4. instrukzioko epaimahai militarrean haien aurkako urgentziazko auzi sumarisimo bat abiarazita. «Matxinada militarra»ren delitua egiteaz akusatu zituzten zazpiak. Jose Maria abertzaleen aldekoa izateaz akusatu zuten 1936ko martxoaren 8ko epaiaren bidez, «nahiz eta alderdiko kide ez izan». Fronte Popularraren alde aritzeaz ere akusatu zuten eta «Fronte Popularrari irauten laguntzeko soldata irabaztea zuela helburu» ebatzi zuten. Epaiaren arabera, airetik egindako erasoen aurkako babeslekuak eraikitzeko Zarauztik Azpeitira hondar-zakuak garraiatzen ere aritu zen, eta 1936ko uztailaren 25ean, Mandubiko zubia leherrarazten ere parte hartu zuen. Azkenik, epaiak dio Jose Maria, Manuel Torranorekin batera, «errepidetik igarotzen ziren autoen igarobaimenak aztertzen ibili zela eskopetaz armatuta». Hori guztia dela-eta, 12 urte eta egun bateko zigorra jarri zioten, «matxinadari laguntzea»ren delitua leporatuta.(*) 1937ko uztailaren 9an, San Kristobal gotorlekura eraman zuten eta handik bi hilabetera hil zen espetxean (irailaren 8an), «gaixotuta». Jose Maria Berriozarren (Nafarroa) dago lurperatuta. 29 urte zituela hil zen.(*)

Jose Maria Arreguiri buruzko dokumentua.
(AUA).

AGUIRRE CINCUNEGUI, CIRIACO
Ciriaco Aguirre familiarekin.
(Familiak utzitako ¡rudia).

     1894ko abuztuan Azpeitian jaio zen Ciriaco Aguirre. 1931ko apirilaren 17an hasi zen Azpeitian arlo publikoan lanean, Azpeitiko Udaleko 2. alkateorde izendatu zutenean. Alejandro Orbegozo eta Martin Oyarzabalekin batera, gutxiengo abertzaleko kide izan zen udalbatzan. Zerrenda bakarra zuen udalbatza hark, eta karlismoari lotutako jendeak eta industria arlokoak ziren zerrendaburu. Handik bi urtera udal hauteskundeak egin zituzten, aurreko Udalbatzak lege-dekretu bidez karguak utzi ondoren, eta abertzaleek hartu zituzten libre gelditutako 16 zinegotzietatik 8. Zinegotzi haien artean zen Ciriaco, 425 boto lortuta. Maiatzaren 10ean lehen alkateorde izendatu zuten, eta lanpostu hori izan zuen 1934ko abuztuaren 23an dimititu zuen arte. Alkateorde zela, behin baino gehiagotan izan zen Udaleko ordezkari nagusi Jose Antonio Oyarzabalen ordez, garrantzi handiko garaietan, hain zuzen ere. Besteak beste, 1933ko uholdeek ekarritako kalteak kudeatzen, eskola publikoak prestatzen eta 1934ko udan, Kontzertu Ekonomikoaren inguruko gatazkaren harira Donostian sortu zuten bitarteko batzordean ere aritu zen.

      1936ko otsailaren 22an Udaleko ordezkari hautatu zuten berriro Fronte Popularrak irabazi ondoren. Estatu-kolpeak porrot egin eta Gerra Zibila hasitakoan, handik egun gutxira, uztailaren 23an, alkate izendatu zuten Ciriaco, Jose Antonio Oyarzabalek dimititu ondoren. Ordutik aurrera, Ciriaco izan zen Azpeitiko ordezkari gorena, harik eta matxinatutako tropak Azpeitira sartu eta atxilotu zuten arte.

      Ondarretako kartzelan sartu zuten, eta 1936ko irailaren 26an Ciriacoren aurkako urgentziazko prozedura sumarisimoa abiarazi zuten «matxinadari laguntzea»ren delitua egin zuelakoan. Zehatz esateko, 1936ko uztailaren 24tik irailaren 20ra Azpeitiko alkate, Hornidura Batzordeko presidente eta Ordena Publikoaren Batzordeko kide izateaz akusatu zuten. Hala ere, prozeduran adierazi zuten jokabide ona izan zuela, herriko jende eskuindarraren alde hainbat izapide egin zituela, eta «Azpeitian izandako gertaerak garrantzi handirik gabekoak» izan zirela. Ciriacok, berriz, bere burua defendatzeko adierazi zuen Jose Antonio Oyarzabal falta zelako izendatu zutela alkate. Adierazi zuen, horrez gain, ahal zuen guztia egin zuela azpeitiarrek, ideologia batekoak edo bestekoak izan, «matxinatuen jazarpenik jasan ez zezaten eta atxilotuak izan ez zitezen»(*). 1937ko ekainaren 14an 12 urte eta egun bateko espetxealdi txikira kondenatu zuten, baina 1949ko maiatzean Bilboko Gerra Ikuskaritzaren mendekoa zen Zigorrak Aztertzeko Gipuzkoako Batzordeak zigorra aldatu eta 2 urteko espetxealdi txikiko zigorra jartzea proposatu zuen. Handik gutxira, aske utzi zuten.

AGUIRREZABAL BASABE, AGUSTIN

      Azpeitian bizi zen. 1938an urgentziazko prozedura sumarisimoan epaitu zuen Donostiako 14. auzitegi militarrak. 1938ko uztailaren 21ean auzia artxibatu eta aske utzi zuten, baina 1.000 pezeta-ko isuna jarri zioten. Ez ditugu ezagutzen auzipetu izanaren arrazoiak.(*)

AIZPITARTE AGUIRRE, JUAN IGNACIO

      Azpeitian jaioa, Oinatz auzoan bizi zen. ELA sindikatu abertzaleko kide izan zen. Azpeititik ihes egin zuen altxatutako tropak udalerrian sartu baino zertxobait lehenago. 1936ko irailaren 30ean, Azpeitiko Udalbatzak Juan Ignaciori bere etxean instalatuta zegoen telefonotegia kentzea erabaki zuen, ihes egin zuelako, eta sakristauaren etxera eraman zuten. Garai hartan Juan Ignacio Bilbon aurkitzen zen, non Ertzaintzara sartu zen. Bizkaiko hiriburua tropa frankisten eskuetan erori ostean atxilotua eta urgentziazko prozedura sumarisimo bidez epaitua izan zen. 1937ko urriaren 26an Bilboko 2. gerra kontseilu iraunkorrak 12 urte eta egun 1eko zigorra ezarri zion matxinadari laguntzearen ustezko delituagatik, Oñatz auzoko asaldura marxistaren buruetako bat zenaren akusazioa ontzat eman ondoren.(*)

AIZPITARTE ECHEVERRIA, ELIAS

      Oinatz auzokoa zen Elias, eta Errepublika garaian langile langabeekin egindako zerrendetan azaltzen da, beste azpeitiar askorekin batera(*). 1936ko otsailaren 23an, soldadugaien zerrendan sartu zuten, baina ez dakigu Gerra Zibilean zertan aritu zen. Ondoren, 1940ko urtarrilaren 24an, dozenaka lagunen aurkako ohiko prozedura sumarisimoa abiarazi zuten 1939ko urriaren 1ean, Donostiako frantziskotarren elizan, hainbat abertzaleren oroimenez egindako mezara joateagatik, eta haien artean zen Elias ere. Auzi-prozedurak iraun zuen artean, Zapatari espetxean (Donostia) eduki zuten Elias preso. Urte hartako otsailaren 1ean auzia artxibatu eta atxilotuak libre utzi zituzten.(*)

AIZPITARTE ECHEVERRIA, IGNACIO

      Donostian bizi zen azpeitiar hau Bilboko Bankuak Donostian zuen bulegoko langilea izan zen, harik eta 1937 erdialdean atxilotu zuten arte. Urte hartako abuztuaren 8an Ondarretako espetxean sartu zuten eta urgentziazko auzibide sumarisimoa abiarazi zuten haren eta beste hiru lagunen aurka, «matxinada militarra»ren delitua egin zutelakoan. 1938ko uztailaren 8ko epaiaren arabera, Bilboko Bankuko kobratzaile lanetan zebilela, Ignaciok zigilatu gabeko billete kopuru jakin bat legezko billeteekin trukatu zuen. Hala, 3 urteko zigorra eta 100 mila pezetako isuna jarri zioten «matxinadari laguntzea»ren delitu-saiakera leporatuta. 1940ko apirilean zigorra aldatu eta 100 mila pezetako isuna ordaintzera zigortu zuten, eta adierazi zuten, epaiketa militarrean adierazi bezala, jokabide ona izan zuela eta ez zuela erregimenaren aurkako delitu-aurrekaririk.(*)

AIZPITARTE ECHEVERRIA, JOSE ANTONIO
Jose Antonio Aizpitarte Echeverria.
(Begoña Aizpitarte Iturzaetak utzitako irudia).

     Damaso Azcue, SA enpresan lanean aritu zen Jose Antonio 1934tik 1935era eta, ondoren, Donostiara joan eta gidari-lanetan ibili zen han.

      Badirudi, bere borondatearen aurka sartu zela altxatutako armadan, eta baja hartu zuela 1936ko irailaren 28an «gastritis kronikoak» jota. Elias anaia bezala, Jose Antonio ere Zapatari espetxean sartu zuten 1939ko urriaren 1ean, Donostiako frantziskotarren elizan hainbat abertzaleren oroimenez egindako mezara joateagatik.

      1940ko otsailaren 1ean aske utzi zuten auzia artxibatu ondoren.(*)

AIZPITARTE IPARRAGUIRRE, NAZARIO

      San Ignacio kaleko 12. zenbakian bizi zen. Espezializatu gabeko langilea zen eta ELA sindikatu abertzaleko kide izan zen, gutxienez 1933ko erdialdetik aurrera. 1935ean, 48 urte zituela, ELAk lanik gabe zeuden langileekin eginiko zerrenda batean dago. Ondoren, altxatutako tropak Azpeitira sartzeko zorian zeudela, Bilbora joan zen ihesi, baina handik laster itzuli zen. 1936ko abenduaren 2an atxilotu egin zuten bera bezala ihes egin zuten beste azpeitiar batzuekin batera, eta gerra-kontseiluan auzipetu zituzten denak. 1937ko martxoaren 8ko epaiaren bidez absolbitu zuten Nazario, eta epai haren arabera, Fronte Popular delakoaren alde lan egin zuen, baina «bere ideien eta sinesmenen aurka» aritu zen, berez ideia tradizionalistak baitzituen eta «azken hauteskundeetan botoa eskuindarrei» emana baitzien.(*)

ALCIBAR ZUBIZARRETA, JACINTO

      Zurgina zen lanbidez UGTko militante hau. Eusko Gudarostearen UHP batailoiko kide izan zen. Kantabrian harrapatu zuten eta jasota dago gerra-kontseiluan auzipetu zutela 1938ko hasieran. Hala ere, 1939ko apirilaren 29ko epaiak dio auzipetua lehendik ere epaitua izan zela eta langileen batailoi batean zegoela preso, «B atalean» sailkatu zutelako(*). Errezildarra zen Jacinto eta Azpeitian bizi zen. Isidra Jauregui Muguruza azkoitiarrarekin ezkonduta zegoen eta lau seme-alaba zituzten: Carmen, Dominica, Maria eta Manuel. 1938an Gironan zeuden denak babes hartuta.(*)

ALONSO OLIVER, FRANCISCO

      Valladoliden jaioa zen eta Azpeitian bizi zen Francisco. Atxilotu eta Azpeitiko espetxean sartu zuten 1939ko apirilean. Ondarretako espetxera eraman zuten gero. «Gipuzkoan gorri-marxistak nagusi egon zirenean Honorio Maura Gamazo diputatu nazional eskuindarraren atxiloketan parte hartzeagatik» sartu zuten kartzelan. 1940ko ekainaren 18an absolbitu eta libre utzi zuten, ez baitzuten frogatu gertaera hartan parte hartu zuenik.(*)

ALTUNA ASTIGARRAGA, MARIA JOSEFA
Maria Josefa Altuna Astigarraga.
(Maite Garmendia Altunak utzitako irudia).

     Maria Altuna 1915ean Azkoitian jaioa zen eta Azpeitian bizi zen. 1938ko apirilean atxilotu zuten eta Donostiara eraman zuten. Han egon zen preso 1939ko urtarrilaren 19ra arte. Gerra-kontseiluan epaitu zuten Gloria Zabaletarekin batera, eta Emakume Abertzale Batza erakunde abertzaleko kide izateaz, Fronte Popularraren Azpeitiko sukaldeetan lanean aritzeaz eta Nuarbe auzoan beste herritar batzuekin batera hainbat oilo lapurtzeaz akusatu zituzten. 1938ko azaroaren 22an Mariak epaile militarraren aurrean berretsi zuen 1938ko apirilaren 13an Azpeitian egindako deklarazioa. Mariak adierazi zuen Emakunde erakunde abertzaleko afiliatua zela 1934tik eta Nuarbeko lapurretak izandakoan han zela bera, baina Azpeitiko miliziano batzuekin Nuarbera joan zenean, ez zekiela horrelakorik egingo zutenik. Horrez gain, adierazi zuen milizianoentzako eta gudarientzako Azpeitian jarri zituzten sukaldeetan «beldurragatik» aritu zela lanean.

      1939ko urtarrilaren 10ean, 4 hilabeteko atxiloaldi handira kondenatu zituzten Maria eta Gloria. Hala ere, aske utzi zituzten, behin-behineko espetxealdiaren bidez jada zigorra betea baitzuten(*). Bestalde, 1938ko uztailaren 7an, Jose Maria Garmendia, «Koipe» senarra 20 urteko espetxealdira kondenatu zuten.

ALTUNA GARATE, JOSE ANTONIO

      Azpeitiko Udaleko zinegotzi izendatu zuten Jose Antonio 1933ko maiatzean, gutxiengo baserritarrek osatutako gutxiengoaren ordezkari, apirileko hauteskundeetan 359 boto lortuta. Era berean, Urrestilla auzoko alkate ere izendatu zuten. Euskal Kontzertu Ekonomikoaren inguruan sortutako gatazkaren harira, udal-ordezkari kargutik kendu zuten 1934ko udatik 1936ko otsailera. Ondoren, Azpeitiko ebakuazioaren ondoren, Eusko Gudarostean erroldatu zen 1936ko azaroaren 21ean. 1937ko urtarrilean mailaz igo eta teniente izendatu zuten, eta handik hilabete batzuetara Barakaldon atxilotu zuten.

      Gerra-kontseiluak epaitu zuen, eta 1938ko uztailaren 9an, 20 urteko espetxealdi laburrera kondenatu zuten, «matxinadari laguntzearen» delitua leporatuta(*). EAJko militante eta Nekazari elkarteko kide izateaz akusatu zuten, «Nekazarien Elkartea separatistatzat zuten, eta Jose Antonio elkarte hura ordezkatuz 1933an zinegotzi izateaz akusatu zuten». 1938ko abuztuaren 12an Burgosko espetxe zentralean sartu zuten, eta handik Astorgara (León) eraman zuten 1938ko azaroaren 21ean. Espetxe ko fitxaren arabera, 1939ko ekainaren 29an hil zen, seguru asko, Astorgako espetxean zegoela.(*)

Jose Antonio Altuna Garaten espetxeko fitxa.
(AGA).

ALTUNA MENDIA, PABLO
Pablo Altuna Mendia.
(Nerea Altunak utzitako irudia).

     Azpeitiarra zen eta bertan bizi zen Pablo. Amaiur batailoi nazionalistan erroldatu zen Gerra Zibila hastean eta teniente izatera iritsi zen. 1937ko ekainaren 17an zauritu egin zuten Artxanda mendian, eta urgentziazko lehen sendaketa mendiaren hegalean bertan jarrita zeukaten osasun-postuan egin zioten. Hilaren 19an Bilboko Iralabarri Ospitale Militarrera eraman zuten eta berehala preso hartu zuten. Hilabete batzuk ospitale hartan igaro ondoren, Algortako (Bizkaia) Trinitarioetara bidali zuten eta, ondoren, behin-behineko ospitale gisa moldatuta zeukaten Bilboko moja-ikastetxe batera eta Sondikako beste behin-behineko osasun-zentro batera(*). 1938ko otsailaren 21ean Eskolapioen espetxera eraman zuten Deustuko kontzentrazio-esparrutik, eta espetxe hartatik hainbat aldiz eraman zuten Basurtuko ospitalera, ebakuntzak egitera.

      1939ko martxoan urtebeteko espetxe-zigorra jarri zion epaimahai militar batek «matxinada militarra» delitua egin zuelakoan. Epaiaren arabera, kondena labur haren arrazoia zera zen, egindako jarduera guztiak «agintarien aurrean berehala» aitortu zituela, baina handik laster, Madrilgo Auzitegi Nagusi Militarrak kondena hura baliogabetu eta «matxinadarekin bat egitearen» delitua leporatu zion eta 30 urteko espetxealdi luzeko zigorra jarri(*).

      1940ko urrian behin betiko aske utzi zuten Karmeldarren espetxean zegoela, Zigorrak Aztertzeko Batzordeak 30 urtetik 3ra murriztu baitzion kondena. Hala ere, Bizkaiko Junta Provincial de Libertad Vigilada delakoaren kontrolpean egon zen, gutxienez, 1959ra arte(*).

AMENABAR ORBEGOZO, MODESTO

      1915ean jaioa zen pilotari azpeitiar hau, ogibidez zizelkaria. ELAren San Andres zapadores-minadores zulatzaileen batailoian erroldatuta egon zen Gerra Zibila hasi ondoren. 1937ko erdialdearen eta amaieraren artean atxilotu zuten, seguru asko Bizkaian, eta gerra-kontseiluak epaitu zuen, Bilboko 2. epaitegi militarrean, hain zuzen ere. 1938ko urtarrilaren 26an auzia artxibatu zuen epaitegi hark, eta Modesto behin betiko aske utzi zuten martxoaren 3an.(*)

AMEZUA NAZABAL, JOSE LUIS

      Zurgina zen Jose Luis lanbidez, baina 19341935ean, lanik gabe zeuden azpeitiarrekin egindako zerrenda batean azaltzen da. 1936ko irailean, 20 urte zituela, Loyola batailoiko Lartaun 2. konpainian sartu zen. 1937ko erdialdean atxilotu zuten eta urte hartan bertan, abenduaren 30ean, 12 urte eta egun bateko espetxe-zigorra jarri zioten «matxinadari laguntzea»ren delitua egin zuelakoan (*) . Epaiaren arabera, Jose Luis «bere borondatez sartu zen Loyola batailoi separatistan eta sukaldari-lanetan aritu zen», eta horrez gain, «milizien kabo izan zela, eta arpilatzeetan eta miaketetan parte hartu zuela». EAJko militantea zen eta Loiolako kuartelean zaintzaldiak egiteaz ere akusatu zuten, «Irujo eta Monzon buruzagi separatistek agindutako lanak egiten» aritzeaz akusatu zuten. 1938ko abuztuan Puerto de Santa Mariako (Cádiz) espetxera eraman zuten eta, ondoren, abenduan, Huelvakora. 1939ko azaroan, Madrilgo Duque de Sesto espetxera eraman zuten. 1940ko urtarrilean askatasun arindua eman zioten(*).

Jose Amezua Nazabalen espetxeko fitxa.
(AGA).

AMUCHASTEGUI MUGUERZA, JOSE

      Mikeleteen sarjentu izan zen Azpeitian eta 1937ko erdialdean atxilotu zuten. Gerra-kontseiluak epaitu zuen «matxinadari laguntzea»ren delitua leporatuta, Beasaingo eta Zestoako mikeleteen sarjentuekin batera. Hala ere, 1937ko abuztuaren 3an, Jose eta beste bi akusatuak absolbitu egin zituzten, erabaki baitzuten beti egon zirela identifikatuta Glorioso Movimiento Nacional esaten zioten harekin, nahiz eta «gorri separatistak agintean zirenean zerbitzuak eskaintzen aritu ziren»(*). Bestalde, 1937ko urtarrilaren 13an funtzionario-kargutik kendu zuen Gipuzkoako gobernadore zibilak, 1936ko abenduaren 3ko 93. dekretu frankista aplikatuta.(*)

ANSOLA ERQUICIA, GUILLERMO

      Bilbora ebakuatu zuten Guillermo 1936ko irailean(*). 1939ko urtarrilean Eskolapioen espetxean zegoen preso, Bilboko 12. auzitegi militarrak bere aurka abiarazitako gerra-kontseiluaren epaiaren zain. 1939ko martxoaren 13an auzia behin-behinean artxibatzea erabaki zuten, eta «A atalean» sailkatu zuten. Espetxean egon zen, gutxienez, 1940ko ekainera arte.(*)

ARAMBURUZABAL URRUTIA, VICTOR

      Azpeitiko mikeleteen tenienteordea izan zen errepublika-garaian. 6. Erregio Militarreko Gerrako Ikuskaritzak Victorren aurkako informazio-prozedura bat abiarazi zuen 1937ko urriaren 15ean matxinadari lotutako delituren bat egin ote zuen argitzeko. Ordutik hasi eta 1938ko maiatzaren 25ean behin-behinean aske utzi zuten arte Ondarretako espetxean egon zen preso. 1938ko abenduaren 10ean instrukzioa amaitutzat eman zuten, ebatzi baitzuten lehenago kargu berdinetatik absolbitu egin zuela Santanderko epaimahai militar batek. Bestalde, Jose Amuchasteguiri bezalaxe, Victorri ere eragin zion garbiketa frankistak, eta Gipuzkoako funtzionarioen taldetik bota egin zuten.(*)

ARANGUREN CENDOYA, BERNABE «KOMUNTZO»

      1909an jaioa zen eta Izarraitz auzoko Komunsoro baserrian bizi zen Bernabe. Altxatutako armada Azpeitian sartu baino pixka bat lehenago egin zuen ihes handik. Ondoren, Eusko Gudarostearen Irrintzi batailoi nazionalistan egon zen erroldatuta, baina istripu bat izan eta fisikoki desgaituta gelditu zenez, garbiketa-lanak besterik ezin izan zituen egin. 1937ko ekainaren amaieran atxilotu eta gerra-kontseiluan epaitu zuten. 1937ko irailaren 30ean absolbitu egin zuten «matxinada militarra»ren delitutik.(*)

ARANGUREN CENDOYA, JUSTO «KOMUNTZO»

      Justo 1912 jaio zen. Bernabe anaia bezala, azpeitiar hau ere batailoi nazionalista batean ibili zen gerran. Azpeitian 1936 hasieran osatu zituzten euskal milizietan sartu zen Justo, Loyola batailoian, hain zuzen ere(*). Atxilotu eta gerra-kontseiluan epaitu ondoren, 1939ko ekainaren 20an auzia artxibatzea erabaki zuten, baina «B atalean» sailkatu zuten eta langileen batailoi batera bidali zuten(*). Ondoren, 1940ko uztailaren 15ean, beste prozedura sumarisimo bat, urgentziazkoa, abiarazi zuten Justoren aurka, eta hartatik ere absolbitu egin zuten urrian, «egozten zizkioten gertaerak lehendik epai irmo baten bidez epaituak izan zirelako». Prozesuak iraun zuen artean behin-behinean aske zegoen Justo, Azpeitian.(*)

ARANGUREN ODRIOZOLA, JOSE MARIA
Jose Maria Aranguren Odriozolari buruzko dokumentua.
(AIRMN).

     Jose Manariari buruzko lehen aipamena 1934koa da. Jose Iturzaeta altzari-fabrikako bernizatzailea zela dago jasota(*). 1936ko otsailean UGTn afiliatu zen eta Gerra Zibila hastean, zaintza-lanak egin zituen, atzeguardian, eta horretan aritu zen UHP batailoian sartu zen arte.

      Hainbat frontetan aritu zen borrokan Santander erori arte, eta bere borondatez azaldu zen tropa frankisten aurrera Santanderko zezen-plazan, 1937ko abuztuaren 26an. 1937ko irailean urgentziazko prozesu sumarisimo bat abiarazi zuten Jose Mariaren aurka, eta Guardia Zibilaren Azpeitiko komandantziara eraman zuten 1937ko urriaren 18an. Hurrengo egunean, Roque Astigarragak eta Ignacio Echeverriak, Azpeitiko alkatea eta Falangeren ordezkaria hurrenez hurren, Jose Mariaren aurkako akusazio-adierazpenak egin zituzten, eta «oldarkor eta biraogiletzat» akusatu zuten. Akusazio horiez gain, Azpeitiko parrokiako apaiz-lagunkideak (Casiano Garayalde) jakinarazpen bat igorri zuen Jose Mariari buruz, esanez «apaizen eta eskuindarren aurka nabarmen aritzen zela hizketan». Agiri horietan esaten zuten auzipetuak udalerriko pertsona eskuindarrak jazarri zituela, tartean akusatuaren hainbat familiako kide karlista eta Roque Astigarraga bera ere bai. Hainbat konfiskatzetan parte hartzeaz ere akusatu zuten; adibidez, Urrestillan, «Zuazoren alargunaren» etxean egindako konfiskatzean. Horrez gain, herriko guardia zibilen armagabetzean eta atxiloketan ere parte hartu zuela adierazi zuten.

      Urriaren 21ean Florencio Mangas Luengo Guardia Zibileko kaboak galdekatu zuen, eta berretsi zuen UGTko afiliatua zela eta gerrako hainbat frontetan ibili zela UHP batailoiko miliziano, baina ukatu egin zituen Roque Astigarraga eta Ignacio Echeverriak eginiko gainerako akusazioak. Santoñara eraman zuten berriro, eta azaroaren 10eanjose Mariak epaile militar baten aurrean berretsi zuen Azpeitiko Guardia Zibilaren kuartelean egindako deklarazioa. 1937ko abenduaren 1ean, ordea, Jose Mariaren aurka eginiko akusazio guztiak aintzat hartuta, heriotza-zigorra jarri zioten, «matxinadarekin bat egitearen» delitua leporatuta. Hala, 1938ko martxoaren 11n hil eta ehortzi zuten Derioko hilerrian(*).

      1938ko abenduaren 13an Donostiako 2. auzitegi militarrak urgentziazko beste prozedura sumarisimo bat abiarazi zuen hilabete batzuk lehenago fusilatu zuten azpeitiar haren aurka. Instrukzio hartan, aurreko gerra-kontseiluan erabilitako akusazio-adierazpenak berriro ateratzeaz gain, 1938ko hasieratik aurrera Falangeren tokiko buruzagi berria izan zen Hilario Bereciartuaren idatzia ere sartu zuten, aurretik egindako inputazioak nabarmenduz. 1940ko ekainaren 4an, gerra-kontseiluan, Donostian, auzia artxibatzea erabaki zuten auzipetua hila zelako(*).

      Jose Maria ezkongabea zen eta Landeta baserrian bizi zen. 1907an jaioa zen eta 30 urte zituela fusilatu zuten.

ARANGUREN OLAZABAL, JUANA
Juana Aranguren Olazabali buruzko dokumentua.
(AIRMN).

     Odria auzoko Arauntza baserrikoa zen Juana. Errepublika-garaian, Azpeitiko Izarra hotelean aritu zen zerbitzari-lanetan. Altxatutako tropak Azpeitian sartu zirenean, Juan eta Maritxu ahizpa Gipuzkoako hiriburura joan ziren eta Londres hotelean lanean hasi ziren.

      1938ko martxoaren erdialdean, Espainiako Segurtasun Zerbitzuaren Buruzagitzaren mendekoa zen Ikerketa eta Zaintzako Komisariako bi agente familiako baserrira eta bi ahizpek Londres hotelean zituzten logeletara joan eta hainbat gutun, egunkari eta «gordeta zuten zilarrezko txanpon bat», konfiskatu zizkieten. Ondoren, martxoaren 23an, deklarazioa egin zuten biek Donostiako Ikerketa eta Zaintzako Komisarian, eta adierazi zuten «adierazpen subertsiboak» zituen gutunetako baten egilea Maritxu zela. Juanaren logelan, berriz, agenteek Euskadi Roja, Euzkadi, Politika eta Le Sud-Ouest aldizkarien hainbat ale aurkitu zituzten. Hori guztia kontuan hartuta, urgentziazko prozedura sumarisimo bat abiarazi zuten bi ahizpen aurka martxoaren 28an. Martxoaren 30ean instrukzio-epaile militarraren aurrean adierazi zuen «ideia politiko nazionalista samarrak» zituela. Horrez gain, Azpeitiko lagunak zituzten bi lekukok, Rosario Orbegozo Unanuek (herriko Círculo Tradicíonalistako kidea) eta Antonia Azpiazu Olaizolak auzipetuen aldeko deklarazioa egin zuten, eta esan zuten bi ahizpetako inork ez zuela ¡noiz nazionalista zenik aitortu, eta ez zutela Glorioso Movimiento zelakoaren aurkako politikarik egin. Donostiako Falangeko arduradunek ere haien aldeko adierazpenak egin zituzten, esanez, «oso jokabide onekoak eta langileak» zirela. Azpeitiko agintari frankista gorenek, ordea, Roque Astigarragak (alkatea), Hilario Bereciartuak (Falangearen tokiko burua) eta Hermenegildo Calvok (Guardia Zibileko komandantea) egindako txostenetan adierazi zuten «Eusko Alderdi Jeltzaleko propagandista aktiboak zirela bi ahizpak, familia osoa bezala». Guardia Zibilaren txostenean, honako hau ere adierazi zuten: «Zurrumurruen arabera, etxean Eusko Alderdi Jeltzaleko pertsona gailenen bilerak egiten zituzten, batez ere, lagun arteko bilerak, eta S. Ignacio tertziokoak izateagatik gorrien eremura ihes egindakoen familiakoekin ere egiten zituzten bilerak».

      Hori guztia zela-eta, Ondarretako kartzelan sartu zuten Juana 1938ko uztailaren 2an, eta urte hartako urriaren 11 n absolbitu eta aske utzi zuten. Epaian jarri zuten konfiskatu zizkieten aldizkari haiek izate hutsa «ez zela matxinada delitua, ideologia gorri-separatistaren erakusgarri baizik»(*).

ARANGUREN OLAZABAL, MARIA «MARITXU»
Maria Aranguren Olazabali buruzko dokumentua.
(AIRMN).

     1938ko martxoaren 23an, Donostiako ikerketa eta Zaintzako Komisarian deklaratu ondoren, Ondarretako espetxean sartu zuten Maritxu, 25 urte zituela. Deklarazioan, eta handik egun batzuetara instrukzio-epailearen aurrean, aitortu zuen berak idatzia zela agintari militarrek honela deskribatu zuten gutuna: «gutunak frankisten gerra-operazioen nondik norakoei buruzko ideia ezkorrak adierazten zituela, sinatzaileak poza adierazten zuela horren harira, eta aberriaren batasunaren aurkako adierazpen subertsibo bat ere idatzita zegoela». Azken adierazpen hori Maritxuk amaieran idatzitako agurrari zegokion: «Gora Euzkadi Askatuta».

      Juana ahizparekin egin zuten bezala, Rosario Orbegozo Unanue eta Antonia Azpiazu Olaizola lekukoek eta Donostiako Falangeren informazio-zerbitzuak akusatuen aldeko adierazpenak egin zituzten, esanez, ez zutela altxatutakoen aurkako adierazpenik egin eta jokabide ona zutela. Aldiz, Roque Astigarragak, Hilario Bereciartuak eta Hermenegildo Calvok eginiko txostenetan Juana eta Maritxu errudunak zirela azpimarratu zuten.

      1938ko urriaren 11n 2 urteko espetxe-zigorrera kondenatu zuten «matxinada militarra»ren delitua leporatuta, ebatzi baitzuten Maritxuk idatzitako gutunean «Fronte Popularraren matxinada sustatzen zuten» adierazpenak zeudela idatzita(*).

ARIZAGA GURRUCHAGA, JESUS

      Espartingilea zen ogibidez azpeitiar hau. JSUren UHP batailoiko kide izan zen. 1937ko abenduan preso zegoen Bilboko espetxe probintzialean. 1938an urgentziazko prozesu sumarisimo bat abiarazi zuten Jesusen aurka, «matxinada» delituaz akusatuta, baina auzia artxibatu egin zuten 1939ko irailean, Jesus urte hartako urtarrilean hil zela egiaztatu ondoren(*). Miliziano honen gorpua Bermeoko beilategian zegoen 1939ko urtarrilaren 6an(*). Ez dakigu nola hil zen.

