eu | es
Hasiera » I. liburukia » 3. Gerra zibila hasi zenetik Azpeitia erori zen arte » 3.2. Mobilizatutako azpeitiarrak

 

3.2. Mobilizatutako azpeitiarrak

 

Eusko Gudarostearen intsigniak, Jose Maria Garmendia Errasti «Koipe»renak.
(Maite Garmendia Altuna).

      Azpeitiko gazteen mobilizazioan bi garai bereiz daitezke, Azpeitia altxatutako tropen eskuetan erori baino lehenagokoa eta ondorengoa. 1936ko irailaren 20ra arte, herrian bizi ziren azpeitiar gehienek Errepublika eta Euskal Herriaren eskubideak eta askatasuna defendatzearen alde egin zuten, gatazkaren lehen asteetan kolpistek hartutako lurretara haien armadarekin bat egiteko ihes egin zutenak izan ezik.

      Lehen mobilizazio garrantzitsua Gerra Zibila hasi bezain laster egin zuten, eta Fronte Popularraren Defentsa Batzordeak koordinatu zuen. Ildefonso Gurruchaga Ansola, Leandro Moral Ledesma eta Gregorio Segurola izan ziren agintari gorenak. Batzordean bildu ziren ezkertiarrak zein nazionalistak, eta talde harekin bat egin zuten boluntarioek atzeragoardiako lanak egin zituzten batez ere; adibidez, zaintzaldiak armak hartuta, konfiskatzeak eta altxamendu militarraren aldekoen atxiloketak. Hala ere, uztailaren amaiera eta abuztuaren hasiera aldean gatazka-lekuetara joan ziren lehen unitate milizianoetan ere sartu zien azpeitiar batzuk.

Eusko Gudarosteko kideak Loiolan.
(Hemendik ateratako argazkia: EGAÑA, I.: 1936, Guerra Civil en Euskal Herria).

      Nolanahi ere, Azpeitiko Komandantzia eratu zenetik aurrera, soldadutza egiteko adinean zeuden herriko nazionalista gehienak Eusko Gudarostean sartu ziren. Azpeitiar nazionalistak hainbat konpainiatan sartu ziren eta Bidania, Beizama, Zarateko Benta, Belkoain eta beste hainbat ingurutako lehen borroketan parte hartu zuten(*). Belkoaingo borrokan zauritu zuten hain zuzen ere Antonio Odriozola «Telleie», Antonio Loinaz borroka hartan ibili zen herriko beste gudari batek kontatutakoaren arabera(*).

Gudariak Bidaniko frontean.
(Hemendik ateratako argazkia: EGAÑA, I.: 1936, Guerra Civil en Euskal Herria).

      Euskal milizien egitura militarra aginte-guneak eratuta sendotu ahala, borrokako unitateak batailoietan sartzen hasi ziren. «Oinarrizko unitate taktikotzat» hartzen zituzten(*). Ildo horretan, aipagarria da Loyola infanteriako batailoia. Azpeitian eratutako milizien bidez sortu zen, eta dozenaka azpeitiar sartu ziren. Lino Lazcano eta Juan de Beistegui komandanteen gidaritzapean, 1937ko hasieran Gernikan finkatu zuten kuartel nagusia. Batailoi hartan mobilizatutako azpeitiarren gehienak Lartaun izeneko 2. konpainian ibili ziren. Azpeitiko nazionalista gehien bildu zituen beste batailoietako bat Itxarkundia izan zen. Hura ere Gernikan finkatu zuten, eta Luis Sansinenea komandantea izan zen arduradun gorena(*).

Azpeitiko Komandantziak igorritako dokumentua.
(Sabino Arana Fundazioa; Irujo 13-1).

      Ezkerreko alderdietakoak ziren azpeitiarrek nazionalisten antzeko prozesua izan zuten. Gerra hasi ondoren, haietako asko milizia antifaxistek eratutako unitateetan sartu ziren Defentsa Batzordearen bidez, eta altxatutako tropek hartzeko arriskuan zeuden Gipuzkoako tokietara joan ziren borrokara. Frente Popular egunkariaren arabera, 1936ko uztailaren 27an, 2.000 miliziano zeuden Azpeitian mobilizatuta, eta tartean azpeitiar ugari(*). Ondoren, Juventudes Socialistas Unificadas taldearen UHP (Uníos Hermanos Proletarios) batailoian ibili ziren haietako gehienak borrokan.

Loyola batailoiko gudariak.
(Hemendik ateratako argazkia: URGOITIA BADIOLA, J. A.: Crónica de la Guerra Civil, de 1936-1937, en la Euzkadi Peninsular).

      Altxatutako tropetara joan zirenei dagokienez, ustez altxamendu militarrean parte hartu zuten azpeitiarrak aipatu behar ditugu aurrena. Badirudi errekete azpeitiarrek eta oñatiarrek 1936ko uztailaren 19an Loiolako santutegia hartzeko agindua zutela, baina estatu-kolpeak lehen ordu haietan izandako bilakaera zela-eta, ezin izan zuten agindua bete. Altxamenduaren konplize izan ziren azpeitiar haiek trebakuntza militarra jasoa zuten lehenago Azpeitia inguruetan, kanpotik ekarritako armekin(*). Beste batzuek, Jose Maria Odriozola Iriartek adibidez, ihes egin zuten Azpeititik uztailaren amaiera-abuztu aldera, kolpistekin bat egiteko. Badirudi Jose Maria norbaitek gidatu zuela Oinatz auzotik Ordiziaraino, mendiz mendi, abuztu amaieran eta, ondoren, Azpeitia okupatuko zuen erreketeen taldean sartu zela(*).

