eu | es
Hasiera » I. liburukia » 4. Errepresioa Azpeitian eta azpeitiarren aurka lehen frankismoan » 4.2. Errepresio ekonomikoa

 

4.2. Errepresio ekonomikoa

 

      Azpeitiko Junta de Guerra Carlista delakoa eratu bezain laster hasi ziren «aurkari» ziren herritarrei zigor ekonomikoak jartzen. Zigor ekonomikoez gain, askotan egin zituzten konfiskatzeak, etxeen erregistroak eta konfiskatzeak, nahiz ondasunen bahitzeak. Errepresio mota horiek guztiak lehen Udalbatza frankista eratu zuten egunean bertan gauzatu zituzten, Udalbatza hark hartutako erabakien bidez, 1936ko irailaren 30ean. Hasteko, errepublika garaiko zinegotziei ondasunak konfiskatuko zizkietela egin zieten mehatxu, baldin eta ez bazituzten gerra lehertu ondoren hainbat banku-erakunderi eskatutako maileguen zenbatekoak haien poltsikotik itzultzen. Ondoren, ordura arte baserrian telefonotegia zuen Oinatz auzoko herritarrari telefonotegia jabetzatik kendu (Juan Ignacio Aizpitarte Aguirre) eta hura sakristauaren etxean jartzea erabaki zuten. Eta azkenik, Udalak Miguel Iriarte, Jose Maria Sorozabal eta Pedro Ibarzabali zor zizkien fakturak atxikitzea ere agindu zuten. Aste batzuk beranduago, urriaren 20an zehazki, Guardia Zibil bikote batek Tomas Orbegozoren elikagai denda itxi zuen. Bost urte beranduago oraindik itxita jarraitzen zuen. Ondorioz, kaltetuak, «bizitzeko beste bitartekorik ez zeukanak», idatzi bat egin zion udaletxeari 1941. urtean, bere negozioaren irekiera erregutuz. Ignacio Egaña buru zuen Korporazio Munizipalaren erantzuna Tomasi «Nagusien aurrean egingo zituen gestio guztietan» laguntzea izan zen, itxiera ez baitzuen udaletxeak agindu(*).

      Iñaki Azpiazuren arabera, isunen, gauzen edo eskudiruaren bidezko bilketa 133.000 pezetara iritsi zen 1936ko azaroaren 20ra arteko tartean:

    «Altzasaletxeri 4.000 pezeta eta protesta egiteagatik 1.000; Garaikoari 750 pezeta; Ormaetxeri 3.000; Elaritzari 8.000; Berruetari 500; Zakolori 2.000; Modes Goenagari 5.000; Martin Oyarzabal apaizari, etxeari eraso egin eta etxea eta pianoa lapurtu zizkioten».(*)

      Nolanahi ere, 1937ko urtarriletik aurrera formalizatu zuten errepresio ekonomikoa, Gipuzkoako Ondasunak Konfiskatzeko Batzorde Probintziala (CPIB) eratuta. Batzorde Zentralaren filiala zen, Junta de Defensa Nacional delakoaren Batzorde Teknikoak osatutakoa. Batzordearen egitekoa 1936ko irailaren 13ko 108. dekretua gauzatzea zen. Dekretu hark altxamenduari kontra egindako alderdienak eta pertsonenak ziren ondasun guztiak bahitu egin behar zirela zioen. Hala, Batzorde haren bidez, 64 espediente abiarazi zituzten azpeitiarren aurka(*) eta gutxienez 18 laguni konfiskatu zizkien ondasun higiezinak Azpeitian. 19 pertsonari, Azpeitiko alkate izandako Jose Antonio Oyarzabal Oyarzabali konfiskatu zizkioten Errezilgo lurrak ere aintzat hartzen baditugu. Azpeitiko Udaleko idazkariak hartu zuen konfiskatutako ondasun haien kudeaketaren ardura, CPIBk ezarritako moduan. Gainera, hemeretzi herritarrek jaso zituzten zigor ekonomikoak; batzuek CPIBk jarritakoak eta besteek Erantzukizun Politikoen Eskualdeko Auzitegiak (TRRP) jarritakoak.

Maximina Arrieta Zubimendiren espedientea.
(Administrazioaren Artxibo Nagusia, AGA. Justizia; Erantzukizun Politikoen Auzitegi Nazionala; esp. 75/277).

