eu | es
Hasiera » I. liburukia » 2. Bigarren errepublika Azpeitian: garai berri baten hasiera

 

2. Bigarren errepublika Azpeitian: garai berri baten hasiera

 

«Estatu Espainiarraren egituraketa berriaren aurrean, kargua uztera doan Azpeitiko hiribilduko udaletxeak, bere postua utzi aurretik, eta nazio bezala dagozkion eskubide natural eta historikoak baieztatu eta gero, Euskal Herriaren autodeterminazioaren lehen ekintza bezala Euskal Errepublika aldarrikatzen du, beste Errepublika Iberikoekin konfederatuta, euskal lurraldean Donostiako Itunean finkatutako ordenaren konplimendua borrokatzen dutenei babes indartsuena adieraziz».(*)

 

      1931ko apirilaren 16an, Bigarren Errepublika iristea ahalbidetu zuten udal-hauteskundeetatik lau egunetara, eta Azpeitiko Udal berria eratu bezperan, kargua utzi zuen Udalbatzak ezohiko batzarra deitu zuen, eta bertan, goian dagoen mozio hau onartu zuten.

Azpeitiko plaza nagusia. 1933.
(Kutxateka).

      Hala, beraz, Azpeitiko historia garaikidean beste aldi bat hasi zen. Eskubide historikoen, Euskal Errepublikaren eta Donostiako itunaren aldeko aldarri horrek biltzen zituen hurrengo sei urteetan euskal gizartea eta politika, eta ondorioz, Azpeitikoa, eraldatuko zuten ia gai guztiak. Kontuan hartu behar da krisi ekonomikoak izan zuen hedadura eta garrantzia ere. Hilaren 16an onartutako mozioa 17an eratutako korporazio berriak berretsi zuen. Gertakariaren ezaugarririk deigarriena, garai batean monarkia eta karlismora lotutako pertsonek, programa edo helburu politiko horiei eman zieten babesa izan zen. Gerora, 1936ko uztaileko estatu kolpearen ondoren, pertsona horiek udalerriko frankista garrantzitsuenen artean izan ziren.

      Karlisten eta nazionalisten arteko bat etortze horren jatorria errepublika-garaiaren hasieran zegoen sinkretismoa zela esan dezakegu, ordura arte oso homogeneoa izan zen gizartearen zati handi baten oniritzia baitzuen doktrinak. Azpeitian, Gipuzkoako udalerri askotan bezala, langileen mugimendu eta alderdiek izan zuten ezarpen eskasa zela eta, errepublika-garaiko lehen udala ez zen hauteskunde-prozesu baten ondorioz sortu, 1907ko abuztuaren 8ko Hauteskunde Legeko 29. artikulua aplikatzearen ondorioz baizik. Gauza bera gertatu zen Gipuzkoako bi udalerritik batean, hauteskunde prozesurik egin ez zelarik(*).

Azpeitia, 1933.
(Aranzadi Z.E. / Imanol Elias funtsa).

      1929ko erroldaren arabera, Azpeitian 8.263 «bizilagun» bizi ziren(*), beraz, 16 zinegotzi zegozkion (8.000 eta 9.000 biztanle arteko udalerriei zegokien ordezkari kopurua). Edonola ere, XX. mende hasierako lege hori aplikatzearen ondorio nagusia udal ordezkarien kopuru handi bat merkataritza eta industriari lotutako pertsonak izatea izan zen. Azpeitiko kasuan gizartean eragin handia zuten pertsonak izan ziren politikara sartu zirenak beren enpresa interesen zerbitzurako.

 

1931KO APIRILAREN 17AN ERATUTAKO UDALBATZA(*)

Alkatea: Casto Orbegozo Embil (karlista)

Lehenengo alkateordea: Toribio Azcue Echezarreta (enpresaburua)

Bigarren alkateordea: Ciriaco Aguirre Cincunegui (nazionalista)

Hirugarren alkateordea: Tiburcio Lopetegui Iraeta (baserritarra)

1. sindikoa: Silvestre Madrazo Garcia (enpresaburua)

2. sindikoa: Alejandro Orbegozo Embil (nazionalista)

Zinegotziak: Victor Aguirre Echeverria (karlista)

                  Juan Jose Iriarte Odriozola «Saralle» (karlista)

                  Faustino Odriozola Echeverria (independentea)

                  Andres Echaniz Arrizabalaga (enpresaburua)

                  Roque Astigarraga Echaniz (enpresaburua)

                  Silvestre Otamendi Lasa (enpresaburua)

                  Jose Maria Aizpuru Aramburu (baserritarra)

                  Martin Oyarzabal Izaguirre (nazionalista)

                  Jose Maria Aramendi Estala «Pipas» (baserritarra)

                  Francisco Iturzaeta Aguirre (baserritarra)

Azpeitiko zezen-plaza, 1935.
(Aranzadi Z.E. / Imanol Elias funtsa).