Itxarkundia batailoiko gudariak.
(Hemendik ateratako argazkia: URGOITIA BADIOLA, J. A.: Crónica de la Guerra Civil, de 1936-1937, en la Euzkadi Peninsular).

      Azpeitia okupatu zutenean, armada frankistan erroldatuta gelditu ziren gazte asko; gehienak San Ignacio tertzioan. Tertzio hura Nafarroako II. Brigadan txertatu zen ondoren. 4.654 lagun zeuden Brigada hartan 1937ko martxoan. Gainera, erreserbako brigada bat ere izan zen Azpeitian, ehunka gizonek osatua(*). Frankistekin borrokan ibili eta gerrako frontean hil ziren 79 azpeitiarretatik 42 gutxienez San Ignacio tertziokoak izan ziren.

UHP batailoiko milizianoak.
(Hemendik ateratako argazkia: EGAÑA, I.: 1936, Guerra Civil en Euskal Herria).

→ III. zerrenda: Gudari eta miliziano azpeitiarrak

Frente Popular egunkaria, 1936ko abuztuak 26.
(Donostiako Udal Liburutegiko hemeroteka digitala).

Azpeitian 1952ko abenduan. Zelaitxo zinema aurrean. (argazkilaria: Kaito). Ezkerretik eskubira (goiko ilara): Juan Beobide, Jose Sarasua, Francisco Aizpitarte Arocena, Antonio Loinaz Echaniz, Francisco Arrue Larrañaga, Jose Maria Elias Unanue «Kompare», Roque Azcue Garmendia, Cándido Michelena Aramendi, Jose Maria Otaño Echaniz. Ezkerretik eskubira (beheko ilara): «Etxeberri», Clemente Arrue Larrañaga, Ignacio Arrue Larrañaga, Marcelo Echaniz «Kinttela», Eusebio Azpillaga Zubillaga, Fidel Zubiaurre, Aquilino Izaguirre Amenabar «Zepai».

Basilio Urbistondo gudari urrestildarrari omenaldia.
(2015ko irailaren 20an).

 

Argazki hauek Roque Azcune Garmendiak atereak izan ziren 1936ko abenduan Legutioko frontean. Kamera irudi hauetan erretratatuak geratu ziren azpeitiar guztien artean erosi zuten, zeinak Loyola batailoiko Lartaun konpainiako kideak ziren. Urte batzuen ondoren, gerra amaiturik eta diktadura frankistako garai gupidagabeenak gainditurik, bizirik atera ziren batailoi horretako kide batzuk eta Eusko Gudarosteko beste gudari azpeitiar batzuk hotel Loiolan berrelkartzen ziren urtero.

 

Ezkerretik eskubira (goiko ilara): Jose Sarasua, Eusebio Azpillaga Zubillaga, Lucio Azpillaga Zubillaga, Jose Ibarzabal, Juan Plazaola Odriozola «Garagartza», Jose Maria Elias Unanue «Kompare», Cándido Michelena Aramendi, Ignacio Arrue Larrañaga, Vicente Iturralde Bereciartua, Jose Alberdi Aguirre «Bentatxo». Ezkerretik eskubira (beheko ilara): Jose Antonio Aramendi, Marcial Aramburu «Keixeta», Antonio Loinaz Echaniz, DESCONOCIDO, Juan Iturralde Bereciartua, Secundino Juansoro «Txapala», Francisco Aizpitarte Arocena, Ignacio Arenas, Antonio Izaguirre «Bixkiturri».

Ezkerretik eskubira: Antonio Eizaguirre Garmendia, Antonio Loinaz Echaniz, Juan Plazaola Odriozola «Garagartza», Jose Antonio Aramendi, Ignacio Arenas, Felipe Uranga Zubizarreta «Azilleri» (lurrean eserita dagoena), Jose Arenas, Jose Alberdi Aguirre «Bentatxo», Román Gesalaga «Orkazarre».

Ezkerretik eskubira (goiko ilara): Aquilino Izaguirre Amenabar «Zepai», Juan Plazaola Odriozola «Garagartza», Placido Eizaguirre Larrañaga, Ambrosio Azpiazu Oyarzabal, Juan Otaegui, Antonio Loinaz Echaniz, Cándido Michelena Aramendi, DESCONOCIDO, Eusebio Azpillaga Zubillaga, Jose Sarasua, Jose Maria Elias Unanue «Kompare», Ignacio Jaca Odriozola, Vicente Iturralde Bereciartua. Ezkerretik eskubira (beheko ilara): Roque Azcue Garmendia, Juan Iturralde Bereciartua, DESCONOCIDO, Juan Beobide, Clemente Arrue Larrañaga, Secundino Juansoro «Txapala», DESCONOCIDO, Felipe Uranga Echaniz «Azilleri», Valentín Sarasua Mendia, Jose Alberdi Aguirre «Bentatxo»

Ezkerretik eskubira: Francisco Aizpitarte Arocena, Jose Maria Sánchez Azcona, Secundino Juansoro «Txapala», Antonio Loinaz Echaniz.

