Ipuinak

Gizaki guztion ama

Ipuin hau Burkina Faso izeneko herrialdean bizi den mossi herriarena da. Mossiek sortu zuten Uagadugu, gaur egun Burkina Fasoko hiriburua dena. Moré hizkuntza da beraiena, eta moré-eraz, Burkina Fasok esan nahi du Gizon Libreen Herria.

Garai batean, Uendé zen mossien arbaso zaharrena.

Uendérengana joan ziren hiru gizon mossi.

—Zaldi bat nahi dut —eskatu zion lehenak.

—Ehizako zakurrak nahi ditut —eskatu zion bigarrenak.

—Nik maiteko nuke emakume bat —eskatu zion hirugarrenak.

Eta eskatu ziotena eman zien Uendék.

Pozik abiatu ziren hiru gizon mossiak beren herrira.

Baina oihanean barrena zihoazela, trumoiak jo eta eurite handi batek harrapatu zituen. Estalpe batean gelditu behar izan zuten.

Euria eta euria.

Gosetu egin ziren.

Emakumeak sua piztu eta jatena prestatu zuen guztientzat.

Zaldia eta ehizako zakurrak zeuzkaten mossiak Uendérengana itzuli ziren ostera.

—Uendé handia, guk ere emakume bana nahi dugu!

Eta mossien arbaso zaharrak emakume bana bihurtu zituen zaldia eta zakurrak.

Pozik abiatu ziren bi gizon mossiak beren herrira.

Zalditik sortutako emakumea alferra eta jatuna izan zen.

Zakurretatik sortutako emakumea gaiztoa izan zen.

Baina lehen emakumea, mossiaren maitasunetik sortutakoa, ona eta gozoa izan zen: huraxe da gizaki guztion ama.

Testua: Koldo Izagirre

Ahotsa: Ramon Agirre

Ipuin honek gizaki guztion ama dakar, eta Burkina Fasotik dator sukaldari

Creative Commons Lizentzia