eu | es
Hasiera » I. liburukia » 3. Gerra zibila hasi zenetik Azpeitia erori zen arte » 3.4. Errepublika-garaiaren amaiera Azpeitian

 

3.4. Errepublika-garaiaren amaiera Azpeitian

 

      «Jokatu zintzo, seme —esan zion ama batek semeari—, jokatu zintzo eta armak iristean, egin borroka konfiantzaz, jo eta ke, galdu duzuen lurra berreskuratzeko».(*)

Emilio Mola jeneralaren aginduz hegazkin militarretatik botatako propaganda.
(Sabino Arana Fundazioa; Irujo 13-1).

      1936ko Irailaren 7an, astelehenean, arratsaldeko seietan egin zuten 1933ko apirilean demokratikoki hautatutako Azpeitiko Udalbatzaren azken osoko bilkura. Egun hartan bertan, Azpeitiko Komandantziak ohar bat igorri zuen Eusko Jaurlaritza berehala era zedin eskatzeko eta errepublikaren defendatzaileen artean zegoen kaosa salatzeko. Ordutik aurrera egoera larritu egin zen fronteko lerroan, altxatutako tropek aurrera egin ahala. Hilaren 13an Donostia erori zen. Ordurako bertatik ihes eginak ziren herritarren ia erdiak(*).

      Irailaren 19an Bidanira iritsiak ziren eta, ondoren, Errezilera joan ziren. Azpeitian, hilaren 19ko goiz hartan bertan, CNTko miliziano talde bat azaldu zen, eta hark estutu egin zuen herriko kaleetako egoera, erlijio-zentroren bat erasoko ote zuten beldurrez. Era berean, beldurra zabaldu zen, Azpeitiko espetxean zein Loiolako kuartelean preso zeudenen aurkako erasoak egingo ote zituzten. Defentsa Batzordearen eskumenekoak ziren haiek, bai Azpeitiko espetxean, bai Loiolako kuartelean preso zeudenak. Hura ikusita, Batzordeko arduradun gorenetakoa zen Gregorio Segurolak presoak askatzeko agindua eman zuen(*).

Matxinatuak herrira sartu aurreko egunetan Azpeitiko udaletxeko arkupetan jarritako hondar zakuak.
(El Diario Vasco, 1936ko irailak 23).

      Hala ere, Azpeitiko Komandantziaren presakako ebakuazioaren ondorioz, espetxeratutako batzuk Loiolan gelditu ziren harrapatuta. Badirudi, hilaren 19tik 20rako gauean, Santiago Zudupe Defentsa Batzordeko kideak espetxera sartzeko atea behartu eta toki seguruan ezkutatu zituela han zeuden presoak, Loiolako kuartelaren inguruan zebiltzan CNTko taldeak presoei eraso egiteko arriskua zegoela ikusita(*).

      CNTko kide haiek edo, agian, beste talderen bat, Loiolako kuartelean azaldu ziren hilaren 19ko goizean bertan, Azpeitiko Komandantzia instalazioak desmuntatzen hasi ziren garai berean. Antonio Loinazek idatzitako oroitzapenetan honako hau adierazi zuen: «CNTko komandante bat Loiolara joan eta Errezil ingurua ezagutzen zuten 2 gudari eta 2 sendagile eskatu zituela, Bidanitik zetozen erreketeei aurre egiteko». Antonio izan zen aukeratu zutenetako bat. Handik ordu batzuetara itzuli zen batailoiko erdiekin batera, «tiro bakar bat ere bota gabe», eta gainerakoek Hernio aldera jo zuten(*).

      Azkenik, irailaren 20an, altxatutakoen eskuetan erori zen Azpeitia. Igandea zen egun hura, eta igandero bezala hogeita hamar meza inguru eman zituzten goizean lehen orduan hasita. Goizeko 10:30ak inguruan azaldu zen altxatutakoen lehen blindatua, dozena bat erreketek eskoltatuta(*), eta handik gutxira Garmenditik jaitsi eta Hartzubiako eta Enparan auzoko inguruetatik bidean aurrera eginez, Lakarko tertzioko tropa osoa sartu zen herrian. Kanpaiak jo zituzten, eta okupatzaileen aldeko karlistak kalera atera ziren harrera egitera. Plaza Txikira iritsi bezain laster, batzokira sartu eta dena txikitu zuten, baita inguruko beste negozio batzuk ere. Ondoren, ikurrina eta Emakume elkartearen intsignia erre zituzten, plaza hartan bertan. Gainera, udaletxeko balkoian jarrita zegoen bandera errepublikanoa eraitsi eta Nafarroakoa jarri zuten(*).

