Ipuinak

Bidaiari nekatua eta emakume bereberra

Behin batean, Atlas mendietan, bereberrak bizi diren goi alde hartan, bidaiari bat iritsi zen aterpe eske.

Etxean hartu zuen nekazari batek, eta bereberren ohiturak agintzen duen moduan, oilasko bi lumatu zituen emazteak atondu eta hirurek afaltzeko.

Gero ezti bila irten zen, bidaiaria deskantsuan utzita.

Emazteak, haurra bizkarrean bilduta zeukala, oilaskoak atontzeari ekin zion sukaldean: hilabeteak ziren oilaskorik jaten ez zutela.

Haurra itzarri egin zen, eta negar batean hasi zen. Baina amak ez zion entzuten, sukaldeko lurrin gozoak zoratua zeukan.

Negar eta negar.

Bidaiariak ezin zuen deskantsatu garrasi haiekin, eta sukaldera hurreratu zen.

—Zer dauka haur honek? Ezin dut deskantsatu.

Emakumeari ez zitzaion asko gustatu bidaiariak esandakoa: haurrak ezin zuen egin gura zuena bere etxean?

Eta honela erantzun zion emakume bereberrak deskantsatu ezin zuen bidaiariari:

—Entzun, jauna: haurra negarrez hasten da bidaiari bat azaltzen den aldiro, eta ez da isiltzen senarra azaltzen den arte bere labanarekin. Orduan bidaiariari belarri biak moztu eta haurrari ematen dizkio, jolaserako.

Eta oso nekatua zegoen arren, bidaiariak bere motxila hartu eta antxintxiketan alde egin zuen senar-emazte bereberren etxetik.

Orduan emazteak gorde egin zuen kazuela, eta senarra azaldu zenean honela esan zion:

—Bidaiariak ihes egin du oilaskoak hartuta!

Senarra, haserrearen haserrez, bidaiariaren atzetik irten zen arin batean.

—Ez eroan biak, emon iezadazu bat!

Bidaiari nekatuak antxintxiketan jarraitzen zuen, neke barik.

—Ez eroan biak, emon iezadazu bat!

Baina bidaiariak ez zuen belarririk galdu gura, eta gero eta biziago egiten zuen ihes.

Korri eta korri.

Eta, bitartean, emakume bereberrak oilasko biak jan zituen bere semearekin.

Testua: Koldo Izagirre

Ahotsa: Ramon Agirre

Ipuin honek nekatua zegoen bidaiariaren belarriak dakartza, eta ihesian dator berebereen lurraldetik

Creative Commons Lizentzia