→ VIII. zerrenda: Azpeitian ondasunak izan eta CPIBk eginiko inkautazioak jasan zituzten pertsonen zerrenda(*)

Etxezuri taberna. (Maite Garmendia Altunak utzitako irudia)

→ IX. zerrenda: CPIBk eta TRRPk zigortutako azpeitiarren zerrenda(*)

      1939ko otsailaren 9an, jurisdikzio berezi bat sortu zuten frankistek Erantzukizun Politikoen Legetik abiatuta. Armada, magistratura eta FET de la JONS zeuden ordezkatuta errepresio ekonomikorako tresna hartan. Gerra amaitu ondoren, errepresio-aparatua gerraostean hedatzea zen lege haren helburua, baina nabarmena zen atzeraeraginezkoa zela eta hil ondoren ere eragina zuena; izan ere, helburua «subertsioa indartzen lagundu zutenen erruak kitatzea» zuen. Jurisdikzio berezi haren bidez ezarritako zigorrak hiru arlotan sailka daitezke: isun ekonomikoak, lanerako desgaikuntza eta bizileku-askatasunari ezarritako murrizketak (bereziki erbesteratzeak).

      Jurisdikzio hura aplikatzeko, Erantzukizun Politikoen Auzitegi Nazionala eta probintzietako sukurtsalak sortu zituzten. Gipuzkoan, Nafarroako eta Gipuzkoako Erantzukizun Politikoen Eskualdeko Auzitegiak CPIBk hasitako lanari heldu eta jarraipena eman zion, eta Donostian zuen instrukzio-epaitegi bat. Azpeitiari erreparatuta, gutxienez 13 pertsona auzipetu zituzten; haietako 6 absolbitu egin zituzten eta 7 kondenatu(*). Hala eta guztiz ere, 13 pertsona horietatik 12ren zigorrak berrikusteko abiarazitako espedienteak ditugu. Errekurtsoak, gehienetan aurretik Gipuzkoako inkautazioen Batzordeak (1938an) ezarritako isunekin lotuta zeuden.

Erantzukizun Politikoaren Legea-ren sorreraren inguruko iragarki bat.

 

 

4.2.1. Azpeitiarrek Erantzukizun Politikoen Auzitegi Nazionalean haien zigorrak berrikus zitzaten jarritako errekurtsoak

ARREGUI VENTURA, GAUDENCIO
Gaudencio Arregui Ventura. (Hemendik ateratako argazkia: ETXANIZ MAKAZAGA, J.M.: De Albéitares y Veterinarios municipales en el Valle del Iraurgi)

     1940ko maiatzaren 24an, Azpeitiko Udal Epaitegiak errekerimendu-zedula bat igorri zion Gaudenciori, eta 20 eguneko epea eman zioten 30.000 pezeta-ko isuna ordain zezan. Gipuzkoako Inkautazioen Batzordeak 1938ko ekainaren 8an ezarritakoa zen isuna. Gaudenciok errekurtso bat jarri zuen, egoera ekonomiko txarrean zegoela eta isuna txikitu ziezaiotela eskatzeko, «berak emaztearekin batera zuen alaba adingabearen mantenurako».

      1940ko irailaren 9an, Erantzukizun Politikoen Espainiako Auzitegiak 10.000 pezeta-ra murriztu zion isuna, baina kargu publiko guztietatik kendu zuten, 1938an Gipuzkoako Batzordeak eginiko txostena ontzat emanda. Txosten hartan, Ezker Errepublikanoko kide izateaz eta «zuen ogibidea baliatuz baserrietan ideologia haren propaganda egiteaz» akusatu zuten Gaudencio. Azkenik, 1943ko irailaren 21ean, urtebete lehenago, zehazki 1942ko irailaren 22an, eskatutako indultua ukatu zioten(*).

ARRIETA ZUBIMENDI, MARIA

      5.000 pezeta-ko isuna jarri zioten Mariari 1938an, 10 hilabetez behin-behineko kartzelaldian egon eta gerra-kontseiluan absolbitu zutenean. Azpeitiko Emakume Abertzale Batza erakundeko kide izateagatik eta milizianoentzako jantokietan zerbitzari-lanetan ibiltzeagatik jarri zioten zigor ekonomikoa. 1940an zigorra berrikusteko errekurtso bat abiarazi eta Mariak azaldu zuen bere amak hainbat ofizial erreketeri babesa eskaini ziela Azpeitia erori ondoren, eta familiako tabernan, Etxezurin, Falangeren Auxilio Social, gizarte-laguntzarako egoitza eduki zutela hainbat hilabetez, Nicolas Ucinen zuzendaritzapean. Azkenik, 1940ko uztailaren 11n, 750 pezeta-ra jaitsi zioten zigorra(*).