Jesus Arizaga Gurruchagaren espetxeko fitxa.
(AGA).

ARREGUI ECHANIZ, DIONISIO «TXAPAO»
Dionisio Arregui Echaniz.
(Lurdes Arrietak utzitako irudia).

     1907an jaioa zen Dionisio eta Iturbide baserrian bizi zen. Zurgina zen lanbidez, eta gerra aurretik Damaso Azcue altzari-fabrikan aritu zen lanean. Antonio Loinazek idatzitako oroitzapen-liburuan(*) idatzita dago Dionisio Ertzaintzan ibili zela Gerra Zibila hasi ondoren. Gero, atxilotu eta Urduñako espetxean sartu zuten, eta 1937ko abuztuaren 22an Gasteizkora eraman zuten. Urte hartako urriaren 15ean, Dionisioren eta beste 14 lagunen aurkako aurretiazko eginbideak abiarazi zituzten Gasteizko 5. auzitegi militarrean, baina 1939ko urriaren 25ean, 6. Erregio Militarreko Gerrako ikuskaritzak absolbitu egin zuen uztailaren 8an emandako epaiaren bidez, delitu-ekintzarik egin ez zuelakoan.«A atalean» sailkatu eta aske utzi zuten Dionisio(*).

ARREGUI ECHANIZ, HILARIO

      1912an Elgoibarren jaioa zen eta Azpeitian bizi zen Hilario. Gerra hasi ondoren, UHP batailoian egon zen erroldatuta(*). Hilarioren nondik norakoei buruzko hurrengo arrastoa 1941eko otsailaren 13koa da. Orduan eraman zuten Orihuelako (Alacant) espetxetik Ondarretakora, Donostiako 7. auzitegi militarrean auzipetu zutenean. Orihuelako espetxeko zuzendariak sinatutako agirien arabera, Hilario 1939ko apirilaren 5etik zegoen espetxe hartan preso, eta ez dago jasota kartzelan zergatik zegoen azaltzen duen zigor-aurrekaririk edo deliturik. 1941eko otsailaren 24an Ondarretako erizaindegira eraman zuten, eta «endokarditis erreumatikoa» diagnostikatu zioten(*). Handik lau egunera aske utzi zuten, eta urte hartako maiatzean Gerrako Ikuskaritzak auzia artxibatu eta Hilario behin betiko aske uztea erabaki zuen, gerra-kontseiluak haren aldeko txostena egin ondoren(*).

Hilario Arregui Echanizen espetxeko fitxa.
(AGA).

ARREGUI VENTURA, GAUDENCIO

      1895ean Azpeitian jaioa zen Gaudencio. Albaitaritzako udal-ikuskaria izan zen 1918tik altxatutako tropak herrian sartu ziren arte. 1936ko irailaren 20an bertan, Lapurdira egin zuen ihes, Donibane Lohizunera, eta handik gutxira Hegoaldera itzuli eta Lekeition jarri zen bizitzen(*). 1937ko uztailaren hasieran Azpeitira itzuli zen Gaudencio, eta berehala sartu zuten herriko kartzelan. Ordurako, kendua zuten udal-albaitari kargutik, eta Azpeitiko Junta Carlista de Guerra zelakoak konfiskatu egin zizkion «altzari, arropa, hegazti eta tresna guztiak, gutxi gorabehera 20.000 pezeta-ko baliokoak»(*). Hilaren 19an, Donostiako 4. instrukzio-epaitegi militarrak ikerketa bat abiarazi zuen Azpeitiko Komandantzia Militarraren baitako 6 herritarren aurka, tartean Gaudencio, «Fronte Popularraren alde jarduera politiko-sozialak egin ote zituzten argitzeko». Badirudi, behin-behineko espetxealdian zegoela, «mehatxuak egin zituela herriaren aurka, alkatearen eta herritar guztien aurka, marxisten garaipena iristen zenerako, esanez ez zuela zalantzarik egun hura iritsiko zela, eta lehen aukera izan bezain laster gorrien eremura igarotzeko asmoa zuela». Garai berean, kontu horiek berriro esan zizkion espetxeko beste kide bati(*). Horren harira, Gasteizko espetxera eraman zuten eta, ondoren, Ondarretakora, eta urgentziazko prozedura sumarisimo bat abiarazi zuten Gaudencioren aurka «matxinada sustatzea»z akusatuta. 1938ko azaroaren 22an 2 urteko espetxe-zigorra eta «kargugabetzea» ezarri zizkioten, eta 1940ko urtarrilaren 4an aske utzi zuten baldintzapean.

ARRIETA AGUIRRE, IGNACIO

      Azpeitiarra zen eta Azkoitian bizi zen Ignacio. Logroñotik Bilbora eraman zuten 1937ko azaroaren 10ean, eta han egon zen behin-behineko espetxealdian, gerra-kontseiluak noiz epaituko zain. 1938ko irailaren 28an auzia artxibatu zuten, eta «B atalean» sailkatu. Hala, langileen batailoi batera bidali zuten(*). Seguru asko, Loyola batailoian ibiliko zen, sukaldari.

ARRIETA IBARBIA, AGUSTIN

      1911n Azpeitian jaio zen Agustin, baina gero Azkoitira joan zen bizitzera. 1945eko ekainean ohiko prozedura sumarisimo batean sartu zuen Donostiako epaimahai militar batek, «Espainiako Defentsa eta Segurtasun Legea»ren aurkako delitua egin ote zuen ikertzeko. Hogeita hamar pertsona inguru akusatu zituzten, Donostian ANV-EAEko batzordea eta Frantzian Euskal Brigadaren batzordea ezkutuan osatzeagatik. Auzi-ikerketak hainbat urte iraun zituen eta, azkenean, 1948ko martxoaren 30ean, gerra-kontseiluak Agustin absolbitzearen aldeko epaia eman zuen, ebatzi baitzuten Bermeotik itsasoz Frantziara ihes egiteko egin zuen saiakeraren helburua ez zela «Frantzian zeuden euskal errefuxiatuek osatutako unitate militar batean sartzea», lana bilatzea baizik(*).

ARRIETA ZUBIMENDI, IGNACIO
Ignacio Arrieta Zubimendi.
(Lurdes Arrietak utzitako irudia).

     1936ko abuztuaren hasieran Azpeitian osatu zituzten Euskal Milizien Gerra Komisariako kidea zen Ignacio, eta hainbat frontetan ibili zen borrokan Castro Urdialesen atxilotu zuten arte. Ondoren, 1937ko urriaren 15ean, El Duesoko espetxera eraman zuten, gerra-kontseiluak ustez(*), «matxinada» delitua egiteagatik epaitu arte, baina instrukzioa ez zuten abiarazi 1940ko irailaren 16ra arte.

      Handik ia urtebetera, 1941eko abuztuaren 6an, 12 urte eta egun bateko espetxe-zigorra ezarri zioten Ignaciori, «ideologia separatista» izateaz, «Ibarluzea jauregiko konfiskatzeetan eta Roque Astigarragaren atxiloketa-saiakeran parte hartzeaz» eta miliziano izateaz akusatuta. Epaia eman zuten egunera arte El Duesoko espetxean egon zen azpeitiar hau, behin-behineko espetxealdian(*). Ondoren, zigorra 3 urtera jaitsi zioten.

      Erregimen frankistaren errepresio ekonomikoaren biktima ere izan zen Ignacio, konfiskatu egin baitzioten hainbat senideren artean Azpeitiko Perez Arregui plazan zuten etxebizitza bat(*). Etxebizitza horretan zuten Etxezuri taberna, «nazionalistak biltzen zituena», eta Azpeitiko Junta de Guerra Carlista zelakoak konfiskatu egin zuen(*).

ARRIETA ZUBIMENDI, MARIA

      Mariak 25 urte zituen 1937ko uztailaren 7an Azpeitiko Guardia Zibilak Maximina ahizparekin batera atxilotu zuenean. Haien aurkako salaketa Azpeitiko «Margarita» Rosario Echevarria Altamira, Ignacia Bereciartua Azpiazu eta Pilar Aguirre Perezek jarri zuten. Salatzaileen arabera, Arrieta Zubimendi ahizpak «ekintzako nazionalistak ziren, azken hauteskundeetan propaganda egin zuten, hau da, herri horretan gorri separatisten agintaldian milizianoei jaten eman zieten, Espainiaren eta Margariten Elkartearen aurkako oihu iraultzaileak egin zituzten, eta salatzaileak atxilotzean ere parte hartu zuten». Salaketa horiek berretsiz, Azpeitiko alkateak (Roque Astigarraga), Azpeitiko Junta Carlistako ordezkariak (Julian Orbegozo Embil), eta haren anaiak (Casto Orbegozo), txosten bat egin zuten uztailaren 13an, eta bertan, Maria «nazionalista asaldatua eta aktibista propagandista» zela zioten.

Maria Arrieta Zubimendik epaileari bidalitako gutuna.
(AIRMN).

     Ondarretako espetxera eraman zuten. Uztailaren 22an Mariak epaile militar instruktorearen aurrean berretsi zuen Azpeitiko komandantzian atxilotu zuten egunean bertan egindako aitorpena. Bertan, Emakume Abertzale Batzan afiliatuta zegoela onartzen zuen, eta gerra hasitakoan milizianoentzako jangeletan zerbitzua eman zuela. Aldiz, ukatu egiten zuen hauteskunde-prozesuetan propaganda nazionalistarik egin zuenik, esaterako, Espainiaren aurkako «oihu iraultzailerik» egin zuenik. Era berean, salatzaileen atxiloketetan ez zuela parte hartu esan zuen. Salaketa horiei erantzuna emateaz gain, 1936ko irailaren 19an tropa faxistak berehala sartuko zirela eta Azpeititik ihes egin izanaren inguruan galdekatu zuten, eta Bilbon, Gernikan, Algortan eta azkenik Balmasedan zer egin zuen, han ere kuarteletako milizianoek zerbitzuak eman baitzituzten Bizkaiko frontea erori eta Azpeitira itzuli ziren arte.

      Salaketen larritasuna zela eta, Donostiako epaitegi militarrak Azpeitiko epaitegiari eskatu zion bigarren aldiz aitorpena hartzeko salatzaileei. Urrian haiek salaketa berretsi zuten, Rosario Echevarriak izan ezik, hark atzera egin zuen. Hala ere, Pilarrek eta Ignaciak gertakarien azalpena aldatu egin zuten, eta oraingoan, atxiloketan salatuak izandako inplikazioari zegokionez, ez zuten esan ziurtasunik zutenik haren inplikazioaz, baizik eta parte hartu zuela uste zutela «susmoagatik, jendeak aipatzen zuelako».

      Era berean, eta salatzaileak ziotenaren aurka, Azpeitiko bi bizilagunek, Vicente Arrue Arzuagak eta Julian Elorza Aizpuruk, prozesatutako bi ahizpen alde deklaratu zuten. Haien testigantzetan esan zuten Maria «aurrekari moral nahiz erlijioso oneko neska» zela, eta propagandista nazionalista izan zenik ez zekitela. Edonola ere, 1938ko maiatzaren 21ean, baldintzapeko askatasuna eman eta hilabetera, Maria delitu-ekintza guztietatik absolbitu zuten. Epaile militar instruktoreak egindako idatzian zehazten zuenez, «oinarri gutxikoak ziren salaketak», eta «nahikoa zigor jaso zuen» prebentziozko espetxean emandako denborarekin Emakumeko afiliatua izateagatik eta Fronte Popularraren alde sukaldean zerbitzuak emateagatik(*).

ARRIETA ZUBIMENDI, MAXIMINA
Maximina Arrieta Zubimendi.
(Lurdes Arrietak utzitako irudia).

     Maria ahizpa bezala, Maximina 1937ko uztailaren 7an atxilotu zuten, Azpeitira itzuli eta egun batera, Rosario Echevarria Altamira, Ignacia Bereciartua Azpiazu eta Pilar Aguirre Perezek jarritako salaketaren ostean. Maximinaren kasu zehatzean, salatzaileek Guardia Zibilaren aurrean aitortu zuten nazionalista eta propagandista izateaz gain, «haien atxiloketaren eragile izan zela, eman zioten aginduan ageri zen letra ere salatzen duten horrena baitzen». Baina handik hilabete batzuetara, eta Maximina Ondarretan preso zela, azken salaketa horretan atzera egin behar izan zuten, epaile militar instruktoreak bazekielako atxiloketa-agindua «makinaz idatzita eta Fronte Popularrak sinatuta zegoela».

      Bestalde, Falangek eta Guardia Zibilak Roque Astigarragaren, eta Julian eta Claudio Orbegozo anaien aitorpenak abalatu zituzten, eta horietan, auzipetua hauteskundeetan pertsona nazionalista oso aktiboa izan zela zioten. Horrez gain, Guardia Zibilaren txostenak aipatzen zuen Maximinak hainbat baserritan elikagaiak konfiskatzen parte hartu zuela, baina salaketa horren lekukotza emango zuten lekukorik ez zuten topatu. Aldiz, berriz ere Julian Elorza, oraingoan Francisco Gaztañagarekin batera, auzipetuaren alde agertu zen. Haien arabera, nazionalista eta nazionalistak biltzen ziren Etxezuri familiako tabernan zerbitzari izateaz gain, Maximina jokabide onekoa zen, eta ez zuen salatutako ezertan parte hartu. Azkenik, Maximinari filiazio nazionalista eta Gernikako komandantzian emandako zerbitzuak aitortu ostean, eta aldi berean haren gaineko salaketak ukatuta, 1938ko apirilaren 13an baldintzapeko askatasuna eman zioten. Handik hilabetera, Donostiako epaitegi militarrak kargu guztietatik absolbitu zuen, «haren aurka aurkeztutako salaketak salatzaileen beren aitorpenen ondorioz ezerezean geratu zirela argudiatuta». 1938ko irailaren 26an Maximinari nahiz Maria ahizpari behin betiko askatasuna eman zioten(*).

ARRITOQUIETA ALZA, RUFINO «ALABIER»

      Zizurkilen jaio zen 1915ean eta Eliz kalean bizi zen. EAJko militantea zen eta Euskal Milizien Gerra Komisariako kide izan zen. 1936ko irailean altxatutako tropak Azpeitian sartzear zeudela, Bizkaira egin zuen ihes eta Bilbon atxilotu zuten gero. Donostiara eraman zuten eta 1936ko azaroaren 19an abiarazi zuten auzi-instrukzioa. Ondoren, gerra-kontseiluan epaitu zituzten Rufino eta beste 7 azpeitiar. 1937ko martxoaren 8ko epaiaren bidez, biziarteko espetxe-zigorra ezarri zioten Rufinori, «matxinadarekin bat egitea»ren delitua leporatuta. Epaiaren arabera, 1936ko abuztuaren erdialdean Sagarre Baroiaren finkan egin zuten arpilatzean parte hartu zuen, Lasaon; baita Errezilgo Asketa baserrian Roque Astigarraga atxilotzeko egindako saiakeran ere. Azpeitian armak hartuta zaintzaldiak egiteaz eta gerrako fronteetara borrokalariei elikagaiak ematera joateaz ere akusatu zuten(*).

      1937ko maiatzaren 4an Ondarretako espetxetik Iruñeko Zentralera eraman zuten, eta han egon zen 1942ko apirilean Alcala de Henaresera eraman zuten arte. Azkenean, 1944ko martxoaren 2an, baldintzapean aske utzi zuten.

ARRIZABALAGA ECHEVERRIA, FELICITAS
Felicitas Arrizabalaga Echeverria.
(Jexux Arrizabalagak utzitako irudia).

     Felicitas 1937ko uztailaren hasieran atxilotu zuten eta Ondarretako espetxera eraman zuten.

      Atxilotzearen arrazoia Aniceto Arrue eta Santos Beldarrainek jarritako salaketa izan zen. Itxuraz biak joan ziren Felicitasek Jesus Alberdi albaitariari zor zion faktura bat kobratzera, eta eztabaida sortu zenean, Felicitasek Santos Beldarrain kobratzaileari leporatu zion errekete batekin joan izana (Aniceto Arrue). Salatzaileen arabera, Felicitasek erreketeari mespretxua erakutsi zion, haren amak auzipetuarekin zorrak zituen, eta «Mugimendu Nazionalaren aurka hitz egiten zuen».

      Ondarretara eraman ostean, Roque Astigarragak eta Julian eta Casto Orbegozo anaiek egin zuten txostena. Bertan, Felicitas «nazionalista asaldatua eta propagandista» zela zioten. Era berean, epaile militar instruktoreari gogorarazi zioten aurretik Azpeitiko komandante militarrak (Emilio Gomez del Villar) isuna jarri ziola «Glorioso Movimiento delakoaren aurkako adierazpenak» egiteagatik. Hala ere, hainbat lekukok, esaterako Miguel Arteche, Jose Maria Aguirre, Segunda Emparan edo Natalio Ibarrak aitortu zuten Felicitasen alde, eta haren inguruan esan zuten «Causa Nacional delakoaren jarraitzailea» zela, eta «Fronte Popularrak jazarritako pertsonei» lagundu ziela. Kontrakoa esan zuen Carmen Loinazek. Tropa matxinatuak sartu zirenean, bando batean argitaratu zen moduan, saltokian metatutako jangaiak Felicitasek ez zituela udalean entregatu adierazi zuen.

      Edonola ere, Guardia Zibilaren eta Falangeren salaketak Felicitas ideologia nazionalistakoa zela esatera mugatu ziren, «gorrien nagusitasuneko garaian ekintzarik ez zuela egin adierazi» zuten. Hala, 1938ko urtarrilaren 22an, baldintzapean aske utzi zuten, baina abuztuan, Gerra Ikuskaritzak Felicitasen aurka urgentziazko prozedura sumarisimoa irekitzea erabaki zuen, epaile instruktoreak aurretik uste izan zuen arren prebentzioz espetxean egondako denborak kitatzen zuela izan zezakeen isuna(*).

      Beraz, 1938ko bigarren seihilekoan, Felicitas berriz ikertu zuen Donostiako epaitegi militarrak, eta ziurrenik espetxeratu egingo zuten. Azkenik, 1939ko martxoaren 7an, Felicitas absolbituta geratu zen; epai hori apirilean berretsi zuen Gerra ikuskaritzak(*).

ARRUE LARRAÑAGA, FRANCISCO

      1931tik Francisco Azpeitiko batzokira joan ohi izaten zen. Gerra hasi zenetik Azpeitia matxinatuen eskuetan erori zen arte, Franciscok zaintzaldi armatuak egin zituen inguruko hainbat menditan. Herritik alde egin ondoren, Loyola batailoian eman zuen izena boluntarioki, gerra fronte batzuetara trasladatuz. Mailaz igo eta kabo izendatu zuten Otxandion, eta Turtziozen sarjentu. 1937ko abuztuaren 25ean Laredon atxilotu zuten eta, ondoren, Aranda de Dueroko (Burgos) kontzentrazio-esparrura eraman zuten. 1937ko urriaren 22an, Azpeitiko Guardia Zibilaren komandante Florencio Mangas Luengok idatzi bat bidali zion Presoak Sailkatzeko Aranda de Dueroko Batzordeko presidenteari eta Franciscoren aurrekariak azaldu zizkion: nola EAJko militantea zen, konfiskatzeetan eta atxilotzeetan parte hartu zuela eta bere borondatez miliziano ibili zela azalduz.

      Horren harira, Ondarretako espetxera eraman zuten Francisco 1939ko hasieran, gerra-kontseiluak epai zezan. 1939ko urtarrilaren 31n Roque Astigarraga Azpeitiko alkateak eta otsailaren 11n Hilario Bereciartua Azpeitiko Falangeren tokiko buruzagiak Francisco errudun jotzen zuten txostenak bidali zituzten epaitegira, 1937ko urrian Florencio Mangasek eginiko akusazioekin bat eginez. Horrez gain, lekukoen zerrenda bat ere bidali zuten. Zerrendan zeuden Donato Aresti, Galo Barrena eta 1936ko abuztuan eta irailean ustez Franciscok egindakoen kalteak jasan zituzten San Ignacio Tertzioko hainbat herritar. 1939ko otsailetik abuztura deklaratu zuten lekuko guztiek, baina inork ere ezin izan zuen berretsi Francisco izan zenik atxiloketetan parte hartu zuela eta konfiskatzeetan —Galo Barrenaren etxean eta Zuazo jauregian— parte hartu zuela zioten «arruetar hura».

      1939ko urriaren 20an auzia behin-behinean artxibatu zuten, ezin izan baitzituzten «egozten zizkioten karguak justifikatu». Hurrengo egunean, behin betiko aske utzi zuten(*).

ARRUE LARRAÑAGA, PEDRO
Pedro Arrue Larrañagari buruzko dokumentua.
(AIRMN).

     Eusko Alderdi Jeltzaleko militantea eta lanbidez merkataria zen Pedro. Azpeitiko Udal Batzordeko diruzaina izan zen errepublika-garaian eta, ondoren, Defentsa Batzordearen mendeko Hornidura Batzordeko kide. 1936ko irailaren 20an Bilbora egin zuen ihes eta soldadutzara deitu zutenean, Eusko Gudarostean sartu zen. Ikusmen-desgaitasunak zituenez, zerbitzu osagarrietan aritu zen, harik eta 1937ko abuztuaren 24an Santoñan atxilotu zuten arte. 1937ko irailean Azpeitira eraman zuten, eta Guardia Zibilaren aurrean deklaratu zuen, Donostiako epaitegi militar batean bere aurka abiarazi zuten urgentziazko prozedura sumarisimo baten harira. Auzi-ikerketen baitan jaso zituzten Azpeitiko hainbat herritar esanguratsuk Pedro errudun jotzeko egindako adierazpenak; hala nola Ignacio Echeverría Altamira (alkate 1952tik 1961 era) orduko Falangeren buruarenak, Rogue Astigarraga,

      Cruz Maria Echeverría Taberna, Casto Orbegozo Embil eta Jose Azpíazu Echanizenak. Adierazpen guztietan saiatu ziren Pedrok Azpeitiko Defentsa Batzordean izandako zereginei garrantzia ematen, batez ere konfiskatzeei eta atxiloketei buruzko erabakietan zeregin garrantzitsua izan zuela esanez. Gregorio Segurolarekin batera Guardia Zibilaren kuartelean eginiko arma konfiskatzean parte hartu zuela dioen akusazioa aipagarria da. Pedrok eta Gregoriok linea-buruari «Azkoitiko mendekoei gerra-egoera deklaratzen uzteagatik» bidalitako protesta aipatzen zuen akusazio hark.

      Ondarretako espetxean sartu zuten, eta 1938ko uztailaren 21ean berriro egin zuen deklarazioa Pedrok. 1937ko irailean bezala, onartu zuen Hornidura Batzordean parte hartu zuela, baina ukatu egin zuen Batzordean erabakiak hartzen parte hartu zuenik eta Guardia Zibilaren kuartela armagabetzean inolako ardurarik izan zuenik. Azkenean, 1938ko azaroaren 26an, 2 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten «matxinada militarra egiteko proposamena» egitearen delitua leporatuta. 1939ko otsailean utzi zuten aske(*).

ARRUTI GARGARZA, JOSÉ ANTONIO
Jose Antonio Arruti Garagarza.
(AIRMN).

     Urrestillakoa zen Jose Antonio eta zinegotzi abertzalea izan zen errepublika-garaian 1933ko apirileko hauteskundeetan 360 boto lortu ondoren(*). 1937ko irailaren 6an, Santoñan, epaimahai militar baten aurrean egin zuen deklarazioaren arabera, Azpeitira etorritako CNTren patruila bateko kideek «behartu» egin zuten herritik joatera. Lehenago, 1937ko maiatzean, Bilboko Ertzaintzaren sail motorizatuan aritzeko boluntario aurkeztu zuen bere burua. Lanbidez elektrikaria zenez, «elektrikari-lanak egin zituen eztanda-motorrekin eta motozikletekin». Ondoren, altxatutako tropak aurrera zihoazela ikusita, Karrantzara joan zen bizitzera eta, gero, Kantabriara. 1937ko abuztuaren 27an Santoñan atxilotu eta El Duesoko espetxean sartu zuten. Ondoren, prozedura sumarisimo bat abiarazi zuten Jose Antonioren aurka, eta urte hartako irailaren 8an 12 urte eta egun bateko espetxealdi txikiko zigorra jarri zioten, «matxinadari laguntzearen delitua» leporatuta. 1938ko abuztuaren 24an Cadizko Puerto de Santa Maria espetxera iritsi zen, eta han egon zen 1940ko apirilaren 2ra arte, Valladolideko espetxera eraman zuten arte, alegia.

      1943an, Zigorrak Aztertzeko Batzordeak3 urtera jaitsi zion espetxe-zigorra eta, hala, aske utzi zuten. Aipagarria da Jose Antonioren aurka egindako gerra-kontseiluaren dokumentazioan ez dagoela Jose Antonioren deklarazioaz gain, beste frogarik; hau da, ez dago hura errudun egiten duen beste txostenik. Are gehiago, ez dago iraganean zinegotzi nazionalista izan zela dioen aipamenik. Hala, Zigorrak Aztertzeko Batzordeak zigorra aldatzeko proposamenean honako hau adierazi zuen: «ezin zela zehaztu zer ekintza egin zuen, auziaren informazioa galdu egin zelako eta epai-lekukotzarekin bakarrik aztertu zutela»(*).

ARRUTI IRURETAGOYENA, VICTORIA

      Donostia erdialdean, Moraza kaleko 1.ean, bizi zen azpeitiar hau Ikerketa eta Zaintza Batzordeko Komisariako agenteek atxilotu zuten 1937ko irailaren 7an, 47 urte zituela. Hasieran, bizilagunak zituen bikote batek altxatutakoen aurka egindakoei buruz galdekatu zuten, baina galdeketa egin zion agenteak ondorioztatu zuen, Victoria Arruti «Fermin eta Bienvenida senar-emazteen oso laguna zela eta auzoan gorri samartzat zutela». Ondoren, hainbat bizilagunek egin zuten Victoriaren aurkako deklarazioa, esanez, «tropa garaileak Donostian sartzean ukabila jaso eta Gora Euzkadi oihukatuz agurtu zituela». Horrez gain, esan zuten, Victoria ere maiz joaten zela Larramendi kaleko CNTren zentrora, Fermin eta Bienvenida bezala, eta tropa faxistak sartzean «ibaira kutxa bat» botatzen ikusi zutela.

      Gainera, «Guardia Cívica» zelakoak eta Donostiako Falangek igorritako txostenek kalte handia egin zioten Victoriari. Falangeren txostenean jarri zuten auzipetuak esan zuela «herrena izan ez balitz frontera joango zela, gorriekin borrokara». Hala, 1937ko abenduaren 14an, 6 urte eta egun bateko espetxealdi handira kondenatu zuten gerra-kontseiluan. Ebazpenean, «ukabila jaso eta Gora Euzkadi esanda matxinada sustatzearen delituari» eman zioten garrantzia.

      Kartzelan zegoela bi aldiz eraman behar izan zuten ospitalera: 1938ko azaroaren 30etik 1939ko otsailaren 8ra lehenik eta 1939ko irailetik 1940ko otsailera gero. Bi aldietan, espetxera eraman zuten ospitaletik irtetean(*). Era berean, Zigorrak Aztertzeko Gipuzkoako Batzordeak ukatu egin zion zigorra aldatzeko eskaera 1940ko maiatzean eta 1943ko abuztuan. Hala, zer osasun-egoeratan zegoen eta «delituaren» arintasuna kontuan hartu gabe, kondena osorik bete behar izan zuen Victoriak, eta ez zuten aske utzi 1943ko irailera arte. 53 urte zituela irten zen espetxetik(*).

ARRUTI LAPEIRA, VICENTE

      1916an jaioa zen Vicente eta EAJko militantea izan zen 1932tik. Gerra hasi ondoren, kopiatzaile-lanetan aritu zen Hornidura Batzordean, 1936ko irailaren 26an Itxarkundia batailoira boluntario joan zen arte. Sukaldari-lanetan aritu zen batailoian. Presoak Sailkatzeko Lizarrako Batzordearen aurrean egin zuen deklarazioan adierazi zuen gerrako hainbat frontetan ibili zela (Villarreal, Durango, Miravalles...) 1937ko abuztuaren 25ean Laredon atxilotu zuten arte.

      1937ko irailean, Lizarrako espetxean zegoen preso eta, ondoren, bere aurka abiarazitako gerra-kontseilu baten harira, Bilboko Eskolapioetara eraman zuten. Instrukzio-fasean Eusebio Altuna eta Juan Jose Garmendia azpeitiarren idatzi bat dago jasota, Falangeren Azpeitiko buruak ziurtatua. Idatzi horretan dago azalduta Vicente «katoliko praktikantea» zela eta EAJkoa izan arren, ez zuela «inolako jarduera politikorik» egin. Azkenik, 1938ko otsailaren 17an, gerra-kontseiluak erabaki zuen Vicenteri eta auzi bereko beste auzipetu batzuei egotzitako gertaerak, ez zutela «zigortzeko adinako garrantzirik». Hala ere, «auzipetuak Causa Nacional esaten ziotenaren aurkakoak zirela eta B atalean sailkatu zituzten»(*).

      Vicente, gainera, Urolako treneko fakturatzaile-lanpostutik bota zuten 1936ko irailaren 20an, «lanpostua bertan behera uzteagatik». 1979ko apirilaren 24an berronartu egin zuten, eta borondatezko erretiroa hartu zuten laneko amnistiari buruzko 1977ko urriaren 15eko 46/1977 Legearen harira(*).

ARRUTI LIZARRALDE, JOSE
Jose Arruti Lizarralderi buruzko dokumentua.
(AIRMN).

     Orion jaioa eta ogibidez zurgina zen Jose. Lan horretan aritu zen altxatutakoak Azpeitian sartzear ziren arte. Azpeitian bizi zen. 1936ko irailaren 19an Bilbora egin zuen ihes, eta ondoren Itxarkundia batailoian sartu eta hainbat zerbitzu osagarritan ibili zen lanean, gerrako fronte batean eta bestean. 1937ko abuztuaren 25ean Laredon atxilotu zuten, eta handik gutxira, Lizarrako kontzentrazio-esparrura eraman zuten. Azaroaren 1etik 6ra Miranda de Ebron egon zen preso eta badirudi, handik Sevillara eraman zutela, langileen batailoi espezializatu batera. Hala ere, azaroaren 25ean berriro eraman zuten Miranda de Ebroko kontzentrazio-esparrura eta, jarraian, Lizarrakora(*). Andaluziara eraman eta handik hain denbora gutxira itzuli zenez, baliteke bera izatea Alanis de la Sierran (Sevilla) istripua izan zutenetako bat. 1937ko azaroaren 19an izan zen istripua eta 57 euskal preso hil ziren.

      1937ko urrian urgentziazko prozedura sumarisimo bat abiarazi zuten 13 lagunen aurka, eta tartean zen Jose. Urte hartako abenduaren 3an instrukzio-epaile militarraren aurrean aitortu zuen EAJko afiliatua zela, gerra hasitakoan Azpeitia inguruko errepideetan zaintzaldiak egin zituela armatuta, eta Itxarkundia batailoian bere borondatez eman zuela izena. Hala ere, ukatu egin zuen konfiskatzeetan parte hartu izana eta «pertsona eskuindarrik» salatu izana, Azpeitiko Guardia Zibilaren txostenak zioenaren aurka.

      Hori guztia aintzat hartuta, auzipetu guztien aurka abiarazitako auziak artxibatzea erabaki zuten 1938ko urtarrilaren 14an, Santillana del Mar (Kantabria) herriko lagun baten eta Joseren aurkakoak izan ezik. 3. gerra-kontseiluaren erabakiaren arabera, Guardia Zibilak telegrafoz bidalitako txostenetako informazioa sakondu egin behar zen, «zehaztu egin behar zen nor jazarri zuen eta nor salatu zuen». Hala ere, hurrengo hilabeteetan Falangeren Azpeitiko bulegoak, Azpeitiko Udalak eta Guardia Zibilak bidalitako txostenetan ez zioten eskaera horri erantzun eta auzipetua «separatista grinatsua» zela eta armak hartuta zaintzaldiak egiten ibili ondoren Bilbora ihes egin zuela, besterik ez zuten adierazi.

