eu | es
Hasiera » I. liburukia » 3. Gerra zibila hasi zenetik Azpeitia erori zen arte » 3.3. Azpeitiko eskuindarren aurkako errepresioa

 

3.3. Azpeitiko eskuindarren aurkako errepresioa

 

      Gerra hastearen ondorioetako bat pertsona eskuindarrek jasandako jazarpena izan zen. Kontuan izan behar da Azpeitia tradizio karlista handiko herria zela eta, beraz, karlista asko Comunión Tradicionalista alderdiari lotuta zeudela. Mugimendu hark, Emilio Mola jeneralarekin hitzartutako moduan, kolpistekin egin zuen bat, eta kolpisten esanetara jarri zuen bere adar armatua: Erreketeak. Erreketeak izan ziren, hain zuzen ere, Nafarroako hiru brigadetako kide gehienak, eta Jose Solchaga Zala karlistaren gidaritza militarraren pean, Gipuzkoaren konkista gidatu zuten.

Margarita taldea Donostiako Kasinoaren aurrean.
(Gipuzkoako Artxibo Orokorra, GFA / Koldo Mitxelena Kulturunea).

      Hala, 1936ko uztailaren 18tik irailaren 20rako tartean eskuindarren aurkako jazarpena izan zen Azpeitian, haietako asko altxatutakoen konplizetzat hartu baitzituzten. Hainbat gogorkeria jasan zituzten; batez ere, isunak, ondasun higigarrien eta ganaduen konfiskatzeak eta espetxeratzeak. Ekintza haietako gehienak Fronte Popularraren Defentsa Batzordeko kideek egin zituzten, eta ekintza haiek matxinadari laguntzearen ustezko delituaren astungarri gisa erabili zituzten ondoren gerra-kontseilu frankistetan epaitu zituztenen aurka.

      Zigor ekonomikoak Batzordearen harpidetzaren formula erabilita jarri zituzten. Eufemismo hura erabili zuten herriko eskuindarrei isunak jartzeko. Batzorde hartako ogasun-arduradunari, Jose Nazabali, kondena jarri zion epaiaren arabera, formula haren bidez, 75.000 pezeta bildu zituzten guztira(*). Era berean, garai hartan konfiskatu zituzten ganadu, elikagai, etxeko gai eta beste ondasun higigarrien konfiskatzeen balioa 100.000 pezetakoa izan zela adierazi zuten(*). Konfiskatze nabarmenenetako bat Azpeitiko Círculo Tradicionalistarena izan zen. Konfiskatze haren lekuko izan zen orduan lokala garbitzeaz arduratzen zen herritarra: Victoria Aizarna Lizaso(*). Herriaren erdigunean ere egin zituzten konfiskatzeak pertsona ezagunen etxean; hala nola Casto Orbegozorenean. «Idazmahaia eta haren aulkia» konfiskatu zizkioten(*).

Ignacio Velaz Irazu.
(Euskal Ikasketetarako Fundazio Popularra).

      Landaguneetan, Aratz-Erreka, Urrestilla eta Nuarbe auzoetako baserriek jasan zituzten konfiskatze gehien, gune haietan pisu handia baitzuen tradizionalisten ideologiak. Aratz-Errekako Zelaieta baserriko Vicente Gurruchaga Unanue izan zen konfiskatzea jasan zutenetako bat, baina Beasainera egin zuen ihes konfiskatzea izan aurretik(*). Baserri hartatik, Aritzagatik eta Rekaldetik bezalaxe, hainbat txekor konfiskatu zituzten. Nuarben, berriz, hainbat etxetan egin zituzten konfiskatzeak egun bakar batean. Besteak beste, parrokoaren eta Nuarbeko alkate ohiaren etxeetatik hainbat oilo hartu zituzten(*). Horiez gain, lapurretak egin zituzten inguruko oligarken jabetzetan; adibidez, San Millango markesaren finketan (Dolores Porcel)(*), Sagarre baroiarenean Lasao auzoan (Jaime Altarriba Porcel)(*) eta Zuazola jauregian. Azken horren kasuan, «frutak hartu zituzten lorategitik»(*). Oro har, konfiskatutako ganadua eta arropak Loiolako kuartelean zeudenentzat ziren, baita konfiskatutako irrati-gailuak ere.

