Ipuinak

Neska bihurtu zen sagua

Lau kastako India zaharrean, brahman batek, alegia, kasta goreneko jaun batek, plazako iturri ondoan zebilela, sagu bat ikusi zuen jausten belearen mokotik.

Hartu eta etxera eroan zuen; zaindu egin zuen eta horren polito sendatu zuen ezen sagua neskatila bihurtu zen. Itzelezko poza hartu zuen brahmanak: ez zeukan haurrik eta beti eduki gura izan zuen alabaren bat.

Neskatila hazi egin zen.

Brahmanak galdetu zion ez ote zuen lagunik hartu behar. Biloba bat eduki gura zuen.

Alabak esan zion naturako izakirik indartsuenaren bila zebilela.

—Orduan, zuk gura duzuna eguzkia da —erantzun zion brahmanak.

Eta hurrengo egunean honela esan zion eguzkiari:

—Inork garaituko ez duen senarraren bila dabil alaba, gura duzu ezkondu?

Baina eguzkiak honela esan zion:

—Hodeiak gain hartzen dio nire indarrari.

Brahmanak galdera berdina egin zion hodeiari.

—Inork garaituko ez duen senarraren bila dabil alaba, gura duzu ezkondu?

Baina hodeiak honela esan zion:

—Haizeak naroa batetik bestera.

Brahmanak alabarekin ezkontzeko eskatu zion haizeari.

Baina haizeak honela erantzun zion:

—Nire indarra baino sendoagoa da mendia.

Brahmanak alabarekin ezkontzeko eskatu zion mendiari.

Baina mendiak honela erantzun zion:

—Sagua ni baino indartsuagoa da, alde guztietatik zulatu eta neure erraietaraino sartzen da.

Brahmanak alabarekin ezkontzeko eskatu zion saguari.

Eta aspaldi zebilenez emazte bila, baietz esan zion saguak, ezkonduko zela alabarekin.

Brahamanak galdetu zion alabari saguarekin ezkondu gura zuen, eta honela erantzun zion alabak:

—Bai, ezkondu gura dut mendia baino, haizea baino, hodeia baino, eguzkia baino indartsuagoa den saguarekin.

Eta brahmanak hauxe pentsatu zuen:

«Honetara iristeko, zertarako bihurtu nuen neska nik sagu hura?»

Eta egun hartatik atzera alaba ostera zelan sagu bihurtu hasi zen ikasten, mendia baino, haizea baino, hodeia baino, eguzkia baino indartsuagoa den saguarekin zorionean bizi zedin.

Testua: Koldo Izagirre

Ahotsa: Ramon Agirre

Ipuin honek neska bihurtu zen sagua dakar, eta Indiatik dator galdezka

Creative Commons Lizentzia