Ezkerretik eskubira: 1. Juan Beobide, 2. Jose Alberdi Aguirre «Bentatxo»; 3. Jose Ibarzabal; 4. Jose Sarasua; 5. Cándido Michelena Aramendi; 6. Francisco Aizpitarte Arocena; 7. Juan Plazaola Odriozola «Garagartza»; 8. Antonio Eizaguirre Garmendia; 9. Jose Arenas; 10. Antonio Loinaz Echaniz; 11. Lucio Azpillaga Zubillaga; 12. Marcial Aramburu «Keixeta»; 13. Román Gesalaga «Orkazarre»; 14. Juan Goicoechea Cendoya «Akotei»; 15. Pablo Errecagoena «Makiberkua»; 16. Ignacio Jaca Odriozola; 17. Francisco Arrue Larrañaga; 18. Vicente Iturralde Bereciartua; 19. Jose Antonio Aramendi; 20. Jose Maria Elias Unanue «Kompare»; 21. Eusebio Azpillaga Zubillaga; 22. Clemente Arrue Larrañaga; 23. Felipe Uranga Zubizarreta «Azilleri»; 24. Ignacio Arenas; 25. Secundino Juansoro «Txapala»; 26. Juan Iturralde Bereciartua.

Ezkerretik eskubira: Ignacio Jaca Odriozola, Ignacio Arenas, Secundino Juansoro «Txapala», Francisco Aizpitarte Arocena, Antonio Loinaz Echaniz.

 

 

3.2.1. «Matxinatuen erasoa» delakoaren aurttako borroka edo «anaien arteko gerra»

 

      Zalantzarik gabe, 1936ko uztailean lehertu zen gerrak Azpeitiko ia familia guztiei eragin zien. Mobilizazioari dagokionez, soldadutza egiteko adinean zeuden gazteak izan ziren kaltea zuzenean jasan zutenak. Familia bereko hainbat kidek egin behar izan zuten borroka gerrako frontean. Anaia batzuk bando berean egokitu ziren, beste batzuk hainbat bandotan, eta ez zuten denek zorte berdina izan.

Juan Campos Eceiza.
(Maite Camposek utzitako argazkia).

      Izarraitz auzoko ARANGUREN CENDOYA anaiak, adibidez, Bernabe eta Justo «Komuntzo», Irrintzieta Loyola batailoietan ibili ziren borrokan, hurrenez hurren, eta ondoren, espetxeratu eta gerra-kontseiluan epaitu zituzten(*). Bazuten beste anaia bat ere, Jose. Hura udal-garbitzaile postutik kanporatu zuten, berriz(*). ARRUE LARRAÑAGA anaiak ere ibili ziren batailoi nazionalistetan borrokan. Ignacio, Francisco eta Clemente haien borondatez erroldatu ziren Loiolako santutegian(*) antolatu zituzten euskal milizietan eta, ondoren, Loyola batailoian ibili ziren borrokan(*). Batailoi hartan ibiliko zen seguru asko Pedro ere, Azpeitiko Defentsa Batzordeko kidea, eta Santoñan harrapatu ondoren, gerra-kontseiluan epaitu zuten Francisco bezala(*). Litekeena da Miren Arrue Larrañagak ere frankisten garaipenaren ondorioak jasan izana, Emakume(*) erakundeko idazkari izan baitzen. Juan, berriz, iheslaritzat hartu zuten 1937an(*) eta, beraz, baliteke hura ere gudari ibili izana.

      Batailoi errepublikanoetan borrokan ibili ziren CAMPOS ECEIZA anaiak: Juan, Alejandro eta Moises. UGTko afiliatuak ziren guztiak eta Juventudes Socialistas Unificadas (JSU) taldearen UHPn erroldatuta egon ziren. Ez zuten denek patu berdina izan, ordea. Juan eta Alejandro gerra-kontseiluan epaitu zituzten, eta 1940ra arte ez zuten behin betiko askatasuna lortu(*). Askoz tragikoagoa izan zen Moisesi gertatutakoa. Durangoko gerrako frontean zauritu zuten, eta handik gutxira hil zen Barakaldoko ospitalean(*). Antzekoa gertatu zitzaien Jose Maria, Avelino eta Leandro MORAL LEDESMA anaiei ere. Ez dakigu Jose Maria zer unitatetan egon zen erroldatuta, baina baliteke Avelino eta Leandro anaiak bezala UHP batailoian ibili izana. Azken hori Basurtuko ospitalean hil zen Otxandioko sektorean(*) zauritua izan ondoren. Jose Maria, berriz, justizia militar frankistak auzipetu zuen, eta langileen batailoi batean egon zen gatibu(*). Hiru miliziano haien aita ere, Avelino Moral, Azpeitiko buruzagi ezkertiar ezaguna, epaitu eta 30 urteko espetxealdira kondenatu zuten(*).

Roque Azpiazu Gomez.
(Kontxi Azpiazu Gomezek utzitako argazkia).

