eu | es
Hasiera » I. liburukia » 5. Lekukotzak » Mikelita Otegi Imaz

Mikelita Otegi Imazek 88 urte ditu, eta Iruñean, Txantrean bizi da, izatez Azpeitiarra bada ere. Jaioberria zela Antonia Razkin Ondueza eta Manuel Torrano Senar gizon emazteek adoptatu zuten.

Ez genuen jakin aitaren gorpuarekin zer egin zuten, eta ezin izan genion ez azken agurrik ez lurperatze duinik eman.

Amak, batere errurik eduki gabe, izugarriak pasa behar izan zituen.

 

Gerra garaian zure aita atxilotua eta espetxeratua izan zen. Zergatik?

Nire aita, Manuel Torrano Senar, kapataza zen, eta hori zela eta zubi bat botatzera behartu zuten, horrela tropa kolpistak geldiarazteko asmoz. Hori izan zen bera espetxeratzeko arrazoia.

Nola jakin zenuten bere espetxeratzearen berri?

Aita egunero moduan kalera irten zen buelta bat ematera. Erdi kalean, «Napar txikiye» esaten zioten taberna batean batu ohi ziren lagunak, zerbait hartu eta ondoren etxera itzuli ohi zelarik. Baina egun horretan ez zen itzuli. Orain nor zen oroitzen ez dudan norbait etorri zen gure etxera aita Azpeitiko kartzelara eraman zutela esatera. Handik Donostiara, Ondarretako kartzelara eraman zuten, eta han denbora bat pasa ondoren Ezkaba edo San Kristobalera eraman zuten. Hura oso urruti zegoen Azpeititik, eta ezin izan genuen behin ere bisitatu.

Eta hantxe hil zen Manuel

Hantxe hil zen aita, bai. Ez genuen bere heriotzaren berririk izan harik eta eliz kalean bizi zen gizon batek, «Eper haundiye» deitzen ziotenak, zeina ere San Kristobalen egon zen, berri eman zigun arte. Ez genuen jakin gorpuarekin zer egin zuten, eta ezin izan genion ez azken agurrik ez lurperatze duinik eman.

Aita espetxean hil zen, eta bitartean zuen amak, Antoniak, hiru ume txiki aurrera atera behar izan zituen, bakar bakarrik

Aitarena gertatu zenean ni txikia nintzen eta ondorioz ez daukat berari buruzko oroitzapen handirik. Baina bai amarena. Amak, batere errurik eduki gabe, izugarriak pasa behar izan zituen. Eskera joaten zen, baserriz baserri, hiru ume txikiri jaten emateko. Nik ere lagundu ohi nion. Zestoako baserrietaraino ere joaten ginen baba, gari edo zeukaten genero eske, eta hura kargatu eta etxeraino itzuli ohi ginen. Gose handia pasa genuen. Ni neu ere, aita kartzelan zeukan beste lagun batekin batera, patatak lapurtzera joan nintzen behin, eta hura poza amarena etxera patata batekin joan nintzenean. Zuritu eta berehala egosi zuen, frijitu ezin baitzen egin, oliorik ere ez baikeneukan.

      Gosea gutxi ez, eta bizi ginen eliz kaleko etxetik bota gintuen bertako nagusiak, moja izana bera, eta Sanjuandegi auzunera joan ginen bizitzera. Bidali egin gintuen, nire aita espetxean eta ama hiru ume txiki aurrera ateratzeko izugarrizko ahaleginak egiten ari zen bitartean.