Lakarko tertzioko borrokalari erreketeak.
(www.requetes.com).

 

 

...eta biktimak

 

      «Agur ama —egin zuen oihu gazte sendo batek—. Laster itzuliko gara. Izan fedea gugan, lortuko dugu gure herriaren askatasuna».(*)

      Azpeitiko gizarteak jasandako lehen ondorio traumatikoa ehunka herritar herritik joan zirela izan zen, kolpistek haien aurkako errepresaliak hartuko zituzten beldurrez. Hilaren 19an, larunbata, Azpeitiko Gerra Batzordeak bando bat atera zuen erreketeak gertu zebiltzala eta herritik ihes egiteko trenak jarri zituztela ohartarazteko. Orduan hasi zen Azpeitiko ebakuazioa, eta ihes egitea erabaki zutenek bertan gelditutako familiakoei agur esan behar izan zieten. Emakumeek, umeek eta adinekoek ere ihes egin zuten, baina proportzioan, ihes egindakoen artean gehiago izan ziren Defentsa Batzordean ibilitako edo altxamendu militarraren aurkakotzat har zitezkeen gizonak. Kolpisten aurka borrokan jarraitzeko prest zeuden guztiek ere, jakina, ihes egin zuten. Azpeitia baino lehen okupatu zituzten Gipuzkoako beste tokietatik ihes egindakoengandik iristen zitzaizkien berriak beldurgarriak ziren eta, horregatik, azpeitiar askok egin zuten ihes hilaren 19an 15:00etan Azpeitiko geltokitik abiatu ziren bi trenetan sartuta(*). Ignacio Artecheren arabera, 800-1.000 azpeitiarrek egin zuten herritik ihes(*).

Gipuzkoako herritar zibilak Bizkai aldera ihesi.
(EAH, Lehendakaritza Sailaren Funtsa).

Faustino Azpiazu.
(Kontxi Azpiazuk utzitako irudia).

      Gehientsuenak Bizkaian babestu ziren, eta Iparreko frontea erori zenean Azpeitiara itzuli ziren. Halere, lurralde urrunetan babestu zirenak (Ameriketa, Filipinak, Ingalaterra...) denbora askora itzuli ziren edo ez ziren inoiz itzuli. Ingalaterran babestu ziren, adibidez, PEDROSA MENDOZA adin txikiko anai-arrebak (Alejandro, Cecilia, Lolita eta Jesus), zeinak Bilboko portutik abiatu ziren 1937ko maiatzaren 23an(*). Haur hauen exodoaren zergatia aitak, Gabriel Pedrosak, Urolako trenbideko langileak, mugimendu komunistarekiko zeukan gertutasuna izan zen. Bestalde, gutxienez Azpeitiko erbesteratuetatik ehuneko bat desagertu egin zen, eta ez zen gehiago etxera itzuli: Faustino Azpiazu Arrieta «Indotarrak», esaterako(*).

Kontxi Azpiazu (ezkerretik lehena) eta Lolita Pedrosa (eskubitik lehena).
(Kontxi Azpiazuk utzitako irudia).

      Beste herritar asko, ordea, herrian gelditu ziren. Bertan gelditu ziren, nola ez, batez ere karlisten aldekoak. Baina gelditu ziren ideologia nazionalistako pertsonak ere, esaterako, Iñaki Azpiazu apaiza, «mugimendua komunisten aurkakoa bakarrik zela uste zuelako»(*). Era berean, Azpeitian gelditzea erabaki zuen Ciriaco Aguirre alkateak ere. Ignacio Perez Arreguik konbentzitu zuen bertan geldi zedin, gerra lehertu zenetik jokabide ona izan zuela eta bakean utziko zutela esanez(*). Oker zebilen diputatu ohi tradizionalista, hurrengo lau urteak espetxean igaro baitzituen Ciriacok, «matxinadari laguntzearen» delitua egin zuelakoan(*).

