eu | es
Hasiera » I. liburukia » 5. Lekukotzak » Anastasia Sarasua Uranga

Anastasia Sarasua Uranga Azpeitiko «Enparangain» baserrian jaio zen 1920. urtean

Joandako asko ez ziren itzuli. Ezagun asko hil ziren gerran.

Nire anaia Joxe CNT-koek hil zuten beste aldekoa zela pentsatuaz.

Azpeitiko bonbardaketetan bi azpeitiar hil zituzten.

 

Gerra hasi zenean zuk hamasei urte zenituen Anastasia. Kontaiguzu gerra hasiera hartaz gogoratzen duzuna

Gogoratzen naiz herriko jende askok egin zuela alde gerra hasi zenean, eta joandako asko ez zirela itzuli. Zoritxarrez ezagun asko hil ziren gerran.

Zure anaia Joxe, esaterako

Nire anaiak, Joxe Sarasua Uranga, ezizenez «Kukubiltxo», hamaika urte zituen bere lagun Nicolas Agirrerekin San Pedro izena duen mendira joan zenean CNT-koak ikustera. Anaiak kamiseta urdin bat zeramakien soinean, eta aurkaria zela pentsatuaz tiroka hasi zitzaizkion eta bertan hil zen. Nicolas hankan zauritu zuten.

Bestalde bonbardaketak ere izan ziren Azpeitian. Oroitzen al dituzu?

Bai. Bi azpeitiar hil zituzten. Bat alberge atzean bizi zena, Ormaetxea. Eta bestea Loiolako indar etxekoa.

Gerra amaitzean Frankoren diktadura ezarri zen. Zer gogoratzen duzu garai hartaz?

Euskaraz hitz egitea galarazita zegoela eta gose handia pasa genuela oroitzen naiz. Ihesi joan zen lehengusu batek kontatu zidan guraizeekin belarra ebaki, egosi eta hura jaten zuela, ahal zen moduan gosea asetzen saiatzeko. Hortik atera kontuak.