      Azkenean, 1939ko urtarrilaren 12an, 6. Erregioko Gerra Ikuskariak 500 pezeta-ko isuna ezarri zion eta aske utzi zuten. Hilaren 25ean atera zen Eskolapioen kartzelatik eta handik gutxira, martxoaren 2an, Azpeitiko ordezko epaileak, Silvestre Otamendik, Josek zer ondasun zuen aztertu zuen, ondoren, ondasun haiek bahitzeko. Eliz kaleko etxebizitza bahituta isuna ordainarazi nahi zioten, baina etxebizitza hura hipotekatuta zegoen. Kaudimengabe deklaratu zuten eta 1939ko uztailaren 8an, 500 pezeta-ko isunaren ordez, ehun eguneko espetxe-zigorra ezartzea erabaki zuten agintari militarrek. Abuztuaren 20an utzi zuten behin betiko aske(*).

ASENJO MAGDALENO, GREGORIO

      Paredes de Nava (Palentzia) herrikoa zen Gregorio eta Azpeitian bizi zen. Moldatzaile-lanetan aritzen zen. 1936ko azaroan Juventudes Socialistas Unificadas taldearen UHP batailoian sartu zen, sarjentu(*). Kantabrian atxilotu zuen eta gerra-kontseiluan epaitu zuten Santoñan.

      1937ko urriaren 6an biziarteko espetxe-zigorra ezarri zioten «matxinadarekin bat egitea» leporatuta(*).

      1938ko uztailaren 30ean Cadizko Puerto de Santa Mariako espetxera eraman zuten, eta han egon zen preso 1941eko urtarrilaren 19an espetxealdi arindua eskuratu zuen arte. Hala ere, 1943ko maiatzean berriro atxilotu zuten Donostiako epaitegi militar batek hala aginduta, eta Santanderko espetxe probintzialera eraman zuten. Gerra-kontseiluan epaitu zuten Gregorio berriz, Gerra Zibila hasi ondoren izandako jokabideagatik. Lehenago ere zigortua zuten arrazoi berdinagatik. Horregatik, 1944ko otsailaren 4an, behin betiko aske utzi zuten, agintari militarrek erabaki baitzuten baietz, lehendik ere epaitua izan zela(*).

AYA MENDIZABAL, ANTONIO

      Zurgina zen lanbidez. Enparan kalean bizi zen eta Jose Iturzaetaren altzari-enpresan aritu zen lanean Gerra Zibila hasi baino lehen(*). Gerra hastean, Loiola(*) batailoian erroldatuta egon zen eta, ondoren, jada Bilbora joana zenean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Militarrarekin bat egin zuen berari zegokion kintari dei egin ziotenean. Kantabriako Limpias herrian harrapatu zuten eta Castro Urdialesko Sailkapen Batzordeak «A atalean» sailkatu zuen. Hala, artilleria astuneko 3. erregimentuan sartu zuten «Causa Nacional delakoaren zerbitzura aritzeko».

      1937ko irailaren 19an, ordea, urgentziazko prozesu sumarisimoa abiarazi zuten Antonioren aurka, «Fronte Popularreko alderdien jarduera politiko-sozialak argitzeko». 1938ko abuztuaren 17an eman zuten epaia, eta 12 urte eta egun bateko kondena jarri zioten «matxinadari lagundu» ziolakoan, eta Beizamako parrokian «miliziano gudarien» kuartela antolatzeaz akusatu zuten. Horrez gain, tropentzako ganadua eta arropak konfiskatzeaz eta Azpeititik Beizamara behin eta berriro «egoeraren berri ematera» joateaz ere akusatu zuten. Erreketeek Santa María auzoko Etxeberri baserrian jarritako «Espainiako bandera» kentzearen errudun ere jo zuten(*).

      Kondena-epaia eman ondoren, Madrilgo Cisne espetxera eraman zuten, eta han egon zen 1940ko abenduaren 3ra arte, harik eta Gudalajarako espetxera bidali zuten arte. 1941eko ekainaren 22an aske utzi zuten, baldintzapean(*).

AYERBE AIZPURUA, JESUS

      1913an Azpeitian jaio eta bertan bizi zen Jesus. Saseta batailoi nazionalistan egon zen erroldatuta. 1938ko urtarrilaren 17ko gerra-kontseiluaren epaiaren arabera, zaintzaldiak egiten ibili zen Jesus gerra hasieran, armatuta, eta «San Millan markesaren jauregian egindako arpilatzean» ere parte hartu zuen(*). Beste azpeitiar batzuk bezala, Laredon atxilotu zuten, eta Lizarrako eta Miranda de Ebroko kontzentrazio-esparruan egon ondoren, langileen 37. batailoira, Sevillara, bidali zuten 1936ko azaroaren hasieran. Hilaren 25ean, hala ere, Miranda de Ebrora eraman zuten berriro eta, horregatik, baliteke bera izatea Alanis de la Sierrako (Sevilla) tren-istripua izan zutenetako bat(*).

      Azaroaren 26an Bilboko Eskolapioen espetxera eraman zuten gerra-kontseiluan epaitzeko, eta 1938ko urtarrilean 12 urte eta egun bateko zigorra jarri zioten delitua leporatuta. Abuztuan Puerto de Santa Mariako espetxera bidali zuten eta abenduan Huelvakora. 1939ko maiatzetik 1941eko urtarrilaren 12ra arte Alcala de Henaresen (Madril) egon zen preso, eta urtarrilaren 12an espetxealdi arindua ezarri zioten(*).

AZCUE GARMENDIA, ROQUE

      1913an jaio zen. Loyola batailoian erroldatuta egon zen Roque eta ondoren, kabo izendatu zuten(*). Kantabrian atxilotuko zuten seguru asko eta Aranda de Dueroko kontzentrazio esparrura eraman zuten. Han egon zen gerra-kontseiluan epaitzera Bilbora eraman zuten arte. Auzi-instrukzioaren arabera, Roquek eta Jose Azpillagak (azpeitiarra) Lasao auzoan zegoen San Millan markesaren jauregian izandako arpilatzean parte hartu zuten. Epaimahai militarraren arabera, ordea, bi gizonak «euskal separatistak» izan arren, «ez zuten behar besteko frogarik beste delitu-ekintzarik egin zutela erabakitzeko». Hala, 1938ko uztailaren 7an auzia artxibatu zuten, eta Roque eta Jose soldadugaien zerrendan sartu zituzten, soldadu joateko adinean zeudelako. Era berean, beste prozesu sumarisimo bat abiarazi zuten ordura arte frogatu ezin izan zituzten inputazioak argitzeko(*).

      Roqueren (eta Joseren) aurkako bigarren epaiketa sumarisimoa 1939ko hasieran abiarazi zuten eta biei lotutako auzia artxibatu zuten. «B atalean» sailkatu zituzten eta, hala, langileen batailoi batera bidali zituzten(*).

      Bestalde, Roquek bazituen altxatutako tropen aurka ibilitako beste bi anaia: Urbano eta Jose Maria. Jose Maria Villarrealgo sektorean hil zen, borrokan, 1936ko abenduan(*).

AZPIAZU ECHANIZ, MANUEL

      Izatez azpeitiarra, Azkoitian bizi zen. Manuel 1936ko abuztu hasieran Azpeitian sortutako Euskal Milizietan sartu zen(*). Handik urtebetera, ziurrenik Eusko Gudarosteko gudari gisa gerrako fronte ugaritatik pasatu ostean, harrapatu egin zuten eta Medina del Riosecoko (Valladolid) kontzentrazio-esparrura bidali zuten. Han egon zen 1937 amaieran Ondarretako espetxera eraman zuten arten. 1938ko abenduaren 15ean Gerra Ikuskaritzak, aurretik Donostiako epaitegi militarraren instrukzioa eginda, Manuel «B atalean» sailkatzea erabaki zuen, «afiliazio separatista» eta boluntario gisa «armada gorriarekin bat egin» zuelako.

      Ondorioz, 1939ko uztailean, Manuel San Pedro de Cardeña (Burgos) kontzentrazio-esparrura bidali zuten eta langileen batailoian preso hartu zuten(*).

AZPIAZU GOMEZ, ELEUTERIO «INDOTARRA»
Eleuterio Azpiazu Gomez.
(Kontxi Azpiazu Gomezek utzitako argazkia).

     1919an jaioa zen Eleuterio eta errepublika-garaian Jose Iturzaeta altzari-fabrikan eta Hijos de Andres Arruti enpresan aritu zen lanean, zurgintzan. Gerra hasi ondoren, zaintzaldiak egiten ibili zen, armatuta, Azpeitira errepidez sartzeko igarobaimenak kontrolatzen. Hala, soldata bat jasotzen zuen «izan ere, fabrika itxita zegoenez, dirua behar zuen jatekoa erosteko». 1936ko irailaren 18an Bilbora egin zuen ihes altxatutakoak Azpeitian sartzear zirela ikusita. Ez zuen batere diru-sarrerarik eta Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Laguntza Sailari esker iraun zuen, 1937ko martxoaren amaieran zulatzaileen batailoi batean sartu zen arte. Tropa frankistak Bilbon sartu baino lehenxeago, Eleuteriori zegokion kinta mobilizatu egin zuten, eta infanteriako batailoi batera bidali zuten fusilari. Barakaldoko, Gallartako eta Ontongo (Kantabria) fronteetan ibili zen. Ondoren, zulatzaileen batailoi batean egon zen erroldatuta, lubakiak egiten, harik eta 1937ko urriaren 21ean Pola de Cieron (Asturias) preso hartu zuten arte. Atxilotu eta Oviedoko espetxera eraman zuten eta, ondoren, Santoñakora. Santoñan zegoela, Presoak Sailkatzeko Batzordeak «C atalean» sailkatu zuen 1937ko amaieran, eta Bilboko Eskolapioen kartzelara eraman zuten handik gutxira. 1938ko ekainaren 25ean Eleuterioren aurkako urgentziazko prozesu sumarisimo bat abiarazi eta Ondarretako espetxera eraman zuten. Auzi-ikerketan, Azpeitiko Falangeren eta Alkatetzaren txostenak, Jose Iturzaeta enpresaburuak eta Ramon Echaniz apaizak igorritakoak erabakigarriak izan ziren auzia artxibatzeko eta «C atalean» sailkatzeko erabakia zuzentzeko. Bai batzuek bai besteek adierazi zuten Eleuterio ideia nazionalistak zituen gaztea zela, baina «oso langilea» zela eta «gorriak agintean» izan ziren garaian, «jarrera pasiboa» izan zuela.

      1939ko otsailaren 18an libre utzi zuten, eta handik egun gutxira Iruñeko soldadugaien zerrendan sartu zuten. Maiatzaren 12an America 23.a infanteriako erregimentuan sartu zen eta Lekarozen jarri zen bizitzen. «Askatasun Zainduaren» zerbitzuaren kontrolpean egon zen 1945eko irailera arte(*).

AZPIAZU GOMEZ, ROQUE «INDOTARRA»
Roque Azpiazu Gomez.
(Kontxi Azpiazu Gomezek utzitako argazkia).

     Indotarren senideetan zaharrena zen Roque, eta ez zuen Eleuterio anaiak adinako zorterik izan Guardia Zibilak igorritako txostena zela-eta. Bilbon atxilotu zuten 1937ko ekainaren 19an eta Deustuko espetxean sartu zuten. Urte hartako abuztuaren 16an, Azpeitiko Guardia Zibilaren postutik Deustuko espetxeko Presoak Sailkatzeko Batzordeari jakinarazi zioten Roquek «jokabide txarra» izan zuela, eskuindarren aurkako konfiskatzeetan parte hartu zuela eta eskuindarrei mehatxuak ere egin zizkiela, «Florencio Mangas Luengo, txostena sinatu zuen kaboari iritsi zitzaizkion berrien arabera».

      Bilboko 14. epaitegi militarrean 1937ko irailaren 2an egindako deklarazioan Roquek ukatu egin zuen konfiskatzeetan eta atxiloketetan parte hartu izana, baina 1937ko urriaren 11ko kondena-epaiak akusazio horiek berretsi zituen. Horrez gain, epaiak zioen, Roquek aitortu zuena berretsiz, bere borondatez eman zuela Ertzaintzan izena, eta EAJko afiliatua zela 1931tik. Biziarteko espetxe-zigorra ezarri zioten eta aldi batean Zornotzan eduki zuten preso. Burgosko espetxe zentralera eraman zuten ondoren. 1939ko azaroaren 1ean, Alcala de Henaresko (Madril) zigor-tailerretara bidali zuten, eta 1940ko erdialdean jakinarazi zioten zigorra 12 urte eta egun batera jaitsi ziotela. 1944an behin betiko aske utzi zuten(*).

AZPIAZU ZUDUPE, VICTOR

      Azpeitiarra zen eta Azkoitian bizi zen Victor. Zaintzaldiak egin zituen Azkoitian Gerra Zibila hasi ondoren. Gero, Eusko Gudarostean ibili zen, hainbat frontetan, 1937ko abuztuan Kantabriako Limpias herrian atxilotu zuten arte. 1937ko abenduaren 17an Ondarretako espetxean sartu zuten Valladolidetik ekarrita. Gerra-kontseiluan epaitu zuten Gipuzkoako hiriburuan, eta 1939ko urriaren 31n, «matxinada sustatzearen» delitua leporatuta, 6 urte eta egun bateko espetxe-zigorra jarri zioten. Epaiak dio hainbat frontetan ibiltzeaz gain, Azkoitian armak hartuta zaintzaldiak egiten ibili zen garaian hainbat gorabehera izan zituela pertsona eskuindarrekin.

      Kondena jarrita, Cadizko Puerto de Santa Maria espetxera eraman zuten eta, ondoren, 1940ko maiatzaren 25ean, Zaragozara. Handik gutxira, abuztuaren 22an, espetxealdi arindua ezarri zioten(*).

AZPILLAGA ZUBILLAGA, JOSE

      Lucio eta Eusebio anaiak bezala, Jose ere miliziano ibili zen Eusko Gudarostean, harik eta atxilotu zuten arte; seguru asko Kantabrian. Lehenago Azpeitia inguruan armak hartuta zaintzaldiak egiten ere aritua zen. 1938ko hasieran, Eskolapioen espetxera eraman zuten, gerra-kontseiluak epai zezan. Epaimahai militarraren arabera, Jose Azpillagak Roque Azcuerekin batera San Millan markesaren jauregiko arpilatzean parte hartu zuen, baina epaitegi hark ebatzi zuen ez zegoela behar besteko frogarik.

      Hala, 1938ko uztailaren 7an, Joseren eta Roqueren aurkako auzia artxibatu zuten eta bi mutilak soldadugaien zerrenda sartu zituzten, soldadu joateko adinean zeudelako. Era berean, beste prozesu sumarisimo bat abiarazi zuten ordura arte frogatu ezin izan zituzten inputazioak argitzeko(*). Joseren eta Roqueren aurkako bigarren epaiketa sumarisimoa 1939ko hasieran abiarazi, eta biei lotutako auzia artxibatu zuten. «B atalean» sailkatu zituzten eta, hala, langileen batailoi batera bidali(*).

AZURMENDI BERASTEGUI, MODESTO

      1916an Azpeitian jaioa zen Modesto eta han bizi zen. Juventudes Socialista Unificadas taldearen UHP batailoiko miliziano izan zen, eta 1939ko erdialdean preso zegoen Bilboko Tabako-fabrikako espetxean. Han egon zen gerra-kontseiluak noiz epaituko zain. Azkenean, 1940ko otsailaren 6an, auzia artxibatzea erabaki zuten «leporatu zizkioten gertaerak zigortzekoak ez zirelako». Hala ere, langileen batailoi batera bidali zuten «eta egonaldi LUZEENA egiten zutenen artean sartu zuten»(*).

BALLONA ANSOATEGUI, VICENTE

      Arrasatearra zen eta Azpeitiko Enparan kaleko 27.ean bizi zen zurgin hau. UGTn afiliatuta egon zen eta miliziano ibili zen Gerra Zibilean. 1937ko abuztuan, Kantabrian atxilotu zuten, El Duesoko espetxean sartu eta gerra-kontseiluan auzipetu zutelarik. 1937ko azaroaren 15ean, Santoñako epaimahai militar batek biziarteko espetxe-zigorra ezarri zion «matxinadarekin bat egitea» leporatuta. Handik hilabete batzuetara, 1938ko abuztuaren 6an, hain zuzen ere, Cadizko Puerto de Santa Maria espetxera eraman zuten. Ondoren, zigorra 6 urte eta egun batera jaitsi zioten(*).

BALTASAR MARTIARENA, FRANCISCO

      1915ean Iruñean jaioa zen Francisco eta Azpeitiko Enparan kalean bizi zen. Nuarbe auzoko eskolako maisua izan zen errepublika-garaian. UGTn afiliatuta zegoen eta gerrako hainbat frontetan ibili zen Prieto infanteriako batailoian, harik eta Kantabrian atxilotu zuten arte. 1937ko azaroaren 16an Bilbora eraman eta gerra-kontseiluan epaitu zuten. 1938ko urriaren 19ko epaiaren bidez 14 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten Franciscori. Epai hartan, zuen filiazioaz eta miliziano ibiltzeaz gain, erregistroetan eta konfiskatzeetan parte hartzeaz ere akusatu zuten. Ignacio Maria eta Juan Ignacio Aizpuru anaia azpeitiarren atxiloketan parte hartzeaz ere akusatu zuten(*). Bitartean, Ricardo Baltasar eta Francisca Martiarena gurasoak Gironan zeuden, babes hartuta, eta ez zekiten Francisco semea non zegoen. Horregatik, desagertzearen espedientea abiarazi zuten Pagaduría Secundaria del Ejército de Tierra delakoan(*). 1939ko maiatzaren 1ean gotorlekura eraman zuten eta urrian, Urduñako kontzentrazio-esparrura. 1940ko abuztuaren 7an espetxealdi arindua jarri zioten(*).

BARREDO FONTAL, ESTEBAN
Esteban Barredori buruzko dokumentua.
(AGHD).

     Esteban Azpeitian jaio zen 1909an. Familia ezkertiarrekoa, bera eta anaia Pablo UGTko afiliatuak ziren, 1932an Azpeitiko Unión Republicana alderdiaren fundazioan parte hartu zuten, eta 1935ean Juventudes Socialistasen militatzera pasatu ziren. Lanbidez tipografoa zen. Gerra hasi zenean, Esteban Donostian bizi zen, Gipuzkoako Foru Aldundiko inprimategian inprimatzailearen karguan. 1936ko irailean, hilaren hasieran, borondatez erroldatu zen Eibarren eratutako euskal milizietan, eta Irun galdu ostean, Iparraldera pasatu zen, eta gero Kataluniatik sartuta itzuli zen Espainiako Estatura. Euskal-kataluniar milizietako gudaria izan zen, armada errepublikarra berrantolatu aurretik hainbat frontetan ibili zen borrokan, eta orduan 40 Brigadan sartu zen, «Errepublikako Espioitza Zerbitzu» (SIEP) gisa ezagutzen zenean, agenteen instruktore-karguarekin. Ordurako, Esteban dagoeneko Alderdi Komunistako militantea zen.

      SIEPeko agente gisa, Estebanek batasun militarrari leialtasuna zin egin zion idatzi baten bidez, eta dokumentu hori gerora epaitu zuen epaitegi militarrak froga gisa erabiliko zuen. «Zin egiten dut SIEP barruan nire gaineko arduradun hierarkikoa ez den inori lanaren bidez eskuratu ditudan ezagutzak edo nire jarduerak zein diren ez diodala jakinaraziko.

      Noizbait utzikeriagatik edo asmo txarrez nire jabetzan dauden sekreturen bat jakinaraziko banu, Errepublikaren traidoretzat har nazaten eskatzen dut...».

      1939ko ekainaren 25ean, gerra amaitutakoan, Esteban Azpeitiko Guardia Zibilak atxilotu zuen, eta handik bi egunetara Madrilera bidali zuten Brigada Politiko-Sozialak hala eskatuta, eta SIEPeko beste ustezko kide batzuekin batera ikertu zuten. Madrilgo Malasaña auzoan zegoen Conde Toreno espetxean preso zegoela, Estebanen aurka urgentziazko prozedura sumarisimoa abiatu zuten. Haren epaia 1940ko martxoaren 16an eman zuten.

      Bertan, Esteban heriotza zigorrera zigortu zuten, «matxinadarekin bat egitea»ren ustezko delitu bategatik, baina abuztuan zigorra «maila baxuagokoarekin» arindu zioten(*). 1940ko irailaren 23an, Palentziako espetxe probintzialean sartu zen, eta 1944ko maiatzean Reinoso del Cerrato (Palentzia) espetxera eraman zuten. 1944ko uztailaren 22an, espetxealdi arindua ezarri zioten(*).

BARREDO FONTAL, PABLO

      Anaia Esteban bezala, Pablo ere Azpeitian nabarmendutako militante ezkertiarra izan zen. 1934an herria utzi eta Melillako 7. zulatzaileen erregimentuan sartu zen. Ordutik eta Gerra Zibil osoan zehar, matxinatutako tropen alboan ibili zen borrokan, sarjentu kategoria ere lortu zuelarik. Baina 1938ko uztailean, Informazio eta Polizia Militarraren Zerbitzuak atxilotu eta galdekatu zuen. Itxuraz, atxiloketaren arrazoia izan zen bere izena SIEPeko agente errepublikano bati konfiskatutako dokumentazioan agertzen zela, eta beraz, gerra-kontseiluan prozesatu zuten.

      Hala ere, Pablok errugabea zela frogatu ahal izan zuen eta 1941eko martxoaren 14an absolbitu zuten. Ordurako, askatasun arinduaren erregimenean zegoen(*).

BASTARRICA GURRUCHAGA, MIGUEL

      Urrestillan jaio zen Miguel 1911n. Errepublika-garaian, hala ere, Ibarran bizi zen eta Tolosako La Papelera Española lantegian egiten zuen lan. EAJko afiliatua zen, eta 1936ko abuztuaren 15ean Azpeitian osatu zituzten euskal miliziekin bat egin zuen. Ordenantza izendatu zuten eta Saseta kapitainaren esanetara aritu zen. Ondoren, teniente izendatu zuten eta Candido Sasetaren eskolta-lanetan ibili zen Saseta Asturiasen hil zen arte. Bilbo tropa frankisten esku erortzean, 7. brigadan erroldatuta egon zen Miguel, Eusko Gudarostearen I. gorputzean teniente. Azkenean, 1937ko abuztuaren 25ean, Kantabriako Laredo herrian harrapatu zuten eta El Duesoko espetxean sartu zuten. Gerra-kontseiluan epaitu zuten eta 1937ko urriaren 8an, biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten, nahiz eta instrukzio-fasean Ibarrako apaizak eta Falangeren buruak auzipetuak «jokabide ona» izan zuela zioten txostenak bidali. 1938ko abuztuaren 11n Cadizko Puerto de Santa Mariako espetxera eraman zuten, eta han egon zen 1943ko abuztuan, zigorra 6 urte eta egun batera jaitsi ondoren aske utzi zuten arte(*).

BELDARRAIN UGALDE, ESTEBAN

      1894an Azpeitian jaioa zen eta Zumarragan bizi zen Esteban. 1922an, fakturatzaile-postuan hasi zen lanean Ferrocarriles Vascongados enpresan. 1936ko apirilean, Amorebietan zegoen, hara bidalita, eta Sindicato Nacional Ferroviario delakoan afiliatu zen. 1937ko abuztuan, Bilboko 18. epaitegi militarrak tren-arloko 15 langileren aurka urgentziazko prozesu sumarisimo bat abiaraztea erabaki zuen eta tartean zen Esteban. Epaitegiko idazkariak hauxe jarri zuen idatzi batean auzipetuei buruz: «Zalantzazko filiazio politikoa dute, baina gorri-separatisten agintepean zeudenean haien aurka-edo azaldu ziren eta lana ondo betetzen zuten langileak ziren».

      1937ko abuztuaren 23an zinpeko aitorpena egin zuen Estebanek Amorebietan, eta ukatu egin zuen «Movimiento Nacional» zelakoaren aurkako afiliaziorik zuenik edo haren aurka ezer egin zuenik, eta mugimendu haren «erabat alde» zegoela adierazi zuen. Era berean, Okupazio Armadaren Gerra Ikuskaritzako Informazio Zerbitzuak berretsi zuen auzipetuek ez zutela aurrekaririk eta, hala, 1937ko urriaren 14an, auzia artxibatu egin zuten eta behin betiko aske gelditu ziren denak(*).

BELDARRAIN UGALDE, FELIX

      Izarraitz auzokoa zen Felix eta UGTra afiliatuta egon zen errepublika-garaian. Espartingilea zen lanbidez eta 1934etik 1935era, lanik gabe zeuden langile azpeitiarren hainbat zerrendatan dago haren izena(*). Santoñan Felixen eta beste 15 auzipeturen aurka egindako gerra-kontseiluak emandako epaiaren arabera, herrian zaintzaldiak egin zituen armatuta, eta konfiskatze eta atxiloketetan ere parte hartu zuen gerra hasi zenean, baina ez zuten miliziano gisa inolako jarduerarik aipatu.

      Nolanahi ere, 1937ko azaroaren 3an, artean El Duesoko espetxean zegoela, «matxinadari laguntzea»ren delitua leporatu eta 12 urte eta egun bateko espetxe zigorra ezarri zioten(*). 1938ko abuztuaren 18an Andaluziako Puerto de Santa Maria espetxera eraman zuten, eta urte horretako abenduan, Huelvara. Azkenik, 1941eko maiatzaren 22an, askatasun arindua eman zioten(*).

BELDARRAIN UGALDE, RUPERTO

      1936ko uztailean, Ruperto Asteasun zegoen, familiako kide baten etxean denboraldi bat pasatzen. Altxamendu militarra hasi zenean, bere burua aurkeztu zuen boluntario zaintzaldiak egiteko «ezkerreko idealak sentitzen zituelako». Abuztuaren 15ean Azpeitira joan zen eta bertan geratu zen altxatutako tropak sartu baino lehentxeagora arte. Ordutik Bilbon bizi zen, eta 1937ko otsailaren 24an 52. infanteriako batailoian (Capitán Casero batailoia) borondatez erroldatu zen, eta hainbat frontetan hartu zuen parte, Bizkargin zauritu zen arte. Bilboko ospitalera eraman zuten, baina tropa frankistak berehala sartuko zirenez, Valdecillako (Santander) ospitalera eraman zuten, eta zentro horretan hartu zuten preso 1937ko abuztuaren 26an. Urrian, Azpeitiko Guardia Zibilak Santanderreko Presoak Sailkatzeko Batzordeari bidalitako telegrama bat erabakigarria izan zen Ruperto «D atalean» sailkatzeko eta haren aurka urgentziazko prozedura sumarisimo bat irekitzeko. Telegrama horretan, eta gerora instrukzio-epaileari bidalitako idatzi ofizialean, akusatua UGTra afiliatutako «pertsona oso arriskutsua» zela adierazi zuten, eta atxiloketa eta konfiskatzeetan parte hartu zuela. Era berean, Azpeitiko Falangearen eta Udaleko txostenek Asteasun egindako «Fronte Popularraren aldeko» ustezko jarrera horiek aipatzen zituzten. Baina Asteasun egindako txostenek ez zituzten inputazio horiek berresten. Asteasuko Falangeak Ruperto ez zuela ezagutzen esaten zuen. Aldiz, udalak, «komunista zela», baina «ez zutela ziurtasunik atxiloketetan parte hartu zuenik». Horrez gain, auzipetuak aipatutako bi lekuko azpeitiarrek, Pedro Aguirre Echeverriak eta Andrés Lapazarán Arguideguik, aitortu zutenean esan zuten ezkertiarra izan arren «ez zuela propaganda politikoetan eta langileen gatazketan parte hartu».

      Hori guztia kontuan hartuta, Donostian izandako gerra-kontseiluan, Ruperto Ondarretako presondegian atxilotuta zegoela, Bilboko Karmeldarren eta Eskolapioen kartzelatik pasatu ostean, 1939ko apirilaren 27an auzia behin-behinean artxibatu eta «B atalean» sailkatu zuten. Akordio horretan, auzitegi militarrak zehaztu zuenez, Rupertok ezkerreko ideologiak izan arren, eta gerran borondatez miliziano gisa parte hartu zuen arren, ez zen egiaztatu «beren Indarren aurkako ekintzarik burutu zuenik, ezta delitu komunetan parte hartu zuenik ere».

      1939ko urriaren 27an Burgosko San Pedro de Cardeña kontzentrazio-esparrura eraman zuten(*).

Ruperto Beldarrain Ugarteri buruzko dokumentua.
(CDMH).

BEOBIDE ITURRALDE, JESUS

      1912an jaio zen eta San Ignacio kalean bizi zen. Jesus Azpeitiko udal suhiltzaileen gorputzeko parte zen. Ideologia nazionalistakotzat hartuta, 1936ko azaroaren 2an baztertu eta azkenean udal-langileen kolektibotik kanporatu egin zuten. 1937ko uztailean, errekete batek jarritako salaketa baten eraginez, atxilotu eta espetxeratu egin zuten, eta Donostiako 4. epaitegi militar iraunkorrean instrukzio-prozedura abiatu zuten bere aurka. Itxuraz Jesus errekete horrek bere jabetzako motor bat konfiska zezan eragozten saiatu zen. Epaitegiko gobernu-informazioaren arabera, soldaduak norbere ekimenez jardun zuen, eta horren inguruan goragokoen agindurik gabe, baina edonola ere, auzipetuak onartu zuen «eskaintza».

      Azkenik, 1938ko urtarrilaren 25ean, Gerra Ikuskaritzak azaldu zuen Jesusek ez zuela «desobedientziarik eta arau-hausterik» egin, eta uste izan zuen «atxilotuta eman zituen hilabeteak nahikoa isun zirela haren aurrekari nazionalistengatik». 1938ko martxoaren 22an aske utzi zuten(*).

BERASATEGUI ARTEAGA, JOSE

      Urrestillakoa zen eta Makibar baserrian bizi zen. 1935ean lanik gabe zegoen, beste gazte azpeitiar asko bezala, haien artean anaia gaztea, Andrés. Itxarkundia infanteriako batailoi nazionalistako borrokalaria, 1940 hasieran Azpeitian zegoen atxiloaldi arinduan. Urte horretan bertan, Donostiako 11. Instrukzio-epaitegi militarrak Joséren aurkako ohiko prozedura sumarisimo bat abiatu zuen, baina irailaren 28an auzia artxibatu egin zuen eta behin betiko aske utzi zuten(*).

BERECIARTUA ALTUNA, PEDRO
Pedro Bereciartua Altuna.
(Familiak utzitako irudia).

     Pedro Oinatz auzoko Atxubiaga baserrikoa zen. Bertsolaria eta militante nazionalista, Azpeitia tropa frankistek hartuko zutela eta ihes egin ostean, Amayur infanteriako batailoian erroldatu zen. 1937ko abuztuaren 26an Santoñan harrapatu zuten.

      Gero Alfarráseko (Lleida) langileen batailoi batera eraman zuten, eta bertan egon zen 1939ko uztailaren 26an gerra-kontseiluan epaitu ahal izateko Bilboko Eskolapioen espetxera bidali zuten arte. Handik hilabetera, 1939ko abuztuaren 24an, Gerra Ikuskaritzak atxiloaldi arindua eman zion, Donostian auzia bideratzen ari zen epaitegiak egindako jokabide onaren txostenen ondorioz. Azkenik, 1940ko urtarrilaren 25ean, auzia behin-behinean artxibatzea eta Pedro aske uztea erabaki zuten, «leporatu zizkioten gertaerak zigortzekoak ez zirelako»(*).