Eleuterio Azpiazu Gomez.
(Kontxi Azpiazu Gomezek utzitako argazkia).
Gerrako frontean hildako errekete azpeitiarren oroigarria.
(Aranzadi Z.E. / Roque Astigarraga funtsa).

      Aipatu ditugun horiek bezala, AIZPURU AIZPURU (Ignacio eta Jose Antonio), AGUIRRE ORUESAGASTI (Jose eta Luis) eta AGUIRRE MUGURUZA (Agustin eta Angel) anaiak ere, beste batzuen artean, San Ignacio erreketeen tertzioan ibili ziren borrokan(*). Kasu batzuetan, bi anaiak hil ziren gerrako frontean. Hori gertatu zitzaien ODRIOZOLA LESACA (Diego Maria eta Jose Maria) anaia urrestildarrei, eta ECHEVERRIA ARZUAGA (Gaspar eta Ignacio) anaiei. Jose Manuel, Jose Francisco eta Vicente OLAIZOLA GURRUCHAGA anaiak, berriz, Nuarbeko Echaiz-zahar baserrian jaioak, San Ignacio tertzioko errekete izan ziren, eta lehen biak borrokan hil ziren(*).

      Beste anaia batzuk bando berean aritu ziren gerrako frontean borrokan, baina ideologia ezberdineko batailoietan. Adibide gisa aipa ditzakegu «Indotarrak» esaten zieten familiako anaiak, AZPIAZU GOMEZtarrak. Zaharrena, Roque, EAJko afiliatua zen, eta bere borondatez sartu zen Ertzaintzaren gorputz motorizatuan. Biziarteko espetxe-zigorra jarri zioten horregatik(*). Eleuterio ere nazionalista zen, eta San Andrés zulatzaileen batailoian ibili zen. Ondoren, hainbat espetxe frankistatan eduki zuten preso eta, gero, América infanteriako erregimentuan sartzera behartu zuten 1939ko otsailean(*). Jose, aldiz, CNTren aldekoa zen arren, UHP batailoi sozialistako miliziano izan zen. Atxilotu ostean, langileen batailoi batean sartu zuten.

Casto Orbegozo Embil.
(Uztarria aldizkaria).
Jose Azpiazu Gómez.
(Kontxi Azpiazu Gomezek utzitako argazkia).

      Azkenik, izan ziren elkarren aurkako bandoetan borrokan ibili ziren familia bereko kideak ere. Daniel eta Lucio ODRIOZOLA ALTAMIRA nazionalisten aldeko Ingenieros 2 batailoian egon ziren erroldatuta(*), eta hirugarren anaia Felix, berriz, borrokalari erreketea izan zen(*). ELIAS UNANUE lau anaietatik bi, Francisco eta Jose Maria, batailoi nazionalistetan ibili ziren borrokan, eta Saturnino eta Manuel, berriz, San Ignacio tertzioan. Lemoako frontean hil zen Manuel(*). Halaber, URBIETA EIZMENDItar zazpi anaietatik lau frontean ibili ziren borrokan. Haietako bi batailoi nazionalistetan eta beste bi errekete(*).

      Baina familia bereko kideek elkarren aurkako bandoei babesa emate horren adierazgarri ez ziren gerrako frontean borroka egin zuten gazteak bakarrik izan. Politikan ere izan zuen isla. ORBEGOZO EMBIL anaien kasuak erakusten du hori, adibidez. Batetik Julian eta Casto zeuden, herrian frankista ezagun-ezagunak, Azpeitiko Junta de Guerra Carlistako kideak. Ondoren Falangean ibili ziren, eta gerra-kontseiluan epaitu zituzten hainbat azpeitiar akusatzeko idatziak egin zituzten. Auzipetu azpeitiar haietako bat Julian eta Castoren anaia izan zen, Alejandro, zinegotzi nazionalista izana. Hala ere, Julianek eta Castok batetik, eta Roque Astigarraga (Azpeitiko lehen alkate frankista) koinatuak bestetik, Alejandraren aldeko adierazpena egin zuten, eta horri esker kargu guztietatik absolbitu zuten 1938ko apirilean(*).

Moises Campos Eceiza.
(Maite Camposek utzitako argazkia).

      Gerra Zibila esaten zaion horren kausei, garapenari eta eragin sozio-politikoei buruzko ikuspegiei dagokienez, Azpeitian herriko hainbat pertsona ospetsuk jorratu izan dute gai hori, bakoitzak bere ikuspegitik. Imanol Eliasek, esaterako «anaien arteko gerra»(*) aipatu zuen garai hura izendatzeko, eta Ignacio Artechek, berriz, gerrak eta haren ondorioek herrira ekarri zuten haustura soziala nabarmentzen du idatzi zituen oroitzapenetan(*). Iñaki Aizpuruk, «matxinatuen erasoa» aipatu zuen 7 meses y 7 días en la España de Franco liburuan, hain bihozbera ez zen ikuspegi batetik. Honako galdera hau egin zuen liburuan: «Zer legeren arabera behar zitzaketen euskaldunak haien etsai amorratuen aurrean entregatzea, etsai haiek lehen egunetik bertatik helburua euskaldunak suntsitzea zutela kontuan hartuta?»(*).

