eu | es
Hasiera » I. liburukia » 5. Lekukotzak » Basilio Urbistondo Lasa

Anaia Dionisio Otxandioko konbatean hil zen.

Ni espetxean gatibu eduki ondoren Afrikako Langile Batailoira eraman ninduten.

 

Non eta noiz jaio zinen Basilio?

1917. urtean jaio nintzen, «Txarabarrena» baserrian, Urrestillan.

Zer oroitzen duzu gerra hasieraz?

1936ko gerra hasi zenean 18 urte nituen nik, eta beste gudari batzuekin batera alde egin nuen Urrestillatik, errepublikaren alde borrokatzera.

Urrestillatik Zumaiara, handik Ondarroara, eta Ondarroatik Lekeitiora joan zineten, ezta?

Bai, Lekeition hogei bat egunez egon ginen eguneko hamar erreal kobratzen ziguten pentsio batean. Hiru anai egon ginen bertan, laugarrenak kintoa zeukanez nazionalisten batailoi batera joan zen eta boluntario. Lekeition geundela «cinturón de hierro» egitera joan ginen hiru anaiok Sodupera.

Zer zen «cinturón de hierro», edo burdinazko gerrikoa?

Bilbon ipini zen defentsa. Tropa frankistak inguratzen zirenean «inexpugnablea» izango zela pentsatzen zen, hau da ezingo zirela bertatik pasa, nahiz eta gero aise pasa zuten zeuzkaten arma guztien laguntzaz. Itsasotik hasi, eta Sodupetik bueltan Urduña aldetik Mungiara egin zen gerrikoa. Berrogeita hamalauren bat kilometrotakoa izan zen. Gu Sodupen egon ginen borrokan, eta egunero Bilbora joaten ginen lotara.

Zuek burdinazko gerrikoa prestatzen ari zineten bitartean anaia Dionisio hil zen Otxandion. Kontaiguzu gertatua.

Nire anaia Dionisio Otxandioko konbatean hil zen. 1936ko abenduaren 1a zen, eta Gasteiz hartzeko asmotan ziren, nahiz eta ez zuten lortu.

Eta zu preso hartu zintuzten.

Bizkaian ibili nintzen borrokatzen nire beste bi anaiekin batera. Gernika sutan ere ikusi genuen, Markinatik Gernikara ihesi gindoazela. Ni 1937an preso hartu ninduten bai, eta gatibu egon nintzen Santanderren, Miranda de Ebron eta Zaragozan. Ondoren, 1940tik 1943ra, Afrikako langile batailoian eduki ninduten.