CAMPOS ECEIZA, ALEJANDRO

      1915ean jaioa eta lanbidez espartingilea, Eliz kaleko bizilagun hau UGTra afiliatuta egon zen errepublika-garaian, anaia Juan eta Moises bezala. Azken hori gerra-frontean hil zen. Gerra hasi zenean, eta gutxienez 1936ko azarotik aurrera, Alejandro hainbat gerra-frontetan ibili zen borrokan, UHP infanteriako batailoian erroldatuta(*). Matxinatutako tropek harrapatu zutenean, langileen batailoian preso egon zen(*), gerra-kontseiluan epaitu arte zain.

      1938 hasieran, Donostiako 11. epaitegi militarrak Alejandraren aurkako urgentziazko prozedura sumarisimoa abiatu zuen. 1939ko maiatzaren 11n auzia artxibatu egin zuten, «ez baitzen behar bezala justifikatu jazarritako delitua egin izana», eta auzipetua aske utzi zuten(*). 1940an, zehazki otsailaren 5ean, Alejandro «aurkaritzat» izendatu zuen Azpeitiko Udalak, 1936ko soldadualdiko gazteen sailkapen-aktaren itxiera zela eta(*).

CAMPOS ECEIZA, JUAN
Juan Campos Eceiza.
(Maite Camposek utzitako irudia).

     1934ko otsailetik udaleko kale-garbitzaile, Juan ere UGTra afiliatuta egon zen eta UHP batailoian ibili zen borrokan. 1936ko azaroan, ziurrenik gerra-frontean zegoela, Azpeitiko korporazio frankista berriak udal-langilearen kargutik kendu zuen Juan(*).

      Itxuraz, atxilotu ostean langileen batailoian izan zen preso. 1940an gerra-kontseiluan epaitu zuten, auzia artxibatu egin zuten eta azaroaren 29an utzi zuten aske(*).

CAMPOS LOINAZ, ANSELMO «TXANTXO»

      «Txantxo» ezizenez ezagutzen zuten azpeitiar hau Azkoitian bizi zen. Bi aldiz epaitu zuten gerra-kontseiluan. UGTra afiliatuta zegoen, eta bai 1937ko abenduaren 7ko epaian(*), bai 1938ko abuztuaren 18koan(*), Anselmo Azkoitian «oso nabarmena» eta «oso arriskutsua» zela adierazten zen, konfiskatze eta atxiloketetan parte hartu zuela. Era berean, epai horien arabera, 1936ko urrian borondatez erroldatu zen ANV Eusko Indarra infanteriako batailoian, eta hainbat frontetan aritu zen, 1937ko abuztuan Kantabrian harrapatu zuten arte.

      Hori guztia kontuan hartuta, Anselmo, bai 1937ko abenduan eta baita 1938ko abuztuan ere, «espetxealdi handian» 20 urtera kondenatu zuten, «matxinadari laguntzearen» ustezko delitua zela eta.

CAMPOS LOINAZ, AVELINO

      Anaia Anselmo bezala, Avelino ere azpeitiarra zen baina Azkoitian bizi zen. 1937ko abenduaren 2an Deustuko kontzentrazio-esparrutik Larrinagako espetxera eraman zuten, gerra-kontseiluan auzipetu zutelako. 1938ko abuztuaren 23an 20 urteko espetxealdira kondenatu zuten «matxinada»-delitu bategatik, baina 1940ko uztailaren 31n aske utzi zuten(*).

CEBERIO LIZARRAGA, SEVERO

      Jatorriz Irungoa, Severo 1934an Azpeitiko «Euzko Etxea» Sozietateko presidenteordea zen(*). 1937ko abuztuan Santoñan espetxeratu zuten, eta handik San Pedro de Cardeñako (Burgos) kontzentrazio-esparrura eraman zuten urte horretako irailaren 20an. Gerora, gerra-kontseiluan epaitu zuten, eta 1943ko irailean auzia artxibatu egin zuten. Orduan, Severinok 43 urte zituen, ezkonduta zegoen, eta gerra aurretik ingeniari-laguntzaile gisa lan egiten zuen(*).

CENDOYA LARRAÑAGA, IGNACIO «TAKOLO»
Ignacio Cendoyari buruzko dokumentua.
(AIRMN).

     Ignaciok 24 urte zituen 1937an Laredon atxilotu zutenean. Aurretik hainbat gerra-frontetan ibili zen, 1936 amaieran borondatez Gernikan Loyola batailoian erroldatu zenetik. 1937ko urrian, Aranda de Dueroko kontzentrazio-esparruan zegoen preso; han, Presoak Sailkatzeko Batzordeak «C atalean» sailkatu zuen, atxiloketetan eta konfiskatzeetan parte hartu izana leporatzen zion Azpeitiko Guardia Zibilaren txosten bat jaso ostean. Eskolapioetako espetxera eraman eta 1938 hasieran Ignacioren aurka urgentziazko prozedura sumarisimoa abiarazi ostean, bai tokiko buruzagitzatik, bai Azpeitiko alkatetzatik, Guardia Zibilak adierazitako kasuak aipatzen zituzten txostenak bidali zituzten. Baieztapen horien aurrean, epaitegi militarrak auzipetuaren aurka egindako salaketen lekukotasuna eman zezaketen lekukoen inguruko informazioa eskatu zuen, epaitegiari emandako erantzunean honako hauek aipatuta: Manuel Echeverria Odriozola, Donato Aristi Aizpuru eta Jose Aizpuru Goenaga. Baina 1939ko otsailaren 15ean, hiru lekukoek esan zuten ez zekitela Ignaciok konfiskatzeetan, atxiloketetan edo bahitzeetan parte hartu zuenik.

      Horrez gain, 1939ko uztailean, Urrestillako hainbat bizilagunek atzera egin zuten 1937ko urrian, Ignacio Aranda de Dueron preso zegoela, Guardia Zibilaren aurrean egindako aitortzari zegokionez. Haien ustez, «akatsez nahi gabe egin izan zezaketen erantzukizun moral guztiak saihestu nahian.... kasuaz gogoeta egin zuten eta, azterketa sakona egin ostean, eta argazkia ikusita, pertsona horrek ganadu-konfiskatzeetan ez zuela parte hartu konbentzituta zeuden». Ondorioz, 1939ko irailaren 7an, auzia artxibatu egin zuten.

      1939ko abenduaren 8an, Ignacio «Takolo» aske geratu zen behin betiko(*).

CENDOYA UZCUDUN, JACINTO

      Jacinto izan zen gerra-kontseiluan epaitutako lehen azpeitiarretako bat. 1936ko urriaren 16an atxilotu zuten eta gero Ondarretan espetxeratu zuten. Urte horretako abenduaren 30ean Landetako bizilagun zen azpeitiar honen aurkako ekintzak hasi ziren. Epaiketa eragin zuten gertakariak uztailaren 21ean, huts egindako estatu-kolpea aldarrikatu eta pixka batera, huts auzipetuak izandako jokabidearen ingurukoak soilik ziren. 1937ko otsailaren 15ean 12 urte eta 1 eguneko kondena jarri zion epaiaren arabera, Jacinto «kamioi batean joan zen Azpeititik Zumarragara miliziano gorrien talde batekin batera, herri horretan armak jasotzeko asmoarekin». Era berean, Azpeitira itzuli zenean «udaletxeko arkuetan guardia-zerbitzua egin zuen» gaueko hamarrak arte, nahiz eta horren ostean, «etxera itzuli zela eta gurasoek errieta egin ziotela ere adierazten den».

      Ordutik aurrera eta atxilotu zuten arten Jacintok leporatzeko moduko bestelako gertakaririk izan ez zuen arren, epaitu zuen epaitegi militarrak uste izan zuen «matxinadarekin bat egitearen delitua egin zuela»(*).

      1937ko apirilaren 15ean San Kristobal gotorlekuko espetxera eraman zuten. Kondena-epaiaren arabera, 1948ko urriaren 12rako aurrez ikusi zuten aterako zela, baina badirudi 1938eko maiatzaren 22ko ihesean parte hartu zuela Jacintok. Huts egindako ihes-saiakera horren ostean, berriz epaitu eta 17 urte, 4 hilabete eta 1 egunerako kondena jarri zioten(*). 1940eko irailaren 2an, ordea, askatasun arindua eman zioten. Jacinto «Paulino Uzcudun boxeolari ospetsuaren iloba zen»(*).

CHINCHURRETA BELOQUI, DOMINGO
Domingo Chinchurretari buruzko dokumentua.
(AIRMN).

     Azpeitiarra zen eta bertan bizi zen. Domingok Zumarragatik Zumaiara zihoan tren-konpainian (Urola trenbidea) forjatzaile gisa lan egin zuen, Azpeitian tropa frankistak sartu zirelako Bilbora ihes egin arte. Altxatutakoak lurraldea konkistatzen zihoazen heinean, Domingo lekuz aldatu zen etengabe, Bilbotik Santanderrera eta Kantabriako hiriburutik Asturiasera, azkenean Frantzian barrena Kataluniara iritsi zen arte.

      1939ko martxoan Azpeitira itzuli zen eta berehala tokiko agintariek organismo militar judizialei jakinarazi zieten iritsi zela, ziurrenik bizilagunen batek salatuta. Azpeitiko Guardia Zibilaren aurrean, Domingok aitortu zuen Izquierda Republicana eta Sindicato Nacional Ferroviariora (UGTren gertuko elkartea) afiliatuta egon zela. Era berean, hauteskundeetan ezkerreko alderdiei botoa eman ziela eta 20 bat egunez, Defentsa Batzordeak aginduta, eta Azpeititik atera aurretik, Damaso Azcue enpresaren aurrean armak hartuta zaintzaldia egin izana aitortu zuen. Ohikoa zen moduan, Roque Astigarragak, Azpeitiko alkate gisa, eta Falangearen tokiko buruzagitzak, kasu honetan Casto Orbegozok ordezkatuta, egin zituzten txostenetan Domingo «muturreko ideiak» edo «berotuak» zituen pertsona zela zioten; armak hartuta zaintzaldiak egin zituen aldiari soilik zegozkion datuak eman zituzten. Txosten horiez gain, orduan Urolako trenbidearen ustiaketaren nagusia zenak, Galo Barrena Larrarrek, idatzitakoa ere gehitu zen. Martxoaren 26ko data duen idatzian, auzipetuaren afiliazio politikoaz eta Domingok berak aitortutako zaintzaldiez gain, Zumarragan «propaganda marxistaren bileretan» parte hartu izana leporatzen zioten. Azkenik, Casiano Garayalde apaizak ere eman zuen auzipetuaren berri, nahiz eta harena aldeko idatzi bakarra izan zen, auzipetuaren «erlijio-betebeharrak» bete izana besterik ez baitzuen aipatzen. Ondorioz, 1939ko maiatzaren 1ean, Gerra Ikuskaritzak uste izan zuen egindako instrukziotik ezin zela ondorioztatu «salatuak delitu komunak egin izana, ezta buruzagi iraultzaile nabarmenaren izaerarik ere». Beraz, gobernu-atxiloaldiko 3 hilabeteko zigorra besterik ez zion ezarri. Domingo Ondarretako espetxean egon zen preso 1939ko apirilaren 16tik uztailaren 15era, eta handik ateratakoan, Donostiako Ordena Publikoko Idazkaritzara joan behar izaten zuen «ondorengo zaintza eta konpetentziarako»(*).

CORTA MENDIA, REMIGIO

      1909an jaioa. Remigioren aurka Donostiako 20. Epaitegi militarrak aurretiazko eginbideak hasi zituen 1938 erdialdean. 1938ko azaroaren 2an amaitutzat eman zuten instrukzioa «erantzukizun-aitorpenik gabe», beraz, auzipetua behin betiko aske geratu zen. Ebazpen horretan ez ziren zehaztu prozesatu izanaren kausak(*).

CORTA ZULOAGA, IGNACIO

      Ignacio 1936ko abenduaren 2an hartu zuten preso beste 6 azpeitiarrekin batera, urte horretako azaroan haien aurka irekitako prozedura sumarisimo baten ondorioz. 1937ko martxoaren 8ko epaian ageri denaren arabera, Ignaciok, Nazario Aizpitartek bezalaxe, gerra hasi ondoren Fronte Popularraren alde hainbat zerbitzu egin zituen. Dena den, Ignacio absolbitu eta aske utzi zuten, «ideia tradizionalistak baitzituen eta azken hauteskundeetan eskuindarrei eman baitzien botoa»; eta , beraz, «nagusitasun gorri-separatistak» iraun bitartean egindakoa borondatez kontrakoa izan zen, eta «bere ideia eta sinesmenen kontrakoa»(*).

CORTA ZULOAGA, JOSE MARIA

      Jose Maria Ignacio anaiaren gerra-kontseilu berean prozesatu zuten, baina hura ez bezala, epaitegi militarrak uste izan zuen Jose Maria «altxamendu militarrari laguntzearen» delituaren arduradun zela. Zehazki, 12 urte eta 1 eguneko espetxealdiko kondena-epaian, Jose Maria abertzaleen aldekoa zela adierazten zen «nahiz eta alderdiko kide ez izan», eta Fronte Popularraren alde egin zuela «bizirik irauteko soldata irabazteko asmoz». Horrez gain, tropa frankistak Azpeitira sartzea oztopatzeko 1936ko uztailaren 25ean Mandubiko zubia leherrarazten parte hartu izana leporatzen zitzaion, Zarauztik Azpeitira hondar-zakuak garraiatu izana aireko erasoen aurka babeslekuak egiteko, eta Loiolara gasolina-andel batzuk eraman izana(*).

CORTA ZULOAGA, MARCELINO
Marcelino Corta Zuloagari buruzko dokumentua.
(AIRMN).

     Huts egindako estatu-kolpearen ostean, eta Gerra Zibila hasi ostean, Marcelinok, epaitegi militarren aurrean egindako aitorpenaren arabera, parte hartu zuen armak hartuta egindako zaintzaldietan, konfiskatzeetan eta Defentsa Batzordearen aginduz Azpeitian egin ziren atxiloketa batzuetan. Errepublika-garaiaren hasieratik EAJko militantea izan zen, eta Azpeitia erretiratu ostean, hainbat frontetan ibili zen Loyola batailoian erroldatuta, 1937ko abuztuaren 25ean Laredon harrapatu zuten arte.

      1937ko urrian, «C atalean» sailkatu zuen Aranda de Dueroko Presoak Sailkatzeko Batzordeak, Azpeitiko Guardia Zibilaren txostena jaso ostean. Izan ere «oso arriskutsutzat» izendatzen zuen txostenean. 1938ko hasieran, Eskolapioen espetxera eraman zuten, gerra-kontseiluan prozesatzeko zain. Apirilean Bilboko 12. Epaitegi militarrera Falangeren tokiko buruzagitzaren eta Azpeitiko alkatetzaren txostenak iritsi ziren. Era berean, Urrestilla eta Aratz-Erreka auzoetako 14 bizilagunen aitorpenak bidali ziren. 1936ko uztailaren amaieratik behien konfiskatzeetan lekuko izan ziren bizilagun horiek, eta konfiskatzeak egin zituzten miliziano taldeko kide izango zen Marcelino. Gerora, 1938ko maiatzaren 19an, Marcelinok berretsi egin zuen epaile instruktorearen aurrean 1937ko urrian egindako aitorpena, eta aitortu egin zuen militantzia nazionalista, Zelaieta eta Rekalde baserrietan eta Urrestillako beste hainbatetan egindako konfiskatzeetan parte hartu zuela, bi lagun atxilotu zituztela eta, azkenik, gerra-frontean ibili izana. Marcelinok ukatu zuen gauza bakarra izan zen eskuineko pertsonak jazarri edo salatu izana, Galo Barrenaren bilaketa eta atxiloketa-saiakerarekin lotzen zuten salaketei aipamen garbia eginez.

      Azkenik, 1938ko uztailaren 7an 12 urte eta 1 eguneko espetxealdiaren epaia jaso zuen, ustezko «altxamenduari laguntzearen» delitua zela eta(*). Badirudi gerora San Kristobal gotorlekuan espetxeratu zutela 1939ko azarora arte(*), baina egoera hori ez da ageri Marcelinoren espetxeko fitxan(*). 1943an espetxealdi arindua eman zioten, zigorra 7 urtera jaitsi ostean. Marcelino orduan San Lorenzo del Escorial (Madril) espetxean zegoen, Regiones Devastadas zerbitzuaren zuzendaritza nagusiaren esku. 1944 hasieran aske geratu zen(*).

CORTABARRIA LAZCANO, ESTANISLAO

      Zurgina zen lanbidez. Errepublika-garaian UGT sindikatuan afiliatuta egon zen. Gerora, JSUren UHP batailoian sartu zen, eta 1938 erdialdean Donostiako 14. Epaitegi militarrean haren kontrako prozedura sumarisimoa ireki zen. 1939ko abuztuaren 4an gerra-kontseiluak auzia artxibatzea erabaki zuen, «egotzitako gertaerak garrantzi handikoak ez zirelako». Akordio hori hilaren 28an berretsi egin zuen 6. Erregio Militarreko Gerra Ikuskaritzak(*).

CORTABARRIA LAZCANO, GREGORIO
Gregorio Cortabarria Lazcanori buruzko dokumentua.
(AIRMN).

     Gregorio Azpeitiko San Ignacio kaleko bizilaguna zen, eta saskigile aritzen zen Dionisio Echeverría altian-enpresan Errepublika-garaian. ELAko afiliatua eta EAJko militantea zen. Gerra hasi zenean, eskuindartzat hartutako presoen zaintzaldiak egin zituen abuztuaren 6tik irailaren 19ra bitartean. Altxatutako tropak gertu zeudela eta, Gregoriok Bilbora ihes egin zuen. Bertan, saskigile gisa jarraitu zuen lanean, 1937ko maiatzean berari zegokion kinta mobilizatu zuten arte. Orduan, Gregorio San Andrés zulatzaileen batailoian erroldatuta geratu zen, aurrena Zeberioko eremuan eta gero Balmasedan gotorlekuak eraikitzen. Azkenik, 1937ko abuztuaren 26an Santoñan harrapatu zuten.

      1937ko irailaren 30ean Presoak Sailkatzeko Batzordeak egindako txostenaren eraginez, Gerra Ikuskaritzak egoki ikusi zuen epaitzea, nahiz eta Azpeititik, Dionisio Echeverria lan egin zuen enpresako arduradun gorenak egindako txostenak atxilotuaren «jokabide ona» nabarmentzen zuten. Izan ere, Guardia Zibilaren nahiz alkatetzaren eta Falangeren txostenek zioten Gregoriok zaindu zituen presoekiko «jokabide akatsgabea» izan zuela; hain zuzen ere, «armada nazionala hurbil zelako Bizkaira bidean preso horiek ebakuatzeko garaian, gaur egun Erreketeen Kapitain den Velaz jaunak hogeita bost pezeta eman zizkion saritan». Aitorpen horiei Cruz Maria Echeverria lekukoaren aitorpenak gehitu zitzaizkion, eta hark hau esan zuen: «auzipetuaz esan litekeen gauza txar bakarra haren ideia nazionalisten ingurukoa da, orduan gazteen artean zorigaiztoz zegoen korrontea jarraitzeagatik.

      Instrukzio-aldian, Gregorio Zaragozako 177. langileen batailoian egon zen preso; Santoñatik 1938ko abenduaren 20an eraman baitzuten hara. 1939ko martxoaren 6an Ondarretako espetxean sartu zuten, eta bertan egon zen preso urte hartako apirilaren 29ra arte, auzia artxibatu eta «A atalean» sailkatu ostean(*).

ECENARRO URIBE, ANGEL

      Donostian jaioa eta Azpeitiko bizilaguna. Lanbidez inprimatzailea zen. 1944an Lleidako kartzelan izan zen espetxeratua, eta ondoren, urte bereko abenduaren 15ean, «Estado Mayor del Grupo de Divisiones de Enale»ren esku utzia izan zen. 29 urteko espetxe zigorrera kondenaturik, espetxe ezberdinetatik pasa izan zen, harik eta 1952ko uztailean askatasun kondizionala eman zioten arte. Ez da ezagutzen zein delitugatik zigortu zuten(*).

ECHANIZ LARRAÑAGA, VICENTE

      Azpeitiko Udalak 1940an sortutako dokumentazioaren arabera, Donostiako soldadugaien zerrendak eskatutako informazioari dagokionez, Vicente «aurkaritzat» zuten tokiko agintaritzek. Era berean, 1937ko soldadualdiko azpeitiar honek «bi armadetan zerbitzua eman zuela» esaten zuten(*). Hain zuzen ere Eusko Gudarostean egindako ekintzengatik Vicenteren aurka urgentziazko prozedura sumarisimoa ireki zen 1939an, nahiz eta 1939ko irailaren 26an Gerra Ikuskaritzak gerra-kontseiluaren akordioa kontuan hartu eta auzia artxibatzea erabaki zuen(*).

ECHAVARRI CASTELL-RUIZ, JESUS

      Jatorriz Azagrakoa (Nafarroa) eta lanbidez telegrafista zen. 1933ko urtarrilaren 25ean Azpeitiko Batzorde Kudeatzailearen presidente-alkate izendatu zuten, eta kargu hori izan zuen maiatzera arte, «Azpeitian bizi zen adin gutxieneko funtzionarioa» izateagatik(*). Gerra Zibila hasi zenean, badirudi hainbat frontetan aritu zela telegrafista, kapitain kategoriarekin, Kantabrian atxilotu zuten arte.

      1937ko irailaren hasieran gerra-kontseiluan epaitu zuten. Auzi bererako bi epai daude, bat 1937ko irailaren 30eko datarekin eta bestea urte bereko urriaren 28koarekin. Lehen epaiaren arabera, Jesus «eskuindarra» izateagatik jazarri zuten, «gorrien armada»rekin bat egitera behartu zuten, eta «Causa delakoaren abiadoreek frontean bota zituzten aldarriak irakurrarazi zizkioten... fronte gorritik ihes egin zuen eta lerro nazionaletara pasatu zen». Urriko epaian, aldiz, adierazitako azken kasuari ezikusi egiten zaio eta Jesus «ideia ezkertiarrekoa» zela esaten da. Edozein kasutan, bi idatzietan auzipetuari 12 urte eta 1 eguneko espetxe-zigorra jarri zitzaion(*).

ECHEVERRIA ARAMENDI, ELEUTERIO

      Urrestillakoa, Eleuterio 1938 erdialdera gerra-kontseiluan epaitu zuten ustezko «matxinada militarra»ren delituagatik. 1913an jaiotako gazte honen instrukzio-prozesuan ageri denaren arabera, zaintzaldi armatuak egin zituen Azpeitian, eta Zuazola jauregiaren erregistroan parte hartu zuen, han tartean zeudenek «lorategiko frutak hartu zituztelarik». Era berean, Eleuteriok ideia nazionalistak zituela jartzen du, eta «behin Pasaiatik sei litro inguruko ardo-garrafoi bat ekarri zuela, etxean gorde zuen Indar Nazionalak sartu arte, eta marxistek gertaera hargatik zigortu egin zuten». Hori dela eta, «etsaien indarretan» miliziano ez zela ibili agerian geratu zenez, 1938ko urriaren 29an absolbitu egin zuten, prebentziozko espetxealdian pasatutako denborarekin «gertakariak nahikoa zigortuta» zeudela uste izan zutelako(*).

ECHEVERRIA ARAMENDI, JOSE MARIA

      Eleuterio baino hiru urte gazteagoa, Jose Maria UGTn afiliatuta egon zen errepublika-garaian. Ziurrenik gerora Eusko Gudarosteko batailoiren batean erroldatuta egongo zen gerrako frontean 1937 erdialdean atxilotu zuten arte. 1937ko abenduaren 7an epaitu zuten gerra-kontseiluan eta heriotza-zigorraren kondena jarri zioten ustezko «matxinadarekin bat egitea»ren delituagatik. Kondena-epaiaren arabera, Azpeitian egindako zaintzaldi armatuetan, atxiloketetan eta konfiskatzeetan parte hartu zuen, eta ez da aipatzen 1936ko irailaren 20an Azpeitia erori osteko jarduerarik.

      Dena den, Gerra Ikuskaritzak 1938ko martxoaren 25ean baliogabetu egin zuen kondena, eta beste prozedura sumarisimo bat irekitzeko agindu zuen. Bitartean, Jose Maríak preso jarraitu zuen Burgoseko espetxe nagusian 1938ko uztailaren 26 eta 1939ko abenduaren 26 bitartean. Azken data horretan Bilbora eraman zuten, epaiketa berria zela eta. 1940ko otsailaren 21ean, auzia itxi eta Jose Maria behin betiko aske utzi zuten(*).

ECHEVERRIA GARATE, MANUEL

      Manuel igeltseroa zen lanbidez, eta errepublika-garaian hainbat lan egin zituen udalerako, esaterako, udal-eraikinak zuritzea 1935eko irailean(*). Handik urtebetera, altxatutako tropak sartzear zeudenez, Manuelek Bizkaira ihes egin zuen eta gero Eusko Gudarostean erroldatu zen. 1937ko abuztuan, Santoñan harrapatu zuten «Indar Nazionalek eta aske utzi zuten, 1929tik itsas gorputzaren soldadua izan zenez berriro bertan aurkez zedin».

      Dena den, 1938an urgentziazko prozedura sumarisimoa ireki zuten Manuelen aurka; borrokalari aritu izanaz gain, aurretik Azpeitian egindakoak ere leporatzen zizkioten. Zehazki, beste azpeitiar batzuekin batera Oinatz auzora joan izana leporatzen zioten «bando nazionalera zein baserritar pasatu zen egiaztatzera»; dena den, Manuelen alde «ohitura onak» zituen pertsona zela adierazi zuten.

      Edonola ere, 1938ko azaroaren 4an, urtebeteko espetxealdira kondenatu zuten «matxinada laguntzea»ren ustezko delituagatik, eta prebentziozko espetxealdian emandako denborarekin kondena betetzat eman zioten(*).

ECHEVERRIA LANDA, JOSE ANTONIO

      EAJko militantea eta ELAko afiliatua, Jose Antonio Azpeitian geratu zen Azpeitian altxatutako tropak sartu baino lehentxeagora arte. Egiaztagirik ez dugun arren, ziurrenik gerora Eusko Gudarosteko batailoiren batean erroldatuta geratuko zen 1937 erdialdean atxilotu zuten arte. Urte horren amaieran Bilboko 3. epaitegi militarrak Jose Antonioren eta beste atxilotu batzuen aurkako urgentziazko prozedura sumarisimoa ireki zuen, eta guztiek 1938ko maiatzaren 16an izan zuten epaia.

      Jose Antoniori dagokionez, «matxinadarekin bat egitea»ren ustezko delituagatik bizi arteko atxiloaldira kondenatu zuen epaiak aipatzen zuen azpeitiarrak «hasieratik» udalerriaren Defentsa Batzordeari zerbitzuak eskaini zizkiola. Zehazki, Zuazola jauregia konfiskatzen parte hartu zuela leporatu zien, eta Urrestillako eta Nuarbeko apaizen etxeetan, Nuarbekoari (Francisco Auzmendi) mehatxu eginda(*).

      Epaiaren ondoren, abuztuan Cádizko Puerto de Santa Maria espetxera eraman zuten, eta bertan egon zen 1939ko irailaren 15era arte, orduan Madrilgo Sant Rita espetxera eraman baitzuten. 1940ko irailaren 23an Palentziako espetxera sartu zuten, eta azkenik, 1941eko ekainaren 29an behin-behineko askatasuna eman zioten(*).

ECHEVERRIA UGARTE, ELIAS
Elias Echeverria Ugarte.
(Lina Etxeberriak utzitako irudia).

     Elías Urrestillan jaio zen 1913an, eta bertan bizi izan zen 1934an Bilbora bizitzera joan zen arte. Igeltseroa zen lanbidez eta ELAra afiliatuta zegoen. 1936an bere borondatez izena eman zuen Ertzaintzako gorputzean, eta «ospitale eta espetxeetan zerbitzua eman zuen». 1937ko ekainaren 19an, aitorpenean ageri den moduan, «beste kide batzuekin batera Erruki Etxea zaintzen geratu zen, muturrekoek honda ez zezaten». Egun horretan bertan tropa frankistetan entregatu zuen bere burua.

      Atxiloketaren ostean, Gasteizko Karmeldarren espetxera bidali zuten eta lehen aldiz 1937ko abuztuaren 16an galdekatu zuten. Handik hilabetera, Elíasen aurka urgentziazko prozedura sumarisimoa ireki zuten, eta berriz ere deklaratu egin behar izan zuen 1938ko uztailaren 6an. Orduan, auzipetuak Bilboko hainbat presondegitan zaintzaldiak egin zituela esan ostean, «han izandako sarraskietan» parte hartu ote zuen galdetu zioten eta ezetz erantzun zuen. Azkenean, 1939ko urriaren 30ean, gerra-kontseiluak auzia behin-behinean artxibatzea erabaki zuen eta auzipetua langileen batailoi batean sartzea agindu zuen. Urte horretako azaroaren 15ean, Gasteizko gobernadore militarrak Elias Miranda Ebroko (Burgos) kontzentrazio-esparrura eramateko agindu zuen(*).

EGUIBAR ARREGUI, MAXIMIANO
Maximiano Eguibar Arregui.
(Kontxi Egibar Etxeberriak utzitako irudia).

     UGTko militantea eta lanbidez zurgina, Maximiano lanik gabe geratu zen gerra hasi berritan, lan egiten zuen tailerreko ekoizpena gelditu egin baitzen. Hori dela eta, gerra-kontseiluan epaitu izanagatik 1937 eta 1941 artean gutxienez egin behar izan zituen hiru aitorpenetan adierazi zuenaren arabera, zerbitzua eman zuen «Azpeitian zeuden errefuxiatuei ogia eta ardoa ematen», Defentsa Batzordeak hala aginduta. Gero Durangora joan zen eta UHP batailoian erroldatu zen. Eusko Gudarosteko gorputz horretan geratu zen Kantabrian 1937an atxilotu zuten arte.

      El Duesoko espetxetik Bilboko espetxe probintzialera bidali zuten, eta gero, 1938ko uztailaren 26an, Burgoseko espetxe nagusira eraman zuten. Handik bi hilabetera, Maximianoren aurkako urgentziazko prozedura sumarisimoa hasi zen. El Duesoko espetxera eraman zuten berriz ere eta han galdekatu egin zuten 1940ko ekainaren 20an. Bitartean, Roque Astigarraga, Hilario Bereciartua eta Florencio Mangasek (Azpeitiko alkate, Falangeren tokiko buruzagi eta Guardia Zibileko komandantea) Santoñako instrukzio-epaitegi militarrari auzipetuaren «aurrekariak» bidali zizkieten, eta konfiskatze eta atxiloketen arduradun zen «pertsona arriskutsu» gisa izendatzen zuten. Beste kasu batzuetan bezala, epaitegiak eskatutakoan salatzaileek ezin izan zuten lekukorik eman egindako salaketak berresteko, «baina Valentín Larrañaga eta Ignacio Martínez Olaechea... Glorioso Movimiento Nacional delakoaren pertsona oso zale eta herriko zinegotzi zirenek berrets ditzakete aurreko txosten horiek».

      Hala ere, Guardia Zibilaren komandanteak aipatutako bi pertsonetako batek ere ez zuen berretsi Maximianok konfiskatze eta atxiloketetan parte hartu zuenik, ezta prozeduran zehar agertzen joan ziren beste lekukoek ere. Horiek guztiek esan zuten gauza bakarra izan zen Maximiano ezagutzen zutela eta UGTkoa zela, Juan Astigarragak, Roque Astigarragaren semeak, izan ezik, hark esan baitzuen auzipetuak aitaren saltokian ardoa konfiskatu zuela.

      Ikerketa judizialen berandutza ikusita, 1941eko martxoaren 1ean baldintzapeko askatasuna eman zitzaion, eta geroxeago Eibarren lanean hasi zen «suntsitutako eremuen» zuzendaritzapean. 1942 hasieran, oraindik ere prozedura irekita zegoen. Urtarrilaren 2an, Azpeitiko Guardia Zibilak epaile instruktoreari honako informazioa bidali zion: «egindako gainerako gertakarien lekuko presentzialak bilatzeko postu honetako indarrek egindako kudeaketak kudeaketa, ezin izan da emaitza onik lortu». Azkenik,

      1942ko ekainaren 18an, gerra-kontseiluak 12 urte eta 1 eguneko espetxealdi txikia jarri zion «matxinadari laguntzea»ren ustezko delituagatik(*).

