eu | es
Hasiera » II. liburukia » 2. Izenak

 

2. Izenak

685. JACA ODRIOZOLA, IGNACIO

      Azpeitiarra. Loyola batailoiko Lartaun 2. konpainiako gudaria zen.

686. JACA OLAIZOLA, IGNACIO

      1913an jaio zen. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen.

687. JAUREGUI MUGURUZA, ISIDRA

      Azkoitian jaio zen eta Azpeitian bizi zen. Cerviá de Terren (Girona) babes hartu zuen, lau seme-alabekin batera: Carmen, Dominica, Maria eta Manuel.

688. JIMENEZ PEREZ, JOSE

      La Carolinakoa (Jaen) zen eta udalerrian bizi zen. Funtzionarioa. Gerra-kontseiluan 12 urte eta egun 1eko espetxealdira zigortu zuten «matxinadari laguntzearen» ustezko delituagatik. Azpeitiko espetxean sartu zuten preso 1941eko martxoaren 26tik uztailaren 23ra.

689. JUAREZ HERVAS, PEDRO

      La Solerakoa (Jaen) zen eta udalerrian bizi zen. Nekazaria zen lanbidez. Gerra-kontseiluan 12 urte eta egun 1eko espetxealdira zigortu zuten «matxinadari laguntzearen» ustezko delituagatik. Azpeitiko espetxean sartu zuten preso 1941eko martxoaren 26tik uztailaren 23ra.

690. JUARISTI ANZOLA, VALENTIN

      Azpeitian jaio zen 1916an eta Azkoitian bizi zen. Nekazaria zen lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen 1938ko abuztuan gerrako frontean zauritu zuten.

691. JUARISTI AZPIAZU, CIRIACO

      1916an Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Hestebetegilea zen lanbidez. 1940an Azpeitiko udal frankistak bi armadetan borrokatu zuten 1937ko soldadualdiko mutilen zerrendan sartu zuen, «aurkari» kalifikazioarekin.

692. JUARISTI ECEIZA ANTONIO

      Azpeitiarra. Saltzailea zen lanbidez. UHP batailoiko milizianoa zen. Azpeitiko espetxean sartu zuten preso 1939ko uztailaren 7tik 13ra, Gipuzkoako gobernadore zibilak aginduta. Beste bi azpeitiarrekin batera atxilotu zuten, Juan Campos Loinaz eta Daniel Altamirarekin batera, hain zuzen ere. Haiek erbestetik itzuli berriak ziren. Beraz, ziurrenik Antonio ere erbesteratua egongo zen eta arrazoi beragatik atxilotuko zuten.

693. JUARISTI ECEIZA, RAMON CELESTINO

      1920an Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Eskribaua zen. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen

694. JUARISTI ECHEVERRIA, SIMON

      Azpeitian jaio zen 1915ean, eta Bustinzuri inguruan bizi zen. Gurseko kontzentrazio-esparruan eduki zuten. 1940an, Azpeitiko udal frankistak «aurkari» izendatu zuen.

695. JUARISTI EIZAGUIRRE, JOSE «ANTONBELTZ»

      1916an jaio eta Santiago kalean bizi zen. 1940ean Azpeitiko udal frankistak bi armadetan borrokatu zuten 1937ko soldadualdiko mutilen zerrendan sartu zuen, «aurkari» kalifikazioarekin.

696. JUARISTI EIZAGUIRRE, JUAN «ANTONBELTZ»

      «Anttonbeltz»-en seme zaharrena, Unión Republicana alderdiko militante eta UGTko afiliatua izan zen errepublika-garaian. Lanbidez zurgina, gerra lehertu zenean lan egiten zuen fabrika partzialki itxi ostean, armak hartuta zaintzaldiak egiteko Fronte Popularraren deialdiarekin bat egin zuen. 1936ko irailaren 19an Azpeititik alde egin eta Bilbon familiako baten etxean jarri zen bizitzen. Azaroan, berari zegokion kinta mobilizatu zutenez, UHP batailoian erroldatuta geratu zen, eta bertan zerbitzua eman zuen Kantabrian 1937ko abuztuan atxilotu zuten arte. Urrian, El Duesoko espetxean preso zela, Santońako Presoak Sailkatzeko Batzordeak galdeketa egin zion Juanen testigantza eta Azpeitiko Guardia Zibilaren txostena oinarri hartuta, eta «C atalean» sailkatu zuten. Izan ere, Guardia Zibilaren txostenean jasotzen zen «ordenako pertsonak jazarri eta mehatxatzen zituela». 1939 hasierarako Juanen aurkako urgentziazko prozedura sumarisimoa ireki zuten, eta auzipetua Eskolapioen espetxera eraman zuten.

      Bai Falangeko txostenek, bai alkatetzakoek Guardia Zibilak egindako salaketak berresten zituzten, eta Juanek atxilotutako bi lagun ere aipatzen zituzten: Ignacio Echeverria Altamira eta Casto Orbegozo Embil. Biek 1939ko otsailean egindako deklarazioan esan zuten Guardia Zibileko agenteek eta Azpeitiko Defentsa Batzordeko kideek atxilotu egin zituztela, eta horien artean zegoela Juan. Hala ere, martxoan, epaile instruktoreak hainbat aurrez aurreko antolatu zituen auzipetuaren eta lekukoen artean, eta haiek esan zuten ezin zutela «erabateko ziurtasunez» esan Juanek atxiloketan parte hartu ote zuen. Zehazki, bi lekukoek zalantza egiten zuten «Antton Beltz»-en bi semeetako zein izan zen atxiloketaren egile.