ARRIETA ZUBIMENDI, MAXIMINA

      Maria ahizparen aurka eginiko akusazio berdinak erabilita zigortu zuen CPIBk Maximina ere. Eta Maria ahizpa bezala, Maximina ere 10 hilabetez egon zen preso eta auzipetzean, gerra-kontseiluan kointziditu zuten. Maximinari zigor handiagoa jarri zioten ordea; 15.000 pezetakoa. Hala eta guztiz ere, 750 pezeta-ra jaitsi zioten Maximinari ere zigorra(*).

EGUIGUREN UCIN, REMIGIO

      1940an, 73 urte zituela, CPIBk ezarritako 30.000 pezeta-ko zigorra berrikustea eskatzeko errekurtso bat jarri zuen Remigiok. Defentsa-idatzian adierazi zuen gaztetatik izan zela alderdi karlistako kide eta familiari zerbait gertatuko zitzaiolakoan egin zuela ihes Azpeititik, ez beste ezergatik. Horrez gain, adierazi zuen hainbat finka bazituela, baina zerga-kargaren ondorioz, ezin zuela isuna ordaindu, eta gogorarazi zuen organo-fabrika ere bahituta zuela oraindik. Aldiz, Falangeren tokiko buruzagi Jose Viquendik eta Azpeitiko alkate Ignacio Egañak txostenetan adierazi zuten Remigio EAJko militantea zela eta bera izan zela, gainera, Azpeitiko EAJren sortzaileetako bat. Dena den, Erantzukizun Politikoen Auzitegi Nazionalak zigor ekonomikoa 5.000 pezeta-ra jaistea erabaki zuen 1940ko irailaren 9an(*).

Remigio Eguiguren Ucinen aurkako auziko dokumentua.
(Administrazioaren Artxibo Nagusia, AGA. Justizia. Erantzukizun Politikoen Auzitegi Nazionala; esp. 75/6963).

GOENA URQUIA, LEONCIO

      Seguran bizi zen azpeitiar hau, eta udal-albaitaria zen han, Seguran. EAJko afiliatua zen, eta gerra hasi zenean tokiko Batzordean sartu zen. Hala ere, gero altxatutakoekin bat egin eta Comunión Tradicionalista alderdian sartu zen. Azkenean, CPIBk ezarritako isunak berrikusteko errekurtsoa jarri zuen eta 1940ko maiatzaren 6an, Erantzukizun Politikoen Auzitegi Nazionalak 2.000 pezeta-ra jaitsi zion zigorra, eta kargu publikorako gaitasun-gabezia mantendu egin zioten(*).

IDIAZABAL AIZPURUA, ANTONIO

      50.000 pezeta-ko zigorra jarri zion Antoniori Gipuzkoako Inkautazioen Batzordeak 1938ko apirilaren 21ean. Hala ere, 1940an, zigorrari errekurtsoa jarri zion Erantzukizun Politikoen Auzitegi Nazionalean eta hala, berrikuste-errekurtsotik abiatuta, instrukzio bat abiarazi zuten. Instrukzio hartan, Azpeitiko Falangeak eta Alkatetzak nahiz sorleku zuen Balmasedatik igorritako txostenetan berretsi zuten Antoniok jokabide ona izan zuela, eta ez zuela deliturik egin ez errepublika-garaian, ez Gerra Zibilean. Horiez gain, hainbat txosten ekonomikoren bidez, Antonio 1940an egoera ekonomiko txarrean zegoela adierazi zuten. Hala, 1943ko martxoaren 20an absolbitu egin zuten eta zigorra, beraz, ez zen gauzatu(*).

IRIONDO IBARZABAL, BENJAMIN

      1958an, Comisión Liquidadora de Responsabilidades Políticas Batzordeak txosten bat igorri zuen eta haren bidez, Benjamini 1938an CPIBk ezarritako zigorra, osorik, barkatu zioten, 1945eko ekaineko indultu-aginduaren harira. UGT sindikatukoa izateagatik 50.000 pezeta-ko zigorra jarria zioten Benjamini(*).

MADRAZO GARCIA, SILVESTRE

      EAJko militantea eta 1931n Azpeitiko zinegotzi izan zen Silvestre, eta Erantzukizun Politikoen Eskualdeko Auzitegiak epaitu zuen 1943an. Hala ere, urte hartako uztailaren 17an, absolbitu egin zuten, Auzitegiak erabaki baitzuen «gorri-separatistak» agintean zirenean ez ziela Azpeitiko eskuindarrei kalterik egin. Era berean, Auzitegiak adierazi zuen herrian gelditu zela herria kolpistek hartu zutenean, eta berehala egin zuela bat «Mugimendu» delakoarekin eta Falangean afiliatuta ere egon zela(*).