EGUIGUREN ACHAGA, JESUS

      1910ean Azpeitian jaioa, Jesus gidaria zen eta Hernanin bizi zen 1936an. 1937ko abuztuan Kantabrian atxilotu zuten, eta pixka bat geroago gerra-kontseiluan epaitu zuten beste 24 lagunekin batera. «Matxinadarekin bat egitea»ren delitu bategatik biziarteko espetxealdira kondenatu zuen 1937ko irailaren 30eko epaiaren arabera, Jesúsek armatutako zaintzaldiak egin zituen, eta gero bere borondatez euskal milizietan erroldatu zen. Atxilotu zuten unean Eusko Gudarostearen barruan teniente gradua zuen(*).

EGUIGUREN EIZAGUIRRE, ANTOLIN

      Azpeitia bizi zen. Organo egilea zen. Lamiakoko aerodromoan zerbitzuak eskaini zituen Gerra Zibila hasi ondoren. Sendagileak hala aginduta, bajan egon zen 1937ko otsailaren 5etik 12ra, «bi begietan gorputz arrotzak» izateagatik. Altxatutako tropek atxilotu eta 1937ko amaieran, beste hogei preso ingururekin batera, Donostiara eraman zuten Medina de Rioseco (Valladolid probintzia) kontzentrazio-esparrutik, eta Gipuzkoako hiriburuan aurretiazko eginbideak abiarazi zituzten denen aurka(*). 1937ko maiatzaren 15ean, Antolin errepresaliatua zela berretsi zuen epaitegi hark eta B atalean sailkatu zuten. Berriro eraman zuten kontzentrazio-esparru batera(*).

EIZAGUIRRE GARMENDIA, FAUSTO

      Faustok 17 urte eskas zituen 1936ko uztailean. Abuztutik aurrera Loiolako santutegian, euskal milizien kuartel nagusian, zaintzaldiak egin zituen irailaren 19an utzi zuten arte. Lanbidez saskigilea eta militante nazionalista zen. Azpeitia erori ostean Bizkaira ihes egin zuen eta gero handik zulatzaileen batailoi batera, eta han gotorlekuak eraikitzen lan egin zuen.

      1937ko abuztuan Laredon harrapatu zuten, eta urtebete baino gehiagoz atxilotuta mantendu zuten gerra-kontseiluan epaitu zain(*). 1937ko irailaren 23an, epaitzen zuen auzitegi militarrak uste izan zuen frogatuta zegoela haren militantzia nazionala, armatutako zaintzaldiak egin izana eta zulatzaileen batailoian parte hartu izana. Aldiz, haren arabera, «ez du inolako funtsik auzipetuak baserritar bat atxilotzen parte hartu izanaren salaketak». Edonola ere, Faustok «hain gaztea izanik, familiartekoek eraginda eta Fronte Popularrak behartuta» jokatu zuela uste izan zuten, beraz, aske utzi zuten prebentziozko espetxealdian zeraman denborarekin «haren jokabidea nahikoa zigortuta» zegoela ulertuta(*).

EIZAGUIRRE ODRIA, GENARO

      1906an Azpeitian jaioa zen eta Bustinzuri inguruan bizi zen. Azpeitian atxilotu zuten Genaro, Komandante Militarraren aginduz, eta Ondarretako espetxera eraman zuten. Donostiako 15. epaitegi militarrean bere aurka prozesu sumarisimo bat abiarazi zutelako sartu zuten espetxean, baina ez dakigu zer leporatzen zioten. 1939ko urtarrilaren 19tik apirilaren 2ra arteko tartean espetxeko erizaindegian egon zen, «bihotzeko eritasuna» zuelako; hala dio auzitegiko medikuaren txostenak. Handik 20 egunera, berriro eraman zuten erizaindegira, bihotzeko lesio bat zuelako. Ondoren, 1940ko martxoaren 21ean, aske utzi zuten, baldintzapean eta maiatzean, hilaren 7an, auzia artxibatu eta Genaro behin betiko aske uztea erabaki zuten(*).

ELIAS UNANUE, FRANCISCO
Francisco Elias Unanue.
(AIRMN).

     Lanbidez tapizatzailea eta Damaso Azcue enpresako langilea errepublika-garaian(*), Pacok Azpeititik ihes egin zuen 1936ko irailean, matxinatutako tropak sartzear zirenean. Gerora, baliteke zulatzaileen batailoi batean erroldatuta egotea, Bizkaiko sektore ugaritan defentsa-sistemak eraikitzen. Gernikan, 1936ko apirilaren 26ko bonbardaketatik bizirik atera zen, eta horren ostean, Bilbora joan zen(*).

      Atxilotu zutenean, Eskolapioen espetxean egon zen preso (Bilbo), urtebete inguruz. Berriz Azpeitira itzulitakoan salatu egin zuten, eta Ondarretako espetxera eraman, gerra-kontseiluan epaitu zain.

      Itxuraz Pacoren aurka heriotza-zigorra eskatu zuten, baina 1940ko martxoaren 14an, baldintzapeko askatasunean zegoenean, auzia artxibatu eta aske utzi zuten(*).

ELORZA ALBERDI, EUSEBIO

      1937ko irailaren amaieran, Donostiako 14. Epaitegi Militar Iraunkorrak ikerketa-prozesua hasi zuen 6 azpeitiarren «Fronte Popularraren aldeko jarduera politiko-sozialak argitzeko». Horien artean zegoen Eusebio. Hain zuzen ere, «kausa horren alde azken hauteskundeetan indarkeria erabiliz euskal nazionalismoaren propaganda egitea» leporatzen zitzaion. Salaketa horiez gain, «herria utzi eta Bilbon ziurrenik gerrako materialerako enbalatzeko kaxak egiten aritu izana beste salaketarik ez zuten haren kontra».

      Edonola ere, 1938ko apirilaren 12an, Gerra Ikuskaritzak uste izan zuen ikertutako gertakariek ez zutela justifikatzen prozedura auzi sumarisimo gisa hartzea, beraz, Eusebiorentzat isun ekonomikoa ezarri zuen. Hura ordaindutakoan, Eusebio aske geratuko zen(*).

ERRASTI ARIZTONDO, ANASTASIO «ATXERO»

      Lanbidez zurgina, Anastasio 1933ko apirileko udal-hauteskundeetan hautagai errepublikarra izan zen, baina lortutako 20 boto eskasek ez zioten balio izan ordezkaritzarik lortzeko(*). Gerora, gerra hasi ostean, Azpeitiko Defentsa Batzordeko(*) kide izan zen herritik ihes egin eta Eusko Gudarostean sartu zen arte. 1937ko abuztuan Kantabrian atxilotu eta El Duesoko kartzelan sartu zuten. Santoñako plazan bertan, 1937ko abenduaren 9an, ustezko «matxinadarekin bat egitea»ren delituagatik espetxealdi handiko 30 urteko kondena jarri zioten.

      Handik hilabete batzuetara, zehazki 1938ko maiatzean, Donostiako epaitegi militar batek Anastasioren galdeketa eskatu zuen, haren izena Maria Altuna Astigarraga eta Gloria Zabaleta Olazabal azpeitiarren aurkako prozesu sumarisimoan aipatu zelako. Galdetegi batean planteatu zitzaizkion galdera batzuen harira, Anastasiok zuzenean salatu zituen Maria eta Gloria, eta egozten zizkieten oilo-lapurretetan parte hartu zutela esan zuen. Era berean, deklaratzaileak auzipetuez zer iritzi zuen galdetutakoan, Anastasiok erantzun zuen biak zirela «euskal nazionalista sutsuak, hasieratik gorri-separatisten zerbitzura jarri zirenak»(*).

      1939ko azaroaren 15ean Anastasio El Dueso espetxe-koloniatik Alcalá de Henareseko (Madril) espetxe-tailerretara eraman zuten. Bertan egon zen preso 1943ko abuztuaren 22an baldintzapeko askatasuna eman zioten arte(*).

ERRASTI LARRAÑAGA, JUAN DE DIOS

      Azpeitian jaioa 1905ean eta lanbidez igeltseroa, Juan gerra-frontean JSUren Amuategui infanteriako batailoian erroldatuta ibili zen borrokan. 1937ko udan Kantabrian atxilotu zuten, El Duesoko espetxean preso izan zuten eta Santoñako plazan bertan gerra-kontseiluan epaitu zuten. 1937ko azaroaren 10ean 30 urteko espetxealdi handiko kondena jaso zuen ustezko delituagatik. Kondenaren arrazoitzat «Zuzendaritza Sozialistaren kide» izatea eta frontean parte hartu izana argudiatu zuten(*).

ERRASTI OLAIZOLA, JOSE

      Jose zumaiarra zen eta Azpeitian bizi zen. Azpeitian lan egin zuen zumegile gisa Damaso Azcue enpresan. Abertzaleen aldekoa zen eta gerra hasitakoan zaintzaldiak egin zituen. Gero, Loyola batailoian erroldatu zen eta bertan sukaldari aritu zen. 1937ko abuztuan Laredon atxilotu zuten eta handik gutxira, Lizarrako kontzentrazio-esparrura eraman zuten. Azaroaren 1etik 6ra, Miranda de Ebron egon zen preso eta badirudi, handik Sevillara eraman zutela, langileen batailoi espezializatu batera. Hala ere, hil haren 25ean berriro eraman zuten Miranda Ebroko kontzentrazio-esparrura. Andaluziara eraman eta handik hain denbora gutxira itzuli zenez, baliteke bera izatea Alanís de la Sierran (Sevilla) istripua izan zutenetako bat. 1937ko azaroaren 19an izan zen istripua eta 57 euskal preso hil ziren.

      Edonola ere, hilaren 26an Bilboko Eskolapioen espetxera iritsi zen, gerra-kontseiluan epaitu eta 12 urte eta egun bateko espetxealdira kondenatu zuten 1937ko abenduaren 17an. Kondena-epaiaren arabera, Josék parte hartu zuen armak konfiskatzen eta eskuineko pertsonak atxilotzen Azpeitian(*). 1938ko abuztuaren 2an Cádizko Puerto de Santa Maria espetxera eraman zuten, eta urte horretako abenduaren 14an Sevillako espetxera(*).

GARCIA AZURZA, JOSE

      Jose Bizkaian jaio zen, Getxon, 1913an. Azpeitiarra eta lanbidez saskigilea, 1934ko azaroan «Ceutako Itsas konpainian» sartu zen, bere kinta lerroetara deitu zutenean. Handik urtebetera, soldadutza-denbora bete zuenean, ziurrenik Azpeitira itzuliko zen. Edonola ere, 1938 arte ez dugu haren berri gehiago. Urte horretan, Jose Ondarretako espetxean zegoen preso, gerra-kontseiluan epaitu zain. 1939ko abuztuaren 9an, epaitegi militarrak auzia artxibatu zuen eta aske utzi zuten(*). Ziurrenik miliziano gisa ibiliko zen Gerra Zibilean.

GARMENDIA ARTECHE, RAMON

      Azpeitiarra zen eta lanik gabe zeuden langileen hainbat zerrendatan eman zuen izena 1935ean, 26 urterekin(*). Gero, ziurrenik Itxarkundia batailoiaren lerroetan ibiliko zen borrokan atxilotu zuten arte(*). Gerra-kontseiluan prozesatuta, 1938ko urtarrilaren 4an Bilboko 12. epaitegi militarrak erabaki zuen Ramonen aurka irekitako auzia aparteko prozesu sumarisimo batean ikertu behar zela, instruitzen ari ziren gainerako auzipetuetatik bereizita. Era berean, Azpeitiko Guardia Zibilari eta Deustuko kontzentrazio-esparruari (bertan zegoen une horretan preso) informazioa eskatu zien(*).

      Ondorioz, beste gerra-kontseilu batean prozesatu zuten eta haren instrukzioa 1940 arte luzatu zen. Orduan, eta 1938 amaieratik, Ramón espetxealdi arinduan zegoen bere herrian, Azpeitian. Azkenik, 1940ko apirilaren 18an auzia artxibatu eta behin-betiko aske utzi zuten(*).

GARMENDIA ERRASTI, JOSE MARIA «KOIPE»
Jose Maria Garmendia Errasti.
(Maite Garmendia Altunak utzitako irudia).

     Jose Maria «Koipe» Azpeitian jaio zen 1907an eta Eliz kalean bizi zen. Lanbidez aldare eta erretaulak pintatzen zituen, doratzaile gisa ezagutzen dena. EAJko militantea eta ELAko afiliatua zen 1932tik. Gerra Zibila hasi zenetik alderdiko eta Ordena Publikoaren Tokiko Batzordeko kide izendatu zuten. 1936ko irailaren 19an Azpeitia utzi zuen, eta gerora Eusko Gudarosteko 5. Intendentzia batailoian erroldatu zen. Lehen helmuga Elorrio izan zen, baina 1937ko abuztuaren 25ean Laredon atxilotu arte hainbat frontetan aritu zen.

      Aranda de Dueroko kontzentrazio-esparrura eraman zuten, eta 1937ko urriaren 20an sailkapen-akta egin zuten. Haren arabera, preso mantentzea erabaki zuten («C atalean» sailkatuta), bere aitorpena eta Azpeitiko Guardia Zibilaren txostena irakurri ostean. Urgentziazko prozedura sumarisimoa hasi ostean, 1938ko maiatzaren 16an Eskolapioen espetxera eraman zuten. Apirilean Bilboko 12. epaitegi militarrera Azpeitiko alkatetzaren eta Falangeren txostenak iritsi ziren. Horien arabera, «eskuineko pertsonen» etxeetan irrati-gailuak konfiskatu izana leporatzen zioten, pertsona horien artean zegoen Casto Orbegozo. Kasu jakin horretan espediente judizialari gehitu zitzaion «konfiskatzearen agiriaren kopia zehatza, eta bertan zehaztuta» zetorren «idazmahai bat aulki eta guzti» konfiskatu zutela: Era berean, Nuarben egindako ustezko konfiskatzean inplikatutako emakumeetako bat aipatzen zen, auzipetuaren «emaztegaia edo gutxienez ezkongai-harremana» zuena. Txostenak ondoren bere emaztea ¡zango zena aipatzen zuen.

      Horretarako, Azpeitiko bi bizilagunen testigantza aurkeztu zuten. Alde batetik, Jose Antonio Segurola Iturriozek aitortu zuen 1936an Jose Maríak eta Guardia Zibileko teniente batek atxilotu zutela. Bestalde, Victoria Aizarna Lizasok konfiskatzearen lekuko gisa aitortu zuen, eta auzipetua konfiskatze horren partaide izan zela adierazi zuen. «Ordeneko pertsonekin sentimendu gaiztoak zituen pertsona zela aitortu zuen, batez ere eskuindarrekin». Hain zuzen ere, Victoriak aitorpenean gehitu nahi izan zuen Juan Pablo Lojendio eskuindarrak Azpeitian egindako mitin baten aurka Jose Maria buru zela egin zuten ustezko boikot bat. «Jose Maríak modu txarrean moztu zion, behin eta berriz, eta hark eta jarraitzaileek oihukatu egin zuten».

      Edonola ere, 1938ko maiatzaren 19an Jose Maríak berretsi egin zuen aurreko bere deklarazioa, hau da, militantzia politikoa eta frontean egindako jarduera onartzen zituena, baina ukatu egin zuen Juan Pablo Lojendio eskuindar hautagaitzari hitzaldia moztu izana, eta esan zuen ez zuela gogoratzen Jose Antonio Segurola atxilotu izanik. Ondorioz, 1938ko uztailaren 87an, Jose Maria 20 urteko espetxealdira kondenatu zuten «matxinadari laguntzearen» ustezko delituagatik.

      Azkenik, 1941eko uztailaren 1ean baldintzapeko askatasuna eman zioten, zigorra 6 urte eta egun 1eko espetxealdira murriztu ostean. 1948ko irailaren 8an «behin betiko askatasun-ziurtagiria eman zioten»(*).

GOENAGA EIZAGUIRRE, IGNACIO «FRAILETXU»

      1912an jaio zen Elosiaga auzoko Arbe baserrian eta Zarautzen bizi zen. Ignacio UGTn afiliatuta egon zen errepublika-garaian. Gerra hasi zenean Zarauzko «Tokiko batzordeko garraioen saileko presidente» izendatu zuten, eta itxuraz, Eleuterio Legarraren atxiloketan parte hartu zuen. Gerora, Eusko Gudarosteko batailoi batean erroldatuta geratu zen 1937ko abuztuaren 29an Laredon atxilotu zuten arte.

      1939an, Donostiako San Antonio Abad ospitale zibilean ospitaleratuta zegoela (Manteo ospitale gisa ezagunagoa zen), gerra-kontseiluan epaitu zuten. Urte horretako irailaren 7an «matxinada militarrari laguntzearen» ustezko delitu bategatik zigortu zuten 6 urte eta egun 1eko espetxealdira. Zigorra 2 urtera arindu zioten 1940ko apirilean. Ondorioz, Zigorrak Aztertzeko Gipuzkoako Batzordeak onartutako jaitsieraren ostean, Ignacio zaintzapeko askatasunaren erregimenean geratu zen(*).

GOENAGA ITURZAETA, GREGORIO

      Gregoriok bizikletak alokatzeko negozioa zuen eta gidaria zen lanbidez, bai errepublika-garaian, bai gero(*). Gerran bi bandoetako batean ere parte hartu zuenik ageri ez den arren, 1938 amaieran urgentziazko prozesu sumarisimoa ireki zuten haren kontra Bilboko epaitegi militarrak egindako aurretiazko diligentzien ostean. 1940ko martxoaren 14an, hala ere, gerra-kontseiluak kasua behin-behinean artxibatzea eta Gregorio aske uztea agindu zuen. Gregoriori atxilotu zuten unean konfiskatu zizkioten eskopeta eta kartutxoak itzuli zizkioten(*).

GOICOECHEA CENDOYA, JUAN «AKOTEI-ORKAZARRE»
Juan Goicoechea Cendoya.
(Hemendik ateratako argazkia: ELIAS ODRIOZOLA, I.: Azpeitia, 500...: Azpeitiarrak eta herriarekin bat eginak).

     1914an Azpeitiko Oinatz auzoan jaioa, Juan «Akotei-Orkazarre» bertsolari gisa ezagutzen zuten. ELAko afiliatua, gerra hasi ondoren zaintzaldiak egin zituen, eta gerora Eusko Gudarosteko San Andres batailoian sartu zen sarjentu gisa. Atxilotu ostean, 1937ko amaieran epaitu zuten Bizkaiko hiriburuan, gerra-kontseiluan.

      1937ko abenduaren 7ko epaiaren arabera, Juanek, Azpeitian armak hartuta zaintzaldiak egiteaz gain eta abertzaleen batailoian bere borondatez erroldatzeaz gain, konfiskatzeak egin izana leporatu zioten. Hori dela eta, nabarmendu behar da Juan beste azpeitiar batzuen aurkako prozedura sumarisimoetan aipatzen dutela eta konfiskatzeen egiletzat hartzen dutela. Esaterako, Jose Maria Garmendia Errasti eta Marcelino Corta Zuloagaren aurka egindako gerra-kontseiluan, Vicente Gurruchaga Unanue lekukoak aipatu egiten du baserrian Galo Barrenaren bila egindako erregistroa eta ondoren hiru txahal konfiskatu zizkiotela aipatu zuenean.

      Hori guztia kontuan hartuta, Juan biziarteko espetxe-zigorrera kondenatu zuten(*), «matxinadarekin bat egitearen» ustezko delituagatik. Dena den, Burgosko espetxean hiru urte eman ostean, zigorra jaitsi zioten eta baldintzapean aske utzi zuten. Espetxealdi arinduko erregimenean geratutako gainerako pertsonak bezala, 15 egunean behin Guardia Zibilaren kuartelera joan behar izaten zuen. Azkenik, 1945ean Azpeitia utzi eta Iparralden jarri zen bizitzen(*).

GURRUCHAGA ECHEVERRIA, BIENVENIDO JUAN

      Juanek Urolako trenbideko faktore gisa lan egin zuen 1936ko irailaren 20an altxatutako tropak sartu bezperatan Azpeititik ihes egin zuen arte(*). Sindicato Nacional Ferroviario sindikatuko afiliatua, 1934an soldata eten zion konpainiak «greba egiteko jarrera zuela eta». Epaitu zuen epaitegi militarraren arabera, gerra hasieran zaintzaldiak egin zituen, ez dago «Glorioso Movimiento» delakoaren aurkako beste ekintzarik. Horregatik, 1939ko martxoaren 5ean, espetxeratze prebentiboan zeraman denbora leporatzen zitzaizkion gertakarientzat zigor egokia zela erabaki zuten(*). Handik urte batzuetara, 1948ko otsailaren 26an, trenbide konpainian har zezatela eskatu zuen, eskaera hau 1949ko urtarrilaren 10ean ukatua izan zitzaiolarik(*).

IBARZABAL AMENABAR, FRANCISCO
Francisco Ibarzabal Amenabarri buruzko dokumentua.
(AIRMN).

     Francisco errepublika-garaian eta 1936ko irailaren 19ra arte Azpeitiko batzokiko atezaina izan zen. EAJko afiliatua eta lanbidez tailugilea, alde egin zuen beste azpeitiar askok bezala, altxatutako tropak sartzear zirenean. 1937ko abuztuaren 26an Laredon atxilotu zuten, baina ez dakigu gerra-frontean jardueraren bat izan zuen edo batailoiren batean erroldatuta egon zen. Gerora, Orduñako kontzentrazio-esparrura bidali zuten, eta bertan egon zen 1937ko irailaren 19ra arte. Data horretan, Gasteizko espetxe probintzialera bidali zuten. 1938ko urriaren 11n Miranda Ebroko (Burgos) kontzentrazio-esparrura eraman zuten, eta 1939ko urtarrilaren 15ean, Murgiakora. Urte horretako urrian, zehazki 1939ko urriaren 23an, prebentziozko espetxealdian bi urte baino gehiago eman ostean, behin-behineko askatasuna eskatu zuen familiako egoera ekonomiko ezegonkorra zela eta. 4 eta 6 urteko bi umeren aita, Francisco «etxeko euskarri bakarra» zela zioen, eta «erabateko txirotasunean» zegoela. Eskaerari atxiki zizkioten Falangera afiliatuta zeuden Azpeitiko hainbat bizilagunen idatziak, abal gisa, esanez atxilotua babesten zutela modu «pertsonal, ekonomiko eta judizialean». Era berean, Azpeitiko alkatearen (orduan Ignacio Egaña Otegui zen) idatzi ofizial bat gehitu zuten, Francisco «jokabide moral oneko» pertsona zela baieztatzen zuena. Hala ere, Gerra Ikuskaritzak abenduan erabaki zuen Franciscori buruzko informazioen arabera delitua zegoela, eta beraz, aurretiazko eginbideak hasi behar zirela. Ondorioz, Donostiako epaitegi militarrak Azpeitiko Guardia Zibilaren, alkatetzaren eta Falangeren txostenak jaso zituen. Guztiek Franciscoren ideologia nazionalista nabarmentzen zuten idatzietan eta, beraz, «ideia asaldatu anti espainolistak», eta Azpeitia utzi ondoren zer egin zuen ez zekitela zioten.

      Era berean, Roque Astigarraga eta Julian Orbegozo Embil alkate ohiek deklaratu zuten lekuko gisa. Aurreko txostenetan bezala, biek atxilotua salatu zuten «bere ideien propagandista» izateaz, baina aldi berean esan zuten ez zuela parte hartu atxiloketetan eta konfiskatzeetan, «inori kalterik egiteko ez zelako gai».

      Azkenik, epaile militar instruktoreak behin-behineko askatasuna eman zion 1940ko apirilaren 10ean. Handik hilabetera auzia artxibatu eta behin betiko askatasuna eman zioten(*).

IBARZABAL AMENABAR, PEDRO
Pedro Ibarzabalek epaileari bidalitako gutuna.
(AIRMN).

     Anaia Francisco bezala, Pedro ere EAJko militantea eta ELAko afiliatuta zen, baina, alderdian zituen «erantzukizunak» batzokiko zerbitzari izatea besterik ez ziren. Gerora, Azpeititik 1936ko irailean ihes egin ostean, Bizkaian Intendencia Militar delakoaren batailoi batean erroldatuta geratu zen 1937ko abuztuan Laredon atxilotu zuten arte. Handik gutxira, eta 1939ko erdialdera arte, Medina del Rioseco-ko (Valladolid) kontzentrazio-esparru batean egon zen, eta 1940ko hasieran eraman zuten Burgoseko espetxe probintzialera.

      Anaiak ez bezala, 1940ko urtarrilaren 22ko data zuen Pedroren erregu-gutunak ez zuen behin-behineko askatasuna eskatzen, Ondarretako espetxera eramateko besterik ez zuen eskatzen. Bitartean, Donostiako 7. epaitegi militarrak instrukzioarekin jarraitu zuen, baina 1940ko apirilaren 21ean behin-behineko askatasuna eman zioten. Kasu honetan ere Falangeko militante ziren azpeitiar ugarik abala eman zuten auzipetuaren alde, Guardia Zibilaren txostenek militante nazionalista gisa zituen aurrekariak nabarmendu zituzten arren. Alkatetzatik Roque Astigarragak emandako datuetako bat nabarmentzen da: «kontzentrazio esparruan egonda, aitari euskarazko gutuna idatzi zion Espainiarekiko kontzeptu eta esaldi iraingarriekin».

      Azkenean, 1940ko maiatzaren 9an auzia artxibatu egin zuten eta «auzipetua behin betiko aske geratu zen»(*).

IRAOLA GOICOECHEA, ROQUE

      Roque zurgina zen eta Jose Iturzaeta enpresan lan egin zuen errepublikaren garaian(*). Abertzaleen aldekoa, gerra hasitakoan Donostiako errepidean armak hartuta zaintzaldiak egin zituen. Gero Bilbora ihes egin zuen, eta han Acha y Zubizarreta enpresarako lan egin zuen babeslekua eraikitzen. Atxilotu eta espetxean sartu ostean, Donostiako 4. Epaitegi militar iraunkorrak Roqueren eta hainbat azpeitiarren aurkako instrukzio-prozesua abiatu zuen 1937 amaieran.

      Roqueri buruz, hainbat txostenek adierazi zuten Eusko Gudarosteko Intendentzia Militarrarekin kolaborazioa egin izana, baina idatzi judizialak adierazten du hipotesi hori ez zela egiaztatu. Era berean, armak hartuta zaintzaldiak egin arren, adierazten zuten ziurtasunik ez zutela «eskuindarrak jazartzeko ekintzetan eta gehiegikerietan parte hartu zuenik». Beraz, 1938ko apirilaren 18an, Gerra Ikuskaritzak Donostiako epaitegi militarraren gobernu-informazioa berretsi zuen eta Roque behin betiko aske uztea erabaki zuen(*).

IRIARTE ECHANIZ, SANTOS

      1912an Errekartetxo baserrian jaioa, Santos arotza izan zen lanbidez, eta joan den mendeko 40ko hamarkadan probintziako harri-jasotzaile ezagunenetako bat zen(*). Aurretik, 1936an eta 1937 hasieran altxatutako armadak mobilizatu zuen, eta 23. Mendiko Infanteriako Erregimentuan (Amerika 23 gisa ezagutzen zena) erroldatuta geratu zen. 1937ko uztailaren 22an desertatu egin zuen, baserrian ezkutatuta egon zen Azpeitiko Guardia Zibilak 1939ko irailaren 16an atxilotu zuen arte. Bi urtez ezkutuan egon ostean, Azpeitiko espetxera eraman zuten eta handik Iruñekora, eta epaitegi militar batek desertatzeagatik prozesatu zuen(*).

      Aitorpenean, Santosek adierazi zuen ihes egin zuela Santanderreko frontera eramango zutela entzun zuelako, eta beldur zen preso hartuko ote zuten, euskal nazionalistek amorrua baitzioten. Azkenik, 1940ko ekainaren 1ean, soldadutzan 4 urteko errekargua jarri zioten zigor gisa(*).

IRIONDO ARAMBURU, JUAN «TXORITXERO»

      Juan telegrafo-banatzailea zen bere jaioterrian, Azpeitian. EAJko eta Sindicato Nacional de Telégrafos delakora afiliatuta, gerra hasi zenean Defentsa Batzordeak komunikazio-zerbitzu horren buruzagitza esleitu zion, 1936ko irailaren 19an Bilbora ihes egin zuen arte. Herri horretan Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza-zerbitzuan izena emanda geratu zen 1937ko abuztuan Kantabrian atxilotu zuten arte.

      Irailean urgentziazko prozedura sumarisimo bat hasi zuten Juanen aurka Kantabriako hiriburuan, eta 1937ko azaroaren 31n biziarteko espetxealdira zigortu zuten. Gerra-kontseiluko epaiaren arabera, Juanek Azpeititik ihes egin aurretik zeuden telegrafo-gailuak suntsitu zituen(*).

      1938ko irailaren 9an Santanderreko espetxe probintzialetik El Duesora eraman zuten, eta bertan egon zen 1941eko ekainaren 21ean baldintzapeko askatasuna eman zioten arte(*).

ITURRALDE BERECIARTUA, JOSE CRUZ
Jose Iturralde Bereciartua.
(Iñaki Iturraldek utzitako irudia).

     Azpeitiko Iturralde Bereciartua anaietako gazteenak oraindik ez zituen 18ak beteta 1936an Gerra Zibila lehertu zenean. Loyola batailoiko gudari ziren anaiekin batera abiatuta, Jose Gernikan errefuxiatuta geratu zen Bilbora ebakuatu arte. 1937ko abuztuan Santoñan atxilotu zuten eta Miranda Ebroko kontzentrazio-esparrura bidali zuten. Bertan, «B atalean» sailkatu zuten eta langileen batailoi batera eraman zuten. 1938ko udan, Jose Zornotzan basea zuten Automobilak Berreskuratzeko Zerbitzuaren barruko Lamiakoko (Leioa) Langile Espezialisten Batailoian zegoen. Abuztuaren 24an, batailoi horretako buruzagitzak Bizkaiko gobernadore militarrari egun horretan bertan 15:00ak inguruan gertatutakoaren partea eman zion. Itxuraz Jose Iturralde eta zigortutako beste kide batzuk euskaraz oihuka zihoazen, oihu iraultzaileak eginez eta ukabila altxatuta, konboian zeramatzatenean Atxuritik pasatzean. Gertakari horiek berehala salatu zituzten Santurtziko udaltzainburu ohi eta une hartan Guardia Zibilaren Ikerketa Brigadako kide zen Manuel Sanz Canterak eta hainbat buruzagi erreketek. Ondorioz, abuztuaren 26an Joseren eta atxilotutako gainerakoen aurkako urgentziazko prozedura sumarisimoa hasi zuten. Handik hiru egunetara, aitorpenean salaketak ukatu egin zituen, eta esan zuen Basurtorainoko bidean boga-boga abestia kantatu besterik ez zutela egin, eta puntu horretan Echevarria sarjentuak euskal abestiak kantatzea aurpegiratu zienez, hortik aurrera Adiós Bilbao eta Santurce a Bilbao abestiak kantatu zituzten.

      Hala ere, epaile militar instruktoreak ontzat eman zituen akusaziozko salaketak. «Erakunde Patriotiko edo Erregimena iraintzeko» asmoz, euskarazko hitzak esan izana delitu gisa hartu ezin bazen ere, ukabila altxatzea funtsean «Espainiatik ordenaren aurkako komunismoa kanporatzeko borrokan diharduen Estatuarekiko etsaitasunezko ekintza publikoa» dela uste izan zuen. Beraz, 1938ko irailaren 17an, gerra-kontseiluak onartutzat eman zuen «ukabila altxatu izana behin eta berriz eta euskaraz oihu iraultzaileak egin izana». Horrek «matxinadarekin bat egitearen» delitua zekarren eta, ondorioz, espetxealdi handiko 30 urteko zigorra.

      1938ko abenduaren 10ean, Jose Cadizko Puerto de Santa Mariako espetxera eraman zuten, eta bertan egon zen 1940ko irailaren 27an espetxealdi arindua eman zioten arte. 1943ko apirilaren 2an, Zigorrak Aztertzeko Batzorde Zentralak 30 urteko zigorra 6ra murriztu zion, eta zigorra amaitzeko data 1944ko abuztuaren 22a ezarri zuten(*).