 

 

3.2.2. Boluntarioak edo mobilizatzera behartutakoak

 

      1940ko otsailean «bi armadatan aritu» ziren herriko mutilei buruzko informazioa bildu zuen Azpeitiko Udalak(*). 15 gazteri buruzko informazioa da, baina gutxienez 24 izan ziren egoera hartan egondako azpeitiarrak. Haietako bat, Luis Goenaga Alberdi, gudari ibili zen Azpeitiko Komandantzian eta, ondoren, Juventudes de Acción Popular (JAP) delakoan gelditu zen erroldatuta. «Jainkoagatik eta Espainiagatik bizitza eman zuten boluntarioen eta soldaduen zerrenda»n(*), Luis gerrako frontean desagertu zela jarri zuten, baina Antonio Loinazek idatzi zituen oroitzapenetan, jasota utzi zuen «tertzio bereko erreketeek hil zutela»(*).

Jose Ramon Odriozola Alberdi.
(Kontxi eta Miren Odriozola Uzkudunek utzitako argazkia).

      Bestalde, bi bandoetan borrokan aritu ziren borrokalarietatik 5 gerra-kontseilu frankistetan epaitu zituzten desertatzeaz akusatuta. Zehatz esateko, Lucas Orbegozo Orbegozo, Ignacio Zubimendi Olaizola, Tomas Odriozola Echeverria eta Ignacio eta Jose Ramon Odriozola Alberdi anaiak epaitu zituzten. Gerrako hainbat frontetan, batailoi nazionalistetan, arituak ziren borrokan, eta Santoñan harrapatu zituzten gero. Ondoren, langileen batailoi batean eduki zituzten gatibu, harik ere Teruelgo gerrako frontean San Ignacio tertzioko errekete gisa sartu ziren arte. Handik gutxira etsaien tropek geldiarazi egin zituzten, eta ordutik hasi eta gerra amaitu arte armada errepublikanoan ibili ziren. Azkenik, 1941ean, epaitegi militarrak esan zuen laurek «ideologia separatista» zutela, baina «jokabide ona», eta ontzat eman zuen harrapatzearen inguruko bertsioa(*).

      Bestalde, hainbat azpeitiar epaitu zituzten gerra-kontseiluan, ustez gauzaez edo desgai bihurtzearen delitua egin zutelakoan. Hala gertatu zitzaien, besteak beste, Antonio Segurola Odriozola eta Jose Maria Azpiazu Lizaso erreketeei. Absolbitu egin zituzten auzitegi militar frankistek ebatzi zutenean zituzten zauriak ez zituztela haien borondatez egin gerrako frontean jarraitzetik salbuetsita gelditzeko, hala salatu baitzuten instrukzio-fasean. Aldiz, auzitegiek ebatzi zuten zauriak etsaiak egindakoak zirela(*).

Antonio Segurola Odriozola.
(Euskal Ikasketetarako Fundazio Popularra).

      Dena dela ere, zaila da zehatz jakitea zenbat eta zein izan ziren boluntarioak eta zein eta zenbat mobilizatzera behartuak, batez ere bando frankistan borrokan aritu ziren gazte azpeitiarrei dagokienez. Ramon Altolaguirreri, adibidez, 1938an soldadutzarako dei egin zioten, baina boluntario aurkeztu zen, familiako batek hala egiteko gomendatu ziolako, eta ez bere printzipio ideologikoei jarraitu zielako(*). Nolanahi ere, deigarria da altxatutako bandoan borrokan aritu eta gerrako frontean hil ziren 79 azpeitiarretatik 13 Azpeitiko Udal frankistak «behartutako soldadu»tzat hartu izana(*). Jose Maria Gurruchaga Zabaleta izan zen haietako bat. Seguru asko, armada frankistan sartu baino lehen, Loyola batailoian ibiliko zen borrokan, Victoriano anaia bezala. 1938ko urtarrilean hil zen Jose Maria, eta Victoriano langileen batailoi batean zegoen gatibu artean. Armadan sartzeko atera zen handik, behartuta(*).

 

 

3.2.3. Gerrako frontean hildako miliziano eta gudari azpeitiarrak

AGUIRRE LARRINAGA, IGNACIO

      Urrestillakoa zen Ignacio eta Lekeition bizi zen. 1937ko apirilaren hasieran, Eusko Gudarostearen batailoiren batean zegoen erroldatuta, baina ordurako 50 urte bazituenez, seguru asko, ez zen borrokan ibiliko. Nolanahi ere, apirilaren 4-5ean Markinako sektoreko landa-ospitalean zegoen, «garondoan zauri bat zuela, seguru asko garezurra hautsita». Egun hartan bertan, hilaren 5ean, hil zen Ignacio, eta Lekeitioko hilerrian lurperatu zuten. Ezkonduta zegoen eta bost seme-alaba zituen(*).

Ignacio Aguirre Larrinagaren heriotza-akta.
(Lekeitioko erregistro zibila).

AIZPURU ARREGUI, AGUSTIN

      1903an Azpeitian jaioa zen Agustin eta Eibarren bizi zen. Eusko Gudarosteko Ingeniarien 2. batailoi mistoaren 1. konpainiako borrokalaria izan zen. Atzeragoardian, defentsarako gotorlekuak eraikitzeko lanak egin zituen unitate militar hark. 1937ko hasieran, Urkiolako ospitalera eraman zuten, «balaz zaurituta»(*). 1937ko urtarrilaren 10ean egin zuten haren heriotza-ziurtagiria, eta Abadiñoko hilerrian lurperatu zuten(*).