      Edonola ere, 1939ko hasieratik Ondarretako espetxean atxilotuta, urte horretako apirilaren 29ko gerra-kontseiluak «B atalean» sailkatzea adostu zuen, eta ondorioz, langileen batailoi batera bidaltzea. 1939ko uztailaren 20an, San Pedro de Cardeńako kontzentrazio-esparrura eraman zuten. Handik urtebetera, 1940ko uztailaren 15ean, Juanen aurkako beste prozedura sumarisimo bat ireki zuten. Baina instrukzio fasea hasi zenean, auzipetu egin zuten, gertakari berberengatik dagoeneko epaitua zegoelako.

697. JUARISTI MENDIZABAL, SIMON

      Simon abertzaleen aldekoa zen, ganadua salerosten zuen. Gerra hasita, zaintzaldiak egin zituen kartzelan eta Azpeitiko hainbat sarreratan, armak hartuta. Era berean, Defentsa Batzordearen esanetara, ganadu-trafikoaz arduratu zen. Hainbat hamarkada zeramatzan lanbide horretan. Hori dela eta, Roque Astigarragak (Azpeitiko alkatea), Julian Orbegozok (Azpeitiko Junta Carlistako ordezkariak) eta haren anaia Castok Azpeitiko Guardia Zibilaren aurrean salaketa jarri zuten. 1937ko uztailaren 15ean atxilotu zuten, 59 urte zituela, eta Bizkaitik itzuli ostean (hara ihes egin baitzuen). Ondarretako espetxera eraman zuten, Donostiako epaile militarrak instrukzioa hasten zuen bitartean.

      Epailearen aurrean egindako adierazpenetan hiru salatzaileek nahiz Falangeko eta Guardia Zibilaren txostenak adierazitako salaketak berretsi zituzten, baina Batzordearen jardueretan auzipetuak inplikazio txikia izan zutela esan zuten. Are gehiago, Julian Orbegozok nabarmendu zuen preso egon zen bitartean Simonek tratu ona eman ziola. Hori dela eta, epaile instruktoreak erabaki zuen preso emandako denbora nahikoa zigor zela, eta absolbitzea eta behin betiko aske geratzea proposatu zuen 1938ko apirilean. Abuztuan, zehazki hilaren 16an, 6. Erregio Militarreko Gerra Ikuskaritzak txosten judiziala berretsi zuen. 1938ko irailaren 24an aske utzi zuten.

698. JUARISTI ZABALETA, VICTORIANO

      Victoriano Azpeitian jaio zen 1894an eta armagina zen lanbidez. 1939 hasieran Barne Ministerioaren mendeko Segurtasun Nazionalaren Buruzagitzak Madrilen atxilotu zuen, «matxinadari laguntzearen» ustezko delitua leporatuta. Badirudi bertan ezarrita zuela bizitokia. Apirilean Ronda de Atocha 21. espetxera eraman zuten, eta ekainaren 14an Madrilgo 8. Gerra-kontseilu iraunkorrak 12 urte eta egun 1eko espetxealdi txikira zigortu zuten. Zigorraren ondoren, 1939ko abuztuaren 28an, Cuellarreko (Segovia) gaztelu-espetxean egon zen preso. Epaiaren arabera, Victoriano EAJko kide izan zen eta Eusko Gudarostean borondatez sartu zen; han «teniente izatera iritsi zen eta konpainia motorizatu batean ematen zuen zerbitzua».

      1940ko ekainaren 19an, Madrilgo Zigorrak Aztertzeko Batzorde Probintzialak 6 urte eta egun 1ez ezarritako zigorra arintzea proposatu zuen. Eskaera hori 1943ko uztailaren 27an onartu zuten.

699. JUARISTI ZUBILLAGA, AGUSTIN

      Azpeitiarra zen eta Bizkaian, Areatzan bizi zen Agustín. Errepublika-garaian Euzkadi egunkariko berriemaile eta herri hartako batzokiko idazkari izan zen. Gerra hasi zenean Areatzako Tokiko Batzordeak Laguntza Sozialeko ordezkari gisa izendatu zuen, eta Guardias Cívicos delakoetan kabo izan zen. Horrez gain, 1937ko azaroan heriotza-zigorrera zigortu zuen gerra-kontseiluaren epaiaren arabera, «euskal milizietarako gazteak errekrutatzea» eta Bizkaiko Gerra Komisariaren arma-bidalketa kudeatu zituen. Zigortu eta hilabetera Estatu Idazkaritza Nagusiak zigorra aldatu zion «maila baxuagokoarekin», hau da, biziarteko atxiloaldiarekin.

      El Dueson espetxeratuta, 1938ko abuztuaren 6an Puerto de Santa Mariako espetxera eraman zuten. Gerora, 1942ko abenduaren 9an, Sevillako espetxera eraman zuten, eta bertan egon zen 1943an espetxealdi arindua eman zioten arte.