ITURRALDE BERECIARTUA, JUAN
Juan Iturralde Bereciartua.
(Iñaki Iturraldek utzitako irudia).

     1914an Urrestillan jaioa zen Juan. Zurgina zen lanbidez eta errepublika-garaian ELAn eta EAJn egon zen afiliatuta. Gerra hasi ondoren, zaintzaldiak egiten ibiliko zen seguru asko Defentsa Batzordearentzat, Vicente anaia bezala. 1936an, Loyola batailoian erroldatu zen eta hainbat frontetan ibili zen borrokan, harik eta Kantabriako Limpias herrian, 1936ko abuztuaren 26an harrapatu zuten arte. Handik urtebetera, Aranda de Dueroko kontzentrazio-esparrura eraman zuten eta han, Zigorrak Aztertzeko Batzordeak «C atalean» sailkatu zuen. Hala, espetxean eduki zuten gerra-kontseiluan noiz epaituko zuten zain. Eusko Gudarostean bere borondatez sartu eta aipatutako filiazio politiko horiek izateaz gain, badirudi Batzordeak Azpeitiko Guardia Zibilak eginiko txostena ere aintzat hartu zuela. Txosten hark zioen Juanek konfiskatzeetan eta atxilotzeetan parte hartu zuela.

      1937ko azaroaren 22an Burgosko espetxera bidali zuten eta han eduki zuten preso. Ondoren, Juanen aurka urgentziazko prozedura sumarisimoa abiarazi eta Bilboko Eskolapioen espetxera eraman zuten. 1938ko abenduaren 14an, justizia militar frankistak kasua artxibatu eta 1939ko irailean, langileen batailoi batera bidali zuten Juan(*). 1940ko uztailaren erdialdean, hilaren 26an hain zuzen ere jada aske zegoela, atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Preso eduki zuten abuztuaren 1era arte «agintaritzaren aurkako atentatua» egitea leporatuta. Ondoren, 1947ko ekainaren 16tik abenduaren 2ra artean, berriro atxilotu eta inkomunikatu zuten 1940ko arrazoi berdinagatik. Prebentziozko espetxeratze arbitrario haiek, seguru asko, Francok Gipuzkoako hiriburuan eginiko ekitaldien aldi berean egingo zituzten. Hala, Juanek 180 egun pasa zituen guztira espetxean, eta horri gehitu behar zaio 1936ko abuztutik 1940ko erdialdera arte espetxean, irten gabe, igarotako denbora(*)

ITURRALDE BERECIARTUA, VICENTE
Vicente Iturralde Bereciartua.
(Iñaki Iturraldek utzitako irudia).

     Vicente EAJko militantea eta ELAko afiliatua zen. Errepublika-garaian Damaso Azcue altzari-enpresan lan egiten zuen tornulari gisa, baina 1935eko urtarrilean, Vicente eta haren kide Santiago Zudupe kaleratu egin zituzten. Gerra hasitakoan, Loyola batailoira sartu zen, eta teniente izatera iritsi zen Bilbo erori ostean. 1937ko abuztuan, Kantabriako Limpias herrian, batailoia Italiako tropa faxisten aurrean entregatu zen, eta jarraian El Duesoko espetxera bidali zuten.

      Urte horretako irailean, urgentziazko prozedura sumarisimoa hasi zen, eta handik hilabetera, 1937ko urriaren 20an, «matxinadarekin bat egitearen» ustezko delituagatik biziarteko espetxealdiaren zigorra jarri zioten. Gerora, Puerto de Santa Mariako espetxera eraman zuten, eta han egon zen 1940ko abuztura arte, baldintzapeko askatasuna eman zioten arte. 1943ko maiatzaren 27an, zigorra 6 urte eta egun 1eko espetxealdiarekin arindu zioten. Beraz, 1944ko abuztuan, anaia Joserena bezala, behin betiko iraungita geratu zen zigorra(*). Espetxetik atera ostean, Zarautzen zuen etxean jarri zen bizitzen. Itxuraz tailerra eta Azpeitian zituen ondasun guztiak konfiskatu egin zizkioten eta gerran errekete gisa aritu zen azpeitiar baten eskuetan zeuden. Hala ere, denbora batera jabetzak berreskuratu zituen(*).

JUARISTI EIZAGUIRRE, JUAN «ANTTONBELTZ»

      «Anttonbeltz»-en seme zaharrena, Unión Republicana alderdiko militante eta UGTko afiliatu izan zen errepublika-garaian. Lanbidez zurgina, gerra lehertu zenean lan egiten zuen fabrika partzialki itxi ostean, armak hartuta zaintzaldiak egiteko Fronte Popularraren deialdiarekin bat egin zuen. 1936ko irailaren 19an Azpeititik alde egin eta Bilbon familiako baten etxean jarri zen bizitzen. Azaroan, berari zegokion kinta mobilizatu zutenez, UHP batailoian erroldatuta geratu zen, eta bertan zerbitzua eman zuen Kantabrian 1937ko abuztuan atxilotu zuten arte. Urrian, El Duesoko espetxean preso zela, Santoñako Presoak Sailkatzeko Batzordeak galdeketa egin zion. Juanen testigantza eta Azpeitiko Guardia Zibilaren txostena oinarri hartuta, «C atalean» sailkatu zuten. Izan ere, Guardia Zibilaren txostenean jasotzen zen «ordenako pertsonak jazarri eta mehatxatzen zituela». 1939 hasierarako Juanen aurkako urgentziazko prozedura sumarisimoa ireki zuten, eta auzipetua Eskolapioen espetxera eraman zuten.

      Bai Falangeko txostenek, bai alkatetzakoek, Guardia Zibilak egindako salaketak berresten zituzten, eta Juanek atxilotutako bi lagun ere aipatzen zituzten: Ignacio Echeverria Altamira eta Casto Orbegozo Embil. Biek 1939ko otsailean egindako deklarazioan esan zuten Guardia Zibileko agenteek eta Azpeitiko Defentsa Batzordeko kideek atxilotu egin zituztela, eta horien artean zegoela Juan. Hala ere, martxoan, epaile instruktoreak hainbat aurrez aurreko antolatu zituen auzipetuaren eta lekukoen artean, eta haiek esan zuten ezin zutela «erabateko ziurtasunez» esan Juanek atxiloketan parte hartu ote zuen. Zehazki, bi lekukoek zalantza egiten zuten «Antton Beltz»-en bi semeetako zein izan zen atxiloketaren egile.

      Edonola ere, 1939ko hasieratik Ondarretako espetxean atxilotuta, urte horretako apirilaren 29ko gerra-kontseiluak «B atalean» sailkatzea adostu zuen, eta ondorioz, langileen batailoi batera bidaltzea. 1939ko uztailaren 20an, San Pedro de Cardeñako kontzentrazio-esparrura eraman zuten(*). Handik urtebetera, 1940ko uztailaren 15ean, Juanen aurkako beste prozedura sumarisimo bat ireki zuten. Baina instrukzio fasea hasi zenean, auzipetu egin zuten, gertakari berberengatik dagoeneko epaitua zegoelako(*).

JUARISTI MENDIZABAL, SIMON

      Simon abertzaleen aldekoa zen, ganadua salerosten zuen. Gerra hasita, zaintzaldiak egin zituen kartzelan eta Azpeitiko hainbat sarreratan, armak hartuta. Era berean, Defentsa Batzordearen esanetara, ganadu-trafikoaz arduratu zen. Hainbat hamarkada zeramatzan lanbide horretan. Hori dela eta, Roque Astigarragak (Azpeitiko alkatea), Julian Orbegozok (Azpeitiko Junta Carlistako ordezkariak) eta haren anaia Castok Azpeitiko Guardia Zibilaren aurrean salaketa jarri zuten. 1937ko uztailaren 15ean atxilotu zuten, 59 urte zituela, eta Bizkaitik itzuli ostean (hara ihes egin baitzuen). Ondarretako espetxera eraman zuten, Donostiako epaile militarrak instrukzioa hasten zuen bitartean. Epailearen aurrean egindako adierazpenetan, hiru salatzaileek nahiz Falangeko eta Guardia Zibilaren txostenak adierazitako salaketak berretsi zituzten, baina Batzordearen jardueretan auzipetuak inplikazio txikia izan zutela esan zuten. Are gehiago, Julian Orbegozok nabarmendu zuen preso egon zen bitartean Simonek tratu ona eman ziola. Hori dela eta, epaile instruktoreak erabaki zuen preso emandako denbora nahikoa zigor zela, absolbitzea eta behin betiko aske geratzea proposatu zuen 1938ko apirilean. Abuztuan, zehazki hilaren 16an, 6. Erregio Militarreko Gerra Ikuskaritzak txosten judiziala berretsi zuen. 1938ko irailaren 24an aske utzi zuten(*).

JUARISTI ZABALETA, VICTORIANO

      Victoriano Azpeitian jaio zen 1894an eta armagina zen lanbidez. 1939 hasieran, Barne Ministerioaren mendeko Segurtasun Nazionalaren Buruzagitzak Madrilen atxilotu zuen, «matxinadari laguntzearen» ustezko delitua leporatuta. Badirudi bertan ezarrita zuela bizitokia. Apirilean Ronda de Atocha 21. espetxera eraman zuten, eta ekainaren 14an Madrilgo 8. Gerra-kontseilu iraunkorrak 12 urte eta egun 1eko espetxealdi txikira zigortu zuten. Zigorraren ondoren, 1939ko abuztuaren 28an, Cuellarreko (Segovia) gaztelu-espetxean egon zen preso(*). Epaiaren arabera, Victoriano EAJko kide izan zen eta Eusko Gudarostean borondatez sartu zen; han «teniente izatera iritsi zen eta konpainia motorizatu batean ematen zuen zerbitzua».

      1940ko ekainaren 19an, Madrilgo Zigorrak Aztertzeko Batzorde Probintzialak6 urte eta egun 1ez ezarritako zigorra arintzea proposatu zuen. Eskaera hori 1943ko uztailaren 27an onartu zuten(*).

JUARISTI ZUBILLAGA, AGUSTIN

      Azpeitiarra zen eta Bizkaiko Areatzan bizi zen Agustín. Errepublika-garaian, Euzkadi egunkariko berriemaile eta herri hartako batzokiko idazkari izan zen. Gerra hasi zenean, Areatzako Tokiko Batzordeak Laguntza Sozialeko ordezkari gisa izendatu zuen eta Guardias Cívicos delakoetan kabo izan zen. Horrez gain, 1937ko azaroan heriotza-zigorrera zigortu zuen gerra-kontseiluaren epaiaren arabera, «euskal milizietarako gazteak errekrutatzea», eta Bizkaiko Gerra Komisariaren arma-bidalketa kudeatu zituen. Zigortu eta hilabetera, Estatu Idazkaritza Nagusiak zigorra aldatu zion «maila baxuagokoarekin», hau da, biziarteko atxiloaldiarekin(*).

      El Dueson espetxeratuta, 1938ko abuztuaren 6an, Puerto de Santa Mariako espetxera eraman zuten. Gerora, 1942ko abenduaren 9an, Sevillako espetxera eraman zuten, eta bertan egon zen 1943an espetxealdi arindua eman zioten arte(*).

LANDA SEGUROLA, LEON

      Azpeitian jaio zen 1900. urtean. 1937ko abenduan Leon Donostiako Zapatari kartzelan aurkitzen zen espetxeratuta, Medina del Rioseco-ko (Valladolid) kontzentrazio esparrutik bueltan. Seguraski Leon Eusko Gudarostean aritu izango zen borrokan(*).

LARRAÑAGA ALBIZURI, SABINO

      Pilota-munduan «Larrañaga III»(*) izenez ezagututa, Sabino Donostian zen gerra lehertu zenean. Lehen unean bere borondatez sartu zen euskal milizietan, eta gero, Ertzaintzan erroldatuta egon zen. 1937 amaieran, itsas zabalean hartu zuten preso, atoiontzi batean Asturiaseko Gijóndik Frantziara zihoanean. Burgosko espetxe probintzialetan espetxeratuta, probintzia horretako Automobilen Parkean behartutako lanak egin zituen 1937ko irailaren 14an «matxinadarekin bat egitearen» ustezko delituagatik biziarteko espetxealdira zigortu zuten arte. Gerra-kontseiluaren epaian, «aurrekariez» gain, automobilen parkean preso egon zen bitartean «Mugimendu Nazionalaren aurkako esaldiak esan zituela, ezkertiarra zela eta egoera gertatuz gero etsaiarekin bat egingo zukeela» esan zuela jasotzen da.

      1940ko otsailaren 3an, Vadenoceda espetxe nagusira eraman zuten, eta bertan egon zen 1941eko maiatzaren 8an baldintzapeko askatasunean jarri zuten arte. Hilabete lehenago, zehazki apirilaren 24an, Burgosko Zigorrak Aztertzeko Batzorde Probintzialak zigorra 8 urteko espetxealdiarekin arindu zion(*).

LARRAÑAGA OLARTE, PIO

      Pio zurgina zen lanbidez eta abertzaleen aldekoa zen. Gerra hasi zenean, zaintzaldiak egin zituen «soldata ez galtzeko». Bilbora ihes egin ostean, Acha y Zubizarreta enpresan hasi zen lanean kamainak egiten eta lubakiak eraikitzen, bere kinta mobilizatu zuten arte. Orduan, Bilbon Eusko Gudarosteko Lotura eta Transmisioen zerbitzura bideratu zuten, eta bertan atxilotu zuten altxatutako tropak sartu zirenean.

      Instrukzioak iraun bitartean Ondarretan espetxeratuta, 1938ko apirilaren 21ean Donostiako 14. epaitegi militar iraunkorrak San Pedro de Cardeñako (Burgos) kontzentrazio-esparrura bidaltzea erabaki zuen(*).

LARRAÑAGA USABIAGA, INOCENCIO

      Inocencioren lehen aipamena 1933koa da. 1901ean jaioa eta Lagun-Ona kkirol-klubeko presidentea errepublika-garaian, Inocencio «Elizbarrutiko Agintaritzak» Loiolako San Ignazioren ohorez 1933ko abuztuaren 1eko ekitaldi erlijiosoan Iñaki Deuna ereserkia abesteko jarritako debekuaren aurkako protesta baten bultzatzaile nagusia izan zen. Protestarekin bat egin zezan Inocenciok Azpeitiko Udalera bidali zuen idatziaren arabera, salatutako gertakaria «gure euskal hizkuntza nazionalarekiko begirunerik ez izatea» zen. Abuztuaren 8ko saioan, udal-korporazioak protestarekin bat egitea erabaki zuen eta alkatea izendatu zuen «Elizbarrutiko Agintaritzari» kexa entregatuko zion batzordeko kide(*).

      1936ko abuzturako Inocenciok armak hartuta zaintzaldiak eginak zituen Azpeitian, eta gero Bilbora ihes egin zuen. Bizkaiko hiriburuan Ertzaintzaren gorputz motorizatuan sartu zen, eta bertan erroldatuta egon zen Kantabrian 1937ko abuztuan atxilotu zuten arte. Santoñako plazan gerra-kontseiluan epaituta, 1937ko irailaren 6an 12 urte eta egun 1eko espetxealdira zigortu zuten «matxinadari laguntzearen» ustezko delituagatik(*).

      1938ko abuztuaren 24an El Duesoko espetxetik Puerto de Santa Mariakora eraman zuten, eta handik Sevillakora abenduan.

      1940ko apirilaren 15ean, Sevillako Dos Hermanas herriko langileen batailoira eraman zuten, eta han egon zen urte horretako irailean baldintzapeko askatasuna lortu arte(*).

Inocencio Larrañagaren espetxeko fitxa.
(AGA).

LARREA LARRAÑAGA, SEBASTIAN

      Sebastianek Urolako tren-konpainian lan egin zuen, ibilbideko laguntzaile aritu zen 1936ko irailera arte. Azpeitian bizi zen errepublika-garaian, eta 1936ko abuztutik aurrera Zumaian zaintzaldiak egin zituen armak hartuta. Jatorriz ziurrenik zumaiarra izango zen. «Matxinadari laguntzearen» ustezko delituagatik 12 urte eta egun 1eko zigorra jarri zion epaiaren arabera, Sebastianek ideologia «separatista» zuen eta aipatutako zaintzaldien bidez «Movimiento Nacional zeritzonaren aldeko pertsonak zaintzen zituen»(*). Horrez gain, Sebastian Urolako tren-konpainian zuen lanetik kaleratu egin zuten «lanpostua uzteagatik» 1936ko irailaren 20an(*).

LAZCANO URCELAY, JULIAN

      Oñatin jaioa, Julian Azpeitian bizi izan zen errepublika-garaian, baina zarauztarra zen. Urolako tren-konpainian zuen lanagatik jarri zen bizitzen Azpeitian. Konpainian interbentzio eta estatistika arduradun izan zen. 1934ko urrian, sortu berri zen Azpeitiko «Sindicato Católico de Oficios Varios»-eko lehenengo zuzendaritza juntako kidea zen. 1936ko irailaren 20an, Azpeititik ihes egin eta hurrengo egunean, konpainiatik kanporatu zuten «lanpostua uzteagatik»(*).

      1937ko abuztuan Kantabrian atxilotu zuten eta gerra-kontseiluan epaitu Santoñako plazan. Urte horretako irailaren 7ko epaiaren arabera, Julian «batailoi gorri» bateko komisario politikoa eta «garraioen arduraduna» izan zen. Arrazoi horiengatik heriotza-zigorra jaso zuen, baina Estatu Idazkaritza Nagusiak zigorra arindu zion «maila baxuagokoarekin», hau da, biziarteko atxiloaldiarekin. Gerora Eskolapioen espetxera eraman zuten, eta 1938ko uztailean, Burgosko espetxe nagusira(*).

      1939ko abuztuan, Burgosko espetxean zegoela, Bilboko aldi baterako 1. Epaitegi militarrak aldez aurretiko eginbideak hasi zituen Julianen eta beste preso batzuen aurka, trukatu ahal izateko atzerriko billeteak eta Eusko Jaurlaritzakoak ezkutatu izana leporatuta. Gertakariak 1938ko maiatzaren 2an gertatu ziren, auzipetuak Eskolapioetan preso zeudenean, eta espetxeko funtzionario batzuek presoei miaketa egin zietenean. Prozedura berri hori hainbat urtez luzatu zen, eta instrukzio fasea amaitu aurretik ere Juliani espetxealdi arindua eman zioten 1943an, eta orduan Madrilen jarri zen bizitzen. 1944ko abenduaren 1ean, Bilboko epaitegi militarrak hala eskatuta, Julian atxilotu eta Bilboko espetxe probintzialera eraman zuten, gerra-kontseiluan epaitzeko zain. Handik bi hilabetera, zehazki 1945eko otsailaren 24an, epaitegiak epaia eman zuen eta auzipetu guztiak absolbitu zituen. Beraz, Julian zaintzapeko askatasunean geratu zen berriz(*).

LECHUGA BASTARRARENA, MANUEL

      1910ean Donostian jaioa, Azpeitian bizi zen Manuel. Urolako tren-konpainian lan egin zuen gerra hasi arte. UGTko afiliatua, «Tokiko Gerra Batzordeko» kide izendatu zuten, eta justizia militar frankistak «ideologia komunista argia» zuen pertsonatzat zuen. Azpeititik ihes egin ostean, MAOC batailoi komunistan erroldatuta geratu zen 1937 erdialdean atxilotu zuten arte. Ondarretako espetxera eraman zuten eta 1938ko apirilean, haren prozeduraz arduratzen zen epaile militar instruktoreak auzia zehaztea agindu zuen, beraz, beste prozedura sumarisimo batean ikertzera pasatu zen(*). Era berean, Manuel Vadenocedako (Burgos) espetxera eraman zuten, eta bertan egon zen 1941eko uztailaren 23an 20 urte eta egun 1eko zigorra jaso eta pixka batera arte(*). Epaiaren arabera, gerra-kontseiluak uste izan zuen Manuel «matxinadarekin bat egin» izanaren delituaren erantzule zela Azpeitiko Defentsa Batzordean parte hartu zuelako, eta Azpeititik ihes egin aurretik Urolako trenbideko zentral elektrikoa boikoteatzeko saiakera zela eta.

      1942ko uztailaren 5ean berriz ere Ondarretako espetxean sartu zuten, eta bertan egon zen 1944ko urtarrilaren 31ra arte, aske utzi zuten arte. Hala ere, jarri zioten zigorra zela eta, exiliatu egin behar izan zuen eta Durangon jarri zen bizitzen(*).

MARCO ZABALETA, VICTOR

      Victor jatorriz azpeitiarra zen eta Donostian bizi zen. Lanbidez gidaria eta UGTko militantea, Fronte Popularraren esanetara jarri zen gerra hasi zenean. Zaintzaldiak egin zituen armak hartuta eta Gipuzkoako hiriburutik ateratzen eta bertara sartzen ziren «bidaiarien dokumentazioa aztertzen» aritu zen. Gerora, baliteke Bizkaira ihes egin izana eta Eusko Gudarostearen zerbitzuren batean aritu izana, baina ez dago ziurtagiririk. Edozein kasutan, 1937 erdialdean preso zegoen Bilbon, eta bertan epaitu zuten gerra-kontseiluan. 1937ko irailaren 3an 12 urte eta egun 1eko espetxealdira zigortu zuten(*), «matxinadari laguntzearen» ustezko delituagatik. 1938ko abuztuan Burgosko espetxe nagusira eraman zuten. Urte horretako azaroan, Astorgako espetxera eraman zuten, eta bertan egon zen 1940ko uztailaren 8an espetxealdi arindua lortu zuen arte, zigorra 2 urteko espetxealdi txikira murriztu baitzioten(*).

MARTINEZ ARCOLAIZ, MANUEL

      1914an jaioa eta Azpeitiko bizilaguna. 1939an Donostiako 11. epaitegi militarrak Manuelen aurkako prozedimentu sumarisimo ordinarioa zabaldu zuen, instrukzio garaian akusatua leku ezezagunean aurkitzen zelarik. 1940ko irailaren 6an epaile militar instruktoreak Manuel errebeldian deklaratu zuen, kausa artxibatuta geratu zelarik bera topatu arte(*). Seguraski, Azpeitiko Komandantziaren agindupean aritu zen 1936ko udan.

MORAL LEDESMA, JOSE MARIA

      Ziurrenik Jose Maria, Avelino eta Leandro anaiek bezalaxe (Avelino frontean hil zen), gerran miliziano gisa UHP batailoi sozialistan sartuta parte hartuko zuen. Edonola ere, egiaztatuta dagoen gauza bakarra da 1937ko irailerako Donostiako Ondarretako espetxean zegoela preso. Handik urtebetera, urriaren 5ean, Jose Maria Donostiako 4. epaitegi militar iraunkorrak urgentziazko prozedura sumarisimo bidez auzipetu zuen.

1938ko maiatzaren 7an auzia behin-behinean artxibatzea erabaki zuten, «egotzitako gertaerak zigortzekoak ez zirelako». Hala ere «B atalean» sailkatu zuten eta langileen batailoira bidali zuten(*).

MORAL REQUETA, AVELINO
Avelino Moral Requetari buruzko dokumentua.
(AIRMN).

     Avelino 1879an jaio zen San Asensio herrian (Errioxa). Lanbidez merkataria, 1922an iritsi zen Azpeitira eta La Cepa izeneko taberna zabaldu zuen. Errepublika-garaian buruzagi ezkertiar nabarmena izan zen, Círculo Republicano delakoaren kide eta Izquierda Republicana alderdiko presidente 1934an. 1936ko irailean, altxatutako tropak berehala sartuko zirela eta, Avelinok Bilbora ihes egin zuen, eta bertatik Vicente Guiberti gutuna zuzendu zion, bere etxea eta negozioa konfiskatzea baimendu izana aurpegiratuz. Gutun hori gerora Avelinoren aurkako urgentziazko prozedura sumarisimoan erabili zen, ustez hitzez hitz honako hau esaten baitzuen: «edozein modutan eta edonon elkar ikusi behar dugu». 1937ko ekainean, Kantabriako Astillero udalerrira joan zen, eta bertan lortu zuen tokiko Falangeren buruzagiak igarobaimena egitea, eta horri esker jaioterrira itzuli ahal izan zen.

      1937ko irailaren 2an San Asensioko Guardia Zibilak atxilotu egin zuen «ordena politiko eta sozialean pertsona hori nolakoa zen ikertzeko asmoz», itxuraz dirua baitzeraman gainean. Ikerketetan, postuko komandanteak San Asensioko hiru biztanleren testigantza lortu zuen «muturreko ¡deiak» zituela esateko eta Avelino herrira etorri zen egunen batean «gora Errusia» oihu egin zuela. Era berean, Azpeitiko Falangek eta Guardia Zibilak laster lagundu zuten ikerketetan eta hilaren 6an bakoitzak bere txostena bidali zuen. Horietan, Avelino «pertsona oso arriskutsua» eta «gazteria pozoitzen» zuena zela esan zuten, eta horixe zen «ideia iraultzaileen benetako fokua». Horrez gain, eskuindar batzuei armak kendu eta «jendaila marxistaren» artean banatu izana , eta Defentsa Batzordeko kide izatea leporatzen zien.

      Hori guztia dela eta, urrian Ondarretako espetxera eraman zuten eta bertan San Asensioko Guardia Zibilaren aurrean egindako aitorpen bera berretsi zuen. Bietan, beraz, onartzen zuen Círculo Republicano delakoaren kide izatea, baina ukatu egiten zuen haren sortzaile izatea, baita Defentsa Batzordean egon izana ere. Era berean, zeraman dirua egindako lanaren fruitua zela aitortu zuen, eta Vicente Guiberti idatzitako gutuna kexa bat besterik ez zela, ez mehatxua. Baina ordutik eta 1938 erdialdera arte, Donostiako epaitegi militarrera Azpeitiko Udalak eta Falangek proposatutako hainbat lekukoren testigantzak iritsi ziren, eta horien arabera, aurretik egindako salaketak berresten ziren. Zehazki, Pedro Segurola Querejeta (udaltzaingoaren burua), Casto Orbegozo eta Galo Barrena izan ziren La Cepa taberna ezkertiarren fokua zela esan zutenak, eta 1936ko uztailean Eibartik ekarritako armak banatzeko erabili zutela, eta Batzordeko kide izanda edo milizia antifaxistak antolatuta, Avelino «Azpeitian gorrien agintaldian gertatutakoaren erantzule nagusietako bat» zela esan zuten. Bestalde, Vicente Guibertek, ustez Avelinok gutunean mehatxu egin zionak, aitortu zuen «auzipetuaz iritzi ona zuela arlo pertsonalean, eta ezin zuela ez aldekorik, ez kontrakorik esan haren arlo politikoaz».

      1938ko uztailaren 29an, Avelinok berriz deklaratu zuen hirugarren aldiz Ondarretako espetxetik. Kasu honetan argudio berriak eman zituen. Alde batetik esan zuen «euskal nazionalistek boikotatu egin zutelako soilik sartu zela alderdi errepublikano batean»; izan ere, ez zituen batere begiko. Bestalde, esan zuen Paulino Uzcudunen bizitza salbatzeko esku hartu zuela, eta auzipetuaren arabera, Vicente Guibert eta Pascasio Carasusanek berrets zezaketen hori.

      Baina haietako inork ez zuen testigantza hori berretsi.

      Azkenik, 1938ko abenduaren 1ean, gerra-kontseiluak baliozkotzat eman zituen Avelinoren aurka erabilitako argudioak, horretarako,

      Defentsa Batzordeko kide izanaren inguruan frogarik ez egotea soilik nabarmendu zuen. Beraz, 30 urteko espetxealdi handira zigortu zuten, «matxinada militarraren» ustezko delitu bategatik(*).

MUGURUZA ORBEGOZO, JUAN

      Juan, Avelino Moral bezalaxe, errepublika-garaian Azpeitiko Izquierda Republicana alderdiko militante izan zen. Hargina lanbidez, gerra hasi zenean babeslekuak eraikitzen aritu zen, eta Mandubiko eremuan hainbat biaduktu leherrarazten parte hartu zuen. Gero Bilbora ihes egin zuen, eta bertan ingeniarien 1. batailoian erroldatuta geratu zen sarjentu gisa eta defentsa-sistemak eraikitzen aritu zen. Azkenik, 1937ko abuztuan Santoñan harrapatu zuten.

      El Duesoko kartzelan espetxeratu zuten, eta gerra-kontseiluan prozesatu irailean, beste bost lagunekin batera. Instrukzioaren zati gisa Azpeitiko Udalaren txostena gehitu zuten; bertan, Juan UGTko afiliatua zela, eskuindar batzuei konfiskatzeak egin zizkiela eta «zubi eta errepideak leherrarazi eta kalte handiak sortu zituen taldeko burua» zela leporatu zien. Hiru kasu horiek ukatu egin zituen auzipetuak deklarazioan. Baina epaitegi militarrak baliozkotasuna eman zien, eta 1937ko irailaren 10ean heriotza-zigorra jarri zioten auzipetuetako beste birekin batera.

      Ezarritako zigorra Gerra Ikuskaritzak berretsi zuen arren, Estatu Idazkaritza Nagusiak zigorra arindu zion «maila baxuagokoarekin» 1938ko otsailaren 24an. Beraz, 30 urteko espetxealdira zigortuta geratu zen. 1943ko apirilean zigorra berriz arindu egin zioten, 20 urteko espetxealdira, baina urte horretako abuztuaren 8an baldintzapeko askatasuna eman zioten. Espetxetik atera ostean, lehenengo Zarautzen jarri zen bizitzen, gero Errenterian, eta azkenik, Tolosan(*). Azpeitian, jabetzan zuen ondasuna «eliza kaleko 22. etxeko lehen pisua eta behe-solairuaren, ganbararen eta etxeko zati komunen» zati zatiezina askatu aurretik konfiskatu zizkioten(*).

NAZABAL CARPENTIER, JOSE
Jose Nazabal Carpentier.
(Koro Nazabal Arrietak utzitako irudia).

     Eskribaua lanbidez, Jose EAJn afiliatuta egon zen errepublika-garaian. Gerra hasi ostean, Ogasun Batzordeko kide eta Garraio Sekzioko kide izatera pasatu zen. Azpeititik atera zenean Amayur(*) batailoian erroldatuta geratu zen, eta bertan ibili zen transmisio militarren zerbitzuan, 1936ko abuztuan Laredon harrapatu zuten arte.

      Ondarretako espetxera eraman eta gerra-kontseiluan auzipetu zuten 1937 amaieran. Azpeitiko tokiko agintariek eta bizilagun batzuek emandako txostenen arabera, Josek eskuindarrei egindako hainbat konfiskatze eta isunetan hartu zuen parte. Garaikur gisa eraildako bi erreketerenak izan zitezkeen bi txapel gorri erakutsi izana leporatu zioten, baina ikerketa judizialek ezin izan zuten gertakari hori egiaztatu. Eskuineko presoekin zuen jokabideari dagokionez, epaimahaiak erabaki zuen «zalantzazkoa zela», izan ere, «lekuko batzuek askatasuna eman izana esaten zuten bitartean, beste batzuek esaten zuten Batzordeak herria ebakuatzean Bilbora bideratzea proposatu zuela».

      Edonola ere, Jose 30 urteko espetxealdira zigortu zuten 1938ko uztailaren 21ean «matxinada militarraren» ustezko delituagatik(*). Handik urtebetera, Ondarretako espetxetik deklaratu zuen lekuko gisa Avelino Moralen aurkako auzian, eta Azpeitiko Defentsa Batzordean izan zezakeen erantzukizun orotatik errugabetu zuen(*).

      1938ko azaroaren 29an Burgosko espetxe nagusira eraman zuten, eta bertan egon zen 1941eko apirilaren 4an baldintzapeko askatasuna eman zioten arte. Askatu zutenean, Arrasaten jarri zen bizitzen(*).

ODRIOZOLA AGUIRRE, FERNANDO

      Odria auzoko Oielantzun baserrikoa eta zurgina lanbidez, Fernandok ideologia nazionalista zuen. Azpeitia erori ondoren, Eusko Gudarosteko batailoiren batean erroldatu zen, ziurrenik ANV-EAEko Euzko Indarra batailoian, Felix anaia bezala(*).