AZCUE GARMENDIA, JOSE MARIA

      1915ean jaioa zen eta San Ignacio kaleko 27.ean bizi zen Jose Maria. Zurgintzan aritu zen Damaso Azcue, altzari-enpresan(*). Gerra hastean, UGT sindikatuaren batailoi batean gelditu zen erroldatuta, eta Arabako frontera joan zen batailoi harekin. 1936ko azarotik aurrera, batalla de Villarreal izenez ezaguna den gerra-gertaeran hartu zuen parte(*). Kalkuluen arabera, eraso hartan Eusko Gudarosteko 1.000 borrokalari inguru hil ziren, eta 3.000tik gora zauritu. Jose Maria 1936ko abenduaren 3an hil zen, Legutio inguruan, «balaz zaurituta», baina badirudi hilotza ez zutela berreskuratu(*).

1940an, urte batzuk geroago hila izan arren, Donostiako soldadugaien 38. zerrendan sartu eta aurkaritzat hartu zuten, «gorrien armadan» ibili zelako(*). Gainera, ez zuten haren heriotza-akta Azpeitiko epaitegian 1942ra arte egin. 21 urte zituen Jose Mariak hil zenean eta ezkongabea zen.

AZPEITIA ALUSTIZA, TOMAS

      1902an Gabirian jaioa. Gutxienez 1934ra arte bizi izan zen Azpeitian zurgin hau. Garai hartan Azpeitiko Sindicato Profesional del Ramo de la Madera sindikatuan afiliatuta zegoen eta langabezian zegoen. Agian horregatik joango zen Donostiara, lanik gabe zegoelako alegia. Donostian egiten zuen lan gerra lehertu zenean. CNTko militantea zen garai hartan eta 1936ko uztailaren 19an bertan, altxatutako tropei Gipuzkoan aurrera egitea galarazten saiatu ziren euskal milizianoen lehen talde haiekin bat egin zuen. Ondoren, Eusko Gudarostearen Meabe batailoietako batean egon zen erroldatuta eta 1936ko urrian Asturiasko frontera joandako euskal espedizioan hartu zuen parte. Urriaren 18an, sarjentu izendatu zuten eta handik lau egunera, hilaren 22an, borrokan ari zela hil zen, San Claudio sektorean. 34 urte zituen Tomasek. Candida Lasa Alustizarekin ezkonduta zegoen eta 8 urteko alaba bat zuten, Maria Cristina(*).

BURNI, FRANCISCO

      Antono Loinazek bere memorietan kontatzen duenaren arabera, Francisco Itxarkundia batailoiko sarjentua zen Ubideko gerra frontean hil zenean. Seguraski, eta Azpeitiko hainbat bizilagunen testigantzaren arabera, Franciscok errepublika garaian bere bizitokia Azpeitian finkatu zuen. Bere jatorria ezezaguna zaigu(*).

CAMPOS ECEIZA, MOISES

      Eliz kalean bizi zen Moises eta iturgina zen lanbidez. Alejandro eta Juan anaiak bezala ezkertiarra zen, eta ideia haien harira, militar egin zuten UGT sindikatuan(*). Ondoren, gerrako frontera bidali zuten Juventudes Socialistas Unificadas delakoaren UHP batailoian erroldatuta(*). Batailoi horretako 1. konpainiako kidea izan zen Moises, eta 1937ko apirilaren amaieran zauritu zuten Durangoko frontean. Barakaldoko ospitale militarrera eraman zuten ondoren. Hala ere, apirilaren 30ean, Moisesen heriotza-ziurtagiria egin zuten. Barakaldoko hilerrian lurperatu zuten(*).

Moises Campos Eceizan buruzko dokumentua.
(CDMH, P.S. Bilbao 241).

GORROCHA AZPEITIA, PEDRO

      Azpeitiko bizilaguna. Pedroren inguruan daukagun datu bakarra Euskadiko Artxibo Historikoan aurkitzen den dokumentazio mikrofilmatuan ageri dena da, konkretuki «Asturiasen, eta Itxarkundia, Loyola, San Andres eta Saseta batailoietan desagertu edo hildako gudarien» inguruan Euskal Armadako autoritate militarrek egindako txostenetan. Bertan dioenaren arabera, Pedro Otxandioko gerra frontean hil zen, ez delarik zehazten zein batailoitako kide zen(*).

INCHAURRONDO MUGICA, VICTOR

      Urrestillakoa zen jaiotzez, eta Tolosan bizi zen. Izquierda Republicana alderdiaren Pablo Sanz konpainian erroldatuta gelditu zen Victor(*). Ondoren, Azaña-Gipuzkoak batailoian sartu zen, Donostian, eta Irungo gerrako frontera joan zen(*). 1936ko irailaren 1ean, fronte hartan ziurtatu zuten haren heriotza. Grafikoa zen lanbidez, eta emaztea eta bi seme-alaba zituen. Emazteak egin zuen Victorren heriotza-ziurtagiria handik hilabete batzuetara, Karrantzan, Bizkaian(*).