      Azpeitiko gizartearen lehen ordenako beste botere talde bat eliza katolikoa izan zen, haren adierazle nagusiena Loiolako santutegia izan zelarik. Nukleo horren inguruan Jesusen Lagundiak egiten zuen jarduera erlijioso guztia. Gasteizko gotzaina, Mateo Múgica, 1931ko maiatzean erbesteratzea, eta batez ere, 1932ko urtarrilean jesuitak desegitea, eragin handiko gertakariak izan ziren Azpeitiko gizartean. Azken egoera horren eraginez, azpeitiar eta Gipuzkoako beste herri batzuetako jende asko gerturatu zen joan behar zuten egunean erlijiosoei agur egitera. Erlijio katolikoak tokiko politikan eta gizarte-harremanetan egiten zuen kontrol soziala erabakigarria izan zen hurrengo hauteskunde-prozesuetan, Bigarren Errepublika garaian, baina baita Estatutu-proposamenen etorkizunean ere. 1931ko abenduan onartutako Espainiako konstituzioaren izaera laikoak talka egiten zuen Lizarrako Estatutua bultzatu zutenek lortu nahi zuten «Gibraltar batikanista»rekin (Indalecio Prieto); era berean, jabetzaren eskubideen muga, nekazaritza-erreforma eta langileen ahalduntzea kaltegarriak ziren Azpeitiko jabe handien eta industrialen interesetarako.

Elizkizuna Azpeitian.
(Aranzadi Z.E. / Imanol Elias funtsa).

      Dena den, Azpeitiko gizartean hain errotuta zeuden eta a priori Espainiako konstituzio berriak ezartzen zituen oinarrizko printzipioen kontra aurrez aurre talka egiten zuten baldintza sozial horiek guztiak urteen joanarekin erlatibizatuz joan ziren, eta horri esker, garaiko eraldaketa sozio-politikoaren prozesura sartu ahal izan zen, euskal herriaren idiosinkrasia kontuan hartuta. Azken faktore hori erabakigarria izan zen, printzipio demokratiko horiek onartzeak ez baitzuen ekarri euskal gizarteak euskal herriaren askatasun eta eskubideen inguruko aldarrikapenak alde batera uztea, eta errealitate berri horretan egokitu ziren.

Loiolako santutegia, 1926.
(Gipuzkoako Artxibo Orokorra, GFA / Indalecio Ojanguren).

      Azpeitian, autogobernuaren aldeko apustu tinkoaz gain, euskal nortasuna babestea izan zen tokiko politikaren ardatzetako bat, bai 1931n eratutako udalbatzan, bai 1933ko apirileko hauteskundeen ondoriozkoan. Arlo horretan, nabarmentzekoa da funtsean euskalduna zen herri batek bertako hizkuntza aitortzeak eta babesteak zuen garrantzia. Hori dela eta, 1931n udalbatza eratu eta hiru egun eskasera, apirilaren 20an hain zuzen ere, Alejandro Orbegozo zinegotzi nazionalistak hala eskatuta, herriko kaleak bi hizkuntzetan errotulatzea onartu zuten. Gainera, hilaren 27an, Instrukzio Publikoko ministroari telegrama bat bidaltzea adostu zuten, eskola publikoetan euskarazko irakaskuntza eskatuz(*).

Unión Republicana alderdiak Donostian egindako ekitaldia.
(Hemendik ateratako irudia: EGAÑA, I.: 1936, Guerra Civil en Euskal Herria).

      Era berean, Azpeitiko gizartearen eraldaketan beste faktore garrantzitsu batek eragin zuen: Egoera ekonomikoaren inguruan sortutako migrazio-fluxuak. Funtsean, Azpeitira Espainiako migratzaileak etorri ziren, baina azpeitiarrak ere joan ziren Hego Euskal Herritik kanpora. Kanpoko langileak etorri izanak erraztu egin zuen 1932tik aurrera estatu mailako hainbat elkarte, sindikatu eta alderdi ezkertiar Azpeitian egonkortzea(*).

      Unión Republicana alderdia 1932ko irailean sortu zen, UGT 1933an ezarri zen eta Izquierda Republicana, berriz, 1934an. Azpeitian doktrina horiek izandako pixkanakako hazkundea erakusten dute datu horiek. Baina langile autoktonoak erakarri bazituzten ere, erakunde horien garrantzia herrian eskasa izan zen, hauteskundeen emaitzari dagokionez behintzat.

Atxubiyaren bertsoa.
(El Día, 1933ko otsailak 3).