      Gerora tropa frankistek harrapatu zuten eta Eskolapioen espetxean izan zuten preso. 1938ko urtarrilaren 11n, Bilbon egindako gerra-kontseiluan 30 urteko espetxealdira zigortu zuten «matxinadari laguntzearen» ustezko delituagatik, ontzat eman baitzituzten Fernando Azpeitian nazionalismoaren «pertsona garrantzitsu gisa» identifikatzen zuten eta hainbat konfiskatzeetan parte hartu zuela zioten salaketak. Era berean, Nazario Sorazu Aizpitarte, Oinatz auzoko Murgil baserrikoa eta gero San Ignacio Tertzioko erreketean erroldatuta Asturiasko frontean hil zena, atxilotzean parte hartu izana leporatu zioten(*).

      1941eko apirilean, Fernando Alcala de Henareseko (Madril) Espetxe Tailerretara eraman zuten, eta bertan egon zen 1942ko abuztuaren 8an baldintzapeko askatasuna eman zioten arte(*).

ODRIOZOLA ALBERDI, JOSE IGNACIO
Jose Odriozolari buruzko dokumentua.
(AIRMN).

     Odria auzoko Garatxabal baserrikoa, Ignacio borondatez erroldatu zen Loyola batailoian, eta hainbat frontetan aritu zen 1937ko abuztuan Kantabriako Limpias herrian atxilotu zuten arten. Lehen unean Castro Urdialesen espetxeratu zuten, eta gerora Santoñara eraman zuten. 1937ko urrian lehen aldiz gerra-kontseiluan epaitu zuten, eta auzia artxibatzea eta Ignacio Miranda Ebroko kontzentrazio-esparrura bidaltzea erabaki zuten(*). Handik pixka batera, Lizarrako 64. langileen batailoian zegoen, une hartan Oteizan, baina 1938 hasieran Zestoara joateko agindua jaso zuen San Ignacio Tertzioan sartzeko.

      Teruelgo frontera bidalita, 1938ko martxoaren 2an izandako gertakari baten harira bigarren aldiz gerra-kontseiluan epaitu zuten, oraingoan beste hiru azpeitiarrekin batera: Lucas Manuel Orbegozo Orbegozo, Ignacio Zubimendi Olaizola eta Tomas Odriozola Echeverria. Itxuraz, martxoaren 2 hartako goizaldera, lau gizon horiek, Ignacioren anaia Jose Ramonekin (aparteko prozeduran auzipetua) eta inputatu gabeko seigarren azpeitiarrarekin (Antonio Orbegozo Arzuaga) batera, Villa Felisan zeudela, baserri batera hurbildu ziren oiloak hartzeko asmoz. Antonio Orbegozo zaintza egiten geratu zen baserritik 20 bat metrora, eta besteak etxera hurbildu zirenean atxilotu zituzten.

      Lehen unetik desertatu izana salatu zieten «etsaiaren aldera pasatuta»; izan ere, haien kokapena 1 km ingurura zegoen, eta haiekin borrokatu zuten gerraren amaierara arte. Hori dela eta, 1939ko maiatzaren amaieran, Azpeitiko Guardia Zibilak atxilotu eta galdekatu zituen, Falangek eta Azpeitiko alkatetzak Ignacioren eta gainerakoen aurkako txostenak egiten zituzten bitartean, «nazionalistak» zirela leporatuta eta ihesa frogatutzat emanik «Espainiarekiko traizio eta azpikeriako izaera» zuelako. Urrian Ondarretako espetxera eraman zituzten. 1940ko otsaila eta martxo artean, tertzio berean zeuden Azpeitiko herritar ugari galdekatu zituzten Donostian, eta guztiek aitortu zuten auzipetuek agian «ideia nazionalistak» izango zituztela, baina ez zutela haien jarreran ezer ikusi «Causa Nacional delakoaren aurkakoak zirela pentsatzeko». Edozein kasutan, zaintzen geratutako Antonio Orbegozorena izan zen aitorpen nagusia. Haren arabera, ordu eta erdi zeraman postuan itzultzea erabaki zuenean, kideen berririk ez zuelako, eta tarte horretan ez zuen ezer susmagarririk ikusi edo entzun. Hori dela eta, ihes egin zutela pentsatu zuen.

      1940ko martxoaren 5ean gaztelaniazko interprete batekin egin zuen aitorpena berriz, sumario bereko beste azpeitiar batzuek bezala. Aitorpen horretan berriz esan zuen hogei bat milizianok bidea moztu zietela eta «baserrira iritsi baino lehentxeago, estalpe batetik gorriak atera zirela, armak kendu» eta preso hartu zituztela. Maiatzaren 9an Ignaciok hirugarren eta azken aitorpena egin zuen 1939ko maiatzean Azpeitian atxilotu arte, baina beste urtebete gehiago egin zuen preso, gerra-kontseiluak epaia eman arte. 1941eko maiatzaren 1ean, epaitegi militarrak esan zuen laurek «ideologia separatista» zutela, baina «jokabide ona», eta ontzat ematen zuen harrapatzearen bertsioa. Hori dela eta, Ignacio eta gainerako auzipetuak absolbitu eta aske utzi zituzten(*).

ODRIOZOLA ALBERDI, JOSE RAMON
Jose Ramon Odriozola Alberdi.
(Kontxi eta Miren Odriozola Uzkudunek utzitako argazkia).

     1936tik aurrera Jose Ramonen istorioa anaia Ignaciorenaren ia berdina da (Ignacio hiru urte zaharragoa zen), baina Jose Ramonen amaiera tragikoagoa izan zen. Loyola batailoiko gudaria, hainbat gerra-frontetan parte hartu zuen «Ipar Frontean», Laredon 1937ko abuztuan atxilotu zuten arte. Ziurrenik Miranda Ebroko Presoak Sailkatzeko Batzordeak gerrako gatibu gisa sailkatuta, Lizarrako 64. langileen batailoira bidali zuten. Batailoi horretatik Jose Ramon, Ignacio eta gainerako auzipetuak atera ziren San Ignacio tertzioan erroldatzeko 1938 hasieran.

      Urte horretako martxoaren 2an Teruelgo frontean Villa Felisaren posizioaren gertaera izan zen, beraz, Jose Ramon eta beste 4 azpeitiarrak berriz ere frankisten aurkako bandoan erroldatuta geratu ziren, eta gero gerra-kontseiluan epaitu zituzten. Hala ere, gainerakoak ez bezala, Jose Ramon aparteko prozedura sumarisimo batean auzipetu zuten, eta haren ondorioz, 1940ko abuztuaren 9an atxiloaldi handiko 30 urteko espetxe-zigorrera zigortu zuten. Anaia Ignacio eta gainerako auzipetuak epaitu zituzten gerra-kontseiluak uste izan zuen indar errepublikarrek hartu zituztela; aldiz, Jose Ramonen aurka egindako kondena-epaian zehazten zen «etsaiaren» aldera pasatu izana bere borondatez gertatu zela.

      Beraz, Jose Ramon Ondarretan espetxeratuta egon zen 1938 amaieratik, eta istorio honen protagonista ziren 5 azpeitiarretatik zigorra jaso zuen bakarra izan zen. Zigorraren ondoren, Errenterian langileen batailoi batean egon zen preso 11 hilabetez(*).

ODRIOZOLA ECHEVERRIA, JOSE CRUZ

      Aratz-Erreka auzoko Malkorre baserrikoa, Jose Cruz lanbidez zurgina zen eta ELA sindikatuan afiliatuta zegoen. Gerra hasi zenean, zaintzaldiak egin zituen eta gauzain gisa jardun zuen. Gerora Bilbora ihes egin zuen eta han, bere kinta deitu zutenean, ingeniarien 11. batailoian sartu zen. Balmasedan 1937ko ekainaren 29an harrapatu zuten arte, batailoiarekin lubakiak egiten aritu zen. Miranda Ebroko kontzentrazio-esparrura eraman zuten eta han «A atalean» sailkatu zuten. Ondarretako espetxera eraman zuten arte preso izan zuten bertan.

      1938 hasieran, Donostiako auzitegi militar batean urgentziazko prozedura sumarisimo bidez epaitu zuten. Sindikatuko militantziari eta frontean egindakoari erreferentzia egiteaz gain, 1939ko azaroaren 22ko epaiak ontzat ematen zituen Elosiaga auzoko Aritzaga baserrian txahal batzuk konfiskatzen izan zela zioten salaketak. Hala ere, auzitegiak uste izan zuen Jose Cruz ez zela pertsona garrantzitsua izan, ez «gorrien nagusitasun»-garaian, ez frontean egindako jardunagatik, beraz, absolbitzea eta «B atalean» sailkatzea agindu zuen. Hori dela eta, kontzentrazio-esparrura itzuli eta langileen batailoian sartu zen(*).

ODRIOZOLA ECHEVERRIA, TOMAS «MALKORTXO»

      Lanbidez saskigilea, Aratz-Erreka auzoko bizilagun honek Bilbora ihes egin zuen Jose Cruz anaiarekin batera 1936ko irailaren erdialdera. Aurretik ez zuen Defentsa Batzordearen alde jarduerarik egin. 1937ko martxoan bere kinta mobilizatu zuten eta Amayur infanteriako batailoian sartu zen. Bertan ibili zen gudari gisa abuztuan Laredon harrapatu zuten arte. Hilabete batzuetan Castro Urdialeseko kontzentrazio-esparruan eman ostean, Aranda de Duerokora eraman zuten, eta handik, gero Lizarrako 64. langileen batailoira bidali zuten.

      1938 hasieran San Ignacio tertzioan sartu zen eta Teruelgo frontera bidali zuten. Villa Felisan izandako gertakarietan nahasita geratu zen, eta gertaera haien harira, beste 4 azpeitiarrekin batera gerra-kontseiluan epaitu zuten. 1938ko martxoaren 2an, Odriozola Alberdi anaiak, Lucas Orbegozo, Ignacio Zubimendi eta Tomas armada errepublikarrak preso hartu zituen utzitako baserri batera zihoazenean oilo batzuk lortzeko asmoz. Baina guztiak desertatu izanaz salatu zituzten, eta gero, ordutik eta gerra amaitu arte «etsaiaren armadari» zerbitzua eman izanaz. Hori dela eta, 1939ko maiatzetik aurrera, Tomasen eta inplikatutako gainerako azpeitiarren aurkako prozedura sumarisimoa abiatu zen. Tomasen kasu zehatzean, honela definitu zuen bere burua epailearen aurrean: «katoliko eskuindarra eta euskal nazionalismoaren aldekoa», eta urtebetez soilik egon zela ELAn afiliatuta «nagusiarekin hobeto egoteagatik». Halaber, atxilotutako eta prozesatutako kideak bezalaxe, harrapatu zituzteneko gertakariak kontatu zituen. Horrez gain, Tomasek azaldu zuen harrapatu zutenetik armada errepublikarraren hegazkinen aurkako gorputzean sartu zutela, gerra amaitzean Madrilen entregatu arte.

      1941eko maiatzaren 1ean, epaitegi militarrak esan zuen Tomasek nahiz gainerako auzipetuek «ideologia separatista» zutela, baina «jokabide ona», eta ontzat ematen zuen harrapatzearen bertsioa. Hori dela eta, auzipetuak absolbitu eta aske utzi zituzten(*).

ODRIOZOLA MENDIZABAL, JOSEFA

      Josefa UHP batailoi sozialistako milizianoa zen Juan Campos Eceizaren emaztea zen. 1937ko irailaren 11an bere etxean atxilotua izan zen, eta Donostiako 4. epaitegi militarrak ikerketa abiarazi zuen, Josefak Frente Popularraren aldeko alderdietan egindako ekintzak garbitzeko. Halere 1938ko uztailaren hasieran kargu guztiengatik absolbitua eta aske utzia izan zen, epaile militar instruktoreak uste baitzuen Josefak kausa marxistaren alde eginiko kolaborazio txikia bere senarraren influentziaren ondorio izan zela, eta ondorioz ez zela delitutzat kontsideratzen. Dena dela, Josefak espetxealdi prebentiboan pasa zuen denbora bere aurrekari ezkertiarrentzako nahikoa zigor izan zela kontsideratu zen(*).

ODRIOZOLA SEGUROLA, JESUS

      Altxamendu militarra hasi ostean, Jesusek zaintzaldiak egin zituen armak hartuta Azpeitiko mendi aldeko hainbat tokitan. 1936ko irailaren 20an Saturraranera eraman zuten, eta gero Gernikara, eta han Itxarkundia batailoian erroldatu zen. Batailoi horretan anda-eramaile ibili zen hainbat frontetan (Otxandio, Urkiola edo Artxanda), 1937ko abuztuaren 26an Kantabriako Limpias herrian batailoi osoarekin batera atxilotu zuten arte. 40 egun kontzentrazio-esparru batean eman ostean, urtebete inguru egon zen Zaragozako 25. langileen batailoiaren bigarren konpainian preso. 1938ko abuztuan Zaragozako Presoen Batzordeak Azpeitiko Guardia Zibilari Jesusen aurrekarien informazioa eskatu zion, eta handik egun batzuetara Hermenegildo Calvo komandanteak Loiolako kuarteletan bere borondatez izena eman izana «egiazkotzat» ematen duten «zurrumurruen» berri eman zien. Edonola ere, aipatutako Batzordeak Jesus «C atalean» sailkatu zuen. 1939 hasieran, Donostiako 11. epaitegi militarrak aurretiazko eginbideak hasi zituen Jesusen eta beste 11 auzipeturen aurka, eta horregatik Bilboko Eskolapioen espetxera bidali zuten. Hala ere, Azpeitiko Udalaren nahiz Falangeren txostenek ezin izan zituzten Guardia Zibilaren txostenak aipatzen zituen zurrumurru haiek zehaztu. Beraz, 1939ko urriaren 6an espetxealdi arindua eman zioten auzia artxibatu ostean, eta bizitokia jarritako herritik ateratzeko debekua jarri zioten. 1939ko irailaren 28tik Ondarretako espetxean egon zen, eta urriaren 14an aske utzi zuten(*).

OLAIZOLA ALEGRIA, IMANOL «KONFITES»
Imanol Olaizola Alegria.
(Rosario Olaizolak utzitako irudia).

     1912an jaioa eta Antonio Olaizola Echeverria zinegotzi nazionalistaren semea, Imanolek Euzkadi eta El Día egunkarietako berriemaile jardun zuen (El Día egunkarian bere aitak ere idazten zuen), Azpeitiko notaritzan «ofizial» gisa lan egiten zuen bitartean. Horrez gain, euskarara itzulpenak egiten zituen, horien artean nabarmendu beharrekoa delarik 1936ko apirileko Azpeitiko udal-araudiaren itzulpena(*). Gerra hasitakoan, hainbat zerbitzu egin zituen Defentsa Batzordearen alde, eta irailean Ordena Publikoaren Batzordeko kide izendatu zuten. Gero Azpeititik ihes egin zuen eta miliziano ibili zen Loyola batailoian gerrako hainbat frontetan 1937ko abuztuan Kantabriako Limpias herrian harrapatu zuten arte.

      Espetxeratuta, 1938 hasieran Bilboko epaitegi militarrak auzipetu egin zuen, eta 12 urte eta egun 1eko espetxealdira zigortu zuten gerra-kontseiluan, «matxinadari laguntzearen» ustezko delituagatik. 1938ko azaroaren 29ko epaian zehazten zen Ordena Publikoaren Batzordeko kide izan zen garaian «ez zela atxilotzerik egin». 1939ko martxoaren 5ean San Kristobal gotorlekuko espetxera eraman zuten, eta bertan egon zen 1940ko abuztuaren 14an espetxealdi arindua eman zioten arte(*).

OLAIZOLA ALEGRIA, MARIA DOLORES «KONFITES»
Maria Dolores Olaizola Alegria.
(Rosario Olaizolak utzitako irudia).

     Maria Dolores Arrieta Zubimendi ahizpekin batera atxilotu zuten 1937ko uztailaren 7an, Azpeitira itzuli ostean. Dolores errepublika-garaian Emakumeko idazkari izan zen, eta 1936ko abuztutik aurrera gudarien kuarteleko sukaldeen ardura izan zuen. Aurrekari horiek gehitu zitzaizkion Rosario Echevarria Altamira, Ignacia Bereciartua Azpiazu eta Pilar Aguirre Perezek jarritako salaketari, eta ondorioz, atxilotu egin zuten. Haien arabera, Arrieta Zubimendi ahizpak bezalaxe, Dolores ere nazionalista zen nabarmen, etengabe matxinatuen aurkako oihuak egiten zituen eta haien atxiloketan parte hartu zuen. Baina aipatutako ahizpen kasuan bezala, salatzaileek epailearen aurrean aitortu zuten ezin zutela ziurtatu Doloresek haien atxiloketan parte hartu zuenik, eta «entzun izan zutelako» esan zutela hori.

      Edonola ere, Doloresi beste bi inputazio gehitzen zitzaizkion, salatzaileek egindakoa eta Julian Orbegozok egindakoa. Inputazio horien arabera, Dolores izan zen, Maria Altuna Astigarraga eta Gloria Zabaleta Olazabalekin batera Nuarbeko apaizaren etxean oiloak konfiskatzen parte hartu zutenetako bat. Beste bien aurka eginda bezala, Anastasio Errasti «Atxero» Azpeitiko Defentsa Batzordeko kide zenak (30 urteko espetxealdira kondenatua), auzipetuari egotzi zion nazionalista zela, «nabarmenetakoa», eta hain zuzen ere aipatutako konfiskatzean parte hartu zuela. Era berean, salatzaileek adierazi zuten Doloresek «behartu zituztela milizianoentzako buzoak egitera».

      Edonola ere, 1938ko apirilean, epaileak idatzi batean azaltzen zuen Doloresen militantzia politikoa frogatuta bazegoen ere, «herriko hiru margariten atxiloketan parte hartu izanaren salaketa ezerezean geratzen zela funtsik gabea zelako, eta atxiloketak garrantzi txikia zuelako, etxeetan hiru edo bost egun izan baitziren». Hori dela eta, «atxilotuta zeramatzan hamar hilabeteak nahikotzat jo zituen ekintza zigortzeko». Hala ere, Gerra Ikuskaritzak abuztuan baztertu egin zituen epaile instruktorearen oharrak eta Doloresen aurka prozedura sumarisimoa abiatzea erabaki zuen.

      Hainbat hilabetez instrukzioa egin ostean, 1939ko martxoaren 7an, Dolores urte 1eko espetxealdi txikira zigortu zuten, «altxamendu militarraren proposamena» egitearen ustezko delituagatik, Emakumeko idazkaria izatea eta Fronte Popularraren aldeko zerbitzuak egin izana oinarri hartuta. Era berean, 4 hilabeteko atxiloaldia eta 400 pezeta ordaintzeko zigorra jarri zioten, Nuarbeko apaizaren etxean egindako oilo-konfiskatzeen arduradun izan zela uste izan baitzuten(*).

OLAIZOLA ECHEVERRIA, ANTONIO «KONFITES»
Antonio Olaizola Echeverria.
(Rosario Olaizolak utzitako irudia).

     Zinegotzi nazionalista, baserritarren hautagaitzaren ordezkaria, batzokiko presidentea eta El Día egunkariko berriemailea izan zen. Antonio izan zen, zalantzarik gabe, Azpeitiko euskal nazionalisten artean eragin handienetakoa izan zuenetako bat. Gerra hasi ondoren, 1936ko uztailaren 20tik 26ra bitartean hain zuzen ere, jarduneko alkatea izan zen, eta Gipuzkoako gobernadore zibilari telegrama bat idatzi eta bidali zion Errepublikarekiko atxikimendua adierazi eta «sediziozko mugimendu» deitu zionaren aurka zegoela adierazteko. Horrez gain, Azpeitiko Defentsa Batzordeko kidea izan zen, eta milizianoentzako prestatutako sukaldeak eta jantokiak izan zituen bere ardurapean.

      Altxatutako tropak Azpeitian sartu baino lehentxeago Bilbora egin zuen ihes eta handik Balmasedara. Han harrapatu zuten, 1937ko ekainaren 29an. Logroñora eraman zuten eta urte hartako uztailaren 29an, Presoak Sailkatzeko Batzordeak espetxeratuta jarraitu behar zuela erabaki eta auzipetzea proposatu zuen, «orduko Azpeitiko alkateak eginiko akusazioak aintzat hartuta». Hala, Bilboko espetxe probintzialera eraman zuten 1938ko hasieran eta han egon zen gerra-kontseiluak noiz epaituko zain. Azpeitiko Falangek, Guardia Zibilak eta Alkatetzak Antonioren aurkako txosten bana bidali zuten otsailean eta konfiskatzeetan parte hartzeaz, atxiloketak agintzeaz, batzordearentzako armak entregatzeaz eta Azpeititik joatera behartzeaz akusatu zuten. Antoniok, epaile militarraren aurrean deklaratzean, aitortu zuen Azpeitiko agintari frankisten txostenetan adierazitako karguak bete zituela, baina aipatutako jarduera horiek ez zituela egin esan zuen.

      Dena den, 1938ko martxoaren 26an, biziarteko espetxe zigorra ezarri zioten Antoniori «matxinadarekin bat egin» zuelakoan, «debeku zibila eta erabateko gaitasungabetzea ere ezarri zizkioten zigorrari atxikita». Uztailaren 1ean Puerto de Santa Mariako (Cadiz) espetxera eraman zuten eta han eduki zuten preso 1941ean zigorra 6 urte eta egun batera jaitsi eta baldintzapean aske utzi zuten arte. 1946ko uztailaren 14an, idatzi ofizial bat igorri zien Burgosko Gerra Ikuskaritzako agintari militarrei, 1945eko urriaren 9ko dekretuaren harira, indultua eskatzeko. 1946ko abuztuaren 9an indultua eman zioten, baina ez zizkioten erabateko gaitasungabetzea eta gainerako zigor atxikiak kendu(*).

OLARTE ALBERDI, JULIAN

      Gerra Zibila hastean, Loyola batailoiko Lartaun 2. konpainian erroldatuta egon zen Julian. Ez dakigu non harrapatu zuten, ez eta gerrako frontean ibili ote zen ere, baina 1938ko hasieran, Ondarretako espetxean zegoen, preso. Ondorengo hilabeteetan epaitu egin zuten urgentziazko prozesu sumarisimo baten bidez. Urte hartako azaroaren 26an, Julianen aurkako gerra kontseiluak hala proposatuta, Gerrako Ikuskaritzak, auzia behin-behinean artxibatzea erabaki zuen eta Julian «B atalean» sailkatu eta langileen batailoi batera bidali zuten(*). Ondoren, 1941eko otsailaren 25ean, 500 pezeta-ko zigor ekonomikoari egin behar izan zion aurre. Erantzukizun Politikoen Auzitegiak jarri zion zigor hura(*).

OLAZABAL GURRUTXAGA, MANUEL «POTZUTE»
Manuel Olazabal Gurruchaga.
(Maria Olazabalek utzitako irudia).

     Elosiaga auzoko Potzueta baserrikoa zen Manuel jatorriz. 1933ko apirilean, Azpeitiko Udaleko zinegotzi aukeratu zuten baserritarren hautagaitza ordezkatuz. 1934ko irailean, gainerako ordezkariekin batean Kontzertu Ekonomikoarekin izandako gatazkaren harira kargua utzi zuen, eta 1936ko otsailean berriro hartu zuen kargu hura eta horretan aritu zen irailean herritik ihes egin zuen arte.

      1937ko erdialdean, atxilotu eta Bilboko Eskolapioen espetxera eraman zuten. Gerra kontseiluan epaitu zuten. 1938ko uztailaren 6ko epaiaren arabera, hauxe zen Manuelek eginiko delitua: «kargu publikoan jarraitu zuela matxinatuen agintepean... nahiz eta beste deliturik egotzi ez». Horregatik, 6 urte eta egun bateko gaitasungabetze berezia jarri zioten kargu publikoetarako(*).

ORBEGOZO EGUILUZ, EUGENIO

      Heriotza zigorrera kondenatutako Azpeitiko bizilaguna. Gerora kommutatu egin zioten(*).

ORBEGOZO EMBIL, ALEJANDRO

      Espartingile industrialaria zen Alejandro. Alderdi Karlistako militantea izan zen 1931ra arte. Urte hartan, EAJn afiliatu eta sindikuko kargu publikoa hartu zuen Azpeitian, 1931ko apirilean, udalbatza osatu ondoren. Udalbatzako hiru ordezkari nazionalistetako bat zen Alejandro eta agintean egon zen bitartean irmo defendatu zituen euskal eskubide historikoak; hau da, 1933ko apirileko udal hauteskundeetara arte. Egindako proposamenen artean nabarmenenak hauek izan ziren: Lizarrako Estatutua babestea, kaleen izenak euskaraz jartzea eta euskal kulturako pertsona garrantzitsuak goraipatzea; hala nola Carmelo Echegaray historialari eta idazlea(*). Lizarrako Estatutuak porrot egin ondoren, badirudi, Alejandrok utzi egin zuela EAJ eta jarduera politikoa ere bai, «EAJ Gasteizkoa esaten zioten estatutu laiko eta separatista batekin hasi zelako». Erreketeek Azpeitia konkistatu eta denbora gutxira, isuna jarri zion Alejandrori Azpeitiko lehen komandante militarrak, Emilio Gómez del Villak, baina haren ondorengoak, Solchaga kapitainak, zigorra baliogabetu zuen. Ondoren, 1938ko erdialdean, Azpeitiko Guardia Zibilak txosten bat bidali zuen Donostiako Ikerketa eta Zaintza Komisariara, Alejandro Orbegozoren aurrekariak xehe azalduz. Era berean, lehen adierazitako isuna eta propaganda egiten ere ibili zela ere aipatzen zituen txostenak: «Espainiaren aurkako propaganda-jarduerak egin zituela eta baserri batetik bestera ere ibili zela Espainia Berriaren sentimendua ordezkatzen duen guztiaren aurkako gorrotoa sustatzen jarraitzeko». Arrazoi hori zela eta, 1938ko uztailaren 15ean Ondarretako espetxean sartu zuten gerra-kontseiluan «matxinadari laguntzearen» ustezko delituagatik noiz epaituko zain.

      Hala ere, epaile militar instruktoreari azalpenak ematean, Alejandrok ukatu egin zituen Guardia Zibilak eginiko akusazioak eta Azpeitiko Junta de Guerra Carlista delakoarekin ekonomikoki nola parte hartu zuen azaldu zuen. Junta hartako kideak zituen Castor eta Julian anaiak, baita koinatua ere, Roque Astigarraga alkatea. Anaiak eta koinatua lekuko izan ziren auzian eta berretsi egin zuten auzipetuaren deklarazioa eta deliturik ez zuela egin adierazi zuten. Azpeitiko orduko Falangeren buruak, Hilario Bereciartua Urangak, txosten batean adierazi zuen Alejandrok lagundu egin ziela «Defentsa Batzordeak jazarritako elementu karlista guztiei».

      Instrukzio-fasea abian zela, aldi berean, Ondarretako espetxeko erizaintzak adierazi zuen auzipetuak «artritis deformatzailea» zuela eta, hala, 1938ko irailaren 8an, aske utzi zuten, baldintzapean. 1939ko otsailean, Gipuzkoako hainbat udalerritara joateko baimena eskatu zuen, bere negoziorako behar zituen lehengaiak eskuratzeko. Azkenik, 1939ko apirilaren 27an kargu guztietatik absolbitu zuten eta behin betiko aske gelditu zen(*).

Alejandro Orbegozori buruzko dokumentua.
(AIRMN).

ORBEGOZO GOENAGA, JOSE FRANCISCO

      Jose Francisco 1909. urtean jaio zen, eta Aratz Erreka auzoko Uranga baserriko «oriundoa» zen. 1934an Azpeitiko udaletxeak lana eskatzen zuten langileekin eginiko zerrendan aurkitzen zen bere izena. Gerra hasi ondoren berak eginiko ekintzen inguruko daturik ez daukagun arren, 1937ko irailean Miranda de Ebroko kontzentrazio esparruan aurkitzen zen gatibu, ejertzito golpistak atzemandako hamarnaka atxiloturekin batera(*). Ondorioz probablea da Jose miliziano gisa ibili izana. Kasuak kasu, irailean Bilbora trasladatua izan zen, non bere aurkako urgentziazko prozedimentu sumarisimo bat ireki zen. Halere, 1938ko irailaren 16an, kasua artxibatua izan zen, Jose hil egin zelako(*). Seguraski espetxealdi prebentiboan hilko zen.

Jose Francisco Orbegozori buruzko dokumentua.
(AIRMN).

ORBEGOZO MACAZAGA, IGNACIO
Ignacio Orbegozo Macazaga.
(Begoña Orbegozok utzitako irudia).

     Azpeitiko alde zaharreko bizilaguna zen Ignacio. 1936ko ekainean amaitu zituen medikuntzako ikasketak Salamancan. Alderdi nazionalistako militantea zen eta Azpeitira itzuli eta gerra hasi zenean, Defentsa Batzordeak deitu zion Beasaingo frontera joandako milizianoei laguntzeko. Ondoren, Azpeitia erori ondoren, hainbat sektoretan ibili zen lanean; hala Eibarren, nola Lekeition(*), eta 1937ko uztailean, mayor kargura igo zuen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Militarraren Buruzagitzak. 50. dibisioko osasun arloko buru izan zen ordutik aurrera. Azkenik, urte hartako abuztuaren erdialdean Santoñan harrapatu zuten(*).

      Atxilotu eta El Duesoko kartzelan sartu ondoren, gerra-kontseiluan epaitu zuten Ignacio beste hogeiren bat euskal borrokalarirekin batera. 1937ko irailaren 6an heriotza-zigorra ezarri zioten «matxinada militarra» leporatuta, baina urrian, zigor haren ordez «gradu apalagoko» zigorra jarri zion Estatuko Idazkaritza Nagusiak; biziarteko zigorra, alegia(*). Kondena jaso ondoren, Burgosko espetxe zentralera eraman zuten eta handik Almendralejoko (Extremadura) langileen batailoi batera(*). Han egon zen 1942ra arte. 1942ko martxoan, Ondarretako espetxera eraman zuten eta berriro auzipetu zuen epaimahai militar batek. Ohiko prozesu sumarisimoa izan zen orduko hura, argitu egin nahi baitzuten ea auzipetuak «gorri-separatisten matxinaldi garaian», «zer jokabide politiko-sozial» izan zuen. Hala ere, epaimahai militarrak aitortu zuen auzipetua epaitua zutela lehendik ere ustezko delitu horiengatik eta, beraz, 1943ko ekainaren 30ean, auzia artxibatu zuten(*).

      Lehenago, 1943ko urtarrilaren 26an, baldintzapean aske utzi zuten Ignacio(*).

ORBEGOZO ODRIOZOLA, JUAN

      1912an jaio zen eta Arzubia kalean bizi zen. Elosiaga auzoko Eizmendi baserrikoa zen jatorriz. Irrintzi batailoi nazionalistako gudaria, harrapatu eta Bilboko gerra kontseiluan epaitua izan zen. 1938ko abuztuaren 4ean kasua artxibatzea agindu zen, eta «B atalean» sailkatu zuten, «bere aurrekariak eta gorrien agintean eginiko ekintzetan» oinarrituta. Honek langile batailoi batean sartua izatea suposatu zion.

      Ondorioz, Cardeñako San Pedro kontzentrazio esparruan atxikia izan zen, 1939ko azaroan Errenterian kokatutako 2. Langile Batailoira lekualdatua izan zen arte. Urte horretako abenduan aske geratu zen Azpeitiko Falangeak aurkeztutako abalari esker(*).

ORBEGOZO ORBEGOZO, JOSE BERNABE «OTARTE»
Jose Bernabe Orbegozo Orbegozo.
(Karmele Orbegozok utzitako irudia).