IPARRAGUIRRE ORBEGOZO, FRANCISCO

      Gerra hasi ondoren, Azpeitian 1936ko abuztuaren hasieran eratutako euskal milizietan sartu zen Francisco, sarjentu(*). Ondoren, Azpeititik atera eta gerrako hainbat frontetan jarraitu zuen borrokan 1936ko abenduaren 23an «Zornotzako sektorean suzko armaz zaurituta», hil zen arte. Hilaren 25ean lurperatu zuten, Gernikako hilerrian. 29 urte zituen Franciskok eta ezkongabea zen(*).

ITURZAETA ZUBIZARRETA, CELESTINO «TXANDRAMIE»
Celestino Iturzaeta Zubizarreta «Txandramie».
(Joxe Mari Iturzaeta utzitako argazkia).

      1916an Urrestillan jaioa zen Celestino. Aguirre Hermanos altzari-enpresan aritu zen lanean errepublika-garaian. «Txandramie» esaten zioten urrestildar honek altzarien sektorekoek 1936ko uztailean gerra lehertu baino lehentxeago egindako greban parte hartu zuen. Protesta haietan, akordeoia hartuta ibili zen Celestino soldata igo ziezaietela eskatzeko protesta-abestiak jotzen(*). Gerra hastean, Loyola batailoi nazionalistan sartu zen eta, seguru asko, batailoi harekin ibiliko zen miliziano gerrako hainbat frontetan, hil arte. Hori horrela, ez dago garbi Celestino non eta nola hil zen. Batetik, Antonio Loinazen idatzitako oroitzapenetan jarrita dago Legutioko frontean hil zela Celestino. Hala ere, bada familiaren oroigarri bat, eta horren arabera, Celestino «Bizkaiko frontean» hil zen 1937ko ekainaren 15ean. 1940an, zehazki otsailaren 5ean, Celestino «aurkari»tzat izendatu zuen Azpeitiko Udalak, 1936ko soldadualdiko gazteen sailkapen-aktaren itxiera zela eta. Ez dago haren heriotzari buruzko aipamenik(*).

IZAGUIRRE AMENABAR, ANTONIO

      CNTko militante izandako azpeitiar bakanetako bat izan zen Antonio. Bera izan zen gerrako frontera joan ziren lehenengoetako bat. 1936ko uztailaren 31n, Ordizian frankisten aurkako erresistentzian zebilela, eta altxatutakoek Ordizia hartu baino egun bat lehenago, borrokan hil zuten. 32 urte zituen Antoniok eta bi seme-alaba zituen(*).

LANDA SEGUROLA, JULIAN

      Azpeitiarra jaiotzez eta bizitokiz, Gerra Zibila hasi ondoren Azpeitiko hiriburuan sortu ziren milizia popular antifaxistetan hartu zuen parte Julianek. Seguraski gerrako frontean zauriturik, Donostiako ospitalean hil zen 1936ko abuztuaren 30ean. Defuntzio aktan ipintzen duenaren arabera, «suzko armak eragindako zaurien» ondorioz hil zen. 32 urte zituen eta ezkonduta zegoen(*).

LARRAÑAGA PLACIDO, PLACIDO

      Azpeitiko bizilaguna. Plácidoren inguruan daukagun datu bakarra, Pedro Gorrocharen kasuan bezala, Euskadiko Artxibo Historikoan aurkitzen den dokumentazio mikrofilmatuan ageri dena da, konkretuki «Asturiasen, eta Itxarkundia, Loyola, San Andres eta Saseta batailoietan desagertu edo hildako gudarien» inguruan Euskal Armadako autoritate militarrek egindako txostenetan. Hemen dioenaren arabera, Pedro Otxandioko gerra frontean hil zen, zein batailoitako kidea zen zehazten ez delarik(*).

MORAL LEDESMA, LEANDRO

      San Asensiokoa (Errioxa) zen jaiotzez Leandro. 13 urte besterik ez zituela iritsi zen Azpeitira. Avelino Moral aita merkataria zen, eta agintari errepublikano ezaguna izan zen herrian errepublika-garaian. Badirudi, Leandro, gerra hasi ondoren, Azpeitiko Defentsa Batzordearen zuzendaritzan sartu zela(*). Ondoren, JSUren UHP batailoian sartu zen Jose Maria eta Avelino anaiak bezala(*). 1937ko apirilaren hasieran, Otxandioko frontean zegoen Leandro, bere konpainiako ofizialorde, eta zaurituta, Bilboko ospitale zibilera eraman zuten. Apirilaren 2an hil zen eta ez dakigu non lurperatu zuten. 28 urte zituen Leandrok eta ezkonduta zegoen(*).

OLANO EMPARAN, LUIS

      1917an Puerto Real (Cadiz) herrian jaioa zen Luis, eta Azpeitian bizi zen. Bustinzuri plazako 5.ean bizi zen. Ikaslea zela, Ebroko gerrako frontean ibili zen, borrokan. Badirudi Sierra del Caballo inguruan zauritu zutela, Alacanten, eta ondoren, etxean hil zen, 1938ko urriaren 19an. Ez dakigu zein bandotan egon zen erroldatuta, baina dena dela ez da ageri Azpeitiko udaletxe frankistak landutako frontean hildako gudari nazionalen zerrendan. 21 urte zituen Luisek(*).