      Baina altxatutakoek Azpeitiaren aurka eginiko erasoaren eta ondoren etorri zen konkistaren ondorio larrienak jasan zituztenak, zalantzarik gabe, bizia galdu zutenak izan ziren. Jose Sarasua Uranga «Kukubiltxo» izan zen lehena(*), 11 urteko umea. Nicolas Aguirre lagunarekin jolasean zebilela hil zuten. Nicolas, berriz, zauritu egin zuten. Irailaren 20an, 11:00k aldera, bizitoki zuten Enparan gain baserriaren inguruan zebiltzan jolasean. Gertatutakoa CNTko kideei leporatu zieten urte askoan, esanez, gaztetxoari erreketea zelakoan egin ziotela eraso, alkandora urdina jantzita zeramalako. Hala ere, 1936ko irailaren 20an, goizeko 11:00etan, CNTkoak jada ez zeuden Azpeitian. Aldiz, une hartantxe bertan sartu ziren erreketeak herrian Enparan auzotik barrena, beraz haiek egin zieten tiro Joseri eta Nicolasi, ihes egitera zihoazela pentsatuta(*).

Jose Sarasua Uranga «Kukubiltxo».
(Anastasia Sarasua Uranga utzitako argazkia).

      Bestalde, Azpeitiaren aurkako bonbardaketetan gutxienez 3 zibil hil eta beste bat zauritu zituzten, nahiz eta herrian, gerra hasi zenetik, aireko erasoetatik babesteko babeslekuak jarrita egon. Gai horri dagokionez, Defentsa Batzordeko hainbat kidek, uztailaren amaieratik hasita, hondar-zakuak ekarri zituzten Zarauztik, babeslekuak egiteko, baina babesleku haietako asko baserrietako ukuiluak ziren, besterik gabe. Era berean, Enparan kalearen amaierako «Saralle» sutegia eta Loiolako santutegiko sotoak ere, presaka babes hartzera joateko erabiltzen zituzten azpeitiarrek sirenen eta kanpaien bidez aireko armada gertu zebilela abisatzen zietenean(*).

      Nolanahi ere, hiru hildakoak, heriotza-akten arabera(*), 1936ko irailaren 21ean hil ziren, kolpistak Azpeitian sartu eta hurrengo egunean. Ez dakigu, ordea, «hegazkin txiki batek» hilaren 21ean bertan edo aurreko egunean (hilaren 20a baino lehenago ere izan zitekeen) bota ote zituen bonbak herrira. Bonba bat Soreasuko San Sebastian parrokiatik gertu erori zen, Txaribar inguruan, eta beste bat Loiolan. Gertaera haiek hilaren 21ean gertatu baziren, oso arraroa da abiazio frankistek aurreko egunetik arazorik gabe kontrolpean zuten udalerri bateko hainbat toki bonbardatu izana, beraz, ezin da baztertu bonbardaketa aireko armada errepublikanoak egin izanaren aukera. Kasua hau balitz, heriotza ziurtagiriak ez balira zehatzak eta bonbardaketa hilaren 20a baino lehen gertatu izan balitz, hildako hiru azpeitiarrak matxinatuen abiazioaren biktimak izan zirela baieztatu ahal izango litzateke.

      Are gehiago lehergailuak nora bota zituzten aintzat hartzen badugu. Hala ere, komeni da aipatzea 1936ko irailaren 20aren inguruan, egun haietan, nolabaiteko kaos administratiboa sortu zela, kolpisten tropak gertu zeudelako batetik, eta ehunka azpeitiarren ebakuazioagatik, bestetik. Beraz, beste udalerri batzuetan ere gertatzen den bezala, baliteke heriotza-erregistroei buruzko datuak okerrak izatea, aipatu dugun nahasmendu horregatik edo nahita oker jarri zituztelako. Kasua hau balitz, heriotza ziurtagiriak ez balira zehatzak eta bonbardaketa hilaren 20a baino lehen gertatu izan balitz, hildako hiru azpeitiarrak matxinatuen abiazioaren biktimak izan zirela baieztatu ahal izango litzateke.

