eu | es
Hasiera » I. liburukia » 5. Lekukotzak » Bittor Otaegi Alberdi

Bittor Otaegi Alberdi Azkoitiarra da jaiotzez, naiz eta haurra zela familiarekin Azpeitira bizitzera etorri zen.

Doktrina erdaraz eman behar izaten zen arren Don Lorenzok euskaraz ematen zuen, oso euskaltzalea baitzen.

 

Nor zen zure aita, Bittor?

Nire aitak Vitoriano Otaegi Azurmendi zeukan izena. Gerrara joan zen borrokatzera, ez dakit zein datatan. Mutriku aldetik ibili zen harik eta preso hartu zuten arte. Gero Langile Bataloian egon zen Nanclares de la Ocan. Ekonomatoan egon zen lanean.

Itzuli zenean gerrako konturik kontatzen al zizuen aitak?

Ez zigun gauza askorik kontatu. Zeuk esanda dakit UGTko afiliatua zela, nik hori ez nekien.

Aitak kontatu ez arren zuk gerra denborako oroitzapenik ba al duzu?

Baditut hainbat oroitzapen. Txaiber-etaz gogoratzen naiz. Baserri batera joan omen zen zerbait eskatzera eta ez zuten gehiago ikusi. Gerora bilobak esan zidan gorputza non edo non topatu eta ekarrita zeukatela.

      Gogoratzen naiz Azpiazu apaizari Guardia Zibilak etxera etorri zitzaizkionekoaz ere.

      Baita pertsona edadetu batek azaldu zidala hiru gaztek apaiz bat bahitu zutela fusilatzeko asmoz. Baina «Hirutxiki» deitzen zioten falangista batek ikusi eta egitera zoazenaz ondo pentsatzeko aholkatu zien. Azkenean aske laga eta apaizari barkamena eskatu omen zioten.

Eta gerra osteaz? Zer gogoratzen duzu?

Doktrina erdaraz ematen zutela gogoratzen dut. Halere hemen Don Lorenzo, izatez Lizartzakoa zen apaiz bat zegoen, eta hark euskaraz ematen zuen, oso euskara zalea baitzen.

      Errazionamendua ere ezagutu nuen.

Zer iritzi duzu memoria historikoa berreskuratzea helburu duen proiektu honen inguruan?

Memoria historikoa berreskuratzea garrantzitsua dela deritzot. Batzuek agian ez dute nahiko, baina beharrezkoa da.