Ipuinak

Galdutako hankak

Gaur egun Turkia esaten zaion horretan badago Karatepe izeneko herrialde bat, gure aro hau baino zortzi mende lehenago ere hantxe zegoena.

Garai hartan Karatepeko gizonezkoak erdi hankutsik ibiltzen ziren, mendian gora eta behera ibili behar baitzuten arroka tartean, eta kalitate txarreko sandaliak erabiltzen zituzten.

Baina zapatari bat azaldu zen behin Karatepen.

Oinetako dotoreak zekartzan hanketan, eta oneneko larrua gurdian.

Karatepeko gizonek sandalia zaharrak sutara bota eta berriak egiteko agindu zioten zapatariari.

Zapatariak bere lantegia prestatzen zuen bitartean, karatepetarrak gerizpean eseri ziren, olibak janez.

Eta zirkulu haren erdia hanka zikin multzo bat zen.

—Begira, hankak nahastu ditugu! —esan zuen gizon batek.

—Zein da nire eskuineko hanka? —galdetu zuen beste batek.

—Eta nire ezkerra? —hirugarren batek.

Inork ez zekien non zeuzkan hankak, denak berdinak ziren, denak zikinak, eta ez zen posible bata bestearengandik bereiztea.

Orduan zapatariari deitu zioten.

—Zapataria, lagun iezaguzu: ezin ditugu hankak aurkitu, nahastu egin zaizkigu denak.

Zapatariak larrua utzi, moztekoak utzi, jostekoak utzi eta mandoari aurrera eragiteko erabiltzen zuen hurritz makila sendoa hartu zuen.

—Ezin ditugu hankak bereizi.

Zapataria hanka zikin haietan joka hasi zen bere hurritz makilarekin.

—Ai!

—Ai! Ai!

—Ai! Ai! Ai!

Hanka bat jotzen zuen bakoitzeko, hankaren jabea altxatu eta hanka egiten zuen hanka minduta.

Horrelaxe aurkitu zituzten galdutako hankak Karatepeko gizonek.

Testua: Koldo Izagirre

Ahotsa: Ramon Agirre

Ipuin honek zango galduak dakartza, eta Turkiatik dator oinez

Creative Commons Lizentzia