Ipuinak

Tximinoa eta dortoka

Seychelle uhartediko 115 uharteetan handiena den Mahé izenekoan, Indiako itsasoan, tximinoa eta dortoka bizi ziren aspaldi handian.

Tximinoa maltzurra zen oso.

Dortokak ez zuen harekin topo egin nahi.

Tximinoa pozik bizi zen adarrik adar. Eskumenean zeukan jatekoa, ez zeukan nekatu beharrik.

Dortokak berriz bide luzeak egin behar izaten zituen janari bila.

Halako batean, arroza erostera irten zen dortoka goizean goiz.

Arratsaldean, zamatuta etxera zetorrela, sua pizteko egurrik ez zeukala oroitu zen.

Arroz karga bide bazterrean utzi eta txotxak eta adar iharrak biltzen hasi zen.

Tximinoa, adarrik adar, arroza zegoen lekuraino heldu zen.

Egur sortarekin azaldu zenean, tximinoa bere zaku gainean jarrita zegoela ikusi zuen dortokak.

—Begira zer aurkitu dudan bidean!

—Nire arroza da! —esan zuen dortokak, larri.

—Zure arroza? —erantzun zion tximinoak maltzur—. Nirea da, bidean aurkitu dut.

Dortoka negarrez hasi zen.

Baina tximinoak arroz zakua eraman zuen, bere lagunekin jateko.

Dortoka gau eta egun ibili zen janari bila bere umeentzat.

Egun batean, tximinoa ikusi zuen lo adar batean, buztana bideraino zintzilik.

Orduan dortokak hortz artean hartu zuen tximinoaren buztana.

Tximinoa aztoratuta esnatu zen.

—¿Zer da hemen? ¿Nork egin dio haginka nire buztanari?

—Ez da zurea —erantzun zuen dortokak—, nirea da buztan hau, bidean aurkitu dut.

Tximinoa adarretan gora egiten saiatu zen, baina dortokak gogor heltzen zion buztanetik.

Apurka eta arrastaka, epaitegiraino eraman zuen.

—Arroza neurea zen!

—Buztana neurea da!

—Arroza neurea zen!

—Buztana neurea da!

Epaileak, noizbait, ulertu zuen zer gertatzen zen.

Eta atezain zegoen soldadu bati deitu zion.

—Moztu ezazu tximino maltzur honen buztana!

Tximinoa garrasika hasi zen:

—Erruki! Erruki! Buztanik gabeko tximino bat! Barre egingo didate denek! Erruki!

Baina isiltzeko agindu zion epaileak.

—Tximinoak bidean aurkitzen duena tximinoarena baldin bada, dortokak bidean aurkitzen duena dortokarena da.

Eta handik atzera tximino hari «buztanik gabeko lapurra» esan zioten.

Testua: Koldo Izagirre

Ahotsa: Ramon Agirre

Ipuin honek tximinoa eta dortoka dakartza, eta Seychelle uharteetatik dator adarrez adar

Creative Commons Lizentzia