     Belaetxe baserrikoa zen Bernabe jatorriz, eta bera izan zen ezkerreko euskal nazionalismoaren pertsona garrantzitsuenetako bat. Idazlea, Gipuzkoako ANV-EAEko idazkaria eta alderdi horretako Tierra Vasca prentsa-organoko kazetaria izan zen Otarte, baita gerra garaiko hizlari euskaldun garrantzitsuenetako bat ere(*). ANV-EAE Fronte Popularrarekin bat egitearen aldekoa zen eta Gipuzkoako Defentsa Batzordeko Gerrako Komisariako kide eta ANV-EAEko Batzorde Nazionaleko kide ere izan zen(*). Ondoren, Eusko Indarra batailoiko komandante izan zen 1937ko abuztuan, Santoñako Ituna esaten zaion errenditzearen ondoren Kantabrian harrapatu zuten arte. Hori baino egun batzuk lehenago, Gobernazioko komisario izendatua zuen Eusko Jaurlaritzak. Abuztuaren 17an, Indalecio Prieto Defentsa ministroak berariaz eskaera eginda, lehendakariak ebakuatu nahi izan zituen funtzionarioen artean zegoen(*). Harrapatu ondoren, gerra-kontseiluan epaitu zuten, Santoñan, eta 30 urteko kartzela-zigorra jarri zioten. Ondoren, Larrinagako espetxera eraman zuten eta 1938ko uztailean, berriz, Burgosko espetxera(*). 1943ko uztailaren 17an utzi zuten aske, baina badirudi bi urtez egon zela Madrilen, ezkutuan bizitzen, erbesteratua zegoen Eusko Jaurlaritzaren agindupean. Orduan gaixotu zen eta, azkenean, Venezuelara erbesteratu zen Frantziatik.

      1952an Euskal Herrira itzuli zen eta Ondarretako espetxean eduki zuten denboraldi batean. Azaroaren 18an utzi zuten aske, baldintzapean. Itzultzea negoziatu arren, beste auzi judizial bat abiarazi zuten Bernaberen aurka, ezkutuan ANV-EAE berriro eratzeko saiakeran parte hartu zuelakoan(*). Auzipetze hura ez zuten artxibatu, harik eta epaimahai militarrak Bernabe 1953ko urrian Zestoan, uholdeen ondorioz izandako autobus-istripuan hil zela egiaztatu zuen arte(*).

ORBEGOZO ORBEGOZO, LUCAS MANUEL «BELAETXE»
Lucas Manuel Orbegozo Orbegozo.
(Hemendik ateratako argazkia: ELIAS ODRIOZOLA, I.: Azpeitia, 500...: Azpeitiarrak eta herriarekin bat eginak).

     1913an jaio zen Lucas. 1935ean egin zen ezagun, Azpeitiko zezen-plazan harri-jasotzaile aritu zenean. Horregatik izendatu zuten agian, zituen gaitasun fisikoengatik, Euzko Indarra batailoiko sarjentu zamaltzain 1936ko urrian. Horretan aritu zen 1937an Laredon atxilotu zuten arte. Baliteke lehenago, Azpeitian, Defentsa Batzordearen zerbitzura aritu izana. 1937ko irailean, Miranda Ebroko kontzentrazio-esparrura bidali zuten eta, ondoren, San Juan de Muzarrifarrera (Zaragoza), 25. langileen batailoiaren bigarren konpainiaren zaintzapean. Aragoin hilabete eta erdi inguru igaro ondoren, Miranda Ebrora bidali zuten berriro eta han, seguru asko, Presoak Sailkatzeko Batzordeak sailkatu egingo zuen 64. langileen batailoira, Lizarrara bidali aurretik.

      Ordutik aurrera, Teruelgo frontean izandako Villa Felisako gertaeraren harira epaitutako gainerako kideei lotuta dago Lucasen ibilbidea. San Ignacio tertzioan sartu eta 1939ko martxoaren 2an harrapatu zuten tropa errepublikarrek beste lau azpeitiarrekin batera, oilo batzuen bila baserri batera zihoazela. Harrapatu eta gerra amaitu zen arten, armada errepublikarraren agindupean aritu zen Lucas, aireko erasoen aurkako 17. brigadan, Valentzian. Azpeitira itzultzean, atxilotu eta herriko kartzelan sartu zuten, gainerako protagonistak bezala, desertzio-delitua egiteagatik salatu baitzuten. 1939ko abenduan, Ondarretako espetxera eraman zuten, gerra-kontseiluan epaitu arte, eta epaiketan, berretsi egin zuen maiatzean Azpeitiko Guardia Zibilaren aurrean eginiko deklarazioa. Nola harrapatu zituzten azaldu zuen, gerraren aurretik ideia nazionalistak izan zituela ukatu gabe. Falangek eta Azpeitiko Alkatetzak igorritako txostenek nabarmendu zuten, Lucasek, zuen ideologia gorabehera, «oso jokabide ona» zuela.

      Azkenean, 1940ko maiatzaren 1ean, auzitegi militarrak erabaki zuen ez zutela desertzio-ekintzarik egin, baizik eta etsaien tropek harrapatu zituztela eta, hala, absolbitu eta behin betiko aske utzi zituzten denak(*).

OTAÑO OYARZABAL, MARCELO

      Azpeitiarra zen eta Azkoitian bizi zen. Loyola batailoiko borrokalaria izan zen Marcelo 1937ko erdialdean Kantabrian harrapatu zuten arte.

      Urte hartako irailean, Santoñan epaitu zuten urgentziazko prozedura sumarisimo bidez, beste hainbat batailoi eta jatorritako hogeiren bat borrokalarirekin batera. Marcelori dagokionez, gerra-kontseiluak frogatutzat eman zuen gerrako hainbat frontetan ibili zela eta «teniente izendatu zutela». Ez zioten beste «deliturik» leporatu.

      Horren ondorioz, 1937ko irailaren 30ean, biziarteko espetxe zigorra ezarri zioten «matxinadarekin bat egin» zuelakoan, eta erabateko gaitasungabetzea ere ezarri zioten(*). El Duesoko espetxean sartu zuten eta han egon zen 1938ko abuztuan Cadizko Puerto de Santa Mariako espetxera eraman zuten arte. Handik bi urtera, 1940ko abuztuaren 20an, espetxealdi arindua ezarri zioten(*).

OYARZABAL ABALIA, JOSE MARIA

      9 urteko mutikoa zen Jose Maria 1936an gerra lehertu zenean. Handik hamahiru urtera, 1949an, mendiko ehiztarien Montejurra 20. batailoian zegoen sartuta. Irailean, desertatzeaz akusatu zuten eta 1950eko martxoaren 14an, espetxe militarrean urtebeteko kondena jarri zioten. «Diziplina Gorputz batera joatera behartu zuten soldadutzan faltatako denbora betetzera, askatasuna kentzeko zigorra amaitu ondoren»(*). Handik hilabete gutxira, urte bereko uztailean, Jose Maria desertatzeaz akusatu zuten berriro. Ezin izan zuten epaitu, ez baitzekiten non zegoen, eta, beraz, auzi-iheslaritzat hartu zuten(*).

QUINTANA LORENZO, MODESTO

      Jaiotzez azpeitiarra, Fronte Popularraren gobernuan eta Gerra Zibila hasi ondoren Donostiako Hornidura Departamentuaren menpe aritu zen lanean. Ondoren Bilbora egin zuen ihes, eta El Carmelo presondegian zaindari lanak egin zituen, «espetxe honetako bere jarduera zalantzazkoa eta ezezaguna izanik, autoko testigantzen kontraesanengatik». Horrela, 1943ko martxoaren 12an ustezko «matxinadari laguntzearen» delituagatik 12 urte eta egun 1eko espetxealdi txikira kondenatua izan zen, gerora 6 urteko espetxealdiagatik kommutatua izan zitzaiolarik. Ordurako Modestok 5 urte baina gehiago zeramatzan espetxeraturik.

QUINTELA BAEZA, ANTONIO

      Madrilgoa zen jaiotzez eta Azpeitian bizi zen 1935etik. Pintorea zen Antonio lanbidez eta UGTko militantea ere bazen. 1934ko iraultza-gertaeren ondoren, Guadalupeko gotorlekuan eduki zuten preso, Hondarribian, hilabete eta erdiz, epaitu gabe. Zarautzen bizi zen orduan. Gerra hastean, Azpeitiko Defentsa Batzordearen agindupean egon zen eta zaintza armatuko zerbitzuak eskaini zituen, bai Azpeitian, bai handik gertu dagoen Bidanian. Ondoren, Bilbora egin zuen ihes eta UHP batailoian sartu zen, miliziano, 1936ko urrian. 1937ko maiatzaren 14an, zauritu egin zuten Zorrontzan eta Bilboko ospitalera eraman zuten. Karrantzara ebakuatu zuten handik gutxira eta, handik, Ribadesellako ospitalera. 1937ko abuztuan, oraindik eri zela, Frantziara iristen saiatu zen Aller baporean. Lurrunontzia harrapatu egin zuten itsas zabalean ordea eta Antonio atxilotu egin zuten. 1937ko urrian, Gasteizko Presoak Sailkatzeko Batzordeak espetxean jarraitu behar zuela erabaki zuen eta eginbideak abiarazi zituen, Antonioren «aurrekarien» berri izandakoan. Dokumentu horietan auzipetua ezkertiarra zela aipatzen zen eta 1934ko urriko gertakarietan eta 1936ko uztailetik aurrera Azpeitian izandako gorabeheretan, nabarmendu egin zela. Antonio «Fronte Popularraren prentsa» banatzeaz eta konfiskatzeetan, atxiloketetan eta zaintza armatuko zerbitzuetan parte hartzeaz akusatzen zuten.

      Hala, 1938ko azaroaren 3an, Antonioren aurkako urgentziazko prozesu sumarisimoa abiaraztea erabaki eta Donostiako 14. epaitegira bideratu zuten auzia. Ondarretako espetxera eraman zuten 1939ko martxoaren 2an, apirilean epaile instruktorearen aurrean deklaratu eta ukatu egin zuen konfiskatzeetan eta atxiloketetan parte hartu zuenik. Gainera, Falangek eta Azpeitiko Alkatetzak ezin izan zuten auzipetuaren aurkako akusazioak berretsiko zituen lekukorik aurkitu. Horregatik, 1939ko abuztuaren 9an, auzia itxi eta Antonio behin betiko aske utzi zuten(*).

Antonio Quintela Baezari buruzko dokumentua. (AIRMN)

QUINTELA BAEZA, FERNANDO

      Antonio anaia bezala, Fernando ere UGTn afiliatuta egon zen errepublika-garaian. Madrilen jaioa zen eta lanbidez tapizgilea. Gerra hasi ondoren, zaintza armatuko zerbitzuak eskaini zituen «telefono-linean», Azpeitiko Defentsa Batzordearen agindupean. Azpeitian bizi zen. 1936ko irailean, Azpeititik ihes egin eta Bizkai aldera jo zuen. Izquierda Republicana alderdiaren García Hernández zulatzaileen batailoian sartu zen. Eusko Gudarostearena zen batailoi hura, eta han aritu zen 1937ko abuztuan Kantabrian atxilotu zuten arte.

      Harrapatu eta kontzentrazio-esparru gisa jarrita zeukaten Santanderko Corban mendiko seminarioan sartu zuten. 1937ko azaroan, Bilboko Eskolapioen espetxera eraman zuten eta han egon zen Murgiako kontzentrazio-esparrura eraman zuten arte. Langileen batailoi batean aritzera ere behartu zuten. 1939ko azaroan, Gasteizko epaitegi militarrak Fernandoren aurkako instrukzioa abiarazi zuen eta Azpeitiko agintari frankistei informazioa eskatu, Fernandok zer aurrekari zituen jakiteko. Agintari frankistek, batez ere Guardia Zibilaren idatzian, Fernandoren «arriskua» nabarmentzen zuten, baina epaile militarrak zaintzapeko askatasuna eman zion 1939ko abenduan(*).

      Bestalde, auzi hartan auzipetua izan aurretik, Fernando urgentziazko beste prozesu sumarisimo batean ere egon zen 1938ko hasieran. Prozesu hartan, 1937ko maiatzaren 24an, Galdakaon Igorreko parrokoaren hilketan parte hartzeaz akusatu zuten beste miliziano batzuekin batera. Nolanahi ere, 1938ko apirilaren 21ean, Gerra Ikuskaritzak auzia artxibatu zuen bi arrazoigatik: hainbat lekuko galdekatu ondoren frogarik aurkitu ez zutelako eta auzipetuak non zeuden ez zekitelako (Fernando langileen batailoi batean zegoen, preso)(*).

TORRANO SENAR, MANUEL

      Nafarroako Ergoiena bailarako Dorrao kontzejukoa zen jatorriz eta 1935ekoa da Manueli buruzko lehen aipua. Azpeitian bizi eta langabezian zeuden langileen zerrenda batean dago haren izena. Ondoren, gerra hasi ondoren, zerbitzuak eskaini zituen Azpeitiko Defentsa Batzordearen agindupean. Zehatz esanda, 12 urte eta egun bateko kartzela-zigorra jarri zion 1937ko martxoaren 8ko epaiaren arabera, Manuel «errepidetik igarotzen ziren autoen igarobaimenak aztertzen ibili zen eskopetaz armatuta», Zarauztik hondarra ekarri zuen aireko erasoen aurkako babeslekuak eraikitzeko eta Mandubiko zubiaren leherketan parte hartu zuen tropa kolpistak geldiarazteko asmoz(*).

      Ondarretan espetxeratu zuten, eta epaia igorri eta handik lau hilabetera San Kristobalgo espetxera eraman zuten auzi berean kondenatutako beste azpeitiarrarekin batera: Jose Maria Aguirre Arreguirekin. Espetxe hartan hil ziren biak. Espetxera eraman eta handik gutxira hil zen Jose Maria, 1937ko irailaren 8an. Manuel, berriz, 1941eko abenduaren 1ean hil zen(*), 1938ko maiatzaren 22ko ihesaldian parte hartu ondoren. 17 urte, 4 hilabete eta egun bateko espetxe-zigorra ezarri zioten ihes egiten saiatzeagatik(*). Artikako hilerrian lurperatu zuten Manuel(*).

UCIN ODRIOZOLA, ANTONIO

      1914an jaioa zen eta, jatorriz, Ondarre baserrikoa zen. Eusko Gudarosteko borrokalaria izan zen Antonio(*). 1937ko amaieran, badirudi Bilbon zegoela preso, gerra-kontseiluak noiz epaituko zain. Urte bereko abenduaren 29an, epaile militarrak «dokumentuak eta zegozkion jarduerak zehazteko» eskatu zuen prozesuaren mesederako(*). Hala, 1938tik aurrera, beste urgentziazko prozedura sumarisimo batean auzipetu zuten Antonio, Donostiako 14. epaitegi militarraren aginduz. Azkenean, 1939ko maiatzaren 11n, auzia itxi eta Antonio aske utzi zuten(*).

URANGA GURRUCHAGA, JOSE ANTONIO «BAKEO»
Jose Antonio Urangari buruzko dokumentua.
(AIRMN).

     Urrestilla auzoko Ibartzabal baserrikoa, Jose Antonio Bilborantz abiatu zen 1936ko irailaren 20an Azpeitian tropa frankistak sartzear zirela ikusita. 1937ko otsailean, Amayur batailoian bere borondatez erroldatu zen, eta harekin borroka egin zuen gerrako hainbat frontetan. 1937ko abuztuaren 26an Laredon atxilotu zuten, eta 40 egun inguruz herri horretako kontzentrazio-esparruan atxilotuta egon zen. Jesus Odriozola bezala, San Juan de Muzarrifar-era (Zaragoza) bidali zuten 25. langileen batailoiaren bigarren konpainiaren zaintzapean.

      Zaragozako Presoen Batzordeak galdekatu ostean, «C atalean» sailkatu zuen, «sailkapen horretan sartzeko interesdunaren aitorpena, sortutako inpresioa eta lortutako txostenak erabili zituztelarik». Zehazki, Batzordeak Azpeitiko Guardia Zibilaren txosten bat jaso zuen eta honako hau esaten zuen: «neurri handian haren jarduna ezagutzen ez bada ere», Alderdi Komunistaren aldekoa zen, UGTko afiliatua eta jokabide txarrekoa, hainbat egunez atxilotuta egon baitzen Jose Maria Querejeta Aguirre izeneko bizilagun batekin borrokan aritu ondoren. Hala ere, Jose Antonioren aurka hasitako aurretiazko eginbideetan lekuko horrek egindako aitorpenaren arabera, xextra pertsonala izan zen eta inplikazio politikorik gabea. Horrez gain, 1939 hasieratik falangek eta Azpeitiko Udalak egindako txostenek ez zuten berresten Azpeitian auzipetuak emandako denboran «Glorioso Movimiento» delakoaren aurkako jarduerarik.

      1938ko irailaren 29an Eskolapioen espetxera eraman zuten eta 1939an Ondarretakora. Donostiako 11. epaitegi militarrak 1939ko abuztuaren 29an behin-behineko askatasuna eman zion, eta gero absoluzioa eman zioten(*).

URANGA ZUBIZARRETA, FELIPE «AZILLERRI»

      1936ko abuztuan, Azpeitian eratutako Euskal Milizien agindupean zebiltzan mila euskal borrokalariren artean zegoen Felipe(*). Ondoren, Bizkairantz hedatu ondoren, Itxarkundia batailoian arituko zen seguru asko 1937ko erdialdean atxilotu zuten arte. 1938ko ekainaren 4an, Ondarretako espetxean preso zegoela, urgentziazko prozesu sumarisimoan epaitu zuten eta 1940ko urtarrilaren 31n auzia artxibatzea eta Felipe behin betiko aske uztea erabaki zuten. Horren aurretik, 1939ko uztailaren 22an, espetxealdi arindua jarria zioten(*).

      Bestalde, Feliperen hainbat anaia ibili ziren armada frankistan borrokan, behartuta(*). Haietako bat, Jose, 1937ko ekainaren 11n hil zen, gerrako frontean. Nicolas, berriz, Azkoitiko Guardia Zibilak galdekatu zuen 1937ko apirilean soldadugaien zerrendarako deitu ziotenean, azaldu ez zelako(*).

URBIETA ARREGUI, JUAN

      Loiola auzokoa zen Juan eta hantxe bizi zen. Zurgina zen lanbidez eta Hego Euskal Herrian, gerra garaian, Aralar batailoiko borrokalaria izan zen. Teniente izatera iritsi zen. Kantabrian atxilotu zuten 1937ko abuztuan eta gerra-kontseiluan epaitu zuten Santoñako plazan. 20 urteko espetxe-zigorra jarri zioten urte hartako urriaren 2an(*).

      El Duesoko espetxetik, Puerto de Santa Mariako (Cadiz) espetxera eraman zuten 1938ko abuztuaren 24an. 28 urte zituen Juanek orduan(*).

URDALLETA UZCUDUN, IGNACIO «KATRAN»

      1915ean jaioa zen eta Eliz kalean bizi zen. 1936ko abuztuaren hasieratik Azpeitian eratutako ezkerreko milizietan erroldatuta egon zen. Ondoren, Azpeititik ihes egin ondoren, JSUren UHP batailoira igaro zen eta hainbat frontetan aritu zen Eusko Gudarostearen unitate militar hartan, 1937ko abuztuan Kantabrian atxilotu zuten arte(*).

      Langileen batailoi batera bidali zuten eta 1938ko hasieran, Bilbora eraman zuten, urgentziazko prozesu sumarisimo batean epaitzera. Urte hartako abuztuaren 18an, Gerra Ikuskaritzak epaitegi militarraren epaia berretsi eta Ignacio langileen batailoi batera bidali zuten berriro «zituen aurrekariak eta gorrien agintaldian izandako jokabidea kontuan hartuta»(*). 1940an «aurkaritzat» hartu zuen Azpeitiko Udalak 1936ko soldadualdiko mutilak sailkatzeko aktak ixtean. Zaintzapeko askatasunean zegoen garai hartan Ignacio(*).

VALVERDE ZUBIARRAIN, JOSE

      Donostiarra zen Jose, baina Azpeitian bizi zen. Errepublika garaiaren zati handi batean, Azpeitiko Unión Republicana alderdiaren ordezkari gorena izan zen eta Azpeitiko Udalari hainbat ekimen igorri zizkion; hala nola, 1933ko otsailean, Plaza Nagusiari izena aldatu eta «Errepublikaren plaza» izena jartzea(*).

      Badirudi, gerra hasi aurretik ardura postu guztiak utziak zituela eta 1936ko irailean, altxatutako tropak Azpeitian sartzeko zorian zirela, Bilbora egin zuen ihes. 1937ko amaieratik aurrera auzipetu zuen Donostiako epaile instruktore militarraren arabera, Bizkaiko hirian «bankuko kreditu bati esker bizi izan zen»; horretara mugatu zen. Dena den, 1938ko apirilaren 12an, Jose aske uzteko agindu zuen justizia militar frankistak, espetxean prebentzioz egindako egonaldia nahikoa zigor bazela iritzita(*).

VIQUENDI OTEGUI, VALENTIN

      1908an jaioa zen, Valentin, zurgina.

      Damaso Azcue enpresan aritu zen lanean errepublika-garaian. Gerra hasi ondoren, boluntario ibili zen Azpeitiko Defentsa Batzordearen agindupean. Telegrafo-zerbitzuetan aritu zen Valentin Bizkaira ihes egin zuen arte. Ondoren, Eusko Gudarostean egon zen erroldatuta 1937ko abuztuaren 27an Kantabrian atxilotu zuten arte.

      El Dueson espetxeratu zuten eta gerra-kontseiluan epaitu zuten, Santoñako plazan. Urte hartako urriaren 20an, 30 urteko espetxealdi handia ezarri zioten(*), «matxinadarekin bat egitea» leporatuta eta Puerto de Santa Mariako kartzelara eraman zuten 1938ko abuztuaren 11n(*). 1943ko apirilaren 29an, Zigorrak Aztertzeko Batzorde Zentralak kondena 6 urteko espetxealdi txikira murriztu zion(*).

Valentin Viquendi Oteguiri buruzko dokumentua.
(AIRMN).

ZABALA ILLARRAMENDI, JOSE

      1913an Izarraitz auzoko Badiolegitxo baserrian jaioa zen Jose eta nazionalismoaren aldekoa zen. Ez dugu inon afiliatuta zegoela dioen berririk. Gerra hasi ondoren, zaintza armatuko zerbitzuak egin zituen biziarteko espetxe-zigorra ezarri zion epaiaren arabera, konfiskatzeetan ere parte hartu zuelarik. Horrez gain, 1936ko abuztuaren 5etik 31ra arte, Azpeitian eratutako euskal milizietan ibili zen borrokan(*). Azpeitia erori eta Kantabrian atxilotu zuten arte, gerrako hainbat frontetan ibiliko zen seguru asko Jose borrokan.

      1937ko azaroaren 2an epaile militar instruktorearen aurrean deklaratu zuen El Duesoko espetxean zegoela. Beste hogeiren bat euskal borrokalari ohirekin batera epaitu zuten eta 1938ko urtarrilaren 8an, gerra-kontseiluak, Santoñan, epaia(*) eman zuen eta abuztuan Puerto de Santa Mariako espetxera eraman zuten(*).

ZABALETA GARATE, LUIS

      1915ean Azpeitian jaio eta Donostian bizi zen Luis eta errepublika-garaian ELAn afiliatuta egon zen. Moldatzailea zen lanbidez eta gerra hastean, euskal milizietan sartu zen bere borondatez. Ondoren, eta 1937ko abuztuan atxilotu zuten arte, gerrako hainbat frontetan ibili zen Aralar batailoi nazionalistako borrokalari gisa. Horregatik, 1937ko urriaren 12an, Santoñan egin zuten gerra-kontseilu batean biziarteko espetxealdira kondenatu zuten, «matxinadarekin bat egitearen» delitua egin zuelakoan(*).

ZABALETA OLAZABAL, GLORIA
Gloria Zabaletari buruzko dokumentua.
(AIRMN).

     Espartingilea zen lanbidez eta Emakume erakundeko militantea. Azpeitiko Guardia Zibilak atxilotu eta galdekatu egin zuen 1938ko apirilaren 13an, hainbat herritarrek haren aurka salaketa jarri ondoren. Nuarbe auzoko parrokoaren eta alkate ohiaren etxean 1936ko abuztuan oiloak lapurtzeaz akusatu zuten Gloria. Gloriak aitorpenean adierazi zuen Anastasio Errasti «Achero» eta Jose Maria Garmendia «Koipe» azpeitiarrek bera eta Maria Altuna laguna haien autora sartzera gonbidatu zituztela eta Nuarbe auzora joan zirela. Auzipetuaren arabera, «enkargu bat egitera joan ziren mutilak» eta neskak autoan gelditu ziren, eta ez zekiten konfiskatze haiek gertatu zirenik.

      Hala ere, Guardia Zibilak Donostiako instrukzio epaitegiari jakinarazi zion ustez konfiskatzeetan parte hartzeaz gain, mobilizatutako milizianoentzako sukaldari-lanetan ibilia zela Gloria Azpeitian. Azpeitiko Falangeko buru Hilario Bereciartuak eta Rogue Astigarraga alkateak ere igorri zituzten txostenak eta auzipetuak nazionalisten aldekoak zirela nabarmendu zuten. «Separatista asaldatuak» zirela adierazi zuten eta atxilotutakoek Nuarbeko konfiskatzeetan parte hartu zutela ziurta zezaketen lekukoak ere proposatu zituzten.

      Ondarretako espetxera eraman zuten eta 1938ko azaroan instrukzio-epaile militarraren aurrean deklaratu zuten. Salaketaren arrazoi ziren konfiskatzeei buruz aurretik Azpeitiko Guardia Zibilaren aurrean aitortutakoa berretsi egin zuen. Horrez gain, Gloriak aitortu egin zuen Emakume erakundeko kidea zela, Mariak bezala, baina milizianoentzat jarritako sukaldeetan lanean aritu besterik ez zuela egin adierazi zuen. Azkenean, 1939ko urtarrilaren 10ean 4 hileko atxiloaldi handira kondenatu zituzten Gloria eta Maria. Hala ere, aske utzi zituzten, epaimahaiak adierazi baitzuen zigorra betea zutela prebentziozko espetxealdia eginda(*).

ZUBIAURRE JAUREGUI, JOSE MARIA

      Beste sei azpeitiarrekin batera atxilotu zuten Jose Maria 1936ko abenduaren 2an, haien aurka Donostiako 4. instrukzio-auzitegi militarrak urgentziazko auzi sumarisimoa abiarazi ondoren. «Altxamendu militarraren» delituaz akusatu zituzten denak. Jose Maria «nazionalisten aldekoa izateaz akusatu zuten, baina ez zela alderdiko kidea» adierazi zuten. Horrez gain, atxilotutako beste hirurekin batera 1936ko uztailaren 25ean Mandubiko zubia leherrarazteaz ere akusatu zuten, tropa frankistak Azpeitian sartzea oztopatzeko. Gainera, adierazi zuten, Zarauztik Azpeitira hondar-zakuak garraiatzen ere ibili zela airetiko erasoen aurkako babeslekuak egiteko eta Loiolara gasolina depositu batzuk ere garraiatu zituela. Hala, 1937ko martxoaren 8an 12 urte eta egun bateko espetxe-zigorra ezarri zioten «matxinadari laguntzearen» delitua leporatuta(*). Epaia eman ondoren, San Kristobalgo gotorlekura eraman zuten 1937ko uztailean eta han eduki zuten 1938ko irailera arte. Irailean, San Simon (Vigo)(*) uharteko espetxera eraman zuten eta, gero, Astorgakora (Leon). 1939ko abenduaren 2an Lugoko kartzelara eraman zuten eta han egon zen, gutxienez, 1940ko apirilaren 16ra arte(*).

ZUBIMENDI OLAIZOLA, IGNACIO

      1917an Oinatz auzoko Larre baserrian jaioa. 1936ko irailaren 19an egin zuen ihes Azpeititik, herrian altxatutako tropak sartzear zirenean. Jada Bilbon zela, Lino Lazkano eibartarrak zuzentzen zuen Loyola infanteriako batailoi nazionalistan izena eman zuen, bere borondatez. Hainbat frontetan aritu zen borrokan unitate militar hartan. Kantabriako Castro Urdialesen atxilotu zuten azkenean, 1937ko abuztuan, eta handik gutxira El Duesoko kartzelara eraman zuten. Gerrako preso gisa sailkatu zuten. Miranda Ebroko Presoak Sailkatzeko Batzordeak sailkatuko zuen seguru asko eta Lizarrako 64. langileen batailoira bidali zuten. Batailoi hartatik auzipetuta atera ziren Ignacio eta gainerako azpeitiarrak Teruelgo frontean izandako Villa Felisako gertakariengatik, 1938ko hasieran denak San Ignacio tertzioan erroldatuta gelditu ondoren.

      1938ko martxoaren 2an, Odriozola Alberdi anaia, Lucas Orbegozo, Tomas Odriozola eta Ignacio preso hartu zituen armada errepublikarrak, utzita zegoen baserri batera oilo bila zihoazela. Baina guztiak desertatu izanaz salatu zituzten, eta gero, ordutik eta gerra amaitu arte «etsaiaren armadari» zerbitzua eman izanaz.

      Hori dela eta, 1939ko maiatzetik aurrera, Ignacioren eta inplikatutako gainerako azpeitiarren aurkako prozedura sumarisimoa abiatu zen. Epaile militarraren aurrean eginiko adierazpenean, harrapatu zituzteneko gertaera kontatu zuen Ignaciok. Horrez gain, Ignaciok azaldu zuen harrapatu zutenetik armada errepublikarraren hegazkinen aurkako gorputzean sartu zutela, gerra amaitzean Madrilen entregatu arte. 1941eko maiatzaren 1ean, epaitegi militarrak esan zuen Ignacio nahiz gainerako auzipetuek «ideologia separatista» zutela, baina «jokabide ona», eta ontzat ematen zuen harrapatzearen bertsioa. Hori dela eta, auzipetuak absolbitu eta aske utzi zituzten(*).

ZUDUPE ECHEVERRIA, SANTIAGO
Santiago Zudupe Echeverria.
(Hemendik ateratako argazkia: EGAÑA, I.: 1936, Guerra Civil en Euskal Herria).

     Santiago izan zen Azpeitian ELA sindikatua ezartzearen arduradunetako bat, 1931n. Zurgina zen lanbidez eta militante nazionalista hau Azpeitiko Defentsa Batzordearen parte izan zen gerra hasi ondoren. Hala ere, atxilotutako eskuindarrei lagundu zien beti Santiagok. Hala ziurtatu zuten hainbat herritarrek 1940tik 1942ra. Azpeitia erori ondoren, gerrako hainbat frontetan ibili zen Eusko Gudarostearekin borrokan, 1937 erdialdera Asturiasen zauritu zuten arte(*).

      El Dueson espetxeratu eta gerra-kontseiluan epaitu zuten Santoñako plazan, 1937ko irailaren hasieran. Heriotza-zigorra ezarri zioten hilaren 21ean. Hala ere, urte hartako urrian, Estatuko Idazkaritza Nagusiak, zigor hura «maila bat beheragokoarengatik» aldatu zion eta, hala, biziarteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Kondena jaso ondoren, Burgosko espetxe zentralera eraman zuten eta, handik, 1939ko azaroaren 1ean, Alcala de Henaresko (Madril) Espetxe Tailerretara eraman zuten. 1940an, han, espetxean, zegoela, indultua eskatu zuen, Ignacio Perez Arregui diputatu ohiak, Azpeitiko Alkatetzak (ordurako Ignacio Egaña Otegui zen buru) eta «Espainiaren aldeko preso ohiek eta Azpeitiko herritarrek» aurkeztutako idatzi ofizialak aurkeztuta. Ignacio Perezek, adibidez, kontatu zuen nola Santiago bila joan zitzaien berari eta familiari Donostiara, haiek Azpeitira ekartzeko, 1936ko uztailaren 31n, Fronte Popularraren aldekoek atxilotzeko arriskuan zeudelako. «Preso ohiek», berriz, idatzian adierazi zuten Loiolako santutegian preso zeudela, Santiagok askatu egin zituela 1936ko irailean, zeldako «atea hautsita».

      Hala ere, 1943ko apirilaren 8an zigorra jaitsi eta 14 urteko espetxealdi laburra(*) ezarri zioten eta hilaren 27an, berriz, baldintzapeko askatasuna(*).