Pascasio Carasusan Azagra.
(Aranzadi Z.E. / Roque Astigarraga funtsa).

      Atxiloketei begiratuta, berriz, 120 lagun eduki zituzten espetxean Defentsa Batzordearen aginduz, bai Azpeitiko espetxean, bai Loiolako santutegian. Bilbora eraman eta ondoren «herrira itzuli» ahal izan zuten(*) lau preso izan ezik, gainerakoak altxatutako tropak Azpeitian sartu baino lehen utzi zituzten aske(*). Atxilotuen artean karlisten jarraitzaileak eta militante karlistak zeuden batez ere; hala nola Ignacio Velaz Irazu eta Cruz Maria Echeverria Taberna. Azken hori Loiolako santutegian jarri zuten espetxean eduki zuen Azpeitiko Komandantzia Militarrak, abuztuaren 13tik irailaren 19ra bitartean(*). Era berean, 1936ko uztailaren 30ean, Ignacio Echeverria Altamira eta Casto Orbegozo harrapatu zituzten Batzordeko kideek baserri batean ezkutatuta egon eta Azpeitira bueltan zetozela, eta etxeko atxiloaldia ezarri zieten. Castok altxatutakoen kontrolpeko aldera egin zuen ihes abuztuaren 13an, eta Ignacio, berriz, atxilotu eta Loiolara eraman zuten(*).

Cirilo Astigarraga Amenabar.
(Euskal Ikasketetarako Fundazio Popularra).

      Aipagarria da emakumeen Margaritas erakundeko karlista hauen kasua ere: Rosario Echeverria Altamira, Ignacia Bereciartua Azpiazu eta Pilar Aguirre Perez. Hirurak atxilotuta eduki zituzten abuztuaren 3tik 5era eta, ondoren, aske utzi zituzten, baina etxeko atxiloaldia ezarrita. Geroago, Azpeitian diktadura frankista ezarri zenean, Emakume erakundeko hainbat militante azpeitiar salatu zituzten hiru emakumeek, haiek atxilotzean parte hartzeaz, milizianoei laguntzeaz eta «oihu subertsiboak» egiteaz akusatuta(*).

      Izan ziren porrot egindako atxilotze-saiakerak ere; izan ere, armada kolpistaren kontrolpean zeuden Goierriko tokietara ihes egitea lortu zuten jazarritako batzuek. Aipatu dugu lehen ere Casto Orbegozoren kasua, eta herriko beste pertsona ezagun batzuen kasuak ere gehitu behar dizkiogu; adibidez, Galo Barrena eta Roque Astigarragarenak. Lehenengoa, Galo Barrena, Zelaieta baserrian gordeta egon zen uztailean, eta Ezkio-Itsasora egin zuen ihes Batzordeko hainbat kide baserri hartara bila joan baino pixka bat lehenago. Roque Astigarraga, berriz, Errezilgo Azketa baserrian egon zen gordeta Beasainera ihes egin zuen arte.

→ V. zerrenda: Azpeitiko Fronte Popularraren Defentsa Batzordeak atxikita edukitako azpeitiar batzuk

      Hala eta guztiz ere, Defentsa Batzordeak atxilotutakoetatik hainbatek lekuko gisa gerra-kontseiluetan adierazpenak egin zituztenean nabarmendu zuten datuetako bat zera izan zen, harrapatu eta zaindu zituztenek tratu ona eman zietela(*). Hala jakinarazi zuen Ignacio Velazek Gregorio Cortabarriaren aurkako epaiketan(*), baina, ondoren, Juan Jose «Sarallek» ere familiari jakinarazi zion tratu ona jaso zuela preso egon zen aldian(*). Batez ere, Batzordeak presoak zaintzen jarri zituen pertsonei esker izan zen ona tratua. Azpeitiar nazionalistak izan ziren zaintzaileak, batez ere EAJren eta ELAren ingurukoak, eta atxilotutako batzuekin eta, oro har, herriko karlisten jarraitzaileekin lotura estuak zituzten. Santiago Zudupe Echeverria izan zen haietako bat. Hainbat preso askatu zituen Santiagok Loiolako kuarteletik. Gainera, Ignacio Perez Arreguiri (Gipuzkoako diputatu tradizionalista ohia) eta haren familiari ere lagundu zien Donostiatik atera eta Azpeitian babes hartzen, Gipuzkoako hiriburuko ezkerreko pertsonek atxilotzeko arriskuan zeudela ikusita(*).

