eu | es
Kasu ugarietako bat
MORAL REQUETA, AVELINO
Avelino Moral Requetari buruzko dokumentua.
(AIRMN).

     Avelino 1879an jaio zen San Asensio herrian (Errioxa). Lanbidez merkataria, 1922an iritsi zen Azpeitira eta La Cepa izeneko taberna zabaldu zuen. Errepublika-garaian buruzagi ezkertiar nabarmena izan zen, Círculo Republicano delakoaren kide eta Izquierda Republicana alderdiko presidente 1934an. 1936ko irailean, altxatutako tropak berehala sartuko zirela eta, Avelinok Bilbora ihes egin zuen, eta bertatik Vicente Guiberti gutuna zuzendu zion, bere etxea eta negozioa konfiskatzea baimendu izana aurpegiratuz. Gutun hori gerora Avelinoren aurkako urgentziazko prozedura sumarisimoan erabili zen, ustez hitzez hitz honako hau esaten baitzuen: «edozein modutan eta edonon elkar ikusi behar dugu». 1937ko ekainean, Kantabriako Astillero udalerrira joan zen, eta bertan lortu zuen tokiko Falangeren buruzagiak igarobaimena egitea, eta horri esker jaioterrira itzuli ahal izan zen.

      1937ko irailaren 2an San Asensioko Guardia Zibilak atxilotu egin zuen «ordena politiko eta sozialean pertsona hori nolakoa zen ikertzeko asmoz», itxuraz dirua baitzeraman gainean. Ikerketetan, postuko komandanteak San Asensioko hiru biztanleren testigantza lortu zuen «muturreko Ądeiak» zituela esateko eta Avelino herrira etorri zen egunen batean «gora Errusia» oihu egin zuela. Era berean, Azpeitiko Falangek eta Guardia Zibilak laster lagundu zuten ikerketetan eta hilaren 6an bakoitzak bere txostena bidali zuen. Horietan, Avelino «pertsona oso arriskutsua» eta «gazteria pozoitzen» zuena zela esan zuten, eta horixe zen «ideia iraultzaileen benetako fokua». Horrez gain, eskuindar batzuei armak kendu eta «jendaila marxistaren» artean banatu izana , eta Defentsa Batzordeko kide izatea leporatzen zien.

      Hori guztia dela eta, urrian Ondarretako espetxera eraman zuten eta bertan San Asensioko Guardia Zibilaren aurrean egindako aitorpen bera berretsi zuen. Bietan, beraz, onartzen zuen Círculo Republicano delakoaren kide izatea, baina ukatu egiten zuen haren sortzaile izatea, baita Defentsa Batzordean egon izana ere. Era berean, zeraman dirua egindako lanaren fruitua zela aitortu zuen, eta Vicente Guiberti idatzitako gutuna kexa bat besterik ez zela, ez mehatxua. Baina ordutik eta 1938 erdialdera arte, Donostiako epaitegi militarrera Azpeitiko Udalak eta Falangek proposatutako hainbat lekukoren testigantzak iritsi ziren, eta horien arabera, aurretik egindako salaketak berresten ziren. Zehazki, Pedro Segurola Querejeta (udaltzaingoaren burua), Casto Orbegozo eta Galo Barrena izan ziren La Cepa taberna ezkertiarren fokua zela esan zutenak, eta 1936ko uztailean Eibartik ekarritako armak banatzeko erabili zutela, eta Batzordeko kide izanda edo milizia antifaxistak antolatuta, Avelino «Azpeitian gorrien agintaldian gertatutakoaren erantzule nagusietako bat» zela esan zuten. Bestalde, Vicente Guibertek, ustez Avelinok gutunean mehatxu egin zionak, aitortu zuen «auzipetuaz iritzi ona zuela arlo pertsonalean, eta ezin zuela ez aldekorik, ez kontrakorik esan haren arlo politikoaz».

      1938ko uztailaren 29an, Avelinok berriz deklaratu zuen hirugarren aldiz Ondarretako espetxetik. Kasu honetan argudio berriak eman zituen. Alde batetik esan zuen «euskal nazionalistek boikotatu egin zutelako soilik sartu zela alderdi errepublikano batean»; izan ere, ez zituen batere begiko. Bestalde, esan zuen Paulino Uzcudunen bizitza salbatzeko esku hartu zuela, eta auzipetuaren arabera, Vicente Guibert eta Pascasio Carasusanek berrets zezaketen hori.

      Baina haietako inork ez zuen testigantza hori berretsi.

      Azkenik, 1938ko abenduaren 1ean, gerra-kontseiluak baliozkotzat eman zituen Avelinoren aurka erabilitako argudioak, horretarako,

      Defentsa Batzordeko kide izanaren inguruan frogarik ez egotea soilik nabarmendu zuen. Beraz, 30 urteko espetxealdi handira zigortu zuten, «matxinada militarraren» ustezko delitu bategatik(*).


[Auzitegi militar frankistek epaitutako azpeitiarrak — Kasu gehiago irakurri]
Lekukotza bat

Doktrina erdaraz eman behar izaten zen arren Don Lorenzok euskaraz ematen zuen, oso euskaltzalea baitzen.

 

[Bittor Otaegi Alberdi — Lekukotza osorik irakurri]
[Beste lekukotzak]