Emparangain baserria, 1915.
(Gipuzkoako Artxibo Orokorra, GFA / Indaleclo Ojanguren).

 

 

BONBARDAKETEN BIKTIMA IZANDAKO AZPEITIARRAK:

ARRUTI ARRILLAGA, BERNABE

      Azpeitiarra zen eta Santiago kalean bizi zen. Raimundo Bereciartuarekin batera zebilen Bernabe oinez, herriko hiltegiaren inguruan, Azpeitiko hilerrirako bidean, eta gutxienez bonba bat erori zitzaien gainera. Espartingilea zen lanbidez, ezkongabea eta 19 urte zituen. Heriotza-aktak dio etxean hil zela(*).

BERECIARTUA ARIZAGA, RAIMUNDO

      Bernabe bezalaxe, «hegazkin batetik botatako bonbak egindako metraila-zaurien ondorioz» hil zen. Azpeitian jaioa zen eta Azpeitiaren inguruko Txaribar auzoan bizi zen. Inguru hartan bota zuten biak hil zituen bonba. 59 urte zituen Raimundok, Manuela Guridi Cincuneguirekin ezkonduta zegoen eta hiru seme-alaba zituzten(*). Ondoren, 1936ko azaroaren 9an Udalean eginiko aktetan jarri zuten, Raimundo, «gorrien hegazkinek botatako bonba batek hil zuela»(*).

LARRAÑAGA ZABALETA, JOSE MARIA
Jose Maria Larrañaga Zabaleta.
(Miren Larrañagak utzitako argazkia).

      Benito semearekin batera Loiolako santutegira babes bila korrika zihoala hil zuten Jose Maria. Antza denez, momentuan bertan hil zen(*), «bonba baten leherketak eragindako zaurien ondorioz», baina heriotza-aktak dio Erruki Etxean hil zela irailaren 21ean. Espartingilea zen lanbidez eta azkoitiarra izan arren, Loiolako «Vista Alegre etxean» bizi zen familiarekin Jose Maria. 38 urte zituen, Maria Bereciartua Gogorza zuen emaztea eta hiru seme-alaba zituzten: Jose Manuel, Benito eta Miren Genobeba(*).

LARRAÑAGA BERECIARTUA, BENITO
Benito Larrañaga Bereciartua.
(Miren Larrañagak utzitako argazkia).

      Aita hil zion bonbak zauri larriak eragin zizkion Benitori. Dirudienez, bizi osorako ondorioak gelditu zitzaizkion metraila-zaurien ondorioz, saihetsetan gelditu baitzitzaizkion metraila-zatiak. 11 urte zituen artean Benitok(*).

 


Erreketeak Azpeitiko plaza nagusian, 1936ko irailaren 20ko konkistaren ondoren.
(Martinez inprimategiak utzitakoa).

      «Agintean gaude eta agintean egongo gara». Hitz horiek esan zituen Cruz Maria Echeverria Tabernak karlistek 1933ko apirileko udal-hauteskundeetan porrot handia izan ondoren. Cruz Maria Echeverria bera ere aurkeztu zen hauteskunde haietan, baina ez zuen ordezkaritza lortzeko herritarren aldetik behar zen gutxieneko babesa lortu(*). Ez zebilen oker ordea Azpeitiko lehen Udal frankistako zinegotzia. Francisco Franco Bahamonde militar kolpistak eta haren aldekoek gidatutako diktaduraren mende egon zen Azpeitia 1936ko irailaren 20an hasi eta hurrengo 39 urteetan. Errepresio-aldi luzearen hasiera izan zen hura.

Ertzain bat erbestera abiatzeko prest zegoen haur talde bati laguntzen.
(Gerra Zibila Euskadin. Deia).

→ VI. zerrenda: Erbesteratutako eta errefuxiatutako azpeitiarrak

1938. urtean Manuel de Irujok Katalunian zeuden errefuxiatu euskaldun batzuei eginiko bisita.
(Gerra Zibila Euskadin. Deia).