Luis Olano Emparanen heriotza-akta.
(Azpeitiko erregistro zibila 37. liburukia; 119 zk.; 287. orria).

OYARZABAL ERASO, JOSE

      1909an Azpeitian jaioa zen eta zurgina zen lanbidez. Gerra hasi ondoren, JSUren UHP batailoian gelditu zen erroldatuta(*). 1936ko urriaren 6an, Elgetako frontean zegoela, hil egin zen «obus batek eragindako zaurien» ondorioz. 27 urte zituen Josek, ezkongabea zen eta Elgetako hilerrian lurperatu zuten(*).

PLAZAOLA ZUBIZARRETA, LEANDRO

      1907an jaio zen Leandro eta Azpeitian bizi zen. ELA sindikatu nazionalistan afiliatuta zegoen eta Amaiur infanteria-batailoiko San Andres 1. konpainian gelditu zen erroldatuta. 1936ko abenduaren 26an, Kalamuako(*) frontean balaz zaurituta hil zen, eta Gernikako hilerrian lurperatu zuten. 28 urte zituen Leandrok(*).

QUINTANA LORENZO, JOSE DIMAS

      Azpeitian jaioa zen eta Bilbon bizi zen Jose Dimas. 1937ko apirilean eta maiatzean, Bizkargi, Sollube eta Peña Lemoa sektoreetan Cinturón de hierro, Burdinazko gerrikoa, delakoaren ateetan hildako 2.500 euskal borrokalarietako bat izan zen. Larrañaga batailoi komunistako «dinamitarien zedula»ko miliziano honen kasu konkretuan(*), bere heriotza 1937ko maiatzaren 15ean datatu zen Bizkargi mendian(*) . 28 urte zituen Josek, ezkondua zen eta bi alaba zituen(*).

URBIETA ECHEZARRETA, JOSE

      Jose Azcue, Patxi Burni, Dionisio Urbistondo eta agian Celestino Iturzaeta azpeitiarrak bezala, Eusko Gudarosteak Legution egindako erasoan borrokan ari zela hil zen(*). Loyola batailoiko Lartaun konpainiako gudaria izan zen Jose, eta Otxandio inguruan zauritu ondoren, Zornotzako behin-behineko ospitalera eraman zuten(*). Azkenean, abenduaren 2an, ospitale hartan hil zen, eta hurrengo egunean, Gernikan lurperatu zuten. Loiola auzoko Mandiolatza baserrikoa zen Jose, eta 28 urte zituen hil zenean(*).

URBISTONDO LASA, DIONISIO
Dionisio Urbistondo Lasa.
(Yolanda Etxezarreta Aizpuruk utzitako argazkia).

      Urrestilla auzoko Txarabarrena baserrikoa zen. Han jaio zen Dionisio 1912an. 1936ko abuztuaren hasieran Azpeitian eratutako euskal milizietan sartu zen(*). Ondoren, Loyola batailoiaren Bergara 3. konpainian gelditu zen erroldatuta, eta Legution eginiko erasoan hartu zuen parte(*). 1936ko abenduaren lean hil zen Otxandioko sektorean, «suzko armak eragindako zaurien» ondorioz, eta Gernikako hilerrian ehortzi zuten. 25 urte zituen Dionisiok eta ezkongabe zegoen(*).

URDANPILLETA ORUEZABALA, ALBERTO

      «Hilaren 25eko ordu batetik aurrera, aske naiz helburu taktiko eta estrategikoen aurkako ekintzak egiteko eta behar militarrek eskatzen duten indarkeriaz baliatzeko». Bizkaiari buruzko hitz horiek bota ondoren, Mola jeneral kolpistak Bizkaia bonbardatzeko agindua eman zuen eta ehunka biktima sortu (72-126 hildako eta 500 zauritu inguru)(*).

      Bonba bat Durangoko Ezkurdi pilotalekuan lehertu zen. Han zegoen miliziano talde bat, atseden hartu eta pilotan jokatzen(*). 12 hil ziren, tartean Alberto. UGTko afiliatua zen. Bidanian jaioa zen 1911n eta Azpeitian bizi zen. Han aritu zen lanean, saskigile, harik eta frontera joan zen arte(*).

Alberto Urdanpilleta Oruezabalaren heriotza-akta.
(Azpeitiko erregistro zibila: 38. liburukia; 82. zk.; 363. orria).

ZALBA AYARZA, RAMON

      Jaiotzez azpeitiarra zen Ramon, baina Deban bizi zen. Gerra Zibila hastean, Eusko Gudarostean sartu zen gudari bezala, konkretuki Saseta batailoi nazionalistan. 1937ko apirilaren 26an hil zen Eubako gerra frontean. 24 urte zituen eta ezkongabea zen(*).

 


Nik banuan anai bat

gerra ortan illa

ta berakin badira

makiña bat milla;

ez anaia zalako,

ura zan mutilla!

Deseo det zeruan

gertatu dedilla(*).

 

→ IV. zerrenda: Gerrako frontean hil ziren matxinatuen bandoko azpeitiarrak

Gerrako frontean hildako errekete azpeitiarren oroigarriak.
(Aranzadi Z.E. / Roque Astigarraga funtsa).