MORAL REQUETA, AVELINO
Avelino Moral Requetaren aurka abiarazitako auziko dokumentua.
(Administrazioaren Artxibo Nagusia, AGA. Justizia. Erantzukizun Politikoen Auzitegi Nazionala; esp. 75/262).

     1939ko abenduaren 28an, Erantzukizun Politikoen Eskualdeko Auzitegiak, epai baten bidez, errudun jo zuen Avelino, aurretik, Gipuzkoako Ondasunak Konfiskatzeko Batzordeak ezarria zuen irizpenaren harira. Batzorde hark Avelinoren jabetzako ondasun guztiak, 10.000 pezeta-ko baliokoak, bahitzeko eta Banco Guipuzcoano bankuan zuen kontua blokeatzeko agindua zuen. Beraz, Auzitegiak erabaki zuen 5.000 pezeta-ko kalte-ordaina ordaintzea izango zela zigorra.

      Hala ere, 1941ean, espetxealdi arinduan zegoela, ondasunak itzul ziezazkiotela eskatu zuen Avelinok. 1942an Gipuzkoako gerra-ikuskatzaileari aurrezki-libreta desblokeatzeko eskatu zion, 5.000 pezetako zigorra ordaindu zuela-eta(*).

OLAZABAL GURRUCHAGA, MANUEL «POTZUTE»

      1940ko abuztuaren 19an, Bilboko Gerrako Ikuskaritzak aske utzi ondoren, Nafarroako Erantzukizun Politikoen Eskualdeko Auzitegiak 10 urteko gaitasun-gabetzea ezarri zion kargu publikoetarako, eta baita 2.500 pezeta-ko isuna ere, «kalte galerak ordaintzeko». Gerra-kontseiluak 1938ko uztailean erabilitako akusazio berdinak ziren epai haren oinarria, baina horiez gain, auzipetuaren ondasunek 60.000 pezeta-ko balioa zutela adierazi zuen(*).

Manuel Olazabal Gurruchagaren aurka abiarazitako auziko dokumentua.
(Administrazioaren Artxibo Nagusia, AGA. Justizia. Erantzukizun Politikoen Auzitegi Nazionala; esp. ez dago jasota).

PEREZ BARCINA, JOSE

      Urolako treneko langilea izan zen Jose, eta 1936ko irailean, altxatutakoek irabazi ondoren, kalera bota zuten enpresako buruzagi berriek. Izquierda Republicana alderdiko eta Azpeitiko Fronte Popularraren Defentsa Batzordeko kidea zen, eta 1938ko apirilean 100.000 pezeta-ko isuna jarri zion CPIBk. 1958an, Comisión Liquidadora de Responsabilidades Políticas batzordeak baliogabetu egin zuen ISUN hura(*).

PUIGNAU MOLINET, RAFAEL

      Organoak egiten zituen enpresaburu katalan hau Azpeitian bizi zen 1914tik. 1920an «Eleizgaray y Cía» organo-fabrika sortu zuen Toribio Eleizgarairekin batera, eta 1925ean, berriz, «Puignau-Olaciregui» sozietatea. 1936ko irailaren 19an Azpeititik ihes egin eta Frantziara joan zen. 1940an itzuli zen, eta CPIBk 25.000 pezeta-ko isuna jarri ziola jakinarazi zioten, baina horrez gain, jakin zuen Udaletxe plazan zuen etxebizitza eta organo-fabrika okupatu egin zizkiotela, emaztearen dendan dena lapurtu zutela eta fabrikan zituen organoak saldu egin zituztela. Hori guztia zela eta, 1940ko martxoan Erantzukizun Politikoen Auzitegiari zigorra berrikus zezala eskatu zion, Auzitegiak eskaera onartu egin ziolarik. 1940ko ekainaren 24an, Alkatetzaren eta Falangearen txostenak kontuan hartuta, Auzitegiak EAJkoa izateagatik Rafaelen aurka eginiko akusazioari eutsi zion, baina Rafaelek ukatu egiten zuen. Hala eta guztiz ere, 10.000 pezeta-ra jaitsi zioten zigorra, Rafaeli jabetzan gelditzen zitzaion ondasun bakarra Udaletxe plazako etxea baitzen. 35.000 pezeta-ko hipoteka zuen etxe hark(*).