eu | es
Hasiera » I. liburukia » 5. Lekukotzak » Montserrat Aranbarri Kabero

Montserrat Aranbarri Kabero Azpeitiko Santiago kalean jaio zen orain dela hirurogeita zortzi urte.

Nire aitona karlista zen, eta ez zion barkatu aitari
errepublikarrekin borrokan aritu izana.

 

Nor zen zure aita, Montse?

Aitak Inazio Aranbarri Barrutia zuen izena. Arroan jaio zen, eta gero familia Azpeitira etorri zen bizitzera. Ondoren Eibarrera joan zen, han familia zeukalako, eta estazioan lanean aritu zen.

Han lanean zegoela gerra hasi zen. Zure aitak borrokatzera alde egin zuen. Zein izan zen bere ibilera?

Eibarko ezagun batzuekin alde egin eta «Amuategi Batailoia»-n aritu zen borrokan. Nire aitak «Errekete» zeukan ezizena, eta batailoiarekin ezkutatuta zegoen batean, oinez zihoala, batek galdegin zuen: «Zein doa?» eta beste batek erantzun: «Errekete». Eta tiroka hasi omen zen pentsatuaz erreketeak zirela. Eta bestea oihuka hasi omen zen: «E! Ez, ez, gurea da!». Kontatu zizkidan horrelako anekdota batzuk. Ondoren, gerra amaitzean, bizirik ateratakoek bazkari bat egiten zuten urtero Deban.

      Ondoren Gernikan preso hartu eta Castro Urdiales-era eraman zuten. Han zezen plaza edo futbol zelai batean eduki eta Santoñara eraman zuten. Gero Langile Batailoitan aritu zen lanean, Medina de Rio Seco eta Guadalajaran esaterako. Kaleak eta errepideak egin ohi zituzten.

Noiz itzuli zen etxera eta nolakoa izan zen harrera?

Gerra bukatu eta kartzelatik irten zenean itzuli zen, baina bere aitak ez zuen onartu. Honakoa esan zion: «Nik baneukan seme bat, baina gerran garbitu egin dute». Izan ere nire aitona karlista zen, amona ez, baina aitona eta bi izeba bai, eta ez zioten barkatu bera errepublikarrekin borrokan aritu izana. Ondorioz, nahiz eta Azpeitian lana eduki, Ordiziara egin zuen alde. Han zegoelarik nire ama ezagutu eta ezkondu egin ziren. Denborarekin aitona barkamen eske joan zitzaion, eta etxera itzuli zen. Baina ez zuten asko iraun, nire amak ez baitzekien euskaraz eta hau ez zioten onartzen nire aitonak eta. Halere Azpeitian geratu ziren bizitzen.