Sant¡ago Zudupe Echeverría.
(Hemend¡k ateratako argazkia: EGAÑA, I.: 1936, Guerra Civil en Euskal Herria).

      Gertaera horrek Azpeitian garai hartan izandako beste gertaera aipagarri batera garamatza: Azpeitiak altxatutakoen aldeko jende askori eman zion babesa. Azpeitian hartu zuten babes hainbat pertsona ezagunek; besteak beste, Ignacio Perez eta Julian Lojendiok(*); baita Jose Artechek ere, Donostiatik ihes egitean, han bizi baitzen 1936an. Azpeitian hartu zuen babes Pio Salaverria Elicegui itsasontzien armadore donostiarrak ere, Pedro Arrue Larrañaga Defentsa Batzordeko kidearen etxean hain zuzen ere. Gipuzkoako Buru Batzarreko kide Andres Bereciartua azpeitiarra Donostian bizi zen, eta haren etxean «babes hartuta egon ziren hamabi lagun, seguruago egon zitezen. Haien artean Mirandako dukearen bi seme»(*).

      Azken finean, kolpisten aldekoek Azpeitian izan zuten barkaberatasunaren inguruan ezinbestean esan behar da ez Azpeitiko Defentsa Batzordeak, ezta Errepublikaren aldeko tokiko beste erakundeek ere ez zutela inor zauritu edo hil Azpeitian 1936ko uztailaren 18tik irailaren 20rako tartean.

      Hori horrela, Francisco Barahona Hernández guardia zibilak Avelino Moral Requetaren aurka abiarazitako auzian lekuko gisa eginiko adierazpenean honela dago jasota: «Mugimenduaren hasieran, itun moduko bat egin zuten ezkerrekoen eta eskuinekoen artean, odolik isuri ez zedin eta errepresaliarik egon ez zedin, berdin batzuek zein besteek irabazi. Ez zen sintoma izatetik harago iritsi, kanpotarren etorreraren ondorioz porrot egin baitzuen»(*). Gai horren inguruan hainbat adierazpen daude, baina Azpeitian, militarren altxamendua hasi zenean, Guardia Zibilaren komandante zenak eginiko adierazpena nabarmendu nahi izan dugu. Ondoren, kolpistekin batera borrokan ari zela gerrako frontean zauritu zuten. Guardia zibilaren esanetan bada, hala ere, zehazgabetasun bat; izan ere, aipatutako akordio horrek ez zuen porrot egin, aipatutako aldian Azpeitian ez baitzen izan zauritu edo hil zuten eskuindarrik. Donostiako 4. epaimahai militarrak Jose Nazabalen aurkako auzian honako hau adierazi zuen: «Azpeitian ez zela izan ez erailketarik, ez basakeriazko ekintza nabarmenik»(*).

Jose Joaquin Aztiria-Zabala Anchieta.
(Uztarria aldizkaria).

      Beraz, Francisco Barahonak adierazitakoak baliteke 1936ko irailaren 20an 11 urteko Jose Sarasua Uranga «Kukubiltxo» hil izanari egitea erreferentzia. Errekete batek hil zuen mutikoa Azpeitiko sarreran, lagun batzuekin zegoela. Edo agian, adierazpen horien egileak hilaren 20an, egun berean, Iraetan (Zestoako udalerrian) sei errekete fusilatu zituztenekoari egingo zion erreferentzia. Ordura arte Azkoitian izan zituzten preso errekete haiek bertako Guardia Zibilaren altxamenduan parte hartu zutelako.

      Hala ere, Errepublikaren aldekoek gutxienez hiru azpeitiar fusilatu zituzten, baina Azpeititik kanpo. Jose Joaquin Aztiria-Zabala Anchieta izan zen haietako bat, Deban bizi zen karlista eta bertako alkate izana. Atxilotu eta Bilboko Los Ángeles Custodios espetxera eraman zuten, eta 1936ko azaroaren 5ean fusilatu zuten(*). Horiez gain, Felicitas Cendoya eta Concepción Odriozola mojak ere hil zituzten, lehenengoa Madrilen eta